Hiribildu hau Gipuzkoako lehengoetakoa da. 1209an eman zitzaizkion lehendik Donostiari emandako foruak. Hirigintza-egituraren zati handi bat aldatu duten sute eta hondamen handiak jasan ditu. Sortu zenetik marinel-joera izan du,
portuaren garrantziagatik eta egoera onagatik. Hiriguneak Erdi Aroko ohiko trazadura du eta kaiei eta portura daramaten kaleei lotutako hirigintza-antolamendua du. Hirigune historikoak lehen zuen lursail-banaketa gotikoaren zati bat gordetzen du eta CVI., XVII. eta XVIII. mendeetako interes handiko etxeak eta jauregiak biltzen dira bertan.
Bereziki aipatzekoa da Jasokundeko Andre Maria parrokia-eliza, Silvestre Pérez arkitektoaren lan neoklasikoa. Tenplua hirigune historikoan dago eta Udaletxeko plazako plataforma laukizuzenaren gainean eraikia da. Oinplanoa laukizuzena du, gurutze grekoaren formarekin. Bolumenen soiltasuna eta argitasuna nabarmentzen dira, ez du batere dekoraziorik eta erdiko gorputzak oktogono forma dauka. Kaperan Jesukristo gurutzatuaren koadro bat dago, ustez Zurbaran maisuarena.
Antzinako eliza XVI. mendean berreraiki zuten. 1790ean, aurri egoeran zegoela, berori eraitsi eta berri bat eraikitzea erabaki zuten.
Zabiel jauregia XVII. mendekoa da, barrokoa, oinplano laukizuzenekoa, eta fatxada nagusia hareharrizko harlanduz egina da.
Galdona etxea 1689an Mutrikuko prokuradore batzarkide eta 1687an alkate izandako Joan Galdona y Muñozek eraiki zuen. Etxe hau udaletxearen aurrean dago kokatuta, oinplano laukizuzenekoa da eta hormarrizko aparailuz eginda dago, harlanduzkoa den fatxada nagusian izan ezik. Hiru goi-oin eta lau isurialdeko estalkia ditu.