Etxebizitza eta Hiri Agenda Saila

Arautegia

Inprimatu

203/2011 DEKRETUA, irailaren 27koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Nekazaritzako Ustiategien Erregistro Orokorrari buruzkoa.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 199
  • Hurrenkera-zk.: 5021
  • Xedapen-zk.: 203
  • Xedapen-data: 2011/09/27
  • Argitaratze-data: 2011/10/19

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua; Ingurune naturala eta etxebizitza
  • Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa; Nekazaritza eta arrantza

Testu legala

Martxoaren 30eko 84/1993 Dekretuaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Nekazaritzako Ustiategien Erregistroa sortu eta arautu zen, eta, Nekazaritza eta Arrantza sailburuaren 1993ko irailaren 9ko Aginduaren bitartez, dekretu hori garatzeko arauak eman ziren.

Ustiategien erregistroa sortzearen xedea zen Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoei oinarrizko tresna bat ematea sektorea antolatzeko, ekonomiaren plangintza egiteko eta estatistika-helburuetarako, bai eta beste edozein motatako jomugetarako ere. Horri esker, EAEko administrazio publikoek beharrezko informazio guztia izango dute, beren eskumenak behar bezala erabil ditzaten, era iraunkorrean, integratuan eta eguneratuta.

Gero, Nekazaritza eta Elikadura Politikaren 17/2008 Legeak, abenduaren 23koak, 11. artikuluan jaso zituen Euskal Autonomia Erkidegoko Nekazaritzako Ustiategien Erregistroa zuzentzeko oinarrizko printzipioak. Horrez gain, erregistro horretan nahitaez erregistratzeko betebeharra jarri zuen, ezarriko diren laguntzak jasotzeko eta sustapen-neurriak ezarri ahal izateko. Halaber, lege horretan xedatu zen lehentasunezkotzat jotzen ziren nekazaritzako ustiategiak bereizi behar zirela erregistroan.

Martxoaren 30eko 84/1993 Dekretua argitaratzea eragin zuten printzipioak eta oinarriak ez dira aldatu, baina dekretu honek Euskal Autonomia Erkidegoko Nekazaritzako Ustiategien Erregistroaren arautzea egokitu du arlo horretan sortu diren eskakizun berrietara eta araudian egin diren aldaketetara; besteak beste, aipatzekoa da titulartasun partekatuari buruzko aldaketa. Horregatik, dekretu honek indargabetu eta ordezkatu egingo ditu, bai martxoaren 30eko 84/1993 Dekretua, bai Nekazaritza eta Arrantza sailburuaren 1993ko irailaren 9ko Agindua.

Orobat dekretu honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoan lehentasunezkoak diren nekazaritzako ustiategiak definitzea eta lehentasunezkotzat jotzeko prozedura arautzea. Gaur arte, lehentasunezko nekazaritzako ustiategien araudia 168/1997 Dekretuaren zati batean jasota zegoen (168/1997 Dekretua, uztailaren 8koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Lehentasunezko Nekazaritzako Ustiategiak arautzen dituena, eta lur-lantzeko unitate minimoak ezartzen dituena EAEko eskualdeetarako eta lurralde historikoetarako). Hori dela-eta, uztailaren 8ko 168/1997 Dekretuaren aipatutako zatia indargabetu egingo da; soilik lur-lantzeko unitate minimoei buruzko atala izango da indarrean, aurrerantzean.

Foru-aldundiek funtsezko eginkizuna dute Euskal Autonomia Erkidegoko Nekazaritzako Ustiategien Erregistro Orokorraren antolaketan eta funtzionamenduan; hain zuzen, foru-aldundi bakoitzak bere lurraldeko nekazaritzako ustiategien erregistroa kudeatzeko eta eguneratuta izateko ardura du. Horregatik, dekretu hau foru-aldundiekiko lankidetzan egin dugu.

Era berean, dekretu hau egiteko kontsulta egin diegu sektoreko erakunde profesionalei.

Horri jarraikiz, behin dagozkion nahitaezko txostenak eginda, eta Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoarekin bat, Gobernu Kontseiluak 2011ko irailaren 27an egindako bileran eztabaidatu eta onartu ondoren, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuak proposatuta, honako hau

  1. Dekretu honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko Nekazaritzako Ustiategien Erregistro Orokorraren antolaketa eta funtzionamendua arautzea. EAEko administrazio publikoen tresna izango da, administrazioek nekazaritza sektorea garatzeko, planifikatzeko eta antolatzeko behar duten informazio osoa izan dezaten modu iraunkorrean, integratuan eta eguneratuta.

  2. Orobat dekretu honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoan lehentasunezkoak diren nekazaritzako ustiategiak definitzea eta lehentasunezkotzat jotzeko prozedura arautzea.

  1. Euskal Autonomia Erkidegoko Nekazaritzako Ustiategien Erregistro Orokorrak izaera administratiboa eta publikoa du, eta Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritzako ustiategiak erregistratzea du helburu. Erregistroan jasoko diren datuak Euskadiko nekazaritza-ekoizpenaren kalitate-bereizgarriei eta markei eta askotariko ekoizpen-motei buruzko beste berariazko erregistro batzuetan dauden datuekin osatuko dira.

  2. Euskal Autonomia Erkidegoko Nekazaritzako Ustiategien Erregistro Orokorreko datuek Izaera Pertsonaleko Datuak Babesteko 15/1999 Lege Organikoan, abenduaren 13koan, jasotako araudiak xedatzen duena beteko dute.

  1. Dekretu hau aplikatzeko definizioak Nekazaritza eta Elikadura Politikaren 17/2008 Legeak, abenduaren 23koak, 4. artikuluan jasotakoak izango dira. Aldian-aldian, zirkular batean jasoko dira une bakoitzean indarrean diren legezko definizioak, dekretu honetan xedatutakoan eragina dutenak.

  2. Erregistroa antolatzeko, zenbait ustiategi mota bereiziko dira: ustiategi profesionalak, autokontsumorako ustiategiak eta beste mota bateko ustiategiak, aldi baterakoak edo iraunkorrak (azken mota horretako ustiategiak, nahiz eta xede nagusitzat nekazaritzako ekoizpena ez izan, erregistratu egin behar dira, sektoreko xedapen arau-emaileek hala agintzen dutelako). Dekretu honen 10. artikuluan aipatutako Bitariko Batzordearen erabaki baten bidez, bereizketa horiek egiteko irizpideak ezarriko dira. Irizpideetako bat izan daiteke gutxieneko neurria bete dezaten eskatzea, bakoitzaren ekoizpen-joeraren arabera, nekazaritzako ustiategi profesionaltzat jo daitezen. Irizpide horiek dekretu hau garatzeko emango den aginduaren bidez argitaratuko dira.

  3. Nekazari profesionaltzat eta jarduera nagusia nekazaritza duen langiletzat jotzeko eskatzen diren errenta-mailak eta ehunekoak (nekazaritza-jardueratik eta jarduera osagarrietatik datozenak) urteko batez besteko errentak izango dira. Horretarako, kontuan hartuko da azken hiru urteetako nekazaritza-jarduera, kalkulua egingo den urtekoa barne dela. Horren ondorioetarako, ustiategiaren titular den pertsonari honako hauek ezarriko zaizkio:

    1. Ustiategian egindako nekazaritzako jardueren eta jarduera osagarrien errenta. Nekazaritza-jardueratik etorritako errentatzat joko dira honako hauek: jarduera horri loturiko laguntzak eta diru-laguntzak; nekazaritzako produktuen prezioak konpentsatzeko funtsetatik datozen laguntzak, eta helburu sozial soilik nekazaritzako ekoizpena duten kooperatiben edo merkataritzako sozietateen bazkideek jasotzen dituzten soldatak.

    2. Bestelako enpresa-jardueretatik edo jarduera profesionaletatik eratorritako errentak, bai eta ustiategitik kanpo egindako lanetik datozen errentak ere, zerga arloan nahitaez aitortu behar diren ondasun pasiboak eta pentsioak barne direla.

    3. Higigarrien eta higiezinen kapitalaren errenten % 50, irabazpidezko ondasunen erregimena izanez gero, eta errenta pribatiboen % 100.

  4. Nekazari gazteek, lehendabizikoz instalatzen direnean eta landa-garapeneko programetan ezarritako nekazari gazteak instalatzeko laguntza eskatzen dutenean, nekazari profesionaltzat joko dira, nahiz eta instalatze aldian ez iritsi horretarako eskatzen diren errenta-maila eta -ehunekoetara. Instalatze-aldia nekazari gazteek instalatzeko laguntza eskatzen dutenean hasi eta instalatze-espedientea amaitzen denean bukatuko da.

  5. Lehenengoz instalatzeko beste kasu batzuetan, lehenbizikoz instalatuko diren nekazariak nekazari profesionaltzat joko dira, nahiz eta instalatze-prozesuko lehen hiru urteetan ez iritsi horretarako eskatzen diren errenta-maila eta -ehunekoetara. Profesionaltzat jotzeko, baina, horretarako eskatzen diren nekazaritza-jarduerako dedikazio-mailak bete behar dituzte.

  1. Baldin ustiategi bateko ekoizpen-baliabide guztien edo batzuen gaineko erabilera, edukitze- edo ekoizpen-eskubideren bat duen pertsona fisiko bat ustiategi horren titularra bada, eta ustiategi horren ekonomia-kudeaketa eta -arriskua pertsona batek baino gehiagok partekatzen badute, pertsona horiek guztiak ustiategiaren titularkide direla joko da, kudeaketa nork egiten duen kontuan hartu gabe.

  2. Erregistratutako ustiategi batean, titularra pertsona fisiko bat denean, baldin nekazaritza-jarduera bai senarrak eta bai emazteak biek edo izatezko bikoteko bi kideek era zuzenean eta pertsonalean egiten badute, ustiategi horren gaineko titulartasuna partekatua izango da, figura juridiko hori arautzen duten legeek eta arauek xedatutakoaren arabera, eta lege eta arau horiek ezarriko dituzten ondorioekin.

  1. Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritzako ustiategi guztiak erregistratuta egon behar dira Euskal Autonomia Erkidegoko Nekazaritzako Ustiategien Erregistro Orokorrean.

  2. Horren ondorioetarako, Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritzako ustiategitzat joko dira Nekazaritza eta Elikadura Politikaren 17/2008 Legeak, abenduaren 23koak, 4.4. artikuluan jasotako definizioarekin bat datozen nekazaritzako ustiategiak, beren instalazioak edo eraikinak edo lurren zati handiena EAEko lurralde-eremuaren barruan dituztenak. Baldin ustiategiak abeltzaintzakoak badira, lehentasuna emango zaio ustiategiaren instalazioak dauden tokiari; eta baldin instalazioak autonomia-erkidego baten baino gehiagotan badaude, abelburu gehien hartzen dituzten instalazioak kokatuta dauden autonomia-erkidegoa lehenetsiko da. Nekazaritzako ustiategietan, ustiategiak bere azaleraren zatirik handiena duen lurralde-eremua lehenetsiko da.

  3. Ustiategia erregistroan erregistratu behar da nahitaez, eta datuak eguneratuta izan eta zehatz eman behar dira, EAEko administrazio publikoek nekazaritza eta elikadura-politikaren esparruan ezarriko dituzten laguntzak eta sustapen-neurriak eskuratu ahal izateko, bai eta kuotak, ekoizpen-eskubideak eta emakidak esleitzeko ere.

  1. Erregistroan, egoki denean, honako datu hauek jasoko dira, gutxienez:

    Ustiategiaren titulartasunari buruzko datuak.

    Ustiategiaren ezaugarri orokorrei buruzko datuak: kokalekua, ekoizpen-joera, lurrak, instalazioak, eraikinak eta ustiategiari loturiko eraikuntzak eta makinak.

    Kuotei, ekoizpen-eskubideei eta ustiategiaren emakidei buruzko datuak, bai eta haien eskualdatzeei buruzkoak ere.

    Abeltzaintzako ustiategiak badira: abereen erroldari eta abeltzaintzako jarduera egiteko erregimenari buruzko datuak, bai eta jarduera hori egiteko nahitaezko diren gainerako datuak ere. Bereziki, jasota geratu behar dira 479/2004 Errege Dekretuan eskatzen diren datuak (479/2004 Errege Dekretua, martxoaren 29koa, Abeltzaintzako Ustiategien Erregistro Orokorra ezarri eta arautzen duena).

    Ustiategiaren kalifikazioa.

    Erregistratzeko datuak dekretu honen I. eranskinean jasotako ereduen arabera bilduko eta antolatuko dira.

  2. Lur landuei buruzko aitorpena eta Nekazaritza Politika Erkidearen (NPE) laguntzak eskatzeko eskabide bakarrean ageri diren gainerako datuak jasoko dira erregistroan, urtero. Era berean, erregistroan jasota geratuko da zer diru-laguntza publiko jaso duten kasuan kasuko nekazaritzako ustiategiaren titular direnek, egiten duten nekazaritza-jardueraren arabera.

  3. Orobat erregistrora irauliko dira titularren nekazaritza-jarduerari buruz beste erregistro batzuetan jasotako datuak, honako hauei buruzkoak, besteak beste: askotariko ekoizpen-metodoak (ekoizpen ekologikoa edo integratua); kalitate-bereizgarriak, markak edo labelak; jatorri-deiturak eta adierazpen geografiko babestuak; eta etorkizunean sortuko den beste edozein.

  1. Euskal Autonomia Erkidegoko Nekazaritzako Ustiategien Erregistro Orokorra lurralde historiko bakoitzeko nekazaritzako ustiategien erregistroek osatuko dute. Erregistro horiek datu-base berean integratuta egongo dira, eta datu-base hori dekretu honen I. eranskinean ezarritakoaren arabera eratuko da. Datu-basea nekazaritzaren arloan eskumena duen Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko sailak kudeatuko du.

  2. Foru-aldundiek izango dute bakoitzak bere lurraldeari dagokion nekazaritzako ustiategien erregistroa mantentzeko ardura. Halaber, foru-aldundiek bakoitzak bere lurraldean erregistroaz arduratzen diren bulegoak kudeatuko dituzte.

  3. Foru-aldundietako nekazaritzaren arloan eskumena duten sailek eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko nekazaritzaren alorrean eskumena duen sailak sartuko dute erregistroko informazioa artikulu honen 1. paragrafoan aipatutako datu-basera, modu jarraituan. Era horretan, erregistroa uneoro eguneratuta egongo dela bermatuko da.

  4. Erregistroko bulegoak ziurtagiriak egingo ditu dauden inskripzioei, inskripzioen indarraldiari eta eguneratzeari buruz, bai eta erregistroan dauden datuei buruz ere, artxibo eta erregistroetara sartzeko eskubideari buruzko arauen arabera.

  5. Orobat Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko nekazaritzaren arloan eskumena duen sailak eta foru-aldundiek erregistroan dauden datuak eskura izango dituzte, nekazaritzaren alorrean dituzten eskumenak erabili ahal izateko, eta dekretu honen 1. artikuluan ezarritako helburuak bete ahal izateko, datu pertsonalak babesteari buruz indarrean den legedian xedatutakoarekin bat.

  6. Euskal Autonomia Erkidegoko Nekazaritzako Ustiategien Erregistro Orokorrean dauden datuak gutxienez sei urtez gorde behar dira, baja eman arren.

  7. Dekretu hau aplikatzetik sortuko diren administrazio publikoekiko harremanetan, idatzizkoetan zein ahozkoetan, pertsona fisikoek eta pertsona juridikoen ordezkariek euskara eta gaztelania erabiltzeko eskubidea eta aukeratuko duten hizkuntzan arreta jasotzeko eskubidea izango dutela bermatuko da. Halaber, Euskal Autonomia Erkidegoko Nekazaritzako Ustiategien Erregistro Orokorraren funtzionamenduan, Euskararen Erabilera Arauzkotzeko 10/1982 Legeak, azaroaren 24koak, 7. artikuluan xedatutakoa beteko da.

  1. Nekazaritzako ustiategi baten titularrek, titularkideek edo ordezkariek erregistratzeko eskaera egin behar dute dagokien erregistroko bulegoan, kasuan kasu egoki izango diren dokumentuak aurkeztuta. Dekretu honetako 10. artikuluan aipatutako batzordeak ezarriko du erregistratzeko eskabidearen eredua, Euskal Autonomia Erkidego osorako.

  2. Orobat ustiategiari buruzko datuetan egindako funtsezko aldaketak erregistra daitezen ere eskatu behar dute. Horri lotuta, funtsezko aldaketatzat joko dira dekretu honen II. eranskinean adierazitakoak.

  3. Aurreko paragrafoan aipatutako eskabidearekin batera, edo beste edozein unetan, nekazaritzako ustiategi baten titular diren pertsonek baimen bat sinatu dezakete, erregistroko bulegoak titularren izenean eskura ditzan EAEko administrazio publikoek nekazaritzaren arloan dituzten eskumenak erabiltzeko beharrezko diren datuak, edo titularrek eskatuko dituzten laguntzak edo diru-laguntza publikoak kudea ditzaten, hala nola foru-ogasunekiko eta gizarte-segurantzarekiko betebeharrak betetzen dituztela egiaztatzen duten ziurtagiriak, edo nekazaritzaren arloan egiten duten jardueraren arabera erregistratuta dauden erregistroetako datuetarako sarbidea.

  4. Ustiategiaren lurren edo eraikin edo instalazio nagusien zati handiena dagoen udalerriari dagokion lurralde historikoan egin behar dute eskaera. Baldin ustiategiren batek lurralde historiko baten baino gehiagotan baditu instalazioak edo lurrak, eta ustiategia abeltzaintzakoa bada, lehentasuna emango zaio ustiategiaren instalazioak dauden tokiari; baldin instalazioak lurralde historiko baten baino gehiagotan badaude, berriz, abelburu gehien hartzen dituzten instalazioak kokatuta dauden lurralde historikoa lehenetsiko da. Nekazaritzako ustiategiak badira, ustiategiak bere azaleraren zatirik handiena duen lurralde historikoa lehenetsiko da.

  5. Nolanahi ere, nekazaritzako ustiategi baten azalera lurralde historiko batean baino gehiagotan badago, jardunean dagoen bulegoak kasuan kasuko erregistratze-prozedura hasi dela jakinaraziko die tartean diren gainerako bulegoei. Baldin desadostasunik badago, dekretu honetako 10. artikuluan aipatutako batzordeak ezarriko dituen irizpideei jarraituko zaie.

  6. Erregistroko bulegoak ofizioz has dezake ustiategi baten edo ustiategiaren funtsezko aldaketen hasierako erregistratze-espedientea, edozein arrazoi dela-eta erregistratu gabeko nekazaritzako ustiategi bat dagoela jakiten badu. Erregistratzeko edo funtsezko aldaketak egiteko proposamenaren berri emango die interesdunei, berrets dezaten eta, behar bada, datuak zuzen ditzaten.

  7. Saiatuko da dekretu honetan ezarritako prozedurak eta espedienteen izapidetzeak bitarteko telematikoen bidez egiteko eta kontsultatzeko aukera ematen. Bitarteko horiek erabiltzea borondatezkoa izango da, eta interesdunak, hala nahi badu, adierazi beharko du lehentasuna ematen diela bitarteko horiei, edo berariaz onartzen dituela. Aipatutako onarpen hori eskabidean adierazi beharko du.

  1. Erregistroko bulegoak, erregistratzeko eskaera aurkezten denetik aurrera, hilabeteko epean, egoki joko dituen egiaztapenak eta txostenak egin eta gero, ustiategia erregistroan erregistratuko du, edo erregistratzeari uko egitea erabakiko du (ukatzen badu, horretarako arrazoiak eman behar ditu bulegoak), eta eskatzaileari emango dio hartutako erabakiaren berri. Baldin ebazpen-epea igaro bada, eta organo eskudunak ez badu berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi, eskaerak baietsitzat joko dira, azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 43.2. artikuluarekin bat.

  2. Erregistroaren ardura duen bulegoak uneoro egin ditzake egokitzat joko dituen egiaztapenak eta, behar denean, erregistratzean aldaketak egin ditzake. Edo, bestela, erregistratzea bertan behera utz dezake, baldin frogatzen bada ustiategia dagoeneko ez dagoela edo ustiategiak ez dituela betetzen erregistratzeko bete behar dituen baldintzak. Nolanahi ere, aurrez interesdunek esateko dutena entzun beharko du.

  3. Era berean, lurralde historiko bakoitzeko nekazaritzako ustiategien erregistroaren ardura duen bulegoak egiaztatuko du ea nekazaritzako ustiategiak betetzen dituen ala ez dekretu honetako 11., 12. eta 13. artikuluetan lehentasunezko nekazaritzako ustiategi gisa sailkatzeko ezarritako baldintzak. Eta, interesdunek eskaera egiten badute, edo ofizioz, lehentasunezko nekazaritzako ustiategi gisa sailkatuko du kasuan kasuko ustiategia, baldin egoki bada.

  4. Kalifikazio horrek hiru urteko indarraldia izango du, baldin ustiategiak kalifikazio hori izateko bete behar diren baldintzak betetzen baditu epe horretan. Baldintzak betetzen ez baditu, lehentasunezko kalifikazioa bertan behera utziko da, interesdunak eskatuta nahiz erregistroaren ardura duen bulegoaren beraren kabuz; betiere, interesdunek esateko dutena entzun eta gero.

  5. Ustiategi bakoitzari identifikazio-zenbaki bat emango zaio, eta ustiategiaren lurren zati handiena edo eraikin edo instalazio nagusiak dauden udalerriari atxikiko. Baldin ustiategiren batek udalerri batean baino gehiagotan baditu instalazioak edo lurrak, eta abeltzaintzakoa bada, lehentasuna emango zaio ustiategiaren instalazioak dauden tokiari; baldin instalazioak udalerri batean baino gehiagotan badaude, ordea, abelburu gehien hartzen dituzten instalazioak kokatuta dauden udalerria lehenetsiko da. Nekazaritzako ustiategiak badira, ustiategiaren azaleraren zatirik handiena dagoen udalerria lehenetsiko da.

    Orobat erregistroko bulegoak erregistratutako ustiategiaren titular diren pertsonei txartel pertsonalizatu bat emango die (ustiategiaren txartela, aurrerantzean). Txartel horretan kasuan kasuko ustiategiari buruzko datuak jasoko dira, eta nekazaritzako administrazioek titularrei eska diezaiekete, txartelean ageri den ustiategiari loturiko kudeaketak eta izapideak egiteko.

  1. Nekazaritzako Ustiategien Erregistro Orokorreko Bitariko Batzordea eratzen da. Kide anitzeko organoa da, aholkularitza eman eta koordinazio-lanak egingo ditu eta nekazaritza arloan eskumena duen Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko sailari atxikita egongo da. Bitariko Batzordeak honako batzordekide hauek izango ditu: zortzi kide, foru-aldundien ordezkari bi, nekazaritzaren arloan eskumena duen Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko sailaren ordezkari bat eta nekazaritza eta abeltzaintzaren arloan eskumena duen zuzendaritzaren titularra. Azken hori izango da batzordeburu, eta berak eman ahalko du kalitatezko botoa, kasuan kasu.

  2. Bitariko Batzordearen helburuak izango dira honako hauek: erregistroaren funtzionamendua koordinatzea (7. artikuluan xedatutakoaren arabera), jarduteko irizpideak ezartzea eta erregistratze-arazoak konpontzea, eta, oro har, dekretu hau aplikatzean ager daitezkeen arazo tekniko guztiak ebaztea.

  3. Bitariko Batzordeak funtzionatzeko bere arauak ezarriko ditu, eta, halakorik ez badu, Administrazio Prozedurari buruzko Legeak I. tituluko II. kapituluan xedatutakoak zuzenduko du. Batzordeak urtean bilera bat egingo du, gutxienez.

  1. Artikulu honetan eta hurrengoetan ezarritako baldintzak betetzen dituzten nekazaritzako ustiategiak lehentasunezkotzat joko dira, eta hala sailkatutako ustiategiei legeek ematen dizkieten edo eman diezazkieketen abantailak lortu ahal izango dituzte.

  2. Nekazaritzako ustiategi bat lehentasunezkotzat jo dadin, ustiategiak honako baldintza objektibo hauek bete behar ditu:

    1. Gutxienez nekazaritzako lan-unitate baten erdia hartzeko aukera ematea.

      Nolanahi ere, titular denaren lana nekazaritzako lan-unitate bat balitz bezala zenbatu daiteke titularrak ez badu beste ordaindutako dedikaziorik, eta ustiategian ez badago soldatadun langile finkorik.

    2. Ustiategitik lortzen den laneko unitate-errenta erreferentziazko errentaren % 30 edo handiagoa izan behar da, eta errenta horren % 120 baino txikiagoa, 19/1995 Legeak azken xedapenetatik hirugarreneko bigarren paragrafoan xedatutakoarekin bat.

      Azaldutakoa gorabehera, eta 19/1995 Legeko azken xedapenetatik hirugarreneko hirugarren paragrafoan ezarritakoaren arabera, familia-ustiategiak edo titular pertsona fisikoak dituzten bestelako ustiategiak, eta elkarte modura eratutako ustiategiak (non bazkide gehienak nekazari profesionalak diren), mendiko nekazaritzako eremuetan edo baldintza txarrak dituzten eremuetan badaude, lehentasunezko nekazaritzako ustiategitzat joko dira ondorio guztietarako, baldin laneko unitate-errenta erreferentziazko errentaren % 10 edo gehiago bada, eta errenta horren % 120 baino txikiagoa bada, betiere dekretu honen 4. eta 5. artikuluetan ezarritako gainerako baldintzak betetzen badira.

  1. Titular pertsona fisikoa duen nekazaritzako ustiategia lehentasunezkotzat jo dadin, titularrak honako baldintza hauek bete behar ditu, aurreko artikuluko 2. paragrafoan ezarritakoez gain:

    1. Nekazari profesionala izan behar du.

    2. Beharrezko lanbide-prestakuntza izan behar du, edo ustiategia instalatu eta gehienez ere hurrengo bi urteetan lortu behar du, dekretu honen III. eranskinean ezarritakoaren arabera.

    3. 18 urte beteta izan behar ditu, eta 65 urte bete gabe.

    4. Nekazaritza-jardueraren arabera dagokion Gizarte Segurantzako erregimenean alta emanda egon behar da.

    5. Nekazaritza-jardueraren arabera dagozkion zergetan alta emanda egon behar da.

    6. Ustiategia kokatuta dagoen eskualdean edo eskualde mugakideetan bizi behar da (EAEk lurralde-antolamenduan egindako eskualdearen definizioaren arabera), salbu ezinbesteko kasuak edo premia nabarikoak.

  2. Titularkideak dauden edo titulartasun partekatua duten ustiategietan, nahikoa izango da titularretako edozeinek aurreko paragrafoan ezarritako baldintzak betetzea.

  3. Jaraunspen-erkidego bati dagokion nekazaritzako ustiategia bada, ez banatzeko itun bat egin beharko dute sei urteko aldirako, gutxienez. Eta gutxienez erkidego horretako kideetako batek artikulu honetako 1. paragrafoan ezarritako baldintzak bete behar ditu. Ez banatzeko aldia hasiko da ustiategia lehentasunezko gisa sailkatzeko eskaera egiten denetik aurrera.

  1. Elkarte modura eratutako ustiategia lehentasunezkotzat jo dadin, 11. artikuluko 2. paragrafoan ezarritako baldintzak bete behar ditu, eta, horrez gain, honako modalitate hauetakoren batekoa izan behar da:

    1. Erkidegoan ustiatzeko kooperatiba edo lan elkartuko kooperatiba izatea.

    2. Sozietate kooperatiboa edo eraldaketako nekazaritza-sozietatea izatea.

    3. Sozietate zibila, lan-sozietatea edo bestelako merkataritzako sozietatea izatea. Sozietate zibila bada, eskritura publiko bidez eratuta egon behar da. Sozietate anonimoa bada, sozietatearen ekintzak izendunak izan behar dira, eta sozietatearen kapitalaren % 50 baino gehiago (baldin halakorik badago) nekazari profesional diren bazkideena izan behar da. Halako sozietateek berariazko helburu izango dute titular diren ustiategian nekazaritza-jarduera egitea.

    4. Elkarte modura eratutako ustiategiak izatea, eta muga bakarraren barruan ustiategiaren azaleraren gutxienez bi heren elkartuta eratuta egotea; ustiategi horretako kide den pertsona bakar batek emandako azalera osoaren % 40 baino txikiagoa izan behar da. Mota horretako ustiategietan, ustiategiko kide batek gutxienez jarduera nagusi nekazaritza izan behar du, eta familia-ustiategien titular direnek 5. artikuluko 1. paragrafoan ezarritako gainerako baldintzak bete behar dituzte.

  2. Aurreko paragrafoko b) eta c) idatz-zatietan aipatutako sozietateek honako baldintza hauetakoren bat bete behar dute:

    1. Kide diren pertsonen gutxienez % 50 nekazari profesional izan behar dira.

    2. Ustiategiko kudeaketaren eta administrazioaren arduradun diren bazkideen bi herenak nekazari profesional izan behar dira; 5. artikuluko 1. paragrafoan ezarritako gainerako baldintzak bete behar dituzte, eta ustiategian egindako lan-bolumenaren gutxienez bi heren eman behar dute.

  1. Dekretu hau aplikatzeko, laneko unitate-errentatzat joko da lan-unitateari egozten zaion nekazaritzako ustiategian sortutako etekin ekonomikoa. Laneko unitate-errenta kalkulatzeko, ustiategiaren marjina garbiaren edo soberakin garbiaren eta ordaindutako soldaten zenbatekoaren batura ustiapenari eskainitako nekazaritzako lan-unitateen kopuruaz zatitu behar da.

  2. Laneko unitate-errenta kalkulatzeko, aldian behin eta ustiategiaren neurria, kokalekua, joera tekniko-ekonomikoa eta ekoizpen-sistema kontuan hartuta, nekazaritzaren arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako saileko titularraren agindu baten bidez, honako hauek ezarriko dira: marjina gordinak, ustiategiari dagozkion nekazaritzako lan-unitateak zehazteko modulu objektiboak eta ustiapen horren gastu finkoen koefizienteak.

  3. Dena den, ustiategien titular diren pertsonek egiazta dezakete laneko unitate-errenta zehaztu dutela, beren kontabilitateko datuak oinarri hartuta, edo Gizarte Segurantzari buruzko dokumentazioaren bidez.

Nekazaritzako ustiategiak, bai eta martxoaren 30eko 84/1993 Dekretuaren bidez sortutako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan jasota dauden datu guztiak ere, dekretu honen 7. artikuluan aipatutako datu-basean sartuko dira, automatikoki eta ofizioz. Erregistroko bulegoak datuak eskura ditzake, baldin datu-base horretan falta badira eta jasota egon behar badira.

Lehenengoa. Euskal Autonomia Erkidegoko Nekazaritzako Ustiategien Erregistroa sortu eta arautzeko 84/1993 Dekretua, martxoaren 30ekoa, indargabetzen da.

Bigarrena. Nekazaritza eta Arrantza sailburuaren 1993ko irailaren 9ko Agindua (Euskal Autonomia Erkidegoko Nekazaritzako Ustiategien Erregistroa sortu eta arautzeko 84/1993 Dekretua garatzen duena) indargabetzen da.

Hirugarrena. 168/1997 Dekretua (uztailaren 8koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Lehentasunezko Nekazaritzako Ustiategiak arautzen dituena eta EAEko lurralde historikoetan eta eskualdeetan lur-lantzeko unitate minimoak ezartzen dituena) indargabetzen da; baina dekretu horren 7. artikulua, EAEn lur-lantzeko unitate minimoei buruzkoa, ez da indargabetzen, eta indarrean izango da aurrerantzean ere.

Lehenengoa. Nekazaritzaren arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako saileko titularrari ahalmena emango zaio agindu bidez xedapenak eman ditzan, dekretu hau garatzeko eta aplikatzeko, eta, bereziki, dekretuko eranskinak egokitzeko eta aldatzeko.

Bigarrena. Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2011ko irailaren 27a.

Lehendakaria,

FRANCISCO JAVIER LÓPEZ ÁLVAREZ.

Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburua,

MARÍA DEL PILAR UNZALU PÉREZ DE EULATE.

  1. Titulartasuna.

    1. Titular pertsona fisiko bat edo zenbait dituzten ustiategiak.

    Titularren, titularkideen edo titulartasuna partekatzen duten pertsonen izena, egoitza, NAN zenbakia, posta-helbidea eta helbide elektronikoa.

    Titularren, titularkideen edo titulartasuna partekatzen duten pertsonen Gizarte Segurantzako afiliazio-erregimena eta zenbakia.

    Titularren senitarteko diren eta ustiategian laguntzen duten pertsonen (familia-laguntza) izena, egoitza, NAN zenbakia, posta-helbidea eta helbide elektronikoa.

    Ustiategiko langile finkoen izena, egoitza, NAN zenbakia, posta-helbidea eta helbide elektronikoa.

    Titularren, titularkideen edo titulartasuna partekatzen duten pertsonen nekazaritzako dedikazio-maila.

    Titularren, titularkideen edo titulartasuna partekatzen duten pertsonen lanbide-esperientzia eta trebakuntza.

    2. Titular pertsona juridikoak dituzten ustiategiak.

    Ustiategiaren titular den sozietatearen edo sozietateen izena, egoitza, identifikazio fiskaleko zenbakia (IFZ), posta-helbidea eta helbide elektronikoa.

    Forma juridikoa.

    Legezko ordezkaria.

    Titular diren sozietateetan bazkide diren pertsona fisikoen zerrenda eta partaidetzaren ehunekoa.

    Titular diren sozietateetan bazkide diren pertsona fisikoen nekazaritzako dedikazio-maila.

    Titular diren sozietateetan bazkide diren pertsona fisikoen lanbide-esperientzia eta trebakuntza.

  2. Ustiategiaren ezaugarri orokorrak.

    Ustiategiaren izena, forma juridikoa, egoitza, posta-helbidea eta helbide elektronikoa.

    Ustiategiaren kokapena: lurralde historikoa, udalerria eta biztanleria-gunea.

    Ekoizpen-joera orokorra (nekazaritza, abeltzaintza, barazkiak eta frutak, basogintza edo bestelakoak) eta ustiategiko ohiko ekoizpen mota. OTE kodea.

    Abeltzaintzako ustiategiak badira, jasota geratu behar dira Abeltzaintzako Ustiategien Erregistro Orokorra ezarri eta arautzen duen martxoaren 29ko 479/2004 Errege Dekretuan eskatzen diren datuak. Halaber, animalien zaintzaren eta ongizatearen ardura izango duen pertsona fisikoarenak ere jasota egon beharko dira.

    Ustiategiari atxikitako lurren eta lursailen zerrenda, eta non dauden adierazi behar da (udalerria, eremua, lursaila, esparrua), eta lursail bakoitzaren SIGPAC erreferentzia, azalera eta lurraren edukitza-erregimena ere adierazita.

    Ustiategiari atxikitako eraikinak eta instalazioak (etxebizitza, abeletxeak, ukuiluak, eskortak, biltegiak, negutegiak eta abar); halakoen azalera, funtzioa eta edukitza-erregimena ere adierazi behar dira.

    Ustiategiari atxikitako makinak (ibilgailuak, traktoreak, lanabesak eta abar). Makina horien matrikula, marka, modeloa eta potentzia adierazi behar dira, eta, makinak partekatzen badira, partaidetzaren ehunekoa, eta, baldin makinak errentan hartuak badira, erabilera-aldia.

    Ustiategiari eman zaion kodea.

  3. Ekoizpen-eskubide eta kuotak eta emakidak.

    Ordainketa bakarrerako eskubidea eta ustiategiari edo titularrei eman zaizkien bestelako eskubideak edo pizgarriak; halakoetan, eskubide horien jatorria, mota, kopurua eta balioa adierazi behar dira, bai eta edukitza-erregimena ere.

    Ustiategiari edo ustiategiaren titularrei ezarritako ekoizpen-kuotak (esne-kuota, azukre-kuota edo bestelakoak); halakoetan, kopurua edo kantitatea adierazi behar dira.

    Ustiategiari edo ustiategiaren titularrei esleitutako emakidak (ureztapena edo beste batzuk); halakoetan, kopurua, iraupena eta bestelakoak adierazi behar dira.

  4. Kalifikazioa.

    Ustiategiaren kalifikazioa: profesionala edo autokontsumorakoa.

    Ustiategian hartutako nekazaritza-laneko unitateak (NLU); halakoetan, familiaren NLUak, soldatadun pertsona finkoenak eta behin-behinekoenak adierazi behar dira.

    Ustiategiko laneko unitate-errenta.

    Ustiategia ea lehentasunezkotzat jo den; hala kalifikatu bada, kalifikazio hori egin den eguna eta indarraldia adierazi behar dira.

  5. Beste erregistro eta datu batzuk.

    Ustiategia edo ustiategiaren titularrak erregistratuta dauden erregistroak, ustiategiko nekazaritza-jardueraren arabera (ekoizpen ekologikoa, ekoizpen integratua, labelak edo kalitate-bereizgarriak, berme-markak, jatorri-deiturak, adierazpen geografiko babestuak eta abar), eta erregistro horietan jasota dauden datuak edo datuetarako sarbidea.

    Ustiategia edo ustiategiaren titularrak zein erakunderen kide diren edo zeinekin elkartuta dauden, ustiategiko nekazaritza-jardueraren arabera (elkarteak, kooperatibak, nekazari ekoizleen elkarteak eta abar), eta parte-hartze modua.

    Laboreen urteko aitorpena, eta Nekazaritza Politika Erkideko laguntzetarako eskabide bakarrean ageri diren gainerako datuak.

    Ustiategiaren titular diren pertsonek jaso dituzten diru-laguntzak, nekazaritza-jardueraren arabera.

Funtsezkotzat joko diren ustiategiko aldaketak erregistroan jaso behar dira egin eta berehala, dela titularrak eskatuta, dela erregistroaren ardura duen bulegoak berak, ofizioz (nolanahi ere, interesdunek eskaera egin behar dute, aurrez). Honako hauek joko dira funtsezko aldaketatzat:

  1. Nekazaritza-jardueran baja ematea.

  2. Ustiategiaren titularrak aldatzea.

  3. Sozietate bidezko nekazaritza-ustiategien forma juridikoan eta ordezkaritzan egiten diren aldaketak, eta bazkide diren pertsonei loturikoak.

  4. Ustiategiaren kokapen eta mugatze-aldaketak.

  5. Ustiategiaren ekoizpen-joerari loturiko aldaketak.

  6. Ustiategian hartzen diren nekazaritza laneko unitateen kopuruan egiten diren aldaketak.

  1. Beharrezko lanbide-prestakuntza izatea eskatzen bada, honako hauek prestakuntza hori dutela joko da:

    1. Dekretu honen ondorioetarako, honako hauek beharrezko lanbide-prestakuntza dutela joko da: nekazaritza-adarrean ikasketa-tituluak eskuratu dituztenek, gutxienez bigarren mailako lanbide-prestakuntza mailan, edo erdi- edo goi-mailako prestakuntza-zikloa egin dutenek.

    2. Oro har, a) idatz-zatian ezarritako baldintzak betetzen ez badituzte, nahikoa izango da nekazaritza-jardueran bost urtez baino gehiagoz dihardutela egiaztatzea.

  2. Nekazari gazteek, baldin aurreko paragrafoan ezarritakoa betetzen ez badute, nekazaritzan bi urteko lanbide-esperientzia dutela egiaztatu behar dute, edo, bestela, nekazaritzara sartzeko ikastaro trinkoa egin dutela, edo nekazaritzaren adarrean etengabeko prestakuntzako ikastaroak egin dituztela, gutxienez ehun eta berrogeita hamar (150) eskola-ordukoak. Nolanahi ere, instalatu eta gero, hiru urteko epea ezar daiteke, beharrezko prestakuntza eta lanbide-trebakuntza eskuratzeko.