Justizia eta Giza Eskubideen Saila

Lanaldi-murrizketa

DESKRIBAPENA

Lanaldi-murrizketa Langileen Estatutuaren 37.6, 37.7 eta 34.8 artikuluetan arautzen da. Eguneko lanaldia murrizteko aukera da, eta, horren ondorioz, soldata proportzionalki murriztuko da.

Familia-arrazoiengatik 3 lanaldi-murrizketa daude:

  • Legezko zaintza dela eta (Langileen Estatutuaren 37.6 artikulua):
    • 12 urtetik beherakoak edo desgaitasuna duen eta ordaindutako jarduerarik egiten ez duen pertsona bat zaintzeko.
    • Adinagatik, istripuagatik edo gaixotasunagatik bere kabuz baliatu ezin den eta ordaindutako jarduerarik egiten ez duen senideren bat (odolkidetasuneko edo ezkontza-ahaidetasuneko 2. mailara artekoa) zaintzeko.
    • Ezkontidea edo izatezko bikotekidea zuzenean zaintzeko, adinagatik, istripuagatik edo gaixotasunagatik bere kabuz baliatu ezin bada eta ordaindutako jarduerarik egiten ez badu.

Lanaldi-murrizketak kotizazioaren ehunekoan du eragina. Lehen kasu horretan, lehenengo 3 urteak 100% kotizatutzat hartuko dira erretiroagatik, ezintasun iraunkorragatik, heriotzagatik eta biziraupenagatik, jaiotzagatik eta adingabea zaintzeagatik Gizarte Segurantzak ematen dituen prestazioen ondorioetarako. Langabezia-prestazioari dagokionez, berriz, lanaldi osoan edo partzialean (murrizketarik gabe) lan egin izan bazen moduan kalkulatuko da. 

  • Minbizia (tumore gaiztoak, melanomak eta kartzinomak) edo iraupen luzeko ospitaleratzea dakarren eta etengabe zaindu behar den beste edozein gaixotasun larri duen ardurapeko adingabea (ospitalean eta tratamendu jarraituan) zaintzeko(Langileen Estatutuaren 37.6 artikulua):

Kasu horretan, lanaldi-murrizketaren aldi osoan, Gizarte Segurantzako kotizazioak zenbatuko dira langilea lanaldi-murrizketarik gabe egon izan balitz bezala. Hau da, zenbatekoaren % 100a kotizatuko du, erretiroagatiko, ezintasun iraunkorragatiko, heriotza eta biziraupenagatiko, adingabearen jaiotza eta zaintzagatiko, haurdunaldiko arriskuagatiko, edoskitzaro naturaleko arriskuagatiko eta aldi baterako ezintasunagatiko prestazioen ondorioetarako. Langabezia-prestazioaren oinarri arautzailea kalkulatzeko ere % 100ean zenbatuko dira.

  • Seme-alaba garaia baino lehen jaio baldin bada eta erditzearen ondoren ospitalean egon behar badu(Langileen Estatutuaren 37.7 artikulua).

FUNTZIONAMENDUA

Langile bakoitzaren eskubide indibiduala da, eta bere enpresan eskatu ahal izango du. Eskubide hori mugatu ahal izango da soilik enpresa bereko bi pertsonak eskubide hori baliatu nahi badute subjektu eragile berarengatik (adingabe bera edo zaintzak behar dituen pertsona bera) eta antolaketa-arrazoiengatik gauzatu ezin bada.

Murrizketaren ordutegia langilearen lanaldi arruntaren barruan zehaztuko da. Hala ere, hitzarmen kolektiboek ordutegi hori zehazteko irizpideak ezarri ahal izango dituzte, langilearen bizitza pertsonala, familia eta lana uztartzeko eskubideak eta enpresen ekoizpen- eta antolaketa-beharrak kontuan hartuta.

Ezinbesteko kasuetan izan ezik, langileak 15 eguneko aurrerapenarekin edo hitzarmen kolektiboan zehazten den aurrerapenarekin jakinarazi beharko dio enpresari, eta baimena noiz hasi eta amaituko den zehaztu beharko du.

BABESTUTAKO KASUAK

Genero-indarkeriaren biktimatzat edo terrorismoaren biktimatzat hartzen diren langileek eskubidea izango dute, beren babesa edo gizarte-laguntza osorako eskubidea gauzatu ahal izateko, lanaldia murrizteko soldata proportzionalki murriztuta edo lan-denbora berrantolatzeko, ordutegia egokituz, ordutegi malgua aplikatuz edo enpresan lan-denbora antolatzeko erabiltzen diren beste modu batzuen bidez.

Era berean, eskubidea izango dute beren lana osorik edo partzialki urrutitik egiteko edo egiteari uzteko, sistema hori ezarrita badago, betiere zerbitzuak emateko modalitate hori bateragarria bada pertsonak betetzen dituen lanpostuarekin eta eginkizunekin.

ENPRESAN AURKEZTEKO ESKABIDE-EREDUA

Eskabide-eredu bat deskargatzeko, egin klik hemen.

Azken aldaketako data: