Web nabigatzaileak
Sarrera
Web nabigatzaile bat World Wide Web (WWW) saretik hipertestu bidezko dokumentuak eskuratzea ahalbidetzen duen aplikazioa da. Dokumentu hauek HTML kodez osatutako web orrialdeak izaten dira normalean, munduko edozein web zerbitzaritatik eskuratu daitezkeelarik.
Zeharo garrantzitsua da kontuan hartzea gure erabiltzaileek erabiliko duten nabigatzailea. Teorian, W3Ck argitaratutako estandarrek bermatatzen dute webguneak nabigatzaile guztietan berdin ikusiko direla. Alabaina, errealitatea oso bestelakoa da: Nabigatzaile bakoitzak (Internet Explorer-ek, batez ere) bere ezaugarriak eta berezitasunak ditu HTML kodea erakustean. Hori dela eta, askotan, teknika "bereziak" erabili beharko ditugu gure atariak hainbat nabigatzailetan berdin ager daitezen.
Google Chrome
Google Chrome Googlek garatutako kode itxiko doako web nabigatzailea da. Hainbat sistema eragileentzako bertsioak ditu (Windows, Android, MacOS, iOS, Linux) eta 2019an mundu mailan erabiltzaile gehien dituen nabigatzailea da. Euskadi.eus-eko bisitarien artean, %59k erabili zuen nabigatzaile hau.
Google Chromeren atzean dagoen software libre proiektuak Chromium izena du eta BSD eta Creative Commons Aitorpena lizentzien menpe dago.
Google Chrome ez dago euskaraz eskuragarri (bai, ordea, Chromium proiektua).
Safari
Safari Applek MacOS eta iOS sistema eragilerako garatutako web nabigatzailea da, eta Windows sistema eragilerako bertsioa ere badu. Bere azken bertsioan, HTML5 eta CSS3 estandarrak onartzen ditu.
Euskadi.eus-eko bisitarien artean %13k erabili zuen nabigatzaile hau 2019an.
Safari ez dago euskaraz eskuragarri.
Microsoft Internet Explorer
Internet Explorer (IE edo MSIE ere deitzen zaio) Microsoftek garatutako web nabigatzaile bat da, Windows sistema eragileekin batera banatzen dena. 1995ean sortu zuten, Microsoftek Mosaic nabigatzailearen kodea erosi eta gero. Internet Explorer izena eman zioten Netscape Navigatorekin lehiatzeko asmoz. Interneteko nabigatzailerik erabiliena izan zen XX. mende hasieran, baina gaur egun bere merkatu-kuota asko murriztu da, eta Euskadi.eus-eko bisitarien artean %11k erabili zuen nabigatzaile hau 2019an. Microsoftek iragarri du 2019tik aurrera ez duela IEren bertsio berririk kaleratuko, eta hortik aurrera bakarrik Edge nabigatzailea erabiliko duela.
Eusko Jaurlaritzako ordenagailuetan instalatutako bertsioak 9 (Windows 7 duten ordenagailuetan) eta 11 (Windows 10ean) dira. Eusko Jaurlaritzako barne aplikazioentzako nabigatzaile "ofiziala" da. 8.0 bertsioak ez du HTML5 eta CSS3 estandarrak betetzen.
Internet Explorer euskaraz erabiltzeko Windows sistema eragile osoa euskaraz jarri beharko da. Horretarako, jar zaitez harremanetan zure Saileko arduradun informatikoarekin.
Mozilla Firefox
Mozilla Firefox Mozilla Fundazioak garatutako web nabigatzaile librea da, edonork lagundu dezakeena bere bilakaeran, eta euskaraz ere eskaintzen dena. Mozilla Application Suite-en ondorengoa da, eta gaur egun, Mozilla Korporazioak bilakatzen du. Euskadi.eus-eko bisitarien artean, %10ak erabili zuen nabigatzaile hau 2019an.
Firefox hainbat plataformatan erabil daitekeen web nabigatzailea da, eta Windows, Android, MacOS, iOS eta GNU/LINUX oinarritutako beste hainbat sistemetako, bertsio desberdinetarako baliagarria da. Bere iturri kodea librea da, GPL/LGPL/MPL hirukoitza baten mendean publikatutakoa.
Firefox euskaraz eskuragarri dago.
Microsoft Edge
Microsoft enpresak Windows 10ean txertatutako nabigatzailea da, Microsoft Internet Explorer ordezatzeko. Eusko Jaurlaritzaren barruan Windows 10 duten ordenagailu guztiek dute nabigatzaile hau eskuragarri. Hortaz aparte, Android eta iOS inguruneentzako bertsioak ditu. Euskadi.eus-eko bisitarien artean %4k erabili zuen nabigatzaile hau 2019an.
Edge euskaraz erabiltzeko Windows sistema eragile osoa euskaraz jarri beharko da. Horretarako, jar zaitez harremanetan zure Saileko arduradun informatikoarekin.
Opera
Opera Opera web nabigatzaile eta Interneteko ''suite'' bat da, Opera Sofware enpresa norvegiarrak sortua. Aplikazio hau doainekoa da 8.50 bertsioa kaleratu zenetik, aurretik shareware edo adware izanda, eta 26 bertsioa baino lehen, bakarrik ordainezkoa izanda. Euskadi.eus-eko bisitarien artean, %1ek erabili zuen nabigatzaile hau. Bere azken bertsioan CSS3 eta HTML5 estandarrak betetzen ditu.
Opera ez dago euskaraz eskuragarri.
Informazio gehiago
- Nabigatzaile ezagunenen alderaketa Wikipedian
- Acid Test, nabigatzaileek interneteko estandarrekin duten bateragarritasuna neurtzeko froga, The Web Standards Project taldeak garatutakoa
- Gecko (Firefox), Webkit (Safari, Chrome) eta Presto (Opera) motoreen arteko konparaketa
- Nabigatu euskaraz ekimena
- Euskarazko softwarea deskargatzea
Oharra: Testuaren datu eta zati ugari Wikipediatik ateratakoak dira, Creative Commons Aitortu-PartekatuBerdin lizentziapean