Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu Saila

Webgunetan idazteko gomendioak

Sarrera

Hedabideetan ez dago kalitatezko edukiak sortzeko arau zorrotzik. Komunikazioa ez da zientzia zehatza, eta ez dauka axiomarik edo egitura zorrotzik "ona" eta "txarra" bereizteko. Hala eta guztiz ere, egia da egon badaudela arau eta teknika orokorrak gure edukien kalitatea hobetu ahal izateko.

Ordenagailuetan testuak mantsoago eta zailago irakurtzen dira. Erabiltzailea patzientzia gutxi izango du, eskura baitu ("klik" bakar batean) webgune ugari informazioa bilatzeko. Testu inprimatuan erabili ohi izan diren teknikak baliogarriak dira interneten, hauexek batez ere: argitasuna, erraztasuna eta zehaztasuna. Hipertestua eta testuaren alde formalak ondo kudeatzean ere datza interneterako testuaren kalitatea.

Erabiltzaileek ez dute irakurtzen

Normalean, erabiltzaileak ez du arretaz irakurtzen web bateko testuak. Sarritan, denbora-ekonomia kontuak direla eta, erabiltzaileak begirada bat ematen dio testuari, hots, ekorketa bisual azkarra egiten du, deigarriak diren elementuen bila.

Bestetik, erabiltzaileek publizitateari entzungor egiten diote, nahiz eta testu gisa agertu. Ez dute gogoko publizitate intrusiboa, bilatzen ari diren edukia aurkitzeko oztopo baita. Horren ondorio da pop-up leihoen itxiera ia automatikoa, batez ere esperientzia duten erabiltzaileen kasuetan, ikasi baitute normalean ez dutela informazio baliogarririk ematen.

Izan kontuan ekortze bisuala

Azaldutako guztiagatik, webguneak hartu behar du kontuan erabiltzaileek erabiliko duten ekortze bisual azkarra (hau da, begirada azkarra). Horregatik, jerarkia bisual garbia ezarri eta antolatu behar da webgunean, osagarri nagusiak hainbat teknikakin nabarmenduz:

  • Letra lodiz, kolorez edo letra-tamainaren aldaketaz nabarmendutako hitzak. Ildo horretan, estekek garrantzi bisual handia dute.
  • Zerrendak: Buletdun edo zenbakidun zerrendak
  • Izenburuak eta tartekatutako azpiizenburuak ("tartekiak")
  • Grafiko edo diseinu teknikak

Laburtasuna eta erraztasuna

Komeni da erabiltzea inprimatutako argitalpenetan erabiltzen den testuaren erdia baino gutxiago. Erabiltzaileek ez dute gogoko testu luzeak. Paragrafoak motzak izan behar dira, bizpahiru esaldi erakutsiz, eta estilo zuzena erabiliz. Arau hori garrantzitsuagoa da erabiltzaileek gailu mugikorra erabiltzen badute. Testu luzetan edukia zatitu eta sailkatu behar da, zati esanguratsuak izenburukin nabarmenduz.

Ezabatu beharrezkoa ez dena

Ez ditugu erabiliko ongi etorria emateko mezuak, gure webgunearen edo zerbitzuen abantailei buruzko azalpenak, zuzendaritzaren mezuak, baliorik gabeko errepikapenak edo beharrezkoak ez diren jarraibideak ("Bete ezazu hurrengo inprimakia" testua ez da beharrezkoa, adibidez).

Erabili "Alderantzizko Piramide Estiloa"

Testuaren ideia edo ondorio nagusia hasieran kokatuko dugu. Horrela, erabiltzailearen arreta irabaziko dugu. Ondoren, ideia nagusia eusten duten argudioak emango ditugu. Bukatzeko, beste estekak eman ditzakegu informazio gehigarria eskaintzeko (datuak, txostenak, etab.).

Idazteko modu hori "Alderantzizko piramide estiloa" deitzen da. Historian zehar artikulu zientifiko eta akademikoetan erabili den estiloaren kontrakoa da. Estilo horrekin, erabiltzaileak gure argudioen ondorio nagusiak jasoko ditu, nahiz eta orrialdea edo artikulua osorik ez irakurri.

Informazio gehiago