Debako hiribildua, jatorrian, itsasotik aldenduta zegoen, Itziar gainean. Herri hau XI. mendetik dago dokumentatuta eta 1294ko ekainaren 24an bihurtu zen hiribildu, Gaztelako Antso IV.ak emandako pribilegioz. Ondoren, 1343an, hiribildua lekualdatu egin zen Itziar gainetik Deba ibaiaren bokalera, itsasoaren ondoan, izen bera, Monreal, eta aurreko pribilegioak gordeta.
Bertan Santa Maria eliza dago, gotikoa, XVI. mendean berreraikitakoa. Elizak kanpandegi-dorre handi bat du aurrealdean. Portikoa, nabeak eta klaustroa eraikuntzaren lehen garaikoak dira, XIV. eta XV. mendekoak. Multzoaren gainerakoa XVI. mendekoa da funtsean. Barrualdean antzeko altuerako hiru nabe ditu, fuste zilindrikoko zutabeen bidez banandutakoak. Kontrahormen artean lau atal eta kapera markatzen dituzte, estilo desberdinetakoak, gotikoa, flamigeroa eta errenazentista hain zuzen. Erretaula nagusia eta alboetakoak barrokoak dira eta fatxada trinkoa da, hutsunerik gabekoa, kanpaina-gorputzaren baoak salbuetsita. Sendotasuna eta garaiera ematen dio horrek. Behealdean, portada gotikoa barne hartzen duten eta oraindik ere XVII. mendeko polikromiaren arrasto batzuk gordetzen dituzten bi arku irekitzen dira.