Mendebaldeko kostaldea: Itsasoari lotutako kultura

Zumaia

San Pedro eliza

Zuloaga museoa Donejakue bideko erromesentzako ostatu eta haren omenezko ermita izandakoan dago kokatuta.

Artistak 1910ean erosi zituen lurrak eta, haren inspiraziopean, Pedro Guzmán eta José Mª Alcorta arkitektoek etxea eraiki eta multzoa leheneratu zuten, intimismoaren eta benetakotasunaren sentimendua nagusitzen den esparru erakargarria sortuta.

Museoa Zuloagak bildumazale gisa zuen gustuari egokitua da eta horregatik biltzen ditu bilduma osatzen duten hain estilo artistiko eta material desberdinak. Lehen aretoan aparteko artista horren lana dago eta bigarrenean erakusketa iraunkorraren zatirik handiena, Zuloagaren irudia bera gainditzen duten eta haren gustu, lagun eta familiarengana hurbiltzen gaituzten piezak biltzen dituena.

Bertan ikusgai daude gotikotik espainiar eta flandestar errenazimenturako igarobidea, Greco, Zurbarán, Goya eta Vicente Lópezen koadroak, Espainiako pintura erromantikoa, Solana, eskultura errenazentistak, jaiotza barrokoak, Rodinen brontzeak, bai eta Placido Zuloagaren lantegietan egindako Eibarko damaskinatu-lan garrantzitsuak ere.

Zumaiako San Pedro eliza, XIII. mendeko errenazentista, nabe bakarrekoa da, burualde poligonala eta oinetan Erdi Aroko dorrea dauka. Gotorleku-itxurari eusten dio eta Joan Antxietaren 1577ko erretaula handia barne hartzen du, Gipuzkoako artista horren gordetzen den bakarra. Era berean, interesgarriak dira alboko kaperetan agertzen diren taulak, triptiko flandestarrak eta Marino Martínezen botozko taula, hain zuzen.

Galeria fotografikoa: