Etxebizitza eta Hiri Agenda Saila

Arautegia

Inprimatu

17/2008 LEGEA, abenduaren 23koa, Nekazaritza eta Elikagaigintza Politikakoa.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Legea
  • Organo arau-emailea: Jaurlaritzaren Lehendakaritza
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 250
  • Hurrenkera-zk.: 7234
  • Xedapen-zk.: 17
  • Xedapen-data: 2008/12/23
  • Argitaratze-data: 2008/12/31

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua; Ingurune naturala eta etxebizitza
  • Azpigaia: Gobernua eta Administrazio Publikoa; Nekazaritza eta arrantza

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Eusko Legebiltzarrak abenduaren 23ko 17/2008 Legea, Nekazaritza eta Elikagaigintza Politikakoa, onartu duela jakinarazten zaie Euskadiko herritar guztiei:

17/2008 Legea, abenduaren 23koa, Nekazaritza eta Elikagaigintza Politikakoa.

1979ko abenduaren 18an Gernikako Autonomia Estatutua onartu zenetik, Euskal Autonomia Erkidegoa, bere erakunde erkideen eta lurralde historikoetako foru-organoen bidez, baliabide juridiko zein arauemaileez eta plangintzarako bitartekoez hornitu da apurka, sektorekako politikak taxutu eta garatzeko.

Estatutuak berak hainbat gai jasotzen ditu, Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumenekotzat jotzen dituenak. Horietako batzuetan, eskumen esklusiboa esleitzen dio (10. artikulua), beste hainbatetan Estatuaren oinarrizko legeria edo legeria horretan ezarritako oinarriak lege bidez garatu eta bere lurraldean betearazteko eskumena (11. artikulua), eta besteetan Estatuaren legeria betearaztekoa (12. artikulua).

Nekazaritzari eta elikagaigintzari dagokienez, Estatutuan jasotako eskumen esklusiboen artean, azpimarratzekoak dira Euskal Autonomia Erkidegoko ekonomiaren sustapena, garapena eta plangintza, ekonomiaren antolamendu orokorrarekin bat (10.25 artikulua); nekazaritza eta abeltzaintza, ekonomiaren antolamendu orokorrarekin bat (10.9 artikulua); barne-uretako arrantza, itsaski-bilketa eta arrain-hazkuntza, ehiza eta ibai eta aintziretako arrantza (10.10 artikulua), eta mendi-basoak, oihan-erabilera eta -zerbitzuak, abelbide eta larreak, Konstituzioaren 149.1.23 artikuluan xedatutakoari kalterik egin gabe (10.8 artikulua). Halaber, nekazaritzako eta elikagaigintzako sektore-politikak erabakitzeko lagungarri izan dira, ezinbestean, eskumen esklusiboko multzo horren barruan jasotako beste hauek ere: zientzia- eta teknika-ikerketa, Estatuarekin koordinaturik (10.16 artikulua); jatorriko-deiturak eta publizitatea, Estatuarekin elkarlanean (10.27 artikulua), edo, besteak beste, industria, Estatutuan adierazi bezala eta lege honen esparruan (10.30 artikulua).

Autonomia Estatutua garatzeko, Euskal Autonomia Erkidegoaren egituraketa politikoa eratu beharra zegoen, eta beharrezko ikusi zen eraketa politiko-administratibo berria eta soilik lurralde historikoenak ziren araubide juridikoak eta eskumenak uztartzea. Horixe izan zen, hain zuzen, Autonomia Erkidegoko erakunde erkideen eta haren lurralde historikoetako foru-erakundeen arteko harremanei buruzko azaroaren 25eko 27/1983 Legearen azken helburua. Lege horren arabera, foru-organoei dagokie eskumen esklusiboa honako gai hauetan: probintzia- nahiz udal-jabetzako ondasunen araubidea, ondasun horiek herri-jabariko zein ondare-ondasun izan, edo berezko ondasun zein herri-ondasun izan (7.a.7 artikulua); mendiak, oihan-ustiaketa eta -erabilera, abelbideak eta larreak, Autonomia Estatutuaren 10.8 artikuluak ezarri bezala; basozaintza eta laborantza- eta baso-lurrei bere onean eustea eta hobetzea (7.a.9 artikulua); erakunde erkideek emandako arauak garatzea eta betearaztea, landare-osasunari eta nekazaritzaren erreforma eta garapenari dagokionez; nekazaritza hedatu, sustatu eta arlo horretako prestakuntza ematea; mahastigintza eta enologia; landare-ekoizpena, haziak eta mintegi-landareak izan ezik (7.b.1 artikulua); abereen ustiaketa eta osasuna (7.b.2 artikulua), eta ur gozotako arrainez eta ehizaz baliatzeko araubidea (7.b.3 artikulua).

Beraz, aztergai dugun gaian eskumenen banaketa eginda dagoenez Euskal Autonomia Erkidegoan, Lege honen helburuetako bat da esku hartzen duen erakunde bakoitzari dagozkion eskumenak nola bete argitzeko eta betetzen laguntzeko jarraibideak ezartzea, betiere aipatutako arauak betez; sektorearen kudeaketan esku hartzen duten Administrazio eta erakundeen sare instituzional konplexua argitzea, herritarrek erakundeok ezagutu ditzaten eta haiekin komunika daitezen, erakundeotan parte har dezaten eta haiekin erlaziona daitezen.

Aipatutako eskumenak gauzatzeko, Euskal Autonomia Erkidegoak hainbat agiri estrategiko egin ditu, bere jarduera planifikatze eta antolatze aldera.

Gero eta konplexuagoa da lehenengo sektorean gauzatzen den egintza politikoa, eta, hain justu, horrek ekarri du plangintzarako bitartekoez hornitu beharra. Konplexutasun hori, batetik, kudeaketan esku hartzen duten instituzio-mailen aniztasunak eragin du, eta, bestetik, sektorea osatzen duten jarduera-esparruak asko eta asko izateak.

Horrez gain, multifuntzionalak dira bai landa-eremu eta bai eremu horretan gauzatutako nekazari­tza-jarduera, eta, horrenbestez, ekonomian eta elikagai-ekoizle gisa duten eginkizunaz haratago, Euskadiren­tzako sektore estrategiko dira, bertako lurralde- eta ingurumen-kudeaketaren erdigune baitira; erantzukizun inplizitua jartzen dute Administrazioaren bizkar, gune eta jarduera horrekiko politika iraunkortasun-irizpideen arabera egin behar da eta.

Aipatutako plangintza-agiriak eraginkor badira ere, arau-esparru egonkorra ezartzeko beharra nabaritu da. Batetik, nekazaritza- eta elikagaigintza-sektorean euskal administrazioak gauzatzen duen ekintza politikoaren printzipio bide-erakusleak sendotu behar lituzke esparru horrek, eta, bestetik, xede, helburu eta jarduketa-ildo nagusiak ezarri. Hori guztia, bai Administrazioaren sustapen-lana planifikatzeko bai herritarrek lan horren berri izateko helburuz; azken batean, nekazaritza- eta elikagaigintza-sektorearen eragile ekonomiko baitira herritarrak, bai eta nekazaritza- eta elikagaigintza-jarduerek eragindako onura zuzen zein zeharkakoen hartzaile nagusi ere.

Lege-esparru berri horrek, gainera, beste arrazoi bat ere badu: euskal nekazaritza- eta elikagaigin­tza-esparruari gaitasuna ematea gero eta testuinguru global eta liberalizatuagoan dituen erronkei egokitzeko eta erantzuteko. Erronka horien artean ditugu, garran­tzitsuenak aipatzearren, Europako Erkidegoaren esparru politikoetara eta esparru horietan hartutako nazioarteko erabakietara egokitzea, baliabideen kudeaketa iraunkorra egin beharra, nekazaritza-lurretan gero eta handiagoak diren hirigintza-presioak eta bestelako presioak, produkzio-sektoreetan sortu diren desoreka estrukturalak, kontsumitzaileek elikagaien segurtasunari eta kalitateari dagokionez dituzten espektatibak, edota pixkanaka informazio-gizartean sartzea.

Ildo horretatik, irizpide produktibista hutsen aurrean eta nekazaritza-eremuak garatutako zeregin multifuntzionaletik at dauden irizpideen aurrean, sektorea defendatzeko bitartekoak artikulatu nahi ditu legeak, eta, bereziki, nekazaritza-lurra babestu. Horretarako, iraunkortasunarekin bat datozen praktikak eta metodoak arautuko ditu, batetik, eta babes-mekanis­moak, bestetik; izan ere, nekazaritza-guneak hirigintzaren, azpiegituren eta industriaren eragina eta esku-hartzeak jasaten ditu, eta, horren ondorioz, nekazari­tza-jardueraren ekoizpen-baliabide nagusi gisa eta euskal landa-eremuaren elementu egituratzaile gisa duen funtzioa ahultzen ari da pixkanaka.

Halaber, sektorearen sustapen ekonomikorako jarraibide nagusiak ezarri nahi ditu legeak, eta nekazaritza politika bateratuaren nazioz gaindiko esparruan inbrikatu. Horretarako, kontuan izan du ingurune bizian gauzatzen dela jarduera, eta merkatuak ez dituela bere funtzio guztiak saritzen. Horrez gain, euskal gizarteak, hainbesteko onura ematen dion landa-eremu bizia izaten jarraitu nahi badu, ohartu behar du Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritza- eta elikagaigintza-sektorea lehiakortasunaren bidean aurrera eginda ere beti izango dela laguntza-maila beharrezko eta bidezko baten premian, bai egitura eta egokitzapen aldetik dituen gabeziak konpentsatzeko, bai bere jarduerari eusteko ere.

Legeak atariko titulua, bederatzi titulu (kapitu­luetan banatuta), bi xedapen gehigarri, lau xedapen iragankor, xedapen indargabetzaile bat eta lau azken xedapen ditu.

«Nekazaritza- eta elikagaigintza-politika» izeneko atariko tituluan legearen xedea azaltzen da, bai eta aplikazio-eremua ere: nekazaritza- eta elikagaigintza-sektorean ezartzekoa da, produkzio-, eraldaketa-, ontziratze- eta merkaturatze-alderdietan, eta barne hartzen ditu laborantza-, basogintza- eta abeltzaintza-azpisektoreak. Espresuki barne hartzen du, halaber, basogintza-arloko bigarren eraldaketa eta merkatura­tzea ere, baldin eta nekazaritza-ustiategian edo -in­dustrian bertan egiten bada.

Elikagaigintza-sektoreari dagokionez, lege ho­nen eremutik kanpo geratzen da arrantza arautzea, bai eta jarduera zinegetiko eta mikologikoak arautzea ere; aldiz, elikagai-iturri ere badirenez, elikagaigintza-sektorean sartzen dira nekazaritza, arrantza, itsas haztegi eta jarduera zinegetiko eta mikologikoetan sortutako elikagaiak. Lege honek, horrenbestez, elikagaigintza-esparru guztia hartzen du bere baitan, bai eta nekazaritza-jarduera ere. Izan ere, jarduera horren funtsezko xedea, beste xede batzuen artean, gizakiak eta animaliak elikagaiz hornitzea da.

Hainbat definizio interesgarri eman ondoren, titulu honek Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritza- eta elikagaigintza-politikaren helburuak jasotzen ditu, honakoak azpimarragarrienak: nekazaritza-egiturak hobetzea; ustiategi eta industria bideragarriei laguntzea; nekazaritza- eta elikagaigintza-produktu seguruak eta kalitatezkoak dibertsifikatu, sustatu eta merkatura­tzea; nekazaritza-lurra babestea biodibertsitatea, paisaia, balantze hidrologikoa eta uren kalitatea bermatzen duenez; sektorean teknologia berriak aplika­tzea; nekazaritza-jardueraren eta bere giza kapital ahulenaren gizarte-funtzioa defendatzea, bai eta sektorea egituratzen lagunduko duten praktikak hobetzea ere.

Helburu horiek betetze aldera, legearen helburu sektorialak zehaztu dira. Horien artean, bereziki azpimarratzekoak dira honako hauek: nekazaritza-ustiate­gien jarraipena ziurtatzea, landa-ingurunearen garapen ekonomikorako oinarrizko bitarteko baitira; laborantza-, abeltzaintza- eta basogintza-ekoizpena hobe­tzea, gazteei sektorean sartzeko bidea erraztea eta, halaber, emakumeen baldintzak hobetzea, beren lana aintzatetsiz eta sektorean gora egin dezatela sustatuz.

  1. titulutik VI.era, atariko tituluan adierazitako helburuak eta xedeak lortzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritza- eta elikagaigintza-politikak bere baitan bildu behar dituen esku-hartze esparruetan jarraitu beharreko jardun-ildoak zehazten dira. Horrez gain, beste hainbat gai arautzen dira artikulu horietan. Jarraian, garrantzitsuenak azpimarratuko ditugu.

    «Nekazaritza-ustiategia» izeneko I. tituluan, nekazaritza-jardueraren funtzio ekonomikoak sustatzeko, nekazaritzaren izaera multifuntzionala babesteko eta ustiategiari lotutako eskubideak gordetzeko jarraitu beharreko ildoak biltzen dira. Lehentasunezkotzat jotako jarduerak zehazten dira, eta, horrez gain, ustiategiaren titularrak bere gain hartu beharreko obligazioak ere bai; batik bat, langile gaituak edukitzeko eta lan-arriskuen prebentzio-neurriak hartzeko betebeharrak, eta dagokion jarduera betetzeko araudi sektorialek exijitutako administrazio-baimen guztiak eduki beharra. Halaber, espresuki jasotzen da nola jokatu behar den, ustiategia jarduera-baimenik gabe arituz gero.

    Puntu honetan, adierazi behar da aldatu egin dela Ingurumena Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Legearen 65. artikuluaren edukia. Azkenik, Euskal Autonomia Erkidegoko Nekazaritza Ustiategien Erregistroaren esparru juridikoa ezartzen da.

  2. tituluan («Nekazaritza-lurra» izenekoan) arau­tzen dira Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritza-politikaren baliabide eta printzipio nagusiak antolatzeko orduan kontuan izan behar diren nekazaritza-lurrari lotutako alderdiak, eta arautze horretarako oinarria Nekazaritza eta Basogintza antolatzeko Lurraldearen Arloko Plana edo horren ordezko baliokidea izango dela ezartzen da. Horrela, titulu horretako artikuluetan, nekazaritza-lurraren erabilera sustatzeko beharrezko­tzat jotzen diren neurriak ezartzen dira, lur hori nekazaritza-jarduerarako erabil dadin, modu jarraitu eta egokian, eta gizartearen eskaerei erantzuteko moduan.

    Ildo horretatik, nekazaritza-lurraren erabilera sustatzeko neurriak biltzen dira. Horien artean azpimarratzekoa da nekazaritza-lurren funtsak sortu direla. Funts horien inplementaziorako oinarriak zehaztu dira, bai eta funtsetakoak diren ondasun eta eskubideen erabilera ere, eta hori guztia kudeatzeko nekazaritza-lurren bitartekaritza-bulegoak sortu dira.

    Jasotzen diren beste sustapen neurrien artean honakoak daude: balio agrologiko handiko lurrari babes berezia ematea, landa-finken trukeak sustatzea, lurrak funtsetara borondatez lagatzea, lurzatiak bateratzea, edo titulartasun publikoko lurzoruak kudeatzea.

    Halaber, gutxiegi erabilitako nekazaritza-lurra zer den definitzen da, bai eta izendapen hori emateak lursail horren jabearentzat zer ondorio dituen ere.

  3. tituluak, «Nekazaritza-ekoizpena» izenekoak, laborantza-, abeltzaintza- eta basogintza-ekoizpenaren printzipio orokorrak ezartzen ditu, nekazaritza-lurraren eta bere inguruaren iraunkortasuna gordetzeko, elikagaitarako ekoizpenen osasun-segurtasuna zaintzeko, animalien ongizatea bermatzeko eta ekoizpena kontsumo-eskakizunetara egokitzeko, ezinbestekoa baita elkarri egokituta egotea. Artisau-ekoizpena ere jaso­tzen du: euskal administrazioak ekoizpen mota horren garapenaz arduratuko dira, eta erregelamendu bidez arautuko dute. Sustatu beharreko ekoizpen-metodoak definitzen ditu (batez ere, kalitatezko elikagaiak, produktu ekologikoak, ekoizpen integratuaren bidez eskuratutako produktuak eta basogintzako produktu ziurtatuak lortzera bideratutakoak), eta bertako espezie eta arrazak mantentzeari buruz ere badihardu. Halaber, higiene- eta nekazaritza-arloko jardunbide egokiak jasotzen ditu.

    Arreta berezia merezi dute energia berriztagarriei eta informazio-gizarteari egindako aipamenek. Lehenengoek ingurumena eta lurralde-oreka errespetatzen dute; bigarrenaren helburua, berriz, euskal gizartea aro digital berrira egokitzea da, eta, horretarako, kultur aldaketa bultzatu eta teknologia berriak guztion eskura jartzea, bizi-kalitatea eta gizarte-oreka hobetu eta gure ekonomian balioa eta aberastasuna sortze aldera.

    Laborantza-ekoizpenari dagokionez, hainbat neurri jasotzen dira: kalitatea, ekoizpen integratua eta ekoizpen ekologikoa sustatzeko programak bultzatzea; administrazioaren jarduna ongarri, hazi eta produktu fitosanitarioei dagokienez; landare-osasunaren bi alderdiak antolatzea, alegia, prebentzioa organismo kaltegarriak heda ez daitezen, eta hazi zein laboreei eragiten dieten mota guztietako izurri eta gaixotasunen aurka egitea; Zainketa Fitosanitarioko Sarea sortzea, eta landare-estaldura duten azaleren osasun-egoera zaindu eta jakinaraztea.

    Abeltzaintza-ekoizpenari dagokionez, berriz, honako neurriak jasotzen ditu legeak: lehenik, kalitatea, higiene-arloko jardunbide egokiak, abeltzaintza estentsibo eta ekologikoa eta hobekuntza genetikoa sustatzeko programak bultzatzea; bigarrenik, Administrazioaren jarduna, hain zuzen, animaliak identifika­tzeari eta mugitzeari dagokionez, eta, hirugarrenik, animalien ongizaterako betekizunak ezartzea. Hori guztia, abel­tzaintza-kontzeptuaren barruan ulertuta; hau da, ekoizpen-animaliak sartuta, eta konpainiako animaliak alde batera utzita.

    Ondoren, animalien elikadurara bideratutako produktuak, animalien higiene eta segurtasunerako neurriak, eta animaliak bazkatzeko establezimenduen erregistroa eta baimena zehazten dira, bai eta albaitaritza-zerbitzu ofizialek produktuen, lehengaien eta animalien elikadurara bideratutako beste osagai batzuek immobilizatzea eta neurri hori bertan behera uztea ere, espresuki jasota dauden kasu eta baldintzetan.

    Bestalde, animalien osasunaren kontzeptuaren barruan, gaixotasunaren berri emateari, gaixotasunaren aitorpen ofizialari eta animalia-jatorriko hondakinei lotutako alderdiak arautzen dira. Horrez gain, animalien arrazen oinarrizko alderdiak ere arautzen dira, euskal arraza autoktonoetan arreta berezia jarrita.

    Basogintzari dagokionez, azpimarratzekoa da herri-administrazioek lursail publiko zein pribatuei eragingo dieten baliabideen plangintza egin behar dutela, ekoizpenak hobetzeko eta baso-sistemen multifuntzionaltasuna sustatzeko jarduerak eginez. Horretarako, lehentasuna emango diote kalitate kontrolatuko haziak eta landareak erabiltzeari; ikerketa, garapen teknologikoa eta berrikuntza bultzatzeko proiektuak egiteari, eta ingurumena eta baso-sistema berriak errespetatzen dituzten baso-teknika berriak erabiltzeari. Halaber, Baso Osasuneko Mahaia eratuko da, izurri, gaixotasun eta bestelako arazo fitosanitarioak prebenitzeko eta halako kontuetan koordinatuta jarduteko.

    Azkenik, suteen prebentzioa bermatzen da, eta baso-pisten erabilera eta kudeaketa ere arautzen dira.

  4. tituluak berresten du Euskak Autonomia Erkodegoko administrazioek bultzada eta lehentasuna emango dietela, batetik, ekoizleek nekazaritzako eta elikagaigintzako eraldaketan eta merkaturatzean duten parte-hartzeari, eta, bestetik, nekazaritza- eta elikagaigintza-industriak jarri eta garatzeari, baldin eta lehengaia euskal nekazaritza-sektorearen ekoizpen-esparruan sortzen bada osorik edo hein batean.

    «Nekazaritzako eta elikagaigintzako eraldaketa eta merkaturatzea» izeneko tituluan ezartzen denez, nekazaritzako eta elikagaigintzako produktuek beren ezaugarriei buruzko informazio egiazkoa, objektiboa, osoa eta ulergarria eman behar dute fase guztietan, eta produktu horiek gutxienez zein informazio eskaini behar duten ere ezartzen da. Produktuek kalterik ez dutela eragingo eta osasungarriak direla bermatzeko, prozesuen eta produktuen autokontrolerako sistemak ezarri behar direla jasotzen du legeak, eta sistema horien gutxieneko elementuak ere zehazten ditu.

    Halaber, nekazaritza-produktuen identifikazioa, elikagai-segurtasuna eta trazabilitatea jasotzen dira, eta nekazaritzako eta elikagaigintzako enpresa guztietan bete beharreko baldintza direla zehazten eta ezar­tzen da.

    Ondoren, arriskuaren analisia egiteko prozedura zehazten da: arriskuaren ebaluazioa, kudeaketa eta jakinarazpena hartzen ditu barne (nekazaritza- eta elikagai-segurtasunerako politikaren oinarri diren aldetik), bai eta elikagai-krisien kudeaketa eta osasun-baimena ere.

    Titulu horretan bertan, lehenik eta behin, nekazaritza- eta elikagaigintza-produktuen kalitatea jorra­tzen da, bai eta kalitatearen kudeaketa eta hobekuntza ere, eta jatorri- eta kalitate-ikurrak azpimarratzen dira bereziki.

    Horren ondoren arautzen ditu eraldaketa (nekazaritza- eta elikagaigintza-industriaren eskubideak eta betebeharrak ezarriz), Nekazaritza eta Elikagaigintza Industrien Erregistroa, Ardo eta Edari Alkoholdunen Botilaratze eta Ontziratze Industrien Erregistroa, nekazaritza- eta elikagaigintza-industria garatzeko laguntzak eta sektore horietako elkarteekiko elkarlana.

    Azkenik, produktuen sustapenari eta merkatura­tzeari lotutako alderdiak jasotzen ditu legeak. Euskal Autonomia Erkidegoko jatorri- eta kalitate-ikurrak eta ikur horien barruan egindako produktuak jotzen ditu lehentasunezkotzat, beste proiektu batzuk baztertzen ez baditu ere, eta herrietako merkatu eta azoka tradizionaletan merkaturatzea aurreikusten du.

    Azken batean, nekazaritza- eta elikagaigintza-industriaren garapena eta prestigioa bultzatu nahi du, eta, horretarako sektorearen jarduera ekonomikoa eta garapena sustatuko duten politikak ezartzen ditu, nekazaritza- eta elikagaigintza-produktuen eraldaketa eta merkaturatzearen oinarrizko printzipio gidariei jarraituz. Legean bertan jasota daude printzipio horiek.

  5. tituluak, «Nekazaritza eta elikagaigintzaren inguruko ikerketa, garapen teknologikoa, berrikuntza eta prestakuntza» izenekoak, printzipio orokorrak bil­tzen ditu, eta nagusiki horien arabera jardungo da nekazaritza- eta elikagaigintza-arloko ikerketa, garapen teknologikoa, berrikuntza eta prestakuntza antola­tzeko proiektu eta programetan. Horrez gain, Nekazaritza eta Elikagaigintzako Berrikuntza Foroa nola antolatu ere ezartzen du, Ikerketa, Garapen Teknologiko eta Berrikuntza Plan Sektorialak egiteko, bai eta Euskal Autonomia Erkidegoko Erakunde Zientifiko Teknologikoak mantendu eta hobetzeko beharrezko den bultzada nola gauzatu ere.

    Nekazaritza- eta elikagaigintza-arloko prestakuntzari dagokionez, jarraibide orokorrak ezartzen dira, eta horien arabera garatuko dira Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean nekazaritza-arloko eskumena (zeharkakoa ala zuzenekoa) duen sailak antolatutako unibertsitatez kanpoko prestakun­tza-programak. Horrez gain, arlo horretako prestakuntza jorratzeko ildo nagusiak ere zehazten dira.

    «Zeregin soziala eta prebentzioa» izenburupean, nekazari gazteei eta emakume nekazariei laguntza oso eta erabatekoa emango diela berresten du VI. tituluak; izan ere, lehentasuna eman nahi dio talde horiek lagundu eta sustatzeari, nekazaritzan sartzeko eta horretan jarduteko aparteko zailtasunak izaten dituzte eta. Horrela, bi kasuetan, eta jarduteko oinarrizko printzipioak zerrendatu ondoren, Nekazari Gazteen Estatutua eta Emakume Nekazarien Estatutua egingo dela adierazten da, talde horiekiko sustatu behar diren ekintza positiboak jasotzeko. Testuinguru horretan, azpimarra­tzekoa da ustiategiaren titularkidetasuna aitortzen duela legeak, ezkontide biek edo izatezko bikoteko bi kideek elkarrekin jarduten badute, kasu hori oso hedatua dago eta.

    Bestalde, soldatapeko lana jasotzen da legean, eta aipamen berezia egiten zaie sasoikako langileei arreta emateko plan integral espezifikoaren oinarri izan behar duten printzipioei, bai eta aldi baterako ordezkapen-zerbitzuen sustapenari ere.

    Lan-arriskuen prebentzioari dagokionez, segurtasun-, higiene- eta lan-osasunaren arloetan lankide­tza-hitzarmenak egitekoak badira, hitzarmenok nola egin arautzen da.

    Nekazaritzako aseguruen arloan lortu beharreko helburu orokorrak arautzerakoan, jardunbide bat baino gehiago izango dira kasuan kasu aplikatzeko, berme eta konpentsazioko funtsei dagokienez.

    Azkenik, hondamendi-gunearen deklarazioa bera eta deklarazio horren ondorioak, hondamendietarako funtsen eraketa, eta onuradun izateko gutxieneko baldintzak arautzen dira.

  1. tituluaren («Ordezkaritza eta elkarte-antolaketa» izenekoa) hasieran adierazten da, administrazioak lege honen atariko tituluan jasotako helburuak dituzten elkarte sektorialak eratzea eta manten­tzea sustatuko duela sektorearekin harremanak izango dituen eta zerbitzuak eskainiko dizkion administrazio gisa sendotu nahi duenez, eta elkarte horiekin elkarlanean arituko dela; testuinguru horretan sortuko da, hain justu, Nekazaritza eta Elikagaigintza Elkarteen Errolda.

    Halaber, nekazaritzako eta elikagaigintzako elkarteen onarpen ofiziala arautzen du, dagokien erregistroan izena eman dezaten, ordezkatzen dutenaren arabera. Ondoren, eta nekazaritzako eta elikagaigin­tzako elkarteez ari dela, aurrerantzean nekazarien elkarte profesionalak eta Euskadiko ekoizleen elkarteak nola definituko diren finkatzen du, eta, horrez gain, nekazarien elkarte profesionalek nola lor dezaketen elkarte adierazgarrienen izaera, ezarritako baldin­tzak betez gero. Halaber, Euskadiko nekazaritza- eta elikagaigintza-industrien elkarteak definitzen dira. Azkenik, nekazaritza-ustiategiei aholkularitza emateko elkarteak jasotzen ditu titulu honek; hau da, ustiategiei kudeaketa tekniko-ekonomikoko zerbitzuak, titularren ordezkapen-zerbitzuak edo aholkularitza integrala ematen dizkieten elkarteak.

    Sektoreko elkarteak eta ordezkaritza erregula­tzeko araudia erreferentzia izango da sektoreko eragileentzat, Administrazioarekin dituzten harremanetan.

  2. tituluak, «Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritza-administrazioaren antolamendua» izenekoak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean nekazaritza- eta elikagaigintza-gaietan eskumena daukan sailari atxikitako kide anitzeko organoak arautuko ditu, esate baterako, Euskadiko Nekazaritza eta Elikagaigintzako Kontseilua eta Nekazaritza eta Elikadura Politikako Batzordea.

    Azkenik, IX. tituluak, «Administrazioaren esku-hartzea nekazaritza- eta elikagaigintza-sektorean» izenekoak, herri-administrazioaren esku-hartzea bideratuko duten printzipio gidariak arautzen ditu, bai eta bul­tzatu beharreko sustapen-neurri eta politika aktibo nagusiak ere, betiere legean bertan ezarritako helburu orokorrekin edo azpisektoreko programa batean jasotakoekin bat etorrita. Halaber, laguntzak kudeatzeko eskumena jasotzen du, eta baimenak eta lizentziak nola eman ere bai. Horrez gain, jarduera kontu-hartzaile edo sustatzaile orok ezinbestean bete behar dituen ikuskaritza-, kontrol- eta zehapen-funtzioak ere ezartzen ditu, jarduera horien helburua beteko dela bermatzeko.

Europar Batasunaren nekazaritza- eta elikagaigintza-politikaren esparruan, une bakoitzean indarrean dagoen araudian ezarritako printzipioak eta helburuak kontuan hartuta, lege honen xedea da, batetik, Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritza- eta elikagaigintza-politika definitzeko balioko duten printzipio bide-erakusleak ezartzea, eta, bestetik, erreferentziazko erakunde-esparrua argitzea eragile sektorialentzat eta herritarrentzat oro har (Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritza- eta elikagaigintza-sektorean gauzatutako jardueraren azken erabiltzaile diren aldetik). Hori guztia Autonomia Estatutuan eta Lurralde Historikoen Legean ezarritako eskumen-banaketa errespetatuz egingo da.

Lege hau aplikatzeko eremu objektiboa nekazaritza- eta elikagaigintza-sektoreen antolaketa orokorra da (produkzio-, eraldaketa-, ontziratze- eta merkatura­tze-faseak barne hartuta), bai eta, oro har, nekazaritza-ingurunearen multifuntzionaltasunari lotutako jardueren antolaketa ere. Halaber, eremu horrek barne hartzen du basogintza-arloko bigarren eraldaketa eta merkaturatzea ere, baldin eta nekazaritza-ustiategian edo -industrian bertan egiten bada.

Lege hau Euskal Autonomia Erkidegoan aplikatzekoa da, eta kontuan hartuko ditu arautu beharreko gaiaren arabera animaliak egoteko lekua, ustiategien edo ekoizpen-unitateen kokapena eta, oro har, lege honen eremu objektiboari dagozkion nekazaritza- eta industria-jarduerak egiteko lekua.

Lege honen ondorioetarako, definizio hauek hartuko dira kontuan, ondoren adierazten den bezala:

  1. Nekazaritza: laborantza, abeltzaintza eta basogintza biltzen ditu.

  2. Nekazaritza-jarduera: laborantzako, abeltzain­tzako edota basogintzako produktuak lortzeko egin beharreko lanak. Eraldaketa, ontziratzea eta merkaturatzea ere nekazaritza-jardueratzat joko dira, baldin eta ustiategian bertan egiten badira; bai eta ustiategiaren mantentze-lanak ere.

  3. Nekazaritza-jarduera osagarri: ustiategiko titularrak elkarteen, kooperatiben edo profesional-elkarteen ordezkaritza-organoetan parte hartzea, betiere elkarte horiek lotuta badaude nekazaritza-sektoreari, ingurumen-arloko eta nekazaritza-garapeneko ondasunak eta zerbitzuak lortzeari, jarduera turistikoei, zinegetikoei, artisau-jarduerari, eta bere ustiategian egindako bestelako dibertsifikazio-jarduerei (adibidez, energia berriztagarria ekoiztea).

  4. Nekazaritza-ustiategi: titularrak (pertsona fisikoa zein juridikoa) nekazaritza-jardueraren baitan enpresa moduan antolatutako ondasun eta eskubideak, baldin eta unitate tekniko-ekono­mikoa osatzen badute, eta helburua, batik bat, merkaturatzea baldin bada. Zenbait kasutan, gerta liteke laborantzarako azalerak gutxieneko neurri jakina (lurra lantzeko unitate minimoa) betetzeko exijitzea.

  5. Familiako nekazaritza-ustiategi: mota honetako nekazaritza-ustiategian, ondasunak eta eskubideak familia-unitateko kide batek edo batzuek jarritakoak dira jabetzan, errentan edo edozein erabiltze- edo gozamen-titulutan; horrez gain, familiakideak dira ekoizpen-erabakiak hartzen eta administratzen dituztenak eta ustiategian lan egiten dutenak, eta soldatapeko langileak ez dira ustiategian lanean diharduten familia-unitateko kideak baino gehiago.

  6. Sozietate bidezko nekazaritza-ustiategi: horrelakoa da ustiategia, baldin eta titularra zenbait bazkide biltzen dituen pertsona juridikoa baldin bada. Titulartasuna estatutuek edo sozietate-mota erregulatzen duen araudiak arautuko dute.

  7. Lehentasunezko ustiategi: gaur egun bideragarria den nekazaritza-ustiategia, edo bideragarritasuna lor edo finka dezakeena, arauz ezarri diren edo ezar daitezkeen baldintzak betez, betiere.

  8. Ekoizpen-unitate: nekazaritza-jarduera gauza­tzen den ustiategiko elementu bakoitza, edota elementu multzo bakoitza, leku berean badaude.

  9. Lursaila: ekoizpen-unitate bati dagokion nekazaritzako lur mugatua.

  10. Landa-finka: ustiategi bereko lursail multzoa, mugatze-ondorioetarako osotasun bat osatzen duena.

  11. Ustiategiaren titular: nekazaritza-jardueran eta zenbait kasutan beste jarduera osagarri batean ere aritzen den pertsona fisikoa edo juridikoa, ustiategiaren ondasun eta eskubideak enpresa-irizpideetan oinarrituta antolatzen dituena, eta ustiategia kudeatzeak eragindako arriskuak eta erantzukizunak bere gain hartzen dituena. Lege honen ondorioetarako, ustiategiaren titulartasuna pertsona batek baino gehiagok badu, horietako bakoitza ustiategiaren titularkidetzat joko da.

  12. Nekazari: nekazaritzan diharduen pertsona fisikoa.

  13. Nekazari profesional: nekazaritza-ustiategi baten titularra izanik, urteko errentaren % 50, gutxienez, nekazaritza-jardueretatik edo nekazaritza-jarduera osagarrietatik lortzen duen pertsona fisiko edo juridikoa; betiere, bere ustiategian egindako nekazaritza-jardueratik zuzenean lortutako errenta ez bada guztizko errentaren % 25 baino txikiagoa, eta nekazaritza-jardueretan edo nekazaritza-jarduera osagarrietan lanean emandako denbora, lanean guztira emandako denboraren erdia baino gehiago bada. Pertsona fisikoa bada, bere nekazaritza-jardueraren arabera dagokion Gizarte Segurantzako Erregimenean izena emanda egon beharko du.

  14. Nagusiki nekazari: nekazari profesionala, per­tsona fisikoa izanik, errenta totalaren % 50, gutxienez, bere ustiategian egindako nekazari­tza-jardueratik ateratzen duena, eta urtean lanean emandako denboraren erdia edo gehiago zuzenean nekazaritzarekin lotutako jardueretan ematen duena.

    Pertsona juridiko batek nagusiki nekazaritzan jarduten duela ulertuko da, baldin eta bazkideen % 50, bakoitza bere aldetik, nagusiki nekazaritzat jo badaitezke lehen adierazitako baldintzak betetzen dituztelako. Sozietateak badira forma juridikoa sozietate zibila bada salbu, adierazitakoaz gainera, bazkideen partaidetzek edo akzioek izendunak izan beharko dute. Edonola ere, estatutuetan edo bazkideen batzar orokorraren erabakian, ezarrita egon beharko du lehen adierazitako baldintzak betetzea bermatuko dela, bazkideen artean tituluak eskualdatuz gero ere.

  15. Lanaldi partzialeko nekazari: bere ustiategian egindako nekazaritza-jardueratik urteko errentaren % 50 baino gutxiago lortzen duen pertsona fisikoa.

  16. Nekazari gazte: nekazaritza-jarduera egiten duen edo egitear dagoen pertsona fisikoa, eta 40 urtetik behera dituena.

  17. Nekazaritza edota basogintzako lurra: balio agronomikoa duen eta nekazaritza-jardueretara bideratzen den edo bidera daitekeen lurra, nekazaritza-bideak eta baso-pistak.

  18. Ekoizpen-animalia: ekoizpenetarako manten­tzen, gizentzen edo hazten diren (edo horretarako modukoak izan daitezkeen) espezieetako abereak; bereziki, animalia zein gizakientzako elikagaiak ekoizteko direnak.

  19. Nekazaritzako edo ekoizpeneko azpisektoreak: nekazaritza-sektorearen barruan biltzen den ekoizpen talde bakoitza. Hauexek dira ekoizpeneko azpisektoreak: esnetarako behiak, haragitarako behiak, baratzezaintza, esnetarako ardiak, ardotarako mahastiak, zereal-soroak, eta abar.

  20. Elikagaigintza: kontzeptu honen barnean sar­tzen da nekazaritza, arrantza, arrain-haztegi, ehiza eta perretxiko-bilketatik lortutako produktuak edo beste jatorri natural batekoak ekoitzi, eraldatu, ontziratu eta merkaturatzea.

  21. Nekazaritza- eta elikagai-enpresak: nekazari­tzan edo elikagaigintzan jarduten duten nekazaritza-ustiategiek eta enpresek osatutako multzoa.

  22. Nekazaritza- eta elikagai-industria: nekazaritza-produktuak edo elikagaigintza manipulatuz produktu berriak sortzeko ekipamendu-ondasunen instalazioak behar dituzten instalazio osagarriak barne, enpresa autonomo moduan funtzionatzeko gai direnak.

  23. Artisau-ekoizpen: nekazaritza-produktuak ma­ni­pulatzeko eta eraldatzeko jarduera, nekazariek bakarka edo elkartuta beren ustiategietatik lortutako lehengaiekin egina.

  24. Zuzeneko salmenta: ekoizlearen edo eralda­tzailearen eta kontsumitzailearen artean bitartekaririk ez duen merkataritza-jarduera.

    Artikulu honetan jasotzen diren definizioak Euskal Autonomia Erkidegoko lege-xedapen guztietara zabalduko dira.

Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritza- eta elikagaigintza-politika hainbat xede lortzera bideratuko da. Hona hemen xede horiek:

  1. Nekazaritza-egiturak hobetzea, nekazariek diru-sarrera duinak eskura ditzaten eta kontsumitzaileek bidezko prezioak izan ditzaten.

  2. Nekazaritza-jardueraren eta bere izaera multifuntzionalaren aitorpen soziala lortzea; ez baita elikagai-ekoizle bakarrik, eta gizartearentzako beste onura batzuk ere bai baitakartza: esaterako, ingurumena babestu eta birsortzea, paisaia eta biodibertsitatea babestea, lurraldea modu orekatuan kudeatzea, eta Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritza-ingurunea eta kultur ondarea gordetzea.

  3. Nekazaritzako eta elikagaigintzako ustiategi edo enpresa bideragarriak eta iraunkorrak eratzea eta sustatzea, hain justu, proiektuak eta produktuak teknikoki gauzagarri, ekonomikoki errentagarri, ingurumenaren aldetik onargarri eta sozialki onesgarriak diren postulatuen arabera egiteko.

  4. Nekazaritza- eta elikagaigintza-produktu seguru eta kalitatezkoak dibertsifikatu, sustatu eta merkaturatzea.

  5. Nekazaritza-lurra babestea, ez balio agronomikoagatik bakarrik, baita biodibertsitatearen eta paisaiaren euskarri eta berme delako eta desertifikazio- eta higadura-arriskua murrizten edo eragozten duelako ere.

  6. Nekazaritza- eta elikagaigintza-sektorean informazioaren teknologia berriak, ikerketa, garapena, berrikuntza eta nekazaritzako eta elikagaigintzako prestakuntza teknologikoa bultzatzea eta ezartzea.

  7. Nekazaritza-jardueraren gizarte- eta prebentzio-funtzioa defendatzea (enplegu-sortzaile den aldetik), eta, batez ere, bere giza kapital ahulena: emakumeak, nekazari gazteak, soldatapeko langileak eta sasoikako langileak.

  8. Nekazaritza- eta elikagaigintza-arloko prestakuntza, asoziazionismoa eta profesionaltasuna hobetzea, eta, oro har, nekazaritza- eta elikagaigintza-sektoreak egituratzen laguntzen duten praktikak hobetzea; hartara, areagotu egingo da elkarteek solaskide izateko, negoziatzeko eta parte hartzeko duten gaitasuna, bai eta beren interesak ordezkatzeko gaitasuna ere.

Lege honek ondorengo helburuak ditu:

  1. Nekazaritza-ustiategien jarraipena ziurtatzea, landa-ingurunearen garapen ekonomikorako oinarrizko bitarteko baitira, bai eta familia-nekazaritzatik ahalik eta jende gehien bizitzeko bitarteko ere.

  2. Gazteei nekazaritza- eta elikagaigintza-sekto­rean eta elkarte zein taldeetan sar daitezen bul­tzatzea.

  3. Emakumeek nekazaritzan eta elikagaigintzan egiten dute lana aintzatestearen alde egitea, sektorean jarrai dezaten laguntzea, eta beren bidea baldintza berdinetan gara dezaten laguntzea; halaber, elkarte eta taldeetan sar daitezen bidea erraztea.

  4. Nekazariek errenta duina jaso dezaten bultza­tzea, ekoizpen- eta lantze-gastuak berdintzeko modukoa, subsidioen edo kanpoko laguntzen mende egon gabe.

  5. Ustiategien dimentsionamendu estrukturala sustatzea eta, kasuaren arabera, babestea, bideragarritasun ekonomikoari laguntzeko.

  6. Nekazaritza-lurrak babestea, batez ere gunerik kaltetuenetan dauden eta hirigintza-presioaren mende dauden lurrak.

  7. Laborantza-, abeltzaintza- eta basogintza-ekoizpena hobetzea, produkzio-bideak kontrolatuz eta optimizatuz, eta lortutako ekoizpenen balio erantsia sustatuz.

  8. Merkatuak saritzen ez dituen arren, nekazaritzaren izaera multifuntzionalaren barruan dauden jarduerak babestea; hain zuzen, lurraldea eta paisaia kudeatzea, ingurumena babestea, animalia-arraza autoktonoak gordetzea eta nekazaritza-gizarte eta -kulturari eustea.

  9. Nekazaritza- eta elikagaigintza-industria gara­tzea eta prestigiatzea, ekoizpen-sektorea balio-katean txertatzeko oinarrizko urratsa delako, eta nekazaritza-ingurunearen garapen ekonomikoaren oinarrizko bitarteko delako.

  10. Merkatuetan kalitate-erreferentzia izango diren eta kontsumitzaileen osasun eta ongizaterako berme osoa emango duten produktuak ekoizten direla bermatzea, eta euskal elikagaiei balio erantsia dakarten merkatuetan sartzeko bide ematea.

  11. Nekazaritzan eta elikagaigintzan ikerketa eta berrikuntza teknologikoa areagotzea, eta aurrerapen zientifikoak azkar eta modu eraginkorrean zabal daitezen laguntzea, bai eta teknologia berrien erabilera sustatzea eta nekazaritza-sektorea informazio-gizartean txerta dadin bul­tzatzea ere.

  12. Nekazaritza- eta elikagaigintza-politika egin eta ezarri aurretik eragile sozial eta ekonomikoei kontsultatuko zaiela bermatzea, eta solaskide izateko eta adostasunera heltzeko bitartekoak indartzea, jardun-proposamenak nekazaritza- eta elikagaigintza-sektorearen beharretara egokitzen lagunduko dute eta.

  1. Ezagutzera ematea nekazaritzaren izaera multifuntzionala, eta nekazaritza- eta elikagaigintza-politikaren garapenean izandako jarduera nagusiak eta lortutako helburu nagusiak.

  1. Nekazaritza-jardueraren funtzio ekonomikoak indartzeko (batez ere, errentagarritasuna hobe­tzeko eta enplegua sortzeko), nekazaritza-arloko euskal administrazioek nekazaritza-ustiategiak eta kudeaketa-eredu egokiak garatu, finkatu eta mantentzea sustatuko dute, ustiategiak bideragarriak eta iraunkorrak direla bermatzeko, 5. artikuluan jasotako helburuen arabera. Horretarako, eskumena duen herri-administrazioak lurra lantzeko unitate minimoak ezarri ahal izango ditu, erregelamendu bidez.

  2. Nekazaritzaren izaera multifuntzionala babestu nahian, Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritza-ustiategiek nekazaritza-jarduerak betetzen dituen ingurumen- eta lurralde-funtzioekin bat datozen ekoizpen-ereduak garatuko dituztela bermatuko dute nekazaritza-arloko euskal administrazioek. Ingurumen-funtzioak ingurumena, baliabide naturalak, ekosistemak eta nekazari­tza-paisaia babesteari lotutakoak dira; lurralde-funtzioak, berriz, lurralde-oreka gordetzeko eta nekazaritza-guneetako sare soziekonomikoari eustekoak.

  3. Ustiategiari lotutako eskubideak gordetzeko xedez, baldin eta eskubide horiek Euskal Autonomia Erkidegoaren kudeaketa-esparruari dagokion administrazio-esleipen baten ondorio badira, nekazaritza-arloko euskal erakundeek eskubide horiek erakundeok emandako jarraibideen arabera kudea daitezen ziurtatuko dute, aurretik Euskadiko Nekazaritza eta Elikagaigintzako Kontseiluan ordezkaritza duten sektoreko elkarteei kontsultatuta.

Nekazaritza-arloko euskal administrazioek, sustapen-lana egiteko, egungo eta bihar-etziko arauetan eta programetan aurreikusitako bitartekoak baliatuko dituzte, eta lehentasuna emango diete hurrengo jardun-lerroetan ezarritakoa lortzera bideratutako ekintzei:

  1. Ustiategietako titularrak profesionalak eta nagusiki nekazaritzan dihardutenak izatea; bereziki, emakumeak eta gazteak titular izan daitezen bultzatuz.

  2. Familiako nekazaritza-ustiategiaren eredua gordetzea eta ustiategietako titularren bizi-kalitatea hobetzea.

  3. Merkatuaren eskaerei erantzuten dieten nekazaritza-ustiategietan joera produktiboak eta kudeaketa-metodoak garatzea.

  4. Alternatiba ekonomikoak eta dibertsifikazioa sustatzea ustiategiko nekazaritza-jardueran; batez ere, produktu propioen eraldaketan eta zuzeneko salmentan.

  5. Neurri egokiko nekazaritza-ustiategiek iraungo dutela bermatzeko formulak garatzea, eta lehentasunezko ustiategiak sustatzea. Zehazki, ustiategiko lursailen eta kudeaketaren zatiketa mugatzeko lanak sustatuko dira, eta mugatu egingo da ustiategiak sektoreko profesional ez direnen esku uztea ere; halaber, lurzatiak bateratzea, profesionalen artean lurrak eskualda­tzea, nekazaritza-lurren bitartekaritza egitea, eta ustiategiaren egitura sendotzen lagunduko duten azpiegiturak garatzea bultzatuko da.

  6. Prestakuntza eta trebakuntza profesional egokia ematea nekazaritza-ustiategietako titularrei eta langileei.

  7. Nekazaritza-ustiategiek teknologia berriak baliatzea, bereziki informazio- eta komunikazio-teknologiak.

  8. Nekazaritza-ustiategiek kudeaketa tekniko-ekonomikoa eta ordezkapen- eta aholkularitza-zerbitzuak erabiltzea.

  9. Ustiategiak biltzea eta elkartzea, nortasun juridikoa duten elkarteen bidez.

  10. Euskal nekazaritza-ustiategiei lotutako eskubideak optimizatzea, Euskal Autonomia Erkidego osoan.

  11. Ingurumena eta paisaia babesten eta lurralde-antolamendua errespetatzen duten ekoizpen- eta kudeaketa-metodoak garatzea nekazaritza-ustiategietan, erkidegoko araudiak eta nekazaritza-arloko euskal administrazioek emandako jarraibideen arabera.

  12. Ustiategietako titularrek kontratu bidezko dokumentuak izenpetzea nekazaritza-arloko euskal administrazioekin. Kontratu horietan betebehar eta eskubideak ezarriko zaizkie bi aldeei, betiere titularrak ustiategian betetzen duen nekazaritza-jardueraren eta baliatzen dituen kudeaketa-metodoen arabera.

  1. Nekazaritza-ustiategietako titularrek honako betebeharrak hartu beharko dituzte beren gain:

    1. Dagokien jarduera betetzeko araudi sektorialek exijitutako administrazio-baimena guztiak edukitzea.

    2. Araudiak ezarritako higiene- eta osasun-baldintza guztiak betetzea, izurririk eta gaixotasunik sortu eta zabaldu ez dadin.

    3. Langile gaituz hornitzea ustiategia, beharrezko prestakuntza ematea eta araudian lan-arriskuen prebentziorako aurreikusitako neurriak eskaintzea.

    4. Esku hartzen duten administrazioei ustiategiari buruzko datuak bidaltzea (arauz agindutako datuak), horretarako ezarritako epean; batez ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Nekazaritza Ustiategien Erregistroari, Erroldari eta nahitaez bete beharreko beste eragiketa estatistiko ba­tzuei buruzko datuak.

    5. Arauaren arabera edo nekazaritza-arloko euskal administrazioekin hitzartutako kontratu bidezko harremanaren arabera egokiak diren kudeaketa-praktika eta -metodoei jarraiki jardutea.

    6. Nekazaritza-lurra gutxiegi erabilita ez edukitzea, non eta ez dagoen, eskumena daukan agintariak hala erabakita, lurra landu gabe edukitzeko arrazoiren bat, laborantza aldetik, edo lurra horrela edukitzea justifikatzen duen aparteko arrazoiren bat.

    7. Inbertsio publikoari esker eskura dauden baliabide eta/edo azpiegiturak behar bezala aprobetxatzea lur horietan.

    8. Suteak pizteko eta hedatzeko arriskua eragin dezaketen laborantza- eta basogintza-praktikak eragoztea.

    9. Bere ustiategiari lotutako eskubideei dagokienez araudiak ezarritako xedapenak betetzea, kudeaketa-, lagapen- eta transmisio-gaietan.

  2. Arauz ezarriko da aurreko paragrafoko obligazioak ez direla bete deklaratzeko prozedura.

  1. Nekazaritza-ustiategiko titularrak nekazaritza-jarduera gauza dezan, ezinbestekoa da dagokion jarduera-baimena izatea, indarrean dagoen legediak hala eskatzen badu.

  2. Baldin eta jarduera-baimena derrigorrezkoa bada eta nekazaritza-ekoizpeneko ustiategi edo unitate batean jarduera-baimenik gabe badihardute, eskumena duen organoak, gaiaren arabera eta dagokion administrazio-espedien­tea bideratu ondoren, honako erabaki hauetako bat hartuko du:

    1. Aurretik ere baziren nekazaritzako lursailak eta unitateak ez galtzeko, eta jarduera ez badator indarrean dagoen araudi guztiarekin bat, nekazaritza-ustiategiak aldi batez iraun dezan baimenduko da, betiere ezohiko neurri hau hartzea justifikatzen duten baldintza bereziak baldin badaude, eta instalazio horiei ezarritako ingurumen-, higiene- eta osasun-baldin­tzak betetzen baditu. Jarduera bertan behera uzteko agindu behar bada, berriz, titularrak kalte-ordaina jasotzeko eskubidea izan lezake.

    2. Jarduera eta indarrean dagoen antolamendua bateragarri badira, ustiategiaren titularrari baimena eskatzeko galdegingo zaio bi hilabeteko epean. Baimena eskatuko ez balu edo ukatuko balitzaio, jarduera berehalakoan bertan behera uzteko aginduko zaio hilabeteko epean, interesdunaren kontura. Epea amaitu, eta artean ez bada borondatez bete jarduera bertan behera uzteko agindua, orduan nahitaez betearaziko da, obligaziodunaren kontura eta teknikari ofizialen kontrolpean.

  3. Arau bidez erregulatuko dira aurreko paragrafoan esandakoari buruzko guztiak.

  1. Euskal Autonomia Erkidegoko Nekazaritza Ustiategien Erregistro Orokorrean inskribatuta egotea ezinbesteko baldintza izango da, euskal administrazioek nekazaritza- eta elikagaigintza-politikaren esparruan ematen dituzten sustapen-laguntzak eta -neurriak eskuratu ahal izateko.

  2. Nekazaritza Ustiategien Erregistro Orokorrean, Lurralde historiko bakoitzeko nekazaritza-ustia­tegien erregistroak bilduko dira, datu-base berean integratuta, eta Euskal Autonomia Erkidegoan nekazaritzako gaietan eskumena duen sailak kudeatuko du.

  3. Foru-aldundiek kudeatu eta eguneratuko dute bakoitzari dagokion lurralde historikoko nekazaritza-ustiategien erregistroa, gutxienez honako datu hauek bilduta: titularren, titularkideen eta ustiategiko arduradunen identifikazio-datuak, eta ustiategiaren datu orokorrak.

  4. Euskal Autonomia Erkidegoko Nekazaritza Ustiategien Erregistro Orokorrak bereizi egingo ditu lehentasunezko nekazaritza-ustiategiak eta gainerakoak, indarrean dagoen legediaren arabera.

  5. Arauz garatuko da Erregistro honen edukia. Ustiategi bat Erroldan erregistratzeko eta Erroldaren informazioa kudeatzeko aginduzko irizpideak jasoko dira arau horretan.

Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administra­zioek, beren eskumenen esparruan, nekazaritza-lurra antolatzeko jardun publikoa koordinatuko dute, nekazaritza-lurra modu jarraitu eta egokian, eta gizartearen eskaerekin bat etortzeko moduan, erabil dadin susta­tzeko, eta, helburu horrekin, beharrezko diren esku-hartze publikoko bitarteko eta neurriak baliatuko dituzte. Hori guztia, Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritza-eremua antolatzeko unean-unean indarrean dagoen erreferentzia-esparruaren arabera.

Euskal Autonomia Erkidegoko herri-adminis­trazioek, beren eskumenen esparruen barruan, honako jarduketa hauek egin ahal izango dituzte nekazaritza-lurraren erabilera sustatzeko, 12. artikuluan azaldutako xedapen orokorretik ondorioztatzen diren aginduekin bat etorriz:

  1. Lurralde historiko bakoitzean nekazaritza-lurren funts bat sortzea.

  2. Nekazaritza-lurrak funtsetara borondatez laga­tzea sustatzea.

  3. Balio agrologiko handiko lurrei babes berezia ematea, betiere, dagokion lurralde antolamendurako plan sektorialean ezarritakoari jarraituz.

  4. Nekazaritza-lurren trukeak sustatzea.

  5. Titulartasun publikoko nekazaritza-lurretan nekazaritza-kudeaketa hobetu dadin sustatzea.

  6. Lurzatien bateratzea bultzatzea.

  7. Nekazaritza-lurren erabilera egokia sustatzeko herri-administrazio eskudunek aurrerantzean zehaztu dezaketen beste edozein jarduera.

  1. Nekazaritza-lurren funtsak sortu dira, batetik, titularrak emandako nekazaritza-ustiategiko lurrez osatuta 73.b artikuluak agindutakoaren araberako aurre-erretiroko laguntzak jasotzean eman beharko ditu lurrok) eta bestetik, beste negozio juridiko batzuk gauzatzetik datozen nekazaritza-lurrei lotutako ondasun eta eskubideez osatuta, edo, kasuan kasu, titulu honetan jasotako esku-hartze eta sustapen neurriak aplikatuta sortu diren lurrez osatuta. Funtsak foru-esparrukoak izango dira, eta lurralde historiko bakoitzetik hartutako nekazaritza-lurrei buruzkoak eta/edo nekazaritza-lurrei lotutako ondasun edo eskubideei buruzkoak hirurak ere.

  2. Euskal herri-administrazioek sustatu egingo dute nekazaritza-lurrak, bai eta lur horiei lotutako ondasunak eta eskubideak ere, nekazaritza-lurren funtsei borondatez lagatzea. Helburu horrekin, nekazaritza-lurrak eta lur horiei lotutako ondasunak eta eskubideak nekazaritza-lur funts bati borondatez lagatzen dioten jabeek lege honen 96. artikuluan aurreikusitako sustapen-neurrien onurak jaso ahal izango dituzte.

  3. Nekazaritza-lurren funtsen aktiboak hainbat helburutara bideratuko dira lehentasunez; ondorengo hauek dira helburuok:

    1. Nekazari gazteak finkatzea.

    2. Nekazaritza-ustiategi berriak sortzea, landa-guneetako exodoa eragozteko.

    3. Egun martxan diren nekazaritza-ustia­tegiak handitzea.

    4. Nekazari-herrixkak edo lursail-eremuak sortzea, bertan nekazaritza-jarduerak gauzatu ahal izateko.

  4. Arauz ezarriko dira nekazaritza-lurrak eta lur horiei lotutako ondasunak eta eskubideak bil­tzeko prozedurari atxikitako suposamenduak, baldintzak, eskakizunak eta onurak; funtsen aktiboak erabilera-erregimenean esleitzetik eratorritakoak, eta funts batean dauden bitartean nekazaritza-lurrak eta haiei lotutako ondasunak eta eskubideak erabili eta gozatzearenak.

Nekazaritza-lurren funtsen ondasunak eta eskubideak kudeatzeko eta administratzeko, nekazaritza-lurren bitartekaritza-bulegoak sortuko dira, nekazari­tza-gaietan eskumena daukan foru-aldundiko sailari atxikiak, eta aplikatzekoa den arauaz ezarritako forma juridikoa dutela.

  1. Balio agrologiko handiko lurrak hau da, bat datozenak euskal landa-eremua antolatzeko unean-unean indarrean dagoen erreferentzia-esparruan ezarritako definizioarekin estrategikoak dira Euskal Autonomia Erkidegoan, eta interes sozialekotzat joko dira horrenbestez.

  2. Balio agrologiko handiko lurren inguruan Euskal Autonomia Erkidegoan aurreikusitako proiektu edo egintza orori behin betiko onarpena eman baino lehen, nahitaezkoa da nekazaritza-gaietan eskumena duen foru-organoak txostena egitea. Txosten horretan proiektu edo egintzak zenbaterainoko eragina izango duen neurtu beharko da. Txostena Lurralde Antolamendurako Batzordeari helaraziko zaio, azter dezan. Ondoren, batzordeak berak bere txostena prestatuko du, azken txostena, loteslea izango dena hirigintza-planeamenduko figurei dagokienez.

  1. Foru-organoek eta nekazaritza-lurraren bitartekaritza-bulegoek (15. artikuluan jasoak) jabeen artean landa-finkak borondatez trukatzeko erraztasunak emango dituzte, trukearen helburua ondorengo hauetako bat baldin bada.

    1. Lurra lantzeko unitate minimoa osatzeko behar den azalera lortzea.

    2. Finka horietako baten labore-eremua handitzea, finka mutante bat erantsita.

    3. Ustiategiaren garapen teknologikorako beharrezko diren instalazioak ezartzea, edo ustiategiari eta bere ekoizpenei lotutako industria-instalazioak jartzea.

  2. Helburu horrekin, borondatezko truke prozesuetan parte hartzen duten nekazaritza-lurren jabeek lege honen 96. artikuluan aurreikusitako sustapen-neurrien onurak jaso ahal izango dituzte.

  3. Nahitaezko trukearen xedea da elkarri aldatzea administrazioen landa-finken edo nekazaritza-ustiategi pribatiboen jabetza-titulartasuna, eta nahitaezko trukearen xede diren finken jabeei edo eskubideen titularrei dagozkien jabetza-titulartasunak.

  4. Eskumena duten Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioek obra publikoak egiteko xedea daukaten herri-onurako arrazoietan oinarrituta bakarrik erabaki dezakete nahitaezko trukea eginaraztea.

  5. Arauz zehaztuko dira bai aurrekontu materialak, bai nahitaezko trukearen egintza deklaratzeko baldintzak eta prozedura, bai eta borondatezko trukearen onurak eta jardunak ere.

  1. Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administra­zioek zainduko dute titulartasun publikoko nekazaritza-lurrei ematen zaien erabilera lege honetako 12. artikuluan zehaztutako xedapen orokorretik eratortzen diren aginduekin bat datorrela.

  2. Aurreko paragrafoan sartzen ez diren eta bere helburuak betetzeko interesgarri diren titulartasun publikoko lurrak nekazaritza-lurren funtsetan (lege honen 14. artikuluan arautuak) sartzea bultzatuko da.

  1. Lurzatiak bateratzearen helburua da egitura eta neurri egokiak dituzten ustiategiak eratzea eta mantentzea, jabaria, jabetza edo gozamena edozein dela ere; hartara ustiaketa hobea eta errentagarritasun handiagoa lortuko dira laborantzan, abeltzaintzan edo basogintzan.

  2. Lurzatiak bateratzeko prozedura ofizioz edo partikularren eskariz hasi ahal izango da, arauz ezarriko diren baldintzak eta prozedura betez. Bateratzea erabakitzeko eskumena foru-organo eskudunari dagokio, gunea zein lurraldetan dagoen kontuan hartuta. Eskualde edo gune batek lurralde historiko bat baino gehiagoko lurrak hartzen baditu, berriz, Eusko Jaurlari­tzaren Kontseiluari egokituko zaio eskumena, dagokien foru-aldundietako diputatuen kontseiluek batera proposamena eginda. Interes sozial eta publikoa badu, dagokion dekretua egingo da, lurzatien bateratze hori onura publikokoa dela deklaratzeko eta premiaz gauzatzeko.

  1. Lege honen ondorioetarako, nekarzaritza-lursail bat gutxiegi erabilitakotzat joko da, honako kasu hauetakoren bat edo gehiago gertatzen badira:

    1. Lurrak degradazio-prozesuan baldin badaude eta neurri zuzentzailerik ezarri ez bazaie.

    2. Lur horietan egiten diren jardunbide edo erabilera desegokiek arriskuan jartzen badituzte uztak, alboko lursailen ustiapena edo ingurune naturala.

    3. Nekazaritza-jarduerarik gabeko nekazaritza-lurra, non eta ez den hala laboran­tza aldetik interesgarria delako edo lurrak hala edukitzea justifikatzen duen aparteko arrazoiren bat dagoelako.

  2. Agintari eskudunek gutxiegi erabilitako nekazaritza-lursail bat atzematen dutenean, ikuskapen-akta bat egingo dute, halakotzat deklaratuko dute eta lursail horren jabeari jakinaraziko diote egoera horri eusteak zer ondorio izan ditzakeen, lege honetan xedatutakoaren arabera.

  3. Foru-administrazioek jarraipena egingo diote gutxiegi erabilitakotzat jotako nekazaritza-lur horren erabilerari. Lursail batean hiru urtez jarraian mantentzen bada gutxiegi erabilitako nekarazitza-lurraren izendapena, lege honen 104. artikuluan xedatutakoaren arabera zehatuko da lursail horren titularra, eta lursaila helburu horrekin sortutako gutxiegi erabilitako nekazaritza-lurren inbentarioan sartuko da.

  4. Arauz ezarriko da nekazaritza-lurrak gutxiegi erabilitakotzat jotzeko prozedura, bai eta gutxiegi erabilitako nekazaritza-lurren inbentarioa sortzeko eta kudeatzeko prozedura ere. Urtero eguneratuko da inbentario hori.

  1. Lege honen ondorioetarako, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean nekazari­tza-arloan eskumena duen sailak proposatuko du, dekretu bidez, gutxiegi erabiltzen dela-eta landa-lursail edo landa-finka batek lurraren erabileraren funtzio soziala ez duela betetzen deklaratzea.

  2. Landa-lursail edo -finka batek ez du betetzen lurraren erabileraren funtzio soziala, baldin eta lursail edo finka hori bi urtez segidan egon baldin bada gutxiegi erabilitako lurren inbentarioan (20. artikuluan, nekazaritza-lurrari buruzkoan, ezarritakoa).

  3. Deklaratzen bada landa-lursail edo -finka batek ez duela betetzen lurraren erabilearen funtzio soziala, lursail edo finka hori kokatuta dagoen ustiategiko titularrak nahitaez laga beharko dizkio lursailok, hamar urterako gutxienez eta hogeita hamar urterako gehienez, nekazaritza-lurren funtsei, baldin eta lur horien jabea bada.

    Aldiz, lursailaren erabilera eta jabetza beste figura juridiko batzuen arabera arauturik badaude, jabeari itzuliko zaizkio; nolanahi ere, ez da desegingo bien arteko akordioa, inola ere, eta, beraz, zehapena jaso duenak bere gain hartu zituen kontratu-betebeharrak betetzen jarraitu beharko du.

  4. Arauz garatuko da lurraren erabileraren funtzio soziala ez dela betetzen deklaratzeko prozedura, bai eta deklarazio horren ondorengoa ere.

  1. Foru-aldundiek, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrarekin elkarlanean, Euskal Autonomia Erkidegoan finkatuta dauden edo egon litezkeen nekazaritza-azpisektoreak bultzatu eta sustatuko dituzte; betiere, foru-aldundiek zehaztutako helburu zehatzen eta jardute-ildoen arabera, eta nekazaritza-ekoizpe­naren arloan legeak ezarritako helburu nagusiekin bat etorriz.

  2. Azpisektore jakin baterako bultzatu eta sustatu beharreko helburu, jardute-ildo eta neurri zeha­tzak azpisektoreetako programa espezifikoen barruan txertatuko dira. Programa horietan berariaz ezarriko da indarraldia eta laguntzen finantza-esparrua.

  3. Nekazaritza-arloko euskal administrazioek azpisektoreen egituraketa sustatuko dute, beren interesak defendatzeko oinarrizko estrategia da eta.

  1. Nekazaritza-arloko euskal administrazioek nekazaritza-jarduera ekonomia aldetik modu bideragarrian eta iraunkorrean gauzatzen dela ziurtatuko dute; bai eta erabilitako ekoizpen-metodoek nekazaritza-lurraren eta bere inguruaren iraunkortasuna, elikagaitarako ekoizpenen osasun-segurtasuna eta animalien ongizatea bermatzen dutela, eta nekazaritza-jarduera merkatuaren eskaeretara egokitzen dela.

  2. Nekazaritza-arloko euskal administrazioek transgenikorik gabeko produktuen alde eta transgenikorik erabiltzen ez duten ekoizpen-metodoen alde egingo dute, gizakiaren elikakatera bideratutako produktuetan.

  3. Nekazaritza-arloko euskal administrazioek artisau-ekoizpenaren garapenaren alde lan egingo dute. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak erregelamendu bidez arautuko du ekoizpen hori. Besteak beste, babestutako ekoizpen motak, higiene eta osasun aldetik bete beharreko baldintzak, identifikatuko duen kalitate-ikurra, kudeaketa- eta kontrol-sistema, eta Artisau Ekoizleen Erregistroa abian jartzea jasoko dira araudi horretan. Artisau-ekoizpenak Lege honen IV. tituluan jasotako printzipioak errespetatu beharko ditu beti; alegia, identifikazioaren, elikagai-segurtasunaren eta trazabilitatearen printzipioak.

  4. Nekazaritza-arloko euskal administrazioek honako helburuak dituzten ekoizpen-metodoak sustatuko dituzte lehentasunez:

    1. Kalitatezko elikagaiak lortzea.

    2. Nekazaritza-produktuak lortzea ekoizpen integratuaren bidez.

    3. Nekazaritza-produktuak lortzea ekoizpen ekologikoaren bidez.

    4. Basogintza-ekoizpen iraunkor ziurtatua iristea.

    5. Bertako espezie eta arrazak mantentzea.

    6. Basoko espezie-aniztasuna sustatzea.

  5. Hainbat produkzio-metodo daudenez, horiek arautzeko eta kontrolatzeko araudia egin eta aplikatuko da, eta metodo edo laborantza horiek bateragarri diren erabakitzeko zehaztapen teknikoak ezarriko dira.

  6. Nekazaritza-arloko euskal administrazioek Euskal Autonomia Erkidegoko material genetikoa babestu, sustatu eta bultzatuko dute, elikagaiak ekoitzi eta egiteko eta laborantzako zein basogintzako jarduera edo erabileratan erabiltzeko baliagarri den heinean. Horretarako, besteak beste, landareen material genetikoaren biltegiak jarriko dituzte, landare-espezieak, laborantzakoak eta basogintzakoak gordetzeko, autoktonoak batez ere, eta Euskal Autonomia Erkidegoan dauden abeltzaintzako arrazen liburu genealogikoak kudeatuko dituzte.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak, foru-aldundiekin elkarlanean, higiene- eta nekazaritza-arloko jardunbide egokiak ezarriko ditu, eta Autonomia Erkidegorako gutxieneko betekizunak zehaztuko ditu, lurralde historiko bakoitzean aplikatzeko. Horien berri izan beharko dute nekazariek, edozein nekazaritza-jarduera martxan jarri aurretik. Gidak egingo dira, eta, behar izanez gero, aldian-aldian eguneratuko dira.

Euskal Autonomia Erkidegoko ekoizleek merkaturatuko duten produkzio orok lege honen IV. tituluan araututako printzipioak bete behar ditu; alegia, identifikazioaren, elikagai-segurtasunaren eta trazabilitatearen printzipioak.

Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioek energia berriztagarrien potentziala garatzeko ekintzak eta neurriak sustatzeko beharrezkoak diren baldintza juridiko, sozioekonomiko eta administratiboak ezarriko dituzte, honako jarduera hauen bidez:

  1. Ingurumenarekiko iraunkorrak diren laboreen ustiaketa energetikoa, eta hondakinen erabilera energetikoa jardunbide iraunkor gisa.

  2. Energia berriztagarriak erabiltzea eta ustiatzea; bereziki, energia horiek garatzeko behar diren azpiegiturak eskuratzeko bide emango duten proiektu pilotuetan.

  3. Kontratu sinatzea, energia berriztagarrien ekoizpenari lotutako ustiategi eta industrien titularren artean.

Nekazaritza- eta elikagai-produkzioaren eragileak informazio-gizartera egokitzeko beharrezko diren gaitasunak ezarriko dituzte euskal administrazioek; horretarako, eragile horien eskura jarriko dituzte teknologia berriak, bizi-kalitate eta gizarte-oreka hobea lortze aldera.

Nekazaritza-arloko euskal administrazioek kalitatea, ekoizpen integratua eta ekoizpen ekologikoa sustatzeko programak ezarriko dituzte.

  1. Foru-aldundiek (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrarekin elkarlanean) ongarriei dagokienez egingo duten esku-hartzeak xede hau izango du: konposizio, definizio, deitura, identifikazio eta ontziratzeari buruzko baldintza tekniko zehatzak aplikatu ahal izateko beharrezko baldintzak sortzea Autonomia Erkidegoan. Baldintza horiek guztiak ezarri behar zaizkio balio-kateko eragile orori, nekazarien eta azken kontsumitzaileen interesak, ingurumena (batez ere, arriskuan dauden guneak), osasun publikoa, langileen segurtasuna eta merkataritza-transakzioen leialtasuna babesteko.

  2. Haztegietako haziei eta landareei dagokienez, ofizialki kontrolatutako eta ziurtatutako kalitatea duten ugalketa-material begetalen erabilera bultzatuko da. Kontrol hori indarrean dagoen araudiaren arabera egingo da, eta laborantza-ekoizpena eta landare-osasuna hobetzea izango du xede.

  3. Produktu fitosanitarioei dagokienez, kontrola eta arrazoizko erabilera bultzatu, laborantza- eta baso-ekosistemen iraunkortasuna bermatu, produktuok behar bezala erabiltzen direla ziurtatu, eta erabiltzen dituztenen eta kontsumitzaileen osasuna zainduko da.

  1. Nekazaritza-produktuen landare-osasuna bi alderditan egituratuko da: batetik, prebentzioa, organismo kaltegarriak heda ez daitezen, eta, bestetik, Euskal Autonomia Erkidegoko hazi zein laboreei eragiten dieten mota guztietako izurri eta gaixotasunen kontrako borroka.

  2. Zainketa Fitosanitarioaren Sarea eratuko dute nekazaritza-gaietan eskumena duten foru-departamentuek, nork bere lurralde historikoan. Gai fitosanitarioei buruz dagoen informazioa biltzeko eta aztertzeko egindako jardun guztiak bere baitan integratzea du xede. Izan ere, informazio horri esker, landare-produktuei edo bestelako agenteei eragin diezaieketen izurri, gaixotasun eta bestelako agente kaltegarriak garaiz antzeman ahal izango dira Autonomia-Erkidegoan, eta arriskuen ebaluazioa egin. Horrela, arriskuei aurre hartzeko, balizko hedapena eragozteko eta ahal bada errotik erauzteko kontrol-neurriak ezarri eta erabakiak hartu ahal izango dira, aplikatzekoa den sektore-araudiaren arabera.

  3. Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean nekazaritza-gaietan eskumena daukan sailak egituratuko ditu Sareak behar bezala funtzionatzeko beharrezko izango diren koordinazio-mekanismoak.

Nekazariek, basogintzan aritzen diren langileek, merkatariek, inportatzaileek, profesionalek, eta, oro har, ustiategietako edo landare-estaldura duten bestelako azaleretako titularrek landare-osasunari buruzko araudiaren esparruan jardun beharko dute. Zehazki, honako betebehar hauek izango dituzte:

  1. Beren laboreak zaintzea eta laboreen egoera fitosanitarioari buruz mota guztietako informazioa ematea, eskumena duten organoek hala eskatzen dutenean.

  2. Eskumena duen administrazioari berri ematea, landareentzat edo landare-jatorriko produktuentzat kaltegarriak diren organismoak neurriz gain agertzen badira.

I. ATALA

EKOIZPEN ANIMALIAK

  1. Nekazaritza-arloko euskal administrazioek kalitatea, animalien ongizatea, higiene-arloko jardunbide egokiak, abeltzaintza estentsiboa, abeltzaintza ekologikoa eta basoko artzaintza sustatzeko programak bultzatuko dituzte; halaber, ingurune naturalarekiko inpaktua murrizteko xedez sistema horiek erabiltzen dituzten ustiategiak mantentzea sustatuko dute.

  2. Hobekuntza genetikoko programak sustatuko dira; abeltzaintza-ekoizpenak, horien kalitatea eta lurraldearekiko egokitzapena optimizatzeko.

  1. Indarrean dagoen araudiak ezarritako baldin­tzak betez identifikatu beharko dira animaliak. Identifikatzeko betebeharra animaliak dituzten ustiategietako titularrei dagokie, animalien jabeak badira. Animaliak identifikatzeko sistemak eraginkorrak direla bermatuko dute eskumena duten administrazioek, ganaduaren jarraipena egiteko eta kokapena zehazteko teknika eta bitarteko elektroniko eta informatikoak instalatuta eta erabilita.

  2. Albaitaritza zerbitzu ofizialek immobilizatu egingo dituzte identifikatu gabeko animaliak. Beharrezko kontrolak egin ondoren, emaitzak kontuan izanda, animaliak identifikatzeko aginduko da, edo, bestela, hiltegian edo ustiategian bertan hiltzeko, eta, hala badagokio, gorpuak sun­tsitu eta deuseztatzeko, indarrean dagoen araudia betez. Animaliaren jabea edo edukitzailea da eragindako kostuen erantzulea beti, eta, gainera, dagokion administrazio-zehapena ezarriko zaio.

  1. Animaliak ustiategi batetik beste ustiategi batera, ustiategi bereko beste ekoizpen-unitate batera, hiltegira edo merkatura eramateko, unean-unean indarrean dagoen araudian ezarritako osasun-baldintzak bete behar dira, eta araudian zehaztutako administrazio- eta osasun-agiriak aldean eraman.

  2. Animaliak indarrean dagoen araudia bete gabe mugitzen badira, atxiki egingo dira, eta, hala badagokio, isolatu. Beharrezko administrazio- eta osasun-kontrolak egin ondoren, jatorrizko lekura bidaliko dira berriz, hiltegira bestela, edo sakrifikatu egingo dira, indarrean dagoen legedia betez. Animaliaren jabea edo edukitzailea izango da eragindako kostuen erantzulea beti, eta, gainera, dagokion administrazio-zehapena ezarriko zaio.

  1. Ustiategietako titularrek eta animalien jabe edo edukitzaileek dute animaliei higiene- eta osasun-baldintza onak emateko ardura, bai eta animalien behar fisiologiko eta etologikoetara egokitutako instalazioak jartzeko ardura ere (espezieen eta arrazen arabera). Era berean, animalien ongizateari buruz indarrean dagoen araudiak ezarritako baldintzak bete beharko dituzte. Halaber, animalien ongizatea bermatzeko behar diren neurriak hartu beharko dira uneoro, animaliekin esperimentuak egiterakoan edo animaliak hiltzerakoan.

  2. Animaliak dituzten eraikinek kasuan kasu exijitutako osasun-segurtasunaren gutxieneko distan­tziak bete beharko dituzte, bai eta unean-unean indarrean dauden baldintza teknikoak ere; horien artean, gune hesituak, garbiketa eta desinfekzio eraginkorra egiten laguntzen duten ekipo eta eraikinak, simaurtegi eta txiza-putzuak (simaurra eta txiza biltzeko eta ondoren erabil­tzeko) eta animali hilak suntsitzeko sistemak izatea, eta animalien ongizateari eragiten dioten beste baldintza batzuk betetzea.

    II. ATALA

    ANIMALIEN ELIKADURA

Animaliak elikatzeko produktuak dira pentsu eta bazka propioak eta erosiak, aurre-nahasketak, gehigarriak, lehengaiak nahiz helburu horrekin erabilitako bestelako substantzia eta produktuak. Euskal Autonomia Erkidegoan animaliak elikatzeko erabiltzen eta banatzen diren produktu guztiek osasungarriak eta merkaturatzeko kalitatezkoak izan beharko dute.

  1. Produktuen segurtasun-arloko politika ikuspegi oso eta integratuan oinarritu behar da, eta produktuen trazabilitatea bermatzeko behar diren baldintzak eta mekanismoak ezarri behar ditu, lege honen 52. artikuluan adierazten den moduan.

  2. Prozesuaren etapa guztietan (alegia, ekoizpenetik merkaturatzera), gehigarriak, aurre-nahas­ketak, lehengaiak eta animaliak elikatzeko erabilitako beste substantzia eta produktuak ekoizten dituztenak, pentsu-enpresak ustiatzen dituzten pertsona fisiko edo juridikoak, eta abeltzainak (beren ustiategian) dira elikagaien segurtasuna zaintzearen arduradun nagusiak; halaber, indarrean dagoen araudiak ezarritako jardunbide egokiak eta baldintza orokorrak edo zeha­tzak betetzeaz ere arduratuko dira.

  3. Lege honen ezarpen-eremutik kanpo daude albaitaritzako sendagaiak egin, banatu eta ematea, bai eta animalien ekoizpenean eta osasunean erabilitako pentsu sendagarriak prestatu, merkaturatu eta erabiltzea ere. Gai horietarako, berariazko araudia ezarriko da. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioan nekazaritza- eta osasun-arloetako eskumena duten sailak eta lurralde historikoetako foru-aldundiak behar bezala koordinatuko dira, aipatutako berariazko araudia egoki aplika dadin Euskal Autonomia Erkidegoan.

  1. Gehigarriak, aurre-nahasketak edo pentsu konposatuak egiten edo merkaturatzen dituzten animalien elikagaigintzako establezimenduek, beren jarduera gauzatu ahal izateko eta jarduera horri ekin aurretik, Euskal Autonomia Erkidegoan dagokien erregistroan izena emanda egon behar dute, edo dagokien baimena eduki.

  2. Arauz ezarriko dira baimenak eta erregistroak eteteko, berritzeko edo aldatzeko baldintzak edo betekizunak, bai eta baimenak eguneratzeko baldintzak ere. Administrazio eskudunak establezimendu baimenduen zerrenda egingo du. Establezimenduen identifikazioa bermatzeko, inskripzio-zenbaki bat emango dio bakoitzari.

  1. Albaitaritza zerbitzu ofizialek immobilizatu egingo dituzte animaliak elikatzeko produktuak, lehengaiak eta bestelako osagaiak, honako kasu hauetan:

    1. Produktu, lehengai eta osagai horiek egin edo merkaturatzeko establezimenduak eta gai horiek dauzkaten abeltzain­tza-ustiategiak ez badaude dagokien erregistroan izena emanda, horretarako betebeharra izanik.

    2. Baimen-araubidearen baldintzak ez badira betetzen, eta gizakiaren edo animalien osasunerako arriskua berehalakoa eta larria bada.

    3. Ez badute legeak eskatutako baldintzen araberako identifikaziorik eta etiketarik.

  2. Immobilizazioa bertan behera geratuko da, hurrenez hurren, ondorengo baldintza hauek betetzen direnean:

    1. Establezimendua edo instalazioa legeztatzen denean.

    2. Baimena lortzeko baldintzak betetze aldera neurriak eta jarduerak abian jartzen direnean.

    3. Produktuen konposizioa eta merkatura­tze-baldintzak egiaztatzen direnean.

  3. Immobilizazioa hasi denetik hilabete igaro, eta ez bada aurreko paragrafoan kasu bakoitzerako ezarritako neurririk hartu, suntsitu egingo dira, edo giza elikakatean sartzeaz bestelako erabilerara bideratuko dira.

  4. Albaitaritza zerbitzu ofizialek arauz ezarriko dituzte immobilizatzeko nahiz immobilizazioa bertan behera uzteko betekizunak eta baldin­tzak.

    III. ATALA

    ANIMALIEN OSASUNA

  1. Animalien jabeek edo arduradunek, salerosleek, inportatzaileek, esportatzaileek, garraiolariek eta animalien osasunarekin lotutako jardueretan diharduten profesionalek animalien osasunean eskumena duen foru-organoari honako hauek jakinarazteko betebeharra dute: brote espontaneo guztiak (ziur jakin ala susmoa izan); gaixotasun epizootikoak; edo birulentzia handikoak, oso larriak eta azkar hedatzen diren gaixotasunak izategatik, etxeko animalientzat edo animalia basatientzat kutsatzeko arriskua edo osasun publikorako eta ingurumenerako benetako arriskua eragin dezaketenak. Aurreko guztia konpainiako eta esperimentuetarako animalien kasuan ere bete beharko da.

  2. Halaber, goian adierazitako ezaugarriez bestelakoak izanda ere, nahitaezkoa da edozein prozesu patologikoren berri ematea, derrigorrez deklaratu beharreko animalien gaixotasunen zerrendan agertzen denetako bat izan daitekeela susmatuz gero.

  3. Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioek alerta-protokoloak sinatuko dituzte animalien osasunaren arloan, tartean diren eragileen koordinazio egokia eta esku-hartze azkarra bermatzeko, batetik, eta alertek eragin ditzaketen arriskuak murrizteko neurri egokiak hartuko direla ziurtatzeko, bestetik.

  1. Eskumena duten foru-organoei dagokie gaixotasuna ofizialki deklaratzea. Deklarazio hori egin aurretik, albaitaritza zerbitzu ofizialek gaixotasunaren behin betiko diagnostikoa taxutu beharko dute, azterketa kliniko, ikerketa epidemiologiko eta laborategiko tekniketan oinarrituta.

  2. Diagnostikoaren prozesuan erabiliko diren laborategiak teknika egokiz hornituta egongo dira, eta eskatutako segurtasun-neurriak beteko dituzte.

  3. Animaliak, ustiategiak eta abeltzaintza-produk­tuak betiere, albaitari ofizialaren kontrolpean immobilizatu, isolatu, koarentenan jarri eta hil egin daitezke, osasun publikoarentzat edo beste animalia batzuentzat arriskurik ez dakartela iritzi bitartean. Neurri horiek animalia eriei eta susmagarriei eragingo diete, bai eta haiekin bizi direnei ere, kasuan kasu. Aplikatzekoa den legedia betez foru-aldundiek onartutako protokoloen arabera egingo dira jarduera horiek guztiak.

  4. Foru-aldundiek nahitaez bete beharreko osasun-programak eta gaixotasunak desagerrarazteko programak ezarriko dituzte, instalazioen eta animalien osasun onari eusteko beharrezko direla iruditzen bazaie.

  1. Abeltzaintza-ustiategietako titularrek eta hildako animalien edo beren abeltzaintza-jardueran sortutako animalia-jatorriko edozein azpiprodukturen jabeek edo edukitzaileek, horien higieneaz arduratzeko betebeharra dute, indarrean dagoen legediak garraiorako ezarritako baldin­tzak betez.

  2. Gorpuak, konfiskatutakoak, azpiproduktuak eta animalia-jatorriko bestelako hondakinak bildu, gorde, ustiatu, eraldatu eta deuseztatzeko zentroek, abian jarri aurretik, eskumena duen agintariak emandako baimena izan beharko dute.

  3. Albaitaritza zerbitzu ofizialek geldiarazi egingo dute baimenik gabe diharduten zentroen jarduera, eta immobilizatu egingo dituzte zentro horietako lehengai eraldatuak. Eskumena duen organoak errekerimendua igorriko dio titularrari, hilabeteko epean zentroa legezta dezan. Baimena eman bazaio, kautelazko neurriak kenduko zaizkio, eta, aldiz, ukatu egin bazaio, immobilizatutako materialak berriz prozesatu edo suntsitu egingo dira.

  4. Nekazaritza-arloko euskal administrazioek animalia-jatorriko hondakinak tratatzeko beharrezko diren azpiegiturak garatuko dituzte.

  1. Abeltzaintza-ustiategien titularrei dagokie ustiategi horietan sortutako simaurrak eta mindak egoki gordetzeko eta kudeatzeko ardura; betiere, indarrean dagoen araudiaren arabera. Simaurrak eta mindak jaso, bildu eta tratatzeaz beste establezimendu batzuk arduratzen badira eta ez ustiategia bera, eskumena duen organoari jakinarazi beharko zaio. Jakinarazpen horretan ustiategi-hornitzaileei, erabilitako ibilgailuei, bilketa-sareei eta hartutako biosegurtasun-neurriei buruzko informazioa eman beharko dute.

  2. Nekazaritza-arloko euskal administrazioek abeltzaintza-lurren eta simaur eta mindak erabiltzen dituzten laborantza-lurren banaketa orekatua izateko moduko sistemak garatuko dituzte, eta, halaber, simaurrak eta mindak tratatzeko azpiegiturak garatuko dituzte.

    IV. ATALA

    ANIMALIA ARRAZAK

  1. Erregelamendu bidez arautuko dira euskal animalia-arraza autoktonoen katalogoa eta arraza horien sustatzaile diren erakundeak. Arraza bat euskal animalia-arraza autoktonoen katalogoan sartzen bada, baliabide genetikoak berreskura­tzeko eta kontserbatzeko programa bat egin eta onartuko da, gutxienez honako eduki hauekin: babestu beharreko izakien arraza-prototipoak, material genetikoa babesteko plana eta arraza hedatzeko estimuluak.

  2. Eskumena duen administrazioak erregelamendu bidez arautuko ditu ganadu-arrazen liburu genealogikoak, hots, Euskal Autonomia Erkidegoan erregistratutako ekoizpen-animaliak bil­tzen dituztenak.

  1. Basogintza-ekoizpena sektorearen lehiakortasuna lortzera bideratuko da, merkatu globalizatuaren erronkei aurre egiteko xedez. Nekazari­tza-arloko euskal administrazioek baso-baliabi­deen inbentarioak egingo dituzte, lursail publikoak zein pribatuak kontuan hartuta. Halaber, baso-ustiaketatik eratorritako produktuak hobe­tzeko eta baso-sistemen multifuntzionaltasuna indartzeko jarduerak sustatuko dituzte, eta, horretarako, basoen kudeaketa iraunkorraren eta baso-ziurtagiriaren aldeko apustua egingo dute.

  2. Aurreko paragrafoan adierazitako helburuak betetzeko, eskumena duten administrazioek lehentasuna emango diete ofizialki kontrolatutako kalitatezko hazi eta landareei; ikerketa, garapen teknologikoa eta berrikuntza xede duten proiektuei, bai eta ingurumena errespetatzen duten baso-teknikei ere.

  3. Ikerketa-, garapen- eta berrikuntza-proiektuen helburua da Euskal Autonomia Erkidegoan dauden espezieak hautatu, hobetu eta ugaltzea, beren errentagarritasun ekonomikoa hobetzea, eta aurrerantzean aplikatzeko baso-teknika berriak ikertzea.

  4. Euskal gizartea baso, basoen kudeaketa iraunkor, baso-produktu eta baliabide natural berriztagarrien garrantziaz jabetzeko, dibulgazio-programak jarriko dira abian, sektorearen ordezkari diren elkarte eta gizarte-eragileekin elkarlanean.

  5. Nekazaritza-arloko euskal administrazioek baso-baliabideen planifikazioa egingo dute, lursail publikoak zein pribatuak kontuan hartuta. Planifikazio horren helburuen artean izango da interes soziala, ekonomikoa edo ingurumenekoa duten baso-espezieen dibertsitatea berreskuratzea.

  6. Produkzioa orekatze aldera, koniferoez gain, hazkunde handiko espezie hostozabalak, ingurumena errespetatzen duten baso-teknikak eta baso-sistema berriak sustatuko dira, guztiak ere, basoen kudeaketa iraunkorraren aldeko apustua eginez.

  1. Basogintza kontuetan eskumenak dituzten nekazaritza-arloko euskal administrazioek preben­tzioa eta esku-hartzea ardatz dituen politika garatuko dute basoen osasunari dagokionez. Esku-hartzeak koordinatuak izango dira, izurriei eta bestelako arazo fitosanitarioei ahalik eta modurik eraginkorrenean aurre egiteko. Prebentzioaren ildoan, ikerlan fitosanitarioak egingo dira, honako helburu hauekin: basoen osasun-egoera hobetzea, barietate gogorragoak bilatuta; prebentzio-tratamenduen metodoak hobetzea, eta sorreratik bertatik ofizialki kontrastatutako kalitatea duten materialen erabilera bultzatzea basoak ugaltzeko, etorkizunera begira osasun-berme handiagoa emango duten arauzko kategoriak ezarrita.

  2. Aipatutako helburuak lortzeko, baso-osasuneko mahaia eratuko da nekazaritza-arloko euskal administrazioak eta basogintza-sektorea bera (sektoreko ordezkaritza-organoen bidez) partaide direla. Mahai horrek izurri eta gaixotasunen aurka egiteko jardun-ildoak zehaztuko ditu, eta arlo fitosanitarioan garatu beharreko lehentasunezko iker-lerroak ezarriko ditu.

Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioek basoko suteen prebentzioaz arduratu beharko dute, eta horretarako, honako jarduerak bultzatuko dituzte, besteak beste:

  1. Gizartea sute-arriskuei buruz informatzeko eta sentsibilizatzeko kanpainak egitea, publizitate-programak eta -bitartekoak egokienak erabilita.

  2. Baso-tratamendu egokiak aplikatzea, eta material erregaiak eta biomasa kentzea eta garbitzea baso-sistemetan.

  3. Suteak zaintzeko sistemak.

  4. Suebakiak, komunikazio-bideak, bideak eta baso-pistak behar bezala edukitzea edo egitea, suterik zabal ez dadin.

  5. Basoko artzaintza sustatzea.

Foru-aldundiek baso-pista nagusien inbentarioa egin eta eguneratuko dute, zeinek bere lurralde historikokoan.

IV. IZENBURUA

NEKAZARITZAKO ETA ELIKAGAIGINTZAKO ERALDAKETA ETA MERKATURATZEA

  1. Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioek ekoizpen-sektoreak nekazaritzako eta elikagaigintzako eraldaketa- eta merkataritza-proze­suetan parte har dezan neurriak garatuko dituzte; parte hartzea funtsezkoa baita sektore horrek elikakatearen goiko mailetan sortzen den balio erantsiari etekina aterako badio. Helburu horrekin, kooperatibismoa bultzatuko dute.

  2. Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioek lehentasuna emango diote nekazaritza- eta elikagaigintza-industriak jarri eta garatzeari, baldin eta lehengaia euskal nekazaritza-sektorearen ekoizpen-esparruan sortzen bada osorik edo neurri batean.

  3. Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioek nekazaritza-produktuak produktuok ekoitzi dituzten ustiategietan bertan eralda daitezen sustatuko dute.

  1. Nekazaritzako eta elikagaigintzako produktuek informazio benetako, objektibo, oso eta ulergarria eman behar diete hartzaileei: ezaugarri nagusiak, ongi erabiltzeko edo kontsumitzeko argibideak eta erabili edo kontsumitzeak dakartzan arrisku aurresangarriei buruzko oharpenak. Hartara, erabiltzaileek jakinaren gainean eta arrazoiz hautatu ahal izango dituzte produktuak, eta segurtasunez eta behar bezala erabili.

  2. Produktu-motaren arabera eta indarrean dagoen legedia betez, produktu ontziratuen etiketak, itxura orokorrak eta publizitateak ondorengo informazio hau eman behar du, gutxienez:

    1. Deitura komertziala edo, horrelakorik izan ezean, ohiko deitura.

    2. Arduradunaren izen-abizenak eta helbidea, produktuaren jatorria, produktu mota, konposizioa eta gehigarriak (baldin baditu).

    3. Kantitatea eta kalitate-kategoria (baldin badaukate), aplikatzekoak diren erregelamenduzko xedapenen arabera.

    4. Ongi erabiltzeko edo kontsumitzeko gomendatutako epea, oharpenak, arrisku aurresangarriak eta arauz ezarritako erabilera-debekuak eta, hala badagokio, ekoizpen-data.

    5. Fabrikazio-sorta, eta produktua ongi kontserbatzeko jarraibideak.

  3. Ontziratu gabe saltzen diren nekazaritzako eta elikagaigintzako produktuek identifikazio-agiri bat izan beharko dute, eta bertan gutxienez aurreko paragrafoko b eta c letretan adierazitako informazioa azaldu beharko da.

  4. Goian adierazitako gutxieneko eta derrigorrezko informazioari gehitzen zaion aukerako informazioak benetakoa, objektiboa, osoa eta ulergarria izan beharko du.

  5. Euskararen erabilera sustatuko da Euskal Autonomia Erkidegoan merkaturatutako nekazaritzako eta elikagaigintzako produktuen identifikazioan. Jatorri- eta kalitate-ikurra duten produktuei dagokienez, lege honen 58.5 artikuluan xedatutakoa beteko da.

  1. Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako nekazaritza- eta elikagaigintza-enpresei dagokie egiten dituzten produktuen segurtasunaren erantzukizuna, eta erabiltzen eta ekoizten dituzten produktuak kaltegarri ez izatea zaindu behar dute. Zehazki, ekoizpen, eraldaketa, ontziratze eta merkaturatzearen etapa guztietan, araudiak ezartzen dituen eta beren jarduerei eragiten dieten baldintzak bete beharko dituzte, eta betetzen dituztela egiaztatu.

  2. Nekazaritza- eta elikagaigintza-enpresek unean-unean indarrean dagoen araudiak ezarritako autokontrol-sistemak eduki beharko dituzte, egiten dituzten produktuak ez direla kaltegarriak eta osasungarriak direla bermatzeko.

  1. Nekazaritzako eta elikagaigintzako produktu baten trazabilitateak bere prozesu guztiari jarraipena egiteko aukera ematen du, ekoizpen, eraldaketa, ontziratze eta merkaturatzearen etapa guztietan, bai eta garraioan, salmentan eta produktu horren bestelako emateetan ere (diru-ordainetan edo doan). Jarraipena egiteko aukera hori izan behar da, halaber, osagai, lehengai, gehigarri eta produktu horiei eransten zaizkien edo erantsi dakizkiekeen substantziei dagokienez ere.

  2. Trazabilitatea autokontrol-sistemek integratu beharreko elementuetako bat da. Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritza- eta elikagaingintza-enpresa guztiak behartuta daude elikakatearen etapa guztietan autokontrol-sistema horiek ezartzera, prozedura egoki, ulergarri eta egiaztagarrien bidez. Trazabilitate-prozedurek, edozein unetan, bide eman behar dute sortutako infomazioan, produktuen eta materien hornitzaileen identitatea eta produktuak hornitu zaizkien enpresen identitatea jakitera emateko.

  3. Nekazaritza- eta elikagaigintza-arloko enpresek kontrol-zerbitzu ofizialen eskura jarriko dute trazabilitate-sistemari berari buruzko informazio guztia, bai eta sistemak sortutako informazioa ere.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta foru-administrazioek beren lurraldean ekoitzitako nekazaritzako eta elikagaigintzako produktuen kalitatea hobetzeko programak sustatuko dituzte; hartara, ezaugarri fisiko-kimiko, organoleptiko eta nutritibo onak dituztela aitortuko zaie merkatuan, jatorri eta kalitate bereizia duten produktu gehiago eskuratuko dira, eta areagotu egingo da Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritza- eta elikagaigintza-ondarea.

  1. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak neurriak hartuko ditu nekazaritzako eta elikagaigintzako produktuen segurtasuna bermatzeko, eta, halaber, nekazaritzako eta elikagaigintzako enpresetan autokontrol-sistemak ezartzen direla ziurtatzeko. Enpresa horien titularrek eskumena duten agintariekin elkarlanean aritu beharko dute, beren produktuek ekar ditzaketen arriskuak eragozteko hartu behar diren neurriei dagokienez.

  2. Arriskuaren analisiak Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioek nekazaritza- eta elikagaigintza-arloan daramaten segurtasun-politika du oinarri, eta produktuak ez direla kaltegarriak bermatzea du xede.

  3. Arriskuaren analisia egiteko eta horretarako hartutako neurriak ezartzeko, arriskua ebaluatu eta kudeatu, eta horren berri emango da; horretarako, arriskuen ezaugarriak zehaztu eta bakoitzari dagozkion prebentzio-neurriak garatuko dira, eta egindako jardunen berri emango zaie alde interesatuei.

  1. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta foru-organo eskudunek elikagai-alertak eta -krisiak kudeatzeko protokoloak egingo dituzte.

  2. Protokolo horien xede izango da koordinazio-, komunikazio- eta informazio-sistema eraginkorrak ezartzea agintariekin eta esku hartzen duten beste erakunde eskudunekin batera; produktu bat ondo eta azkar erretiratzeko elkarlana ezar­tzea; kontsumitzaileen edo ekoizpen-ganadua­ren osasunerako arriskutsuak diren produktuak elikakatean sartzen ez uztea, edo herritarrei edo ganaduari elikagaiak ematea, elikagai-eskasia larria denean.

  3. Nolanahi ere, lurraldean eskumena duten foru-organoei dagokie elikagai-krisiak kudeatzea, animalien osasunarekin lotutako gaietan (barne-mugak ikuskatzea, ustiategiak ixtea, abelburuak immobilizatzea...).

  1. Elikagai-ekoizle guztiek osasun-baimena eskuratu behar dute, merkaturatzeko modua edozein dela ere.

  2. Nolanahi ere, artisau-ekoizleak erregistrotik salbuetsita gera daitezke, ekoizpena osasun-araudiak ezartzen duen gehieneko erradioan merkaturatzen badute zuzeneko salmentaren edo bitartekarien bidez, eta, hala bada, baldintza tekniko-sanitario espezifikoen arabera merkaturatu ahal izango dituzte produktuak eremu geografiko horretan. Betiere, osasun-baimena beharko dute, higiene-baldintza orokorrak betetzen dituztela bermatzeko, eta, hala badagokie, ekoizten dituzten produktuen irizpide mikrobiologikoak betetzen dituztela ziurtatzeko.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean nekazaritzako gaietan eskumena daukan sailari eta kasuan kasuko foru-administrazioei dagokie kalitatea kudeatzeko eta hobetzeko sistemak ezartzea, nekazaritzako nahiz elikagaigintzako enpresetan.

  1. Jatorri- eta kalitate-ikurra erabiltzen da ezaugarri bereziak dituzten nekazaritza edo elikagaigin­tzako produktuak identifikatzeko. Ikurrek beren araudia edo baldintza-agiria daukate, bai eta kontrol-sistema ere. Lege honen ondorioetarako, honako hauek hartuko ditugu jatorri- eta kalitate-ikurtzat:

    1. Jatorri-deitura babestuak eta adierazgarri geografiko babestuak.

    2. Ekoizpen ekologikoa.

    3. Espezialitate tradizional bermatuak.

    4. Berme-markak eta Autonomia Erkidegoan nekazaritza-arloan eskumena duen sailak baimendutako bestelako ikurrak.

    5. Artisau-ekoizpena.

  2. Erakunde publiko edo pribatuek kudeatuko dituzte jatorri- eta kalitate-ikurrak, eta ikur horien araudia betearaziko dute. Erakunde horietan dagokien erregistroan izena emanda dauden sektoreak egongo dira ordezkatuta.

  3. Jatorri- eta kalitate-ikurren kontrola erakunde pribatu nahiz publikoek eramango dute. Publiko zein pribatu, erakunde horiek produktuak ziurtatzeko erakundeen baldintza orokorren araudia bete beharko dute (bai UNE-EN-45011 araua bai arau hori osatu edo ordeztuko duena); gainera, produktuak ziurtatzeko sortuko den nekazaritza eta elikagaigintzako produktuak kontrolatzeko eta ziurtatzeko erakundeen erregistroan izena emanda egon beharko dute.

  4. Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean nekazaritzako gaietan eskumena daukan sailari egokituko zaio jatorri- eta kalitate-ikurra daukaten nekazaritzako nahiz elikagaigintzako produktuak behar bezala ziurtatuta egotea, ziurtagiriak emango dituzten erakundeen fun­tzionamendua zuzena dela egiaztatzeko egin beharreko ikuskapenak eginda.

  5. Euskal Autonomia Erkidegoan bertan araututako jatorri- edo kalitate-deitura daukaten euskal produktuen etiketetan agertzen diren derrigorrezko datuak eta aukerako bestelako informazioa abenduaren 22ko 6/2003 Legeak, Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutuari buruzkoak, 41. artikuluaren 3. paragrafoan agintzen duen moduan agertuko dira.

  1. Nekazaritza- eta elikagaigintza-arloan jarduera industriala egiten duten pertsona fisikoek nahiz juridikoek eskubidea daukate enpresa-testuin­guru lehiakor eta irekian jarduteko, negozio-egitura propioa garatu eta merkatuaren premiei erantzuteko modua izan dezaten.

  2. Dagokion industria- edo merkataritza-arloan, jardunbide egokiak bete beharko dituzte, bai eta elikagaien segurtasun, trazabilitate eta kalitatearen inguruan indarrean dagoen legedia ere. Eskumena duen organoei jakinarazi beharko diete, produktua kaltegarri bihurtzen duen edozelako arazorik gertatuz gero.

  3. Zuzen eta zehatz informatu beharko dute ekoizten dituzten produktuei buruz, bai etiketan, bai dokumentu osagarrietan eta bai publizitatean. Aukera izango dute, Administrazioarekin edo kontsumitzaileen elkarteekin elkarlanean, produktuen bereizgarri organoleptikoen edo nutritiboen berri emateko eta herritarren elikagaigin­tza-azturak hobetzeko kanpainetan parte hartzeko.

  4. Nekazaritza- eta elikagaigintza-arloko industria orok helbide soziala edo instalazioren bat Euskal Autonomia Erkidegoan badu, eta lege honen eranskinean jasotako jardueraren bat egiten badu Euskal Autonomia Erkidegoko Nekazaritza eta Elikagaigintza Industrien Erregistroan eman beharko du izena. Horrez gain, lege honen eranskinaren 9.1, 9.2, 9.3, 9.4 eta 9.5 ataletan jasotako jardueraren bat egiten duen nekazaritza- edo elikagaigintza-industria orok Euskal Autonomia Erkidegoko Ardo edo Edari Alkoholdunen Botilaratze eta Ontziratze Industrien Erregistroan eman beharko du izena, aurrez aipatutako erregistroan ez ezik.

Euskal Autonomia Erkidegoko Nekazaritza eta Elikagaigintza Industrien Erregistroa eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ardo edo Edari Alkoholdunen Botilaratze eta Ontziratze Industrien Erregistroa, biak ere, Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean nekazaritza- eta elikagaigintza-gaietan eskumena daukan sailari atxikita egongo dira, eta Elikagaien Osasun Erregistro Orokorrari loturik. Bi erregistro horien antolakuntza nahiz funtzionamendua arauz finkatuko da.

  1. Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean nekazaritza eta elikagaigintzako gaietan eskumena daukan sailak nekazaritza- eta elikagaigintza-industria garatzen lagunduko du, laguntza ekonomikoa emateko programa bereziak antolatuz, nekazaritza- eta elikagaigintza-industria eraginkor eta modernoago izan dadin; puntu hauei dagokienez, bereziki:

    1. Nekazaritza-ekoizpenari balioa eman, eta eraldaketa-industrien garapena eta ezarpena bultzatu, horrexek emango baitio indarra Euskadiko nekazaritza-sektoreari.

    2. Elikagaigintza-produktuetan dibertsifikazioa eta berrikuntza teknologikoa sartu.

    3. Kontsumitzaileen/eskaeratara egokitu, eta kalitatea kudeatzeko sistemak ezarri.

    4. Industria-prozesuetan ingurumenarekiko erantzukizunez jardun.

    5. Industria landa-garapenarekin integratu.

    6. Enpresa-egitura hobetu, errentagarritasuna handitzeko.

  2. Euskadiko administrazioek lehentasuna emango diete nekazariek osatutako edo nekazariak parte diren nekazaritza- eta elikagaigintza-indus­triei, bereziki, kooperatibei.

  3. Nekazaritzan eta elikagaigintzan produktu konplexuago, ezberdinduago eta bereiziagoen eskaria gero eta handiagoa denez, enpresen arteko elkarlana ez ezik, enpresen eta nekazaritzako eta elikagaigintzako ekoizleen arteko elkarlana zein enpresen eta zentro teknologiko eta erakundeen elkarlana bultzatzeko proiektuak sustatuko dira, ikerketa-, ekoizpen-, sustapen- eta merkaturatze-arloetan.

  1. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak elkarlanean jardungo du nekazari­tza- eta elikagaigintza-industrien sektoreko elkarte aitortuekini, enpresak hobetu eta modernizatzearekin lotutako gaietan, merkatuko ekintzetan eta ikerketa nahiz garapeneko ekintzetan, elkarren artean erabakitakoaren arabera. Horrez gain, inongo elkarterik ez daukaten sektoreetan elkarteak sortzen saiatuko da.

  2. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak profesionalen arteko elkarteak nahiz bestelako elkarteak bultzako ditu, ekoizpen-sektorearen eta eraldatze-sektorearen arteko elkarrizketa-tresna izan daitezen.

  1. Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean nekazaritzako eta elikagaigintzako gaietan eskumena daukan sailak informazio- eta sustapen-ekintzak lagundu eta garatuko ditu, Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritzako nahiz elikagaigintzako produktuei bultzada emateko.

  2. Horrez gain, Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritza- eta elikagaigintza-produktuak merkaturatzen lagunduko du, sustapen-ekintzen bidez. Horretan, Euskal Autonomia Erkidegoko jatorri- eta kalitate-ikurrei eta ikur horien barruan egindako produktuei emango zaie lehentasuna, bai eta ekoizlearentzat balio erantsi handiena duten produktuei ere.

  1. Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean nekazaritzako gaietan eskumena daukan sailak laguntza emango die enpresek nahiz sektoreek Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritzako eta elikagaigintzako produktuen komertzializazioa garatzeko gauzatzen dituzten ekimen eta proiektuei.

    Merkaturatze-proiektuak bultzatzerakoan, honako helburuak dituztenak lehenetsiko dira:

    1. Euskal Autonomia Erkidegoko jatorri- eta kalitate-ikurren eta ikur horien barruan egiten diren produktuen komertzializazioa bultzatzea.

    2. Balio-katearen barruan sektoreko negoziazio-ahalmena sendotzea, edota Euskal Autonomia Erkidegoan nekazaritza- eta elikagaigintza-sektorea egituratzen laguntzea.

    3. Ekoizpen-eredu propioak, barne-merkatuak eta komertzializazio-zirkuitu laburrak bultzatzea.

    4. Nekazaritzako eta elikagaigintzako produktuak indarra hartzen ari diren merkatu berrietan komertzializatzea, bai gure Autonomia Erkidegoan bai kanpoan, eta lehendik ere badauden merkatuak sendotzea.

    5. Kanpo- nahiz barne-merkataritzako gaietan prestakuntza eta aholkularitza emateko programak garatzea.

  2. Enpresa-elkarteak nahiz profesionalen arteko erakundeak sortu edo finkatu daitezen sustatuko da. Elkarteak nekazaritzako eta elikagaigintzako produktuen komertzializazioa areagotu eta hobetzeko izango dira, komertzializazioan elkarlanean arituz, batez ere, enpresa txiki eta ertainez osatutako enpresa-elkarteen kasuan eta kanpo-merkatuetara bideratutako enpresen kasuan.

  1. Nekazaritzako eta elikagaigintzako produktuak Euskal Autonomia Erkidegoko merkatu eta azoka tradizionaletan merkaturatzen dituzten ekoizle eta egileek, baldin eta produktu horiek edo lehengaiak Euskadikoak badira, argi eta garbi identifikatuta agertu beharko dute merkatuotan, eta dagokien ekoizle eta egileen erroldan inskribatuta (alegia, beren egoitza soziala non dagoen, lurralde historiko horretako erroldan).

  2. Bestelako kasuetan, parte-hartzaileek argi eta garbi identifikatu eta bermatu beharko dute beren ekoizpenen jatorria, eta Euskal Autonomia Erkidegoko araudian jasotako gainerako bestelako baldintza guztiak ere bete.

  3. Araudiari dagokionez, eskumena daukaten foru-organoek arautuko dituzte artikulu honetako 1. atalean sartzen diren azoka eta merkatuak; eta atal horrek aipatzen duen ekoizle-egileen errolda egitea ere foru-organoei dagokie.

  1. Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean nekazaritza- eta elikagaigintza-gaietan eskumena daukan sailak, batez ere, honako printzipio orokor hauek bete beharko ditu bere jardunean:

    1. Sektorearen eskariei behar bezala eran­tzuteko beharrezko ezagutza emango duten ikerketa-proiektuak sustatzea.

    2. Teknologia garatzea, nekazaritza- eta elikagaigintza-sektorea lidergora eramateko, bai teknologian, bai berrikuntzan.

    3. Berrikuntza bultzatzea, Euskadiko nekazaritza- eta elikagaigintza-sektorean.

    4. Ikerketa, garapen teknologiko eta berrikuntzako proiektuak sektorearen errealitatera egokitzea, ezagutza transferituko dela bermatzeko eta ezagutza hori lortzeko jarritako ahalegina eta baliabideak errentagarri izateko, horrek balio erantsi handiagoa emango baitio sektoreari.

  2. Programak garatzeko, baliabide propioak erabil daitezke, edota Euskal Autonomia Erkidegoko edo beste lurralde bateko erakunde zientifiko teknologikoekin elkarlan-hitzarmenak sinatu.

  3. Nekazaritza eta elikagaigintzaren inguruko ikerketa, garapen teknologiko eta berrikuntzako programak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorren baliabideak erabiliz garatu badira, programa horien emaitzak erkidegoaren esku utzi beharko dira, baliabide horiek helburu publikoa betetzeko sortu baitira.

Nekazaritzako eta Elikagaigintzako Berrikuntza Foroa eratu da, Euskal Autonomia Erkidegoan nekazaritza- eta elikagaigintza-gaietan eskumena daukan sailari atxikitako kide anitzeko organoa, bai nekazari­tzan eta bai elikagaigintzan berrikuntzaren inguruan aholkularitza emateko eta berrikuntza bultzatzeko. Foro horretan, aipatutako saileko ordezkariek, foru-aldundikoek, sektorekoek eta Euskal Herriko Unibertsitateko ordezkariek hartuko dute parte, besteak beste. Arauz zehaztuko dira foroaren osaera eta eginkizunak.

Kapitulu honetan planteatutako printzipioak ondo gauzatzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean nekazaritza- eta elikagaigintza-arloan eskumena daukan sailak, Nekazaritza eta Elikagaigintzako Berrikuntza Foroarekin batera, ikerketa, garapen eta berrikuntzako plan sektorialak jarriko ditu martxan. Planon helburua izango da, batetik, nekazaritza eta elikagaigintzaren inguruko ikerketa, garapen teknologikoa eta berrikuntza bultzatzeko ekintzak kudeatu eta planifikatzea eta, bestetik, sektorearen eskakizunei eta lege honen eskakizunei erantzun ahal izateko lehentasunezko ekintza-ildoak definitzea.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean nekazaritzan eta elikagaigintzan eskumena daukan sailak laguntza eta bultzada emango die Euskadiko erakunde zientifiko teknologikoei, ikerketa-lanak gara ditzaten nekazaritzako zein elikagaigintzako gaietan. Halaber, erakunde horien maila zientifiko-teknologikoari eusten eta hobetzen saiatuko da, bai eta sektorean sortzen diren eskakizun zientifiko-teknologikoak aseko direla bermatzen ere.

  1. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean nekazaritza-gaietan eskumena daukan sailak, halaber, nekazaritzako eta elikagaigintzako unibertsitatez besteko prestakuntza-programak bultzatu, sustatu eta garatuko ditu, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean hezkuntza-gaietan eskumena daukan sailarekin elkarlanean. Prestakuntza-arlo horrek unibertsitatez kanpoko prestakuntza arautua eta prestakuntza iraunkorra biltzen ditu, eta zuzen-zuzenean sail horrek garatuko du, edo bestelako erakunderen batek, Gobernu Kontseiluak aurrez hala erabaki badu. Arlo horietako gaiei buruzko prestakuntza-eskaintza euskal hezkuntza-sisteman jasotako eskaintzarekin bat etortzeko moduan diseinatu beharko da.

  2. Aipatu programak lege honetan finkatutako xedeak eta helburuak lortzera bideratuko dira eta, bereziki, gaur egungo zein etorkizuneko profesionalak prestatzera eta kualifikatzera.

  3. Programa horien helburua hauxe izango da:

    1. Prestakuntza eta birziklatze iraunkorra jasotzeko aukera ematea, batez ere, sektoreko profesional eta teknikoei.

    2. Eskakizun sozialak eta sektorialak direla-eta edo teknologia berriak eta arau-aldaketak direla-eta sortzen diren egoki­tze-premiak kontuan hartzea.

    3. Nekazaritza- eta elikagaigintza-arlora eragile berriak erakarriko dituzten ekintzei lehentasuna ematea; hau da, emakumezko laborariak eta laborari gazteak erakartzeko ekintzei.

    4. Sektorearen egitura sendotzeko antolaketa-formulak garatzea.

    5. Nekazaritza eta elikagaigintzari enpresa-ikuspegitik begiratzea; alabaina, landa-ingurunearen garapen iraunkorra gogoan hartuta beti.

    6. Ikerketa-proiektuetan lortutako emaitzak bere egin eta sektoreko gainerako profesionalei emaitzon berri ematea, batez ere, Euskal Autonomia Erkidegoak lagundutako ikerketak badira.

    7. Prestakuntza euskaraz jasotzeko eskubidea bermatzea ikasleei.

    8. Genero ikuspuntua aintzat hartuta diseinatzea nekazaritzako eta elikagaigintzako sektoreko profesionalentzat prestatutako ikasketak, eta, batez ere, saiatzea gizon nahiz emakumeek inongo estereotipori erreparatu gabe aukera ditzatela beren kualifikazio- eta prestakuntza-programak.

  4. Nekazaritza-arloan eskumenak dituen Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko sailak, hezkuntza-arloan eskumenak dituen Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko sailarekin lankidetzan, aldikako ebaluazio bat egingo du eta, hala badagokio, nekazaritza- eta elikagaigintza-arloei loturiko prestakuntza-programak edo unibertsitate-titula­zio berriak martxan jartzea sustatuko dute.

Aurreko artikuluan zehaztutako oinarri orokorrak aintzat hartuta, Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean nekazaritza-gaietan eskumena daukan sailak honako eginkizunak izango ditu, nekazaritzako prestakuntza-zerbitzuaren kudeaketaz arduratzen diren organo eta erakundeekin elkarlanean:

  1. Nekazaritza-gaietako prestakuntza- eta eguneratze-programak prestatu eta aplikatzea, betiere, egokitze-premia ezberdinak kontuan hartuta; batez ere, honako hauek: jarduera iraunkorra; ustiategien kudeaketa teknikoa eta ekonomikoa hobetzea; identifikazio-arauak, elikagai-segurta­suneko arauak eta trazabilitate-arauak; nekazaritzako eta elikagaigintzako produktuen eraldaketa eta komertzializazioa; teknologia berriak eta informazioa eta komunikazioa eskura izatea.

  2. Nekazaritzako eta landa-inguruneko balizko eragileei zuzendutako prestakuntza-ekintzak egin eta garatzea, nekazaritzako eta elikagaigintzako enpresak sortzeko, bideragarritasuna eta ezarpena aztertzeko helburuz.

  3. Administrazio eskudunen baliabideak ahalik eta ondoen koordinatzeko aukera emango duten antolaketa- eta kudeaketa-formulak prestatzea eta, batez ere, elkarlanerako hitzarmenak sinatzea edonolako erakunde publiko nahiz pribaturekin, prestakuntza-programak garatzeko.

  4. Nekazaritzako edota elikagaigintzako zenbait jarduera jakin gauzatzeko beharrezko titulazioei buruz hausnarketa egin eta titulazioak egitura­tzeko, helburu horretarakoxe eratutako lantaldeak sorrarazten lagundu eta batzordeotan parte hartzea, bai nekazaritzako edo elikagaigintzako jarduera arautzeko txartel edo tituluak ateratzeko, bai sektoreko eragileen dirulaguntzak jasotzeko aukera izateko.

Nekazaritza-politiketan jarduten diren euskal administrazioek bi helburu dituzte nekazari gazteak direla-eta: batetik, Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritza-sektorean gazte-jendea sartzea eta gazteok sektorean jarraitzea, eta, bestetik, nekazaritza-ustiategietan belaunaldien txanda bultzatzea. Helburu hori gauzatzeko, bakarka edo beste batzuekin elkartuta ustiategi baten titular diren edo aurki titular izango diren nekazari gazteen aldeko diskriminazio positiboa bultzatuko dute, apurka-apurka kolektibo hori nekazaritza-sektorean sartzeko.

Lege honetan adierazitako oinarrizko printzipioak hala agintzen duenez, nekazaritza-arloko euskal administrazioek Nekazari Gazteen Estatutua sortuko dute. Estatutu arau-emailea izango da eta gazte nekazariei laguntzeko zein ekintza bultzatu behar diren arautuko du. Honakoak izango dira ekintzok, besteak beste:

  1. Nekazari gazteentzat prestatutakoak.

    1. Lehentasuna eman laguntza-planetan sartzeko eta sektoreko plan propioetan sartzeko.

    2. Lehentasuna eman nekazaritza-politika bateratuaren laguntzak eskuratzeko, eta lehentasuna, halaber, laguntza-eskubi­deen erreserban edo nekazaritza-politika bateratuak eraginda sortzen diren bestelako eskubideetan, legedi erkideak halakorik onartzen badu.

    3. Lehentasuna eman nekazaritza-lurrak zein ekoizpen-baliabideak eskuratzeko.

    4. Lehentasuna eman nekazaritza-ustiategi bateko titulartasuna eskuratzeko edo nekazaritza-ustiategi asoziatiboen titulartasuna eskuratzeko, bereziki, kooperatiben kasuan.

    5. Lehentasuna eman prestakuntzako ikastaro eta programetan parte hartzeko.

    6. Esklusibotasuna eman aurre-erretiroko laguntzak jasotzen dituen titular batek transmititzekoa duen ustiategiaren titulartasuna eskuratzeko.

    7. Euskal Autonomia Erkidegoko landa-ingurunean ekipamendu eta zerbitzu jakinak garatu, gazteak nekazaritza-arloan has daitezen, eta horretan jarraitu.

    8. Herri-lurren eta mendi publikoen aprobetxamendua baliatu.

  2. Gaztea izan gabe, ustiategi bateko titularra den nekazariari dagokionez: lehentasuna emango zaie ustiategia, osorik edo hein batean, gazteei utziko dieten titularrei edo gazteekin batera ustiategiaren kudeaketa mistoa ezartzeko prozesuak abiarazi dituzten titularrei, bai laguntza espezifikoak jasotzeko edo laguntza-plan edo sektoreko plan berezietan sartzeko, bai eta nekazaritza-politika bateratuan ezarritako laguntzak jasotzeko ere, legedi erkideak halakorik onartzen badu.

    Ustiategietako titularren aurre-erretiroko laguntza bereziei dagokienez, titularrak ustiategia oso-osorik nekazari gazte bati edo nekazaritza-lurren funtsei (lege honetako 14. artikuluan sortuak) utzi beharko dizkio, laguntzok jasoko baditu. Lurrak funtsari ematen badizkio, nekazari gazteei nekazaritzan finkatzen laguntzeko erabiliko dira.

Lege honetan jasotako edozein ekintzatan, genero-berdintasuna gogoan hartuta jokatu behar dute nekazaritza-arloko euskal administrazioek, eta, hortaz, honako oinarrizko printzipioak bete:

  1. Tratu berdina emango zaie nekazari gizon edo emakumeei, emakumeen aldeko ekintza positiboaren kontra ez doan heinean.

  2. Aukera-berdintasuna emango zaie; horixe izango baita modua landa-ingurunearen garapena bideragarria eta iraunkorra izateko.

  3. Genero-ikuspegia kontuan hartu beharko da; hots, besteak beste: arauren bat onartu aurretik, generoaren araberako eraginaren ebaluazioa egin beharko da, eta genero-tratamendua kontuan hartu beharko da nekazaritza, elikagaigin­tza edo landa-inguruneari buruzko estatistiketan.

Lege honetan adierazitako oinarrizko printzipioak hala agintzen duenez, nekazaritza-arloko euskal administrazioek Emakume Nekazarien Estatutua sortuko dute. Estatutu arau-emailea izango da, eta emakume nekazariei laguntzeko zein ekintza bultzatu behar diren arautuko du. Honakoak izango dira ekintzok, besteak beste:

  1. Prestakuntza-programa bereziak sortzea, bereziki erreparatuz bai teknologia berriei bai informazioaren gizartearen inguruko prestakuntzari.

  2. Dirulaguntzei lehentasuna eman eta inbertsioak finantzatzen laguntzea familiako ustiategiei, titulartasuna emakume batek hartu behar badu.

  3. Kudeaketa-organo publiko nahiz pribatuetan ordezkaritza handiagoa izateko mekanismoak sortzea.

  4. Lana eta familia uztartzea; horretarako, kontuan hartuko dira haurdunaldia eta amatasuna, baimenak eta lizentziak, eta familiari laguntzeko zerbitzuak.

  1. Titulartasun fisikoko ustiategi erregistratu batean zuzenean eta pertsonalki bi ezkontideek egiten badute lan, edo izatezko bikoteko bi kideek (izatezko bikoteak arautzeko maiatzaren 7ko 2/2003 Legeak xedatu bezala eratutako bikoteak), ustiategi horren titulartasunak «titulartasun partekatua» irudi juridikoa izango du.

  2. «Titulartasun partekatua» irudi juridikoak biltzen dituen kideek, ezinbestean, Euskal Autonomia Erkidegoko Nekazaritza Ustiategien Erregistroan eman behar dute izena, ustiategiaren titularkide izateko ondorio guztietarako.

  3. Titulartasun partekatua dutenek ustiategiaren titulartasunak ematen dituen eskubide eta betebehar guztiak izango dituzte.

  4. Ustiategiaren titularrari dagozkion laguntza, eskubide, kuota eta indarrean dagoen araudiko bestelako neurri baliokideak, guztiak, titular-kide bakoitzarentzat izango dira, ustiategian daukaten partaidetzaren araberako baldintza eta mugetan, edo beraiek erabakitako baldintza eta mugetan.

  5. Ustiategiaren titulartasunak dakartzan ondorio sozial, laneko, ekonomiko, fiskal eta bestelako ondorio guztiak ere izango ditu titulartasun partekatuak; kontu zibiletan, merkataritzan, lan-kontuetan eta fiskalitatean indarrean dauden arauekin bat etorriz beti.

Nekazaritza-arloko euskal administrazioak lan-arloan eskumena duen agintaritzarekin jardungo dira elkarlanean, nekazaritza-jardunean dabiltzan langileak eta enplegatzaileak lege-arauetara egokitu daitezen.

Nekazaritza-arloko euskal administrazioek, bestelako herri-administrazioekin eta tarteko diren elkarte sozialekin batera, sasoikako langileei laguntzeko plan integral berezituak prestatuko dituzte, Sasoikako Langileei Laguntzeko Erakundearteko Mahaiak berezituak (apirilaren 29ko 97/2003 Dekretuak arautuak) ezarritako jarraibideen arabera. Honako printzipioak izango dituzte oinarri plan horiek:

  1. Lan-baldintzak hobetzea; bereziki, langileen jatorrian bertan egiten diren kontratuetan.

  2. Langileen eta familiartekoen bizitokiaren baldintzak hobetzea.

  3. Sasoikako langileekin datozen adingabe eta edadetuei laguntzeko programa bereziak sor­tzea.

  4. Komunitatean integratzeko eta gizarte-sentsibi­lizazioa bultzatzeko kanpainak garatzea.

Ustiategietako titularrak edo ustiategiko langile finkoren bat ordezteko aldi baterako ordezkapenak egiteko zerbitzuak sortzen lagunduko dute foru-aldundiek. Izan ere, batzuen eta besteen bizi- eta lan-baldintzak hobetzen lagunduko du horrek, batez ere, gaixotasuna, amatasuna, oporrak edo asteko atsedenak direnerako.

Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean nekazaritzako eta elikagaigintzako gaietan eskumena daukan sailak, lan-arriskuen prebentzioan eskumena duen agintariekin koordinatuta, hitzarmenak sinatzeko aukera izango du, gai hauetan egin beharreko lana koordinatze aldera:

  1. Ikerketak eta txostenak egin eta aholkularitza-lanean jardutea, hain zuzen, nekazaritzan jarduten direnentzat eta familiakoentzat, soldatapeko langileentzat eta sasoikako langileentzat, hain zuzen, osasunerako kaltegarri izan daitezkeen faktoreak aztertuz.

  2. Laneko segurtasunari eta osasunari buruzko prestakuntza- eta informazio-jarduerak antolatu eta egitea, nekazaritza- eta elikagaigintza-sektorean zentratuta.

  3. Nekazaritza- eta landa-ingurunean laneko segurtasuna, higienea eta osasuna prebenitu eta bultzatzeko helburua gauza dadin beharrezko diren bestelako ekintzak antolatu eta gauzatzea.

  1. Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean nekazaritza-gaietan eskumena daukan sailak ekintza eta tresna bereziak prestatuko ditu nekazaritzako aseguruen inguruan, honako helburuak bete ahal izateko:

    1. Nekazaritza-alorrak biltzen dituen esparru guztietarako jardun-ildo zehatzak ezarri eta garatu; nekazaritza-ekoizpene­rako instalazioen eta eraikinen aseguruak barne.

    2. Nekazaritza-ustiapenen jardun integrala bultzatu.

    3. Basoko suteen kontrako aseguru berezia sorrarazi eta basogintza-azpisektorean erantzukizun zibileko aseguruen harpidetza babestu.

  2. Aseguru-sistemen kudeaketa foru-aldundiei dagokie.

  1. Nekazaritza-gaietan eskumena duten Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioek labore-etekinen edo ustiapen-etekinen asegurua lortzeko bideak finkatzen eta definitzen saiatuko dira, euskal nekazarien errentak egonkortzeko.

  2. Horrez gain, ustiapen-etekinen autoaseguru-sisteman oinarritutako berme funts foralak sor­tzeko ahaleginak egingo dituzte. Funtsok urtetik urterakoak izango dira, eta aseguruaren estaldura kalkulatzeko eta emaitzak baloratzeko, eskualdeko errendimenduak eta merkatuko batez besteko prezio adierazgarriak hartuko ditu kontuan.

    Berme funts foralean, bermatutako kontzeptuetan nekazaritza-ekoizpenetik lortutako etekinak besterik ez dira sartuko; hau da, funtsak ustiategietan egindako lana hartuko du barne, soil-soilik, eta ez bestelako kontzeptu batzuengatik eskuratutako dirulaguntzak edota laguntzak.

  3. Euskadiko herri-administrazioek bestalde, aukera izango dute interesgarri jo diren abeltzaintza-jardun edo labore-ekoizpenetan lan egiten duten ekoizleak bil daitezen bultzatzeko; borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundearen formularen baitan bilduko lirateke, konpentsazio funtsa eratzeko.

  1. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak erabakiko du, nekazaritza-gaietan eskumena daukan sailak edo dagokion foru-aldundiak proposatuta, guneren bat hondamendi-gune izendatzea. Gobernu Kontseiluaren dekretu baten bidez egingo du izendapena, baldin eta gune horretan kalte eta galera handiak izan badira basogintzako, laborantzako edo abeltzaintzako ekoizpenean, eguraldi, epidemia, plaga edo bestelako ustekabeak izan direla-eta.

  2. Horrez gain, bere esku izango du neurri aringarri eta zuzentzaileak ere ezartzea, kasuan kasuko egoeraren arabera, eta, betiere, hondamendi jasandako lekuetan nekazaritza bere onera etortzeko helburuz. Hondamendiak eragindako kalteak konpontzen eginiko gastuak laster eta malgutasunez ordainduko direla bermatzeko prozedurak ere Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak berak ezarriko ditu.

  3. Halaber, lege honetako 84. artikuluak xedatutako hondamendietarako funtsa jasotzeko bete beharreko betekizunak ere finkatuko ditu. Hona hemen gutxieneko betekizunak:

    1. Arrisku hori ez egotea jasota Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritza aseguruen planetan.

    2. Hondamendia jasan duten ustiategiak Euskal Autonomia Erkidegoko Nekazari­tza Ustiategien Erregistroan izena emanda egotea, eta kaltetutako ondasunak erregistroaren lurralde-eremuan egotea.

    3. Hondamendia jasan duten ustiategien titularrak nekazari profesionalak izatea edo nagusiki horretan jarduten direnak, soilik basogintzan jarduten diren ustiategien kasuan izan ezik.

  4. Artikulu honetan jasotako neurriak, bai eta hurrengo artikulukoak (hondamendietarako funtsari buruzkoak), eskumena daukan foru-organoetako sailek kudeatuko dituzte.

Aurreko artikuluan aipatutako zuzenketak egiteko, eta indarrean dagoen araudia betez, Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioek hondamendietarako funtsa eratuko dute, elkarren artean erabakitako aurrekontua izango duena. Horrez gainera, aparteko kredituak emateko beharrezko bideak ere ezarriko dituzte; kasuan kasu dagokion banaketa organiko, funtzional eta ekonomikoa kontuan hartuta. Arauz ezarriko da funtsa nola kudeatu.

  1. Euskal administrazioek harremana eta zerbitzua eman behar diete laborantzan, abeltzaintzan eta basogintzan (hots, orokorrean nekazaritza eta elikagaigintzan) jarduten diren pertsonei, fisiko nahiz juridiko izan. Eginkizun hori betetzeko, nekazaritza- eta elikagaigintza-sektorearen produkzio-, eraldaketa-, ontziratze- eta merkatura­tze-faseekin lotutako elkarteak sortu eta irautearen alde egingo dute euskal administrazioek. Elkarteok, betiere, lege honen atariko tituluan zehaztutako helburuetako bat izan beharko dute xede.

  2. Euskal administrazioek, aurreko paragrafoan aipatutako elkarte horiei aurrez kontsulta eginda, honako egiteko hauek izango dituzte, gutxienez:

    1. Nekazaritza- eta elikagaigintza-politika­rako planak eta programak martxan jartzea.

    2. Nekazaritza- eta elikagaigintza-sektoree­tako eragile ekonomikoei zerbitzuak ematea.

  3. Halaber, Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritza- eta elikagaigintza-politikak diseinatzerakoan, nekazaritzako elkarteak solaskide adierazgarritzat hartuko dira. Horretarako, nekazaritzako eta elikagaigintzako azpisektoreen interesak ondoen ordezkatzen dituzten elkarteek Euskadiko Nekazaritza eta Elikagaigintzako Kontseiluan (lege honen VIII. tituluan eratua) parte har dezaten baldintza onenak sortzea sustatuko dute euskal administrazioek.

  4. Edonola ere, legearen hurrengo artikuluan jasota datorren erroldan izena emanda dauden elkarteekin baino ezingo dira jardun nekazari­tza- eta elikagaigintza-arloko euskal administrazioak; bai elkarrizketarako, bai ekintzak garatzeko, bai zerbitzuak emateko.

  1. Nekazaritzako eta Elikagaigintzako Elkarteen Errolda sortu da, halakotzat jo diren erakundeak bertan inskribatuta gera daitezen, ofizioz. Titulu honetako II. kapituluan zerrendatutako erakundeen tipologiak zenbat, hainbeste atal izango ditu erroldak, arauari dagokion garapenaren arabera.

  2. Erroldan inskribatu ahal izateko, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioek nekazaritza- edo elikagaigintza-arloko elkarte-izendapena aitortu behar diete elkarteei aurrez, eta izendapen hori emango da, soil-soilik, elkartea bere estatutuetan adierazitako jardun-eremuan adierazgarri bada. Arauz zehaztuko dira eskabidea egiteko zein aitorpena emateko prozedurak, titulu honetako II. kapituluan jasotako erakunde bakoitzaren kasurako.

  3. Arau bidez ezarriko da nekazaritza- edo elikagaigintza-arloko elkarte bat bere jardun eremuan aitortua izateko prozedura, bai eta bere adierazgarritasuna finkatzekoa ere, irizpide objektiboei jarraiki, hurrengo kapituluan adierazten diren jarraibideez gain.

Nekazarien elkarte profesionalak dira, hain justu ere, beren estatutuan nekazarien interes sozioekonomikoen ordezkari eta defentsari izateko eginkizun orokorra jasota daukaten elkarteak eta, gutxienez ere, Euskal Autonomia Erkidegoan jarduten dutenak. Horrez gain, honako baldintzak ere bete beharko dituzte:

  1. Nekazaritzako azpisektore batean edo batzuetan benetan ezarrita egotea.

  2. Euskal Autonomia Erkidegoan jardutea gaur egun, eta gutxienez, aitortza eskatu aurreko bi urteetatik hona, etengabe.

  3. Bulego irekiak eta giza baliabide nahikoa edukitzea, nekazariei behar bezalako laguntza emateko moduan, edo, kasuan kasu, erakunde kidetuei laguntza emateko moduan.

  4. Irabazi-asmorik ez izatea.

  1. «Nekazarien Elkarte Profesional adierazgarrienen artekoa» izendapena lortzeko Euskadiko Nekazaritza eta Elikagaigintzako Kontseiluan parte hartzeko behintzat, gutxienez ere 200 bazkide badirela egiaztatu beharko du nekazarien elkarte profesional horrek. Bazkideok Gizarte Segurantzan alta eman da egon beharko dute, egiten duten jarduenaren araberako erregimenean.

  2. Elkarte bakoitzak Euskadiko Nekazaritza eta Elikagaigintzako Kontseiluan zenbat ordezkari izango dituen, elkarte bakoitzak Euskal Autonomia Erkidegoan dituen bazkide-kopuruaren araberakoa izango da: kide bat berrehun bazkideko, eta gehienez bost kide. Bazkideek aurreko paragrafoan aipatutako baldintzak bete behar dituzte.

  3. Baldin eta «nekazarien elkarte profesional adierazgarri» batek Euskal Autonomia Erkidegoan mila bazkide egiaztatu baino gehiago baditu, elkarte bakoitzak Kontseiluan izango dituen kideen kopurua proportzionalki zehaztuko da: hau da, elkarte bakoitzak zenbat bazkide egiaztatu dituen, elkarte guztiek batera dituzten bazkideen aldean. Gutxienez, ordezkari bat izango du elkarte bakoitzak, edonola ere. Lortutako gainerako kideen kopurua haztatu egin beharko da gero, aurreko paragrafoko prozedurak zehaztu bezala, esandako proportzio horren arabera.

  1. Euskadiko ekoizleen elkarteak dira, hain justu ere, lurralde historiko bakarra baino jardun-eremu zabalagoa hartzen duen sektore bateko ekoizleek eratutako nekazaritza-elkarteak; alabaina, lurralde historiko bakarrean gauzatzen diren laborantza- edo abeltzaintza-ekoizpeneta­ko elkarteak ere izan daitezke elkarte nazionalak. Elkarte hauek soilik produktuen ekoizpenarekin eta komertzializazioarekin lotutako gaietan eman diezaiekete laguntza eta aholkua beren kideei.

  2. Orokorrean, Euskadiko Nekazaritza eta Elikagaigintzako Kontseiluan parte hartzeari begira, ordezkari bat izendatuko da Euskadiko ekoizleen elkarte bati edo batzuei lotutako ekoizpen-azpisektore bakoitzeko. Gutxienez, honako azpisektore hauek egon behar dute ordezkatuta: ekoizpen ekologikoa, esnetarako behiak, haragitarako behiak, ardiak, baratzezaintza, labore-sail estentsiboak eta ardotarako mahastiak.

Euskadiko nekazaritza- eta elikagaigintza-industrien elkarte nazionalak dira, hain justu ere, lurralde historiko bakarra baino jardun-eremu zabalagoa hartzen duen sektore bateko nekazaritza- edo elikagaigintza-industriek eratutako elkarteak; alabaina, lurralde historiko bakarrean gauzatzen diren nekazari­tza- edo abeltzaintza-jardueretako elkarteak ere izan daitezke elkarte nazionalak.

  1. Nekazaritza-arloko euskal administrazioek laguntza eta bultzada emango diete, lege honetako helburuak lortzen laguntzeko asmoz, nekazaritza-ustiategiei kudeaketa tekniko eta ekonomi­koko zerbitzuak, titularren ordezte-zerbitzuak edota aholkularitza integrala ematen dizkieten erakundeei, irabazi asmorik gabeko erakundeak eta nekazaritza-kooperatibak lehenetsita.

  2. Arauz sortu eta erregulatuko da erakunde horien errolda, bai eta erakunde horiek halakotzat aitortzeko prozedura ere.

  1. Euskadiko Nekazaritza eta Elikagaigintzako Kontseilua eratu da, Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean nekazaritzako eta elikagaigintzako gaietan eskumena daukan sailari atxikia. Koordinatzeko, kontsultatzeko eta aholkularitza teknikoa emateko helburua izango du, euskal nekazaritza-administrazioen eta sektoreko eragile adierazgarrienen artean, Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritza- eta elikagaigintza-politikak diseinatzeko nahiz dagozkion beste gaiak lantzeko helburuz.

  2. Kontseilua honako kideek osatuko dute:

    1. Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean nekazaritzako eta elikagaigintzako gaietan eskumena daukan titularrak. Lehendakari-lanetan arituko da, eta Kontseilurako dei egiteaz eta landu beharreko gaiak zehazteaz arduratuko da.

    2. Sail horretako sailburuaren kabineteko zuzendaritzaren titularrak, lehendakariorde-lanetan.

    3. Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean nekazaritzako eta elikagaigintzako gaietan eskumena daukan saileko bi ordezkarik; gutxienez, zuzendari-kargua dutenak.

    4. Arabako Foru Aldundiko ordezkari batek; gutxienez, zuzendari-kargua duenak.

    5. Bizkaiko Foru Aldundiko ordezkari batek; gutxienez, zuzendari-kargua duenak.

    6. Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkari batek; gutxienez, zuzendari-kargua duenak.

    7. Euskadiko Udalen Elkarteko (EUDEL) ordezkari bat.

    8. Nekazarien elkarte profesional adierazgarrienen arteko bakoitzak 88. artikuluan ezarritako eran lortutako ordezkariak; gehienez 5, elkarte bakoitzeko.

    9. Euskadiko ekoizleen elkarteetako ordezkariak, lege honen 89.2 artikuluan xeda­tzen denaren arabera.

    10. Euskadiko nekazaritza- eta elikagaigin­tza-industrien elkarteetako hiru ordezkari, elkarteek adostasunez izendatutakoak. Txandaka daitezke.

    11. Euskadiko Basogintza Elkarteen Konfederakundeko ordezkari bat.

    12. Euskadiko Nekazaritza Kooperatiben Federazioko ordezkari bat.

    1. Nekazaritza-ustiategien aholkulari gisa aitortuta dauden erakundeen ordezkari bat, erakundeok adostasunez izendatutakoak. Txandaka daitezke.

  3. Lehendakariak izendatuko ditu Kontseiluko kideak, ordezkatuta dauden erakundeen proposamenak kontuan hartuta.

  4. Gaiaren berezitasuna dela-eta Kontseilu honetatik kanpoko bestelako erakundeetako edo esparruetako ordezkarien parte-hartzea beharrezkoa bada, lehendakariak bileratara etor daitezen dei egingo die, Kontseiluak eskatzen badio, aurrez kide gehienek hala adostu dutelako. Kanpoko ordezkariok kideen eskubide eta betebehar berberak izango dituzte, baina gai jakin horretan besterik ez.

  1. Nekazaritza eta Elikadura Politikako Batzordea eratu da. Honako kideak izango ditu: Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioan nekazaritza- eta elikagaigintza-gaietan eskumena daukan saileko titularra, lehendakari-lanetan; sail bereko bi ordezkari, zuzendari-kargua daukatenak, gutxienez, eta foru-aldundi bakoitzeko ordezkari bana, diputatu kargua daukana gutxienez. Batzorde horrek Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritza- eta elikagaigintza-politikak diseinatuko ditu, nekazaritza eta elikagaigintzako ekintza-plan eta -programak proposatuko ditu eta intereseko gaiak ere eztabaidatuko ditu.

  2. Batzordeko edozein kidek eskatuz gero, behar adina lagun joan daitezke bileretara, batzordean eztabaidatzekoak diren gai jakin batzuetan daukaten ezagutza espezifikoa eta eskumena kontuan hartuta.

Arauz zehaztuko dira Euskadiko Nekazaritza eta Elikagaigintzako Kontseiluaren eta Nekazaritza eta Elikadura Politikako Batzordearen zereginak eta barne-araubidea.

Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administra­zioen jarduna, lege honen xede eta helburuak betetzera bideratuta dagoenez, honako printzipio berezien men egongo da:

  1. Lehiakortasun-printzipioa nekazaritza- eta elikagaigintza-sektorean, hori izango baita sektorea modernizatzeko gakoa.

  2. Iraunkortasun-printzipioa, garapen ekonomikoa erdiesteko, baina baliabideak ahitu gabe.

  3. Kudeaketa malguaren printzipioa, sektorearen eta merkatuaren baldintza aldakorretara egoki­tzeko.

  4. Nekazaritza- eta elikagaigintza-sektoreko enplegua babesteko printzipioa.

  5. Subsidiariotasunaren printzipioa Europako nekazaritza-politika bateratuak araututako neurriak kudeatu eta aplikatzerakoan.

  6. Ekintza positiboaren printzipioa, sektoreko eragileek garatu eta euskal herri-administrazioek bultzatutako politiken alde.

Nekazaritza- eta elikagaigintza-politikei dagokienez, Euskadiko herri-administrazioek finkatuko dute zer sustapen-neurri, neurri fiskalak barne, izango diren beharrezko lege honen xede eta helburuak gauzatzeko; betiere, Europar Batasuneko araudian finkatutako xedapenen arabera. Finantza-marko berezko eta berezia eratuko da horretarako.

  1. Nekazaritza- eta elikagaigintza-politiken arloan euskal herri-administrazioek ezarriko dituzten sustapen-neurriek lehentasunezko helburu jakin bat izango dute, hain justu, lege honetan zehaztutako helburu orokorrekin edo programa azpisektorial bateko helburuekin bat datozen politika aktiboak garatzen laguntzea. Honako politika aktibo hauek bultzako dituzte nagusiki:

    1. Ekoizpen-, eraldatze- eta merkaturatze-egiturak egokitzea, baina iraunkor izateko moduan, merkatuaren eskariari eran­tzuteko.

    2. Nekazaritza-lana profesionalizatzea.

    3. Azpisektoreak egituratzea, balio-kateko gainerako eragileekin negoziatzeko ahalmena handitzeko.

    4. Jatorri- edo kalitate-ikurra daukaten gaien, produkzio integratuko gaien edota basogintzako ekoizpen-ziurtagiria daukaten gaien ekoizpena handitzea.

    5. Produkzio berriak edo balio erantsi handiko produktuak garatzea.

    6. Nekazari gazteek eta emakume nekazariek ustiategien titulartasuna eskuratzea.

    7. Lanpostuak sortzea, baldintza soziolaboral duinetan.

    8. Ekoizpen-sektoreak nekazaritzako eta elikagaigintzako eraldatze- eta merkaturatze-prozesuan parte hartzea, batez ere ekoizleen kooperatibak eratuta, bai eta Euskal Autonomia Erkidegoan ekoitzitako nekazaritza-produktuen eraldaketan ere.

    9. Sektoreetako eragileentzat etengabeko birziklatzea eta prestakuntza ematea.

    10. Lege honetako VII. tituluko III. kapituluan araututako erakundeek ematen dituzten kudeaketa-, ordezkatze- eta aholkulari­tza-zerbitzuak erabiltzea ustiategietan.

    11. Ingurumenari ahalik eta kalte gutxien eragiten dioten ekoizpen- eta kudeaketa-metodoak garatzea.

    12. Hobekuntza genetikoko programak edota ekoizpen estentsiboko sistemak ezar­tzea abeltzaintza-ustiategietan.

    1. Ofizialki kontrolatutako eta ziurtatutako ugalketa-material begetalen nahiz hazi eta baso-landareen erabilera bultzatzea.

    2. Bertako espezie eta arrazei eustea.

    3. Ustiategiko titularrek kontratu-dokumen­tuak sinatzea nekazaritza-arloko euskal administrazioekin.

    4. Ustiategietako titularrek nekazaritzako aseguruak eta berme-funtsak sinatzea.

    5. Nekazaritza-lurrak erabil daitezen susta­tzea, 12. artikuluan jasotako xedapen orokorretik eratortzen diren aginduekin bat etorriz.

  2. Nekazaritza- eta elikagaigintza-politiken arloan euskal herri-administrazioek ezarriko dituzten sustapen-neurriek bestelako helburu bat ere izan dezakete; hain justu, beren berezitasunak eta betetzen duten zeregin multifuntzionala direla-eta nabarmenak izanagatik ere merkatuan sostengurik ez duten nekazaritza-ustiategiei babesa eta laguntza ematea.

  3. Sustapen-neurriak, bestalde, ekoizpen-azpisek­tore jakin batean merkatu-egoera dela-eta gertatutako krisiei aurre egiteko ere erabil daitezke, adibidez, aparteko faktore meteorologikoek, osasun-arazoek edo bestelako aparteko faktoreek eragindako krisiei aurre egiteko.

  1. Nekazaritzarako eta elikagaigintzarako zenbait laguntza Euskal Autonomia Erkidegoaz gaindiko esparruetatik datoz. Laguntza horien arauak garatzea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean nekazaritzan eta elikagaigintzan eskumena daukan sailari dagokio, finantza-esparru propioetatik kanpo finantzatzen diren laguntzen koordinazio-lana sail horrek berak egiten baitu.

  2. Nekazaritza- eta elikagaigintza-politiken arloan Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administra­zioek ematen dituzten sustapen-laguntza eta -neurrien araudia prestatzea eta laguntzok kudeatzea, hain justu, Autonomia Estatutuan, Autonomia Erkidego Osorako Erakundeen eta Lurralde Historikoetako Foruzko Jardute Erakundeen arteko Harremanei buruzko azaroaren 25eko 27/1983 Legean eta ekainaren 30eko 13/1994 Legeak arautzen duen Arbitraje Ba­tzordeak emandako ebazpenen arabera.

Bakoitzari dagokion araudi espezifikoaren arabera, lizentzia edo baimenen araubidearen men egongo dira honako jarduera hauek:

  1. Nekazaritza-politika bateratuaren arabera Euskal Autonomia Erkidegoak jasotakoetatik nekazaritza-ustiategiei ekoizpen-eskubideak edo ordainketa-eskubideak esleitzea, eta eskubide horiek ustiategien artean transmititzea.

  2. Basoak berritzea, zuhaitzak botatzea, baso-pistak egitea, eta antzekoak.

    100. artikulua. Administrazio-prozedura.

    Lege honetan jaso ez diren lizentziei, baimenei eta bestelako administrazio-egintzei dagokienez, araubide juridikoa indarrean dagoen legedian aurreikusitakoa da, eta, hala dagokionean, administrazio-proze­dura erkidean aurreikusitakoa.

101. artikulua. Kontrola eta egiaztatzea.

  1. Ikuskapenak nahiz egiaztapenak administrazio-egintza ez badira, pertsona edo erakunde juridiko pribatuek egingo dituzte, eskumena duen administrazioaren baimena jaso ondoren eta administrazio horren gidaritzapean, betiere. Ikuskapen-lan horiek egingo dituztenen helburu, araubide eta gaitasunak, lanok egiteko modua eta baimenak lortzeko prozedura, guztiak ere, arau bidez zehaztuko dira.

  2. Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administra­zioek bertan ekoitzi edo merkaturatutako nekazaritza- eta elikagaigintza-produktuetarako kontrol-planak ezarriko dituzte, arriskuei aurre egiteko eta ekintzen koordinazio-printzipioak bete­tzeko.

    102. artikulua. Ikuskaritza.

  1. Lege honetan ezarritakoa betetzeko beharrezko ikuskapen guztiak egin beharko dituzte Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioek, eta ezarritakoa betetzen ez bada, erantzukizunak eskatu.

  2. Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administra­zioen esanetara dauden funtzionarioek izango dute ahalmena ikuskapen-lana egiteko; eta, lan hori egiten dutenean, agintaritzaren agente izango dira. Eskumena duen administrazioak beharrezko identifikazio-baliabideak emango dizkie funtzionarioei, ikuskapen-lanean ari direla behar bezala akreditatuta egon daitezen.

  3. Ikuskapenaz arduratuko diren langile funtzionarioek ahalmena izan behar dute, besteak beste, honetarako:

    1. Bera bakarrik edo interesaturen batek lagunduta, eta aurreko abisurik gabe, jarduerari lotutako edozein establezimendu, ibilgailu, industria edo bestelako edozein lekutara sartzeko, legeak xedatutakoa zenbateraino betetzen den ikustera.

    2. Nekazaritza- eta elikagaigintza-enpresen eta beren ekoizpenen baldintza teknikoak eta osasun-baldintzak ikertu eta aztertzeko.

    3. Informazioa eskatzeko.

    4. Laginak hartzeko.

    5. Dokumentazioa aztertzeko.

  4. Ikuskapena egiten ari direla, orduantxe bertan kautela- edo prebentzio-neurriak nahiz behin betiko neurriak jartzeko aukera izango dute ikuskatzaileek, gertakaria ez luzatzeko edo ez errepikatzeko eta, inongo kalterik balego, kaltea bere horretan mantendu edo murrizten hasi ahal izateko.

  5. Ikuskatzaileek hartutako kautela-neurriak dagokion organo eskudunak aztertuko ditu gero, lau egunen barruan; berretsi, aldatu edo kendu behar diren erabakitzeko eta, hala badagokio, zehapen-espedientea abiarazteko. Nolanahi, neurriak inongo eraginik gabe geratuko dira, baldin eta espedientea abiarazteko erabakian ez bada neurrioi buruz ageriko ezer adierazten.

  6. Edozein kasutan ere, artikulu honetan xedatutakoaren arabera hartuko diren neurriak ofizioz kendu edo alda daitezke, baita alderen batek eskatuta ere, espedientearen instruktorearen probidentziaz, prozedura izapidetzen ari dela; eta prozedurari amaiera emango dion administrazio-ebazpenaren indarrez iraungiko dira.

  7. Zehapen-prozedura abiarazteko egintzan, neurriak bere horretan uzteko, kentzeko edo alda­tzeko arrazoiak zein izan diren zehaztu beharko du zehapen-ahalmena daukan organo titularrak. Halaber, lau eguneko epean dagokion espedientea ez bada oraindik abiarazi, iraungita geratuko dira neurriak.

    103. artikulua. Ikuskapen-akta.

  1. Ikuskatzaileek egindako ikuskapenaren akta egin beharko dute. Gutxienez, honako informazioa adierazi beharko dute aktan:

    1. Akta noiz egin den.

    2. Nekazaritzako edo elikagaigintzako ustiategi edo industriari buruzko datuak.

    3. Noren aurrean egin den ikuskapena, inor egon bada.

    4. Akta egin aurretik egin diren ikerketak.

    5. Ikuskapenarekin zerikusia daukan edozein gertakari, batez ere, aurrerago zehapen-espedientea abiarazi eta horretan eragina izan dezaketen gertakariak.

    6. Neurririk hartu bada, zer neurri hartu diren, zergatik eta zer helburu zehatz duten.

      Akta egitean, ikuskatzaileak berak eta bertan egon denak, inor egon bada, sinatu beharko dute akta. Sinatzeari uko egingo balio, halaxe adierazi beharko da aktan bertan.

  2. Legeak eskatutakoaren arabera taxututako ikuskapen-aktak froga-balioa izango du, akta egitea eragin duten eta aktuarioak pertsonalki egiaztatu dituen egintzena, non eta ez den kontrakoa egiaztatzen. Akta eskumena daukan administrazioari helaraziko zaio gero, zehapen-prozedura abiarazteko edo kasuan kasu hartu beharreko neurriak hartzeko.

  3. Ikuskapena egingo zaien pertsona fisiko nahiz juridikoak behartuta daude ikuskapena baimentzera eta horretan laguntzera, batez ere:

    1. Instalazioei, produktuei eta dokumentazioari buruzko informazioa eman beharko diote ikuskatzaileari, bai eta, oro har, ikuskatzaileek eskatzen dioten bestelako edozein datu ere.

    2. Dokumentazioaren kopiak eman beharko dizkiote ikuskatzaileari.

    3. Behar beste lagin hartzen uztea ikuska­tzaileari.

      104. artikulua. Nekazaritza-lurren inguruko arau-hausteak eta zehapenak.

      1. Nekazari-lurra gutxiegi erabiltzeak edo gaizki erabiltzeak eragindako arau-hausteak (lege honen 20.3 artikuluan zehaztutakoak) zehapena ekarriko dio nekazaritza-lur horiek biltzen dituen ustiategiaren titularrari. Zehapenaren zenbatekoa honela kalkulatuko da: hektarea bakoitzeko ordaindu beharrekoa bider gutxiegi erabilita edo gaizki erabilita deklaratu zaizkion hektarea guztiak.

      2. Hektarea bakoitzeko zehapenaren zenbatekoa izango da, oro har, nekazaritza-lurra den aldetik hektarea bakoitzak duen balioaren halako bi. Zehapena gutxienez 10.000 eurokoa eta gehienez 120.000 eurokoa izango da.

      3. Zehatzeko ahala daukan organo titularrak izango du ardura lurrak gutxiegi erabilitakotzat jotzeko, lege honen 20. artikuluan xedatutakoaren arabera.

        105. artikulua. Nekazaritzako arau-hausteak eta zehapenak.

      1. Ustiategiaren titularrak bere betebeharrei huts egiteagatik eragindako arau-hausteak (lege honetako 9. artikuluan zehaztutakoak) dagokion lurralde historikoko foru-administrazio bakoitzean nekazaritza-gaietan eskumena daukan organoak zehatuko ditu. Zehapena 1.000 eurokoa izango da gutxienez eta 6.000 eurokoa gehienez, arau-hauste bakoitzeko. Arau-hauste bakoitzarengatik ezarritako zehapenak metatu ahal izango dira. Zehapena zenbatekoa izango den zehazteko, honako irizpideak hartuko dira kontuan:

        1. Arau-haustea nahita egin den, edo utzikeria hutsagatik gertatu den.

        2. Behin baino gehiagotan gertatu den; hau da, prozedura berdinean zehatutako arau-hauste bat baino gehiago izan diren.

        3. Arau-hausteak zer-nolako kalteak eragin dituen.

        4. Arau-haustea zehapen-espedientea eba­tzi aurretik zuzendu den.

      2. Nekazaritzako gainerako arau-hausteak Estatuko ondorengo lege hauen arabera zehatuko dira: azaroaren 20ko 43/2002 Legea, landare-osasunari buruzkoa; apirilaren 24ko 8/2003 Legea, animalia-osasunari buruzkoa; uztailaren 26ko 30/2006 Legea, landaretegiko hazi eta landareei buruzkoa; bai eta Euskal Autonomia Erkidegoko honako arau hauen arabera ere: urriaren 29ko 6/1993 Legea, animaliak babestekoa; otsailaren 27ko 3/1998 Legea, ingurumena babestekoa; apirilaren 11ko 81/2006 Legea, gune zoologikoei buruzkoa. Horien ordez beste legerik jarriko balitz indarrean, azken lege hori aplikatuko da.

        106. artikulua. Elikagaigintzako arau-hausteak.

        Elikagaigintzako arau-hausteak hurrengo paragrafoetan xedatutakoaren arabera eta mahastizaintza eta ardogintza antolatzen dituen maiatzaren 7ko 5/2004 Legearen arabera tipifikatuko dira.

      1. Arau-hauste oso larriak:

      1. Nekazaritza- eta elikagaigintza-industria­tan ez jartzea prozesuentzako edo produktuentzako autokontrol-sistemarik, lege honen 51.2 artikuluak xedatzen duen bezala.

      2. Nekazaritzako edo elikagaigintzako produkturen bati trazabilitatearen jarraipena egitea ezinezkoa izatea, ekoizpena, eraldaketa, ontziratze eta merkaturatzearen etapa guztietan, bai eta garraioan, salmentan eta bestelako emateetan ere (diru-ordainetan edo doan). Trazabilitate horren barruan sartzen dira, halaber, osagaiak, lehengaiak, gehigarriak eta produktu horiek prestatzeko substantzia deribatuak.

      3. Bai nekazaritza- eta elikagaigintza-produktuen etiketa, ontzi, bilgarri, aurkezpen, eskaintzatan, bai nekazaritzako eta elikagaigintzako gaien produkziorako edo komertzializaziorako materia eta elementuetan, honakoak jartzea: argibideak, izen sozialak, izen edo deitura komertzialak, esapideak, zeinuak, markak, sinboloak, enblemak, deiturak, designazioak, kalifikazioak, produktu motak, jatorriaren adierazpenak, edota erabilitako ekoizpen- edo prestaketa-sistemak; baldin eta:

      1. Ez badagozkio produktuari, edo, fonetikoki, grafikoki edo ortografikoki beste zerbaitekin antza dutelako nahasmendua eragin badezakete; nahiz eta honelako terminoak agertu: motakoa, estilokoa, generokoa, imitazioa, ordezkoa edo antzekoak.

      2. Ez badatoz bat operadorearen benetako izaerarekin.

      3. Ez badatoz bat benetako ekoizpen-, fabrikazio-, elaborazio-, ontziratze- edo banaketa-lekuarekin.

      4. Ezin badira egiaztatu.

      1. Arau-hauste larriak:

      1. Nekazaritzako edo elikagaigintzako produktuak merkaturatzea, produktu jakin hori erabiliko edo jasoko dutenei produktuen funtsezko bereizgarriei buruz informazio benetakoa, objektiboa, osoa eta ulergarria eman gabe, baldin eta informazio hori eman beharreko informazio minimoari badagokio, lege honen 50.2 artikuluan xedatutakoaren arabera.

      2. Aurreko atal horretan agindutakoa bete­tzen duten arren, produktua erabili edo kontsumitzeak zer arrisku ekar dezakeen adierazten ez duten nekazaritzako eta elikagaigintzako produktuak merkatura­tzea.

      3. Nekazaritzako eta elikagaigintzako produktu ontziratuen etiketan, aurkezpenean edo publizitatean ez jartzea Lege honetako 50.2 artikuluak agintzen duen informazio minimoa.

      4. Dena delako nekazaritza- edo elikagaigintza-industriak Nekazaritza eta Elikagaigintza Industrien Erregistroan eta Ardo eta Alkoholdun Edarien Botilaratzaileen eta Ontziratzaileen Erregistroan izena emateko eskabidea egina ez izatea, izena emanda egotea ezinbestekoa bada.

      5. Dena delako nekazaritza- eta elikagaigintza-industriak bere jarduerari dagozkien segurtasun-arauak ez betetzea, produktuak kaltegarri izateko eragina izan dezaketen faseetan, bai produkzioan, eraldatzean edo banaketan.

      6. Laginak hartzeko edo produktuei beste kontrolen bat egitearen kontra jartzea, Euskal Autonomia Erkidegoko organo eskudunek edo bere agenteek eskatutako informazio eta dokumentuak ematen gehiegi luzatzea edo ez ematea, ikuskapen-lanerako beharrezko izanik ere, eta dokumentu edo informazio faltsua ematea.

      7. Nekazaritzako eta elikagaigintzako enpresek ezinbestean izan behar dituzten erregistro-liburuak ez izatea.

      8. Nekazaritzako eta elikagaigintzako enpresek ezinbestean izan behar dituzten erregistro-liburuak eguneratuta ez eduki­tzea, eguneratzeko datatik hilabete pasa bada.

      1. Arau-hauste arinak:

      1. Nekazaritzako edo elikagaigintzako produktu jakin hori erabiliko edo jasoko dutenei informazio benetakoa, objektiboa, osoa eta ulergarria eman gabe merkaturatzea, baldin eta eman beharreko informazio minimoari gehitutako aukerako informazioa bada.

      2. Aurreko lerrokada horretan agindutakoa bete arren, produktua ondo erabili edo kontsumitzeko zer egin behar den adierazten ez duten nekazaritzako eta elikagaigintzako produktuak merkaturatzea.

      3. Zehaztasunari huts egitea, edo akatsak edo ez-aipatzeak egitea nekazaritzako eta elikagaigintzako produktuen edo elikagaien produkzio edo komertzializazioko elementuen etiketetan, dokumentu osagarrietan, dokumentu komertzialetan, erregistroetan, errotulazioan, aurkezpenean eta bilgarrietan, baldin eta zehaztasun-ezak, akatsek edo ez-aipatzeek ez badiote eragiten derrigorrezko oharrei edo produktuaren izate, izaera, kalitate, bereizgarri, osaera edo jatorriari buruzko informazioari.

      4. Nekazaritza- edo elikagaigintza-indus­triak nabarmen handitu edo txikitzea, industriak lekuz aldatzea, titulartasuna aldatzea, egoitza soziala aldatzea edo industria ixtea, horiek egiteko beharrezko erregistro-aldaketa eskatu ez bada.

      5. Nekazaritza- eta elikagaigintza-enpresek ezinbestean eraman behar dituzten erregistro-liburuak ez edukitzea eguneratuta; betiere, eguneratu behar ziren egunetik hilabete ez bada pasa oraindik.

      6. Ikuskaritza eta administrazio-kontrola egiteko beharrezko den dokumentazio edo informazio oso-osoa ez ematea.

        107. artikulua. Elikagaigintzako zehapenak.

      1. Arau-hauste oso larriei 30.001 eta 300.000 euro bitarteko isuna jarriko zaie; arau-hauste larriei 2.001 eta 30.000 euro bitarteko isuna, eta arinei, berriz, ohartarazpena eta gehienez 2.000 euroko isuna.

      2. Diruzko zehapenak ezartzean, helburua da arau-hausleentzat ez izatea hobe araua haustea hautsi duten araua betetzea baino; betiere, proportzionaltasun-printzipioa gogoan hartuta eta ezarri beharreko zehapena arau-haustearen larritasunaren araberakoa izanik.

      3. Egindako arau-haustea larria edo oso larria bada, organo eskudunak, horiez gain, beste zehapen batzuk ere erants ditzakete:

        1. Kaltea ez luzatzeko zuzentze-, segurtasun- edo kontrol-neurri egokiak jarraraztea.

        2. Merkantziak, produktuak, ontziak, etiketak eta arau-haustearekin lotutako bestelako gauzak konfiskatzea, edo, kasuan kasu, identifikatu gabeko produktuak konfiskatzea.

        3. Nekazaritza- edo elikagaigintza-enpresa aldi baterako ixtea: gehienez urtebete, arau-haustea larria bada; eta lau urtez edo betiko, arau-haustea oso larria bada.

        4. Arau-hauste larri edo oso larrien kasuan, eta araua hautsi dutenak lege honetako 58. artikuluan jasotako kalitate- eta jatorri-ikurren erregistroetan izena emanda badaude, bestelako zehapen bat ere erantsiko da kasuan kasu: deitura edo marka erabiltzeko eskubidea aldi baterako galtzea, edo erregistroan behin betirako baja ematea. Deitura edo marka erabiltzeko eskubidea aldi baterako galtzeak esan nahi du deituraren etiketak eta bestelako dokumentuak ezin izango direla erabili bitarte horretan. Erregistroetan behin betiko baja emateak esan nahi du arau-haustaileak erregistrotik kanpora geratuko direla eta, horrenbestez, deituraren edo markaren eskubide atxiki guztiak galduko dituztela, bai eta aurrerago onartuko diren bestelako ikurrenak ere, onartzen badira.

      4. Zehatzeko ahala izango duen organo titularra, hain zuzen, indarrean dagoen legediaren arabera egindako arau-haustearen kontrola eramateko eta ikuskapenak egiteko eskumena duen organoa izango da.

        108. artikulua. Elikagaigintzako zehapenen graduazioa.

        Arau-hauste bakoitzari jar dakizkiokeen zehapenen artean kasuan kasu zein egokitzen den erabakitzeko, honako irizpideak hartuko dira kontuan:

        1. Arau-haustea nahita egin den, edo utzikeria hutsagatik gertatu den.

        2. Behin baino gehiagotan gertatu den; hau da, prozedura berdinean zehatzen diren arau-hauste edo irregulartasun bat baino gehiago gertatzea.

        3. Eragindako kalteak nolakoak diren; bereziki, arau-hausteak eragin txarrik ekarri dion kontsumitzaileen osasunari edo interes ekonomikoei, edo nekazaritza- eta elikagaigintza-industrien interesei.

        4. Arau-hauste larriak edo oso larriak errepikatu diren; hots, hiru urteren barruan mota bereko arau-haustea errepikatzea, baldin eta errepikapena ebazpen irmo bidez aitortu bada, eta errepikatutako arau-hausteak ebazpenaren ondoren gertatu edo detektatu badira.

        5. Salmentaren edo produkzioaren bolumena, eta araua hautsi duen enpresaren garrantzia.

        6. Arau-haustea zehapen-espedientea ebatzi aurretik aitortu edo zuzendu den.

        7. Dena delako jarduera, zerbitzu edo instalazioan, beharrezko kontrolak eta arreta falta diren.

        8. Aurretik emandako abisuak zenbateraino ez diren bete.

        9. Araua hausteak zenbateko irabazi bidegabea ekarri duen.

          109. artikulua. Elikagaigintzako neurri osagarriak.

          1. Baldin eta merkantzia, produktu, ontzi, etiketa edo zehatutako arau-haustearekin lotutako bestelakoak kautelaz atzeman badira, kasu horretan, zehapen-prozedura ebaztea dagokion organoak berak erabaki beharko du atzemandakoekin zer egin.

            Nolanahi, zehapena ezarri zaion arau-haustea­rekin lotutako merkantzia, produktu eta gainerakoak suntsitu egin beharko dira, baldin eta erabiltzea edo kontsumitzea arriskutsu izan badaiteke osasun publikorako. Edozein kasutan ere, produktuok beste norabait eramateak, sun­tsitzeak edo konfiskatzeak eragindako gastuak arau-hausleak berak ordaindu beharko ditu, jabeari ordaindu behar zaion kalte-ordaina bar­ne, ez bada jabea bera izan araua hautsi duena.

          2. Baldin eta arau-hausleak ez badu bete neurri osagarri moduan ezarri zaion betebeharren bat, edo ez badu erabat bete, hertsapen-isuna jarriko zaio, ezarritako betebeharra edo zehapena erabat bete dezan. Isuna hiru hiletik behin pasatuko zaio, kasuan kasuko zehapena erabat bete arte. Nolanahi, zenbatekoa ezingo da izan 6.000 euro baino gehiagokoa zehapen bakoi­tzeko.

            Hertsapen-isunak independenteak izango dira, eta egindako arau-haustea zehatzeko jarriko diren isunekin bateragarri.

            110. artikulua. Elikagaigintzako arau-hausteen erantzukizuna.

          1. Ontziratutako produktuetan egindako arau-hausteen erantzule etiketan agertzen diren firmak edo izen sozialak izango dira, bai izendatuta agertzen direnak, bai zehazki identifikatzeko moduko bestelako zeinuren baten bidez ager­tzen direnak. Horrez gain, etiketan ez agertu arren, erantzule solidarioa izango da egile, fabrikatzaile edo ontziratzailea ere, baldin eta frogatzen bada arau-haustearen berri bazuela eta ados egon zela. Etiketak faltsifikatu egin badira, faltsifikazioaren berri jakinda produktuak komertzializatu dituztenena izango da erantzukizuna; eta zehapen-bideak ezartzen dituen neurriak aplikatuko zaizkie.

          2. Ontziratu gabeko produktuetan, etiketarik gabe ontziratutakoetan egindako arau-hausteen kasuan edota etiketan inongo firmarik edo izen sozialik jarri ez den kasuetan, produktuon edukitzailea izango da erantzule, non eta aurreko edukitzailea argi eta garbi identifikatzen ez den; nolanahi, edukitzaileak ere izango du erantzukizuna.

          3. Pertsona juridikoek (kontseilu arautzaileak eta ikuskapen eta kontroleko erakunde edo organoak barne) egindako arau-hausteen erantzukizuna subsidiarioki egotziko zaie beste hauei ere: horien administratzaile edo titularrei, ez badute beren esku zegoen guztia egin hautsi diren betebehar horiek ez zitezen hautsi; beren mendekoei betebeharrok ez betetzea onartu dietenei, edo arau-hausteak gertatzeko bidea eman duten akordioak hartu dituztenei.

          4. Lege honetan araututako arau-hausteek eragingo duten erantzukizun administratiboa erabat apartekoa izango da erantzukizun zibiletik eta zigor-erantzukizunetik, halakorik balego. Nolanahi, bi zigor ere ezar daitezke, subjektua, egintza eta oinarria ageri badira.

            111. artikulua. Elikagaigintzako arau-hausteak metatzea.

            Pertsona berari bi arau-hauste edo gehiago egozten bazaizkio, eta horietako bat beste arau-hauste bat egiteko bidea balitz, arau-hauste larrienari dagokion isuna jarriko zaie arau-hauste guztiei.

            112. artikulua. Zehapen-prozedura.

            Zehapen-prozedura honako arauek xedatu dutenaren araberakoa izango da: Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 1992ko azaroaren 26ko 30/1992 Legeak, hau da, zehatzeko ahala gauzatzeko erregelamendua onesten duen abuztuaren 4ko 1398/1993 Errege Dekretuan jasotakoak, eta Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioen zehatzeko ahalari buruzko otsailaren 20ko 2/1998 Legeak.

Lehena. Zehapenen zenbatekoa eguneratzea.

Gobernu Kontseiluari dagokio diruzko zehapenak eguneratzea. Horretarako, eguneratzea egiteko egunean Euskal Autonomia Erkidegoko KPI metatua hartuko da kontuan.

Bigarrena. Aurrekontuak aldatzea.

Ogasunean eta aurrekontuetan eskumena daukan sailak izango du ahalmena aurrekontuan beharrezko aldaketak egiteko, diru-sarrerak eta gastuak lege honen aplikazioaren eraginez sortutako premietara egokitze aldera.

Lehena. Indarrean dauden xedapenak.

Lege honetan xedatutako arauak garatzen diren arte, gaia arautzen duten erregelamendu-xedapenak aplikatuko dira orain arte bezala, betiere, lege honetan xedatutakoaren kontrakoak ez badira.

Bigarrena. Baimenak eta lizentziak.

Lege honetako 99. artikuluak aipatzen dituen baimen edo lizentzien titularrek orain arteko eskubide berak izaten jarraituko dute, lege hau indarrean sar­tzen denetik aurrera ere, beren administrazio-tituluen edukiaren arabera eta lege honetan xedatutakoaren arabera; halere, lege honetara moldatu beharko dute, lege hau garatzeko xedapenak sortzen diren heinean.

Hirugarrena. Nekazaritza-lurren bitartekaritza-bulegoak.

Lege honek 15. artikuluan aipatzen dituen nekazaritza-lurren bitartekaritza-bulegoak eratu artean, foru-organoetako sail eskudunek izango dute lege honen 14. artikuluan jasotako nekazaritza-lurren fun­tsetako ondasunak eta eskubideak kudeatu eta administratzeko ardura.

Laugarrena. Herrietako merkatu eta azoka tradizionalak.

Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administra­zioek lege honetara egokitu behar dute beren araudia, lege hau indarrean sartu eta urtebeteko epean, gehienez.

Aurrerantzean, indargabetuta geratuko dira maila bereko edo baxuagoko xedapen guztiak, lege honetan xedatutakoaren kontrako diren puntu guztietan; bereziki, bi hauek: Industria, Nekazaritza eta Arrantza sailburuak 1997ko maiatzaren 7an emandako Agindua, Nekazaritzako Aholku Mahai Nazionala erregulatzen duena, eta urriaren 11ko 290/2005 Dekretuaren 16. eta 18. artikuluak, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Sailaren egitura organiko eta funtzionala finkatzen dutenak.

Lehena. Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege orokorra aldatzea.

Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege orokorraren 65. artikuluari 2. atala gehitu zaio. Hauxe:

«2. Dena delako jarduera Nekazaritza- eta Elikagaigintza-politikari buruzko Legearen aplikazio-eremuan badago, xedapen horren 10. artikuluan agintzen dena bete beharko da».

Bigarrena. Ekainaren 30eko Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko 2/2006 Legearen aldaketa.

  1. Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legeari beste artikulu bat, 97 bis gehitu zaio.

    «97 bis artikulua. Balio agrologiko handiko lurretan egiteko proiektuen tramitazioa.

  1. Balio agrologiko handikotzat jo diren lurretan hau da, euskal landa-eremua antolatzeko unean-unean indarrean dagoen erreferentzia-esparruan ezarritako definizioarekin bat hala definitu diren lurretan egitekoa den edozein proiektu edo ekintza administratibok nekazaritza-gaietan eskumena duen foru-organoaren txostena ere izan beharko du. Txosten hori aztertuta, Lurralde Antolamendurako Batzordeak bere txostena prestatuko du, azken txostena, loteslea izango dena hirigintza-planeamenduko figurentzat».

  2. Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legearen lehen xedapen gehigarriaren 2. atalari beste artikulu bat, d), gehitu zaio.

    «d) Lege honen 97 bis artikuluan jasotako balio agrologiko handiko lurretan egitekoa den edozein proiektu edo ekintza administratibori buruzko txosten loteslea prestatzea».

    Hirugarrena. Erregelamendu bidezko garapena.

  1. Lege hau indarrean sartu eta urtebeteko epean, Gobernu Kontseiluak onespena eman beharko die lege hau aplikatu eta garatzeko lege honetan bertan jasotako xedapenei; nolanahi, lurralde historikoek ez dute galduko berei dagozkien erregelamendu-garapeneko eskumenak.

  2. Horrez gain, nekazaritzan eta elikagaigintzan eskumena daukan sailburuari ahalmena ematen zaio beharrezko aldaketak egiteko, lege honetako eduki soilik teknikoak Europar Batasuneko araudira eta bestelako eremuetako araudietara egokitze aldera, eta, bereziki, xedapen honen eranskinari dagozkion aldaketak egiteko.

    Laugarrena. Indarrean sartzea.

    Lege hau Euskal Herriko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean.

    Beraz, Lege honi men egiteko eta men eginarazteko agintzen diet, norbanako zein agintari direla, Euskadiko herritar guztiei.

    Vitoria-Gasteiz, 2008ko abenduaren 26a.

    Lehendakaria,

    JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.

Nekazaritza eta elikagaigintzako honako jar­duera-sektoreek eta nekazaritzako eta elikagaigintzako produktuak komertzializatzeko industriek eman behar dute izena lege honen 60. artikuluan xedatutako Euskal Autonomia Erkidegoko Nekazaritza eta Elikagaigintza Industrien Erregistroan; hain zuzen ere, hauek:..

  1. Haragiki-industria.

  1. Ganadua hil eta haragia kontserbatzea.

  2. Hegaztiak hil eta hegaztikiak kontserbatzea (arrautzen manipulazioa barne).

  3. Haragikien fabrikazioa.

  4. Hondakinen eta arriskuko material espezifikoen (AME) tratamendua.

  1. Arrainkiak eta arrainetan oinarritutako produktuak egin eta kontserbatzea.

  2. Fruta, barazki, leka eta patatak prestatu, kontserbatu, ontziratu, sailkatu eta eraldatzea.

  3. Landare nahiz animalia-koipe eta -olioak egitea.

  4. Esneki-industriak.

  1. Esne likidoaren fabrikazioa.

  2. Esnekien fabrikazioa.

  3. Izozkiak egitea.

  4. Esnekiak ontziratu eta kontserbatzea.

  1. Errotaritza-industria.

  1. Errotaritza-produktu, almidoi eta produktu amilazeoen fabrikazioa.

  2. Zerealen gordetegi eta biltegiak.

  1. Animaliak elikatzeko produktuen fabrikazioa.

  2. Bestelako elikagaien fabrikazioa.

  1. Ogi eta ogigintzako eta gozogintzako produktu freskoen fabrikazioa.

  2. Gailetak eta iraupen luzeko ogigintzako eta gozogintzako produktu freskoen fabrikazioa.

  3. Azukre-industria.

  4. Kakao, txokolate eta konfitura-industria.

  5. Jateko pasten fabrikazioa.

  6. Kafe, te eta infusioak ekoiztea.

  7. Eztia egin eta ontziratzea.

  8. Espezia, saltsa eta gozagarriak egin eta ontziratzea.

  9. Umeen elikagaigintzako prestakinak egin eta ontziratzea.

  10. Bestelako elikagaiak egitea.

  1. Edariak egitea.

  1. Alkoholdun edariak distilatu eta botilaratzea.

  2. Hartziduratik ateratako alkohol etilikoaren destilazioa.

  3. Ardoak egin eta botilaratzea.

  4. Sagardoa eta frutatatik hartzitutako bestelako edariak egin eta botilaratzea.

  5. Hartzidurazko bestelako edari destilatu gabeak egitea.

  6. Garagardoa egitea.

  7. Malta fabrikatzea.

  8. Ur mineralak ontziratzea.

  9. Freskagarriak egin eta botilaratzea.

  10. Tabako-industria.

  11. Egurra zerratu eta eskuilatzea; prestatu, tratatu eta eraldaketa industriala egitea, zuraren legean jasota dagoen moduan.

  12. Zereal, hazi eta ganaduarentzako elikagaien handizkako komertzioa.

  13. Perretxiko eta basoko fruituen prestaketa, kontserbazioa eta tratamendua.

  14. Energia berriaren produkzioa, biomasatik eta nekazaritzako lehengaietatik.

  15. Hainbat produktutarako hozkailu-biltegia.

Gaiarekin lotutako edukiak


Arauaren historia (22)

Arauaren historia

Eskumenak eta transferentziak (8)

Eskumenak eta transferentziak

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.