Etxebizitza eta Hiri Agenda Saila

Arautegia

Inprimatu

126/2012 DEKRETUA, uztailaren 3koa, Euskadiko elikagaien artisau-ekoizpenari buruzkoa.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Osasun eta Kontsumo Saila; Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 148
  • Hurrenkera-zk.: 3520
  • Xedapen-zk.: 126
  • Xedapen-data: 2012/07/03
  • Argitaratze-data: 2012/07/31

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua; Ingurune naturala eta etxebizitza; Osasun eta kontsumoa
  • Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa; Nekazaritza eta arrantza

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Elikagaien artisautzak ez dauka erkidego-araudirik EBn haren aplikazio homogeneoa egiteko. Gure autonomia-erkidegoan nekazaritzako elikagaien artisau-ekoizpenak ez du lege-estaldura espezifikorik izan 17/2008 Legea, abenduaren 23koa, Nekazaritza eta Elikagaigintza Politikakoa onartu arte.

17/2008 Lege, abenduaren 23koan, III. tituluan, laborantza-, abeltzaintza- eta basogintza-ekoizpenaren printzipio orokorrak ezartzen dira, nekazaritza-lurraren eta haren inguruaren iraunkortasuna gordetzeko, elikagaitarako ekoizpenen osasun-segurtasuna zaintzeko, animalien ongizatea bermatzeko eta ekoizpena kontsumo-eskakizunetara egokitzeko, ezinbestekoa baita elkarri egokituta egotea. Titulu horretan, artisau-ekoizpena «Nekazaritza-ekoizpena» izenarekin agertzen da.

3 artikuluak hau dio: «Nekazaritza-arloko euskal administrazioek artisau-ekoizpenaren garapenaren alde lan egingo dute. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak erregelamendu bidez arautuko du ekoizpen hori. Besteak beste, babestutako ekoizpen motak, higiene eta osasun aldetik bete beharreko baldintzak, identifikatuko duen kalitate-ikurra, kudeaketa eta kontrol-sistema, eta Artisau Ekoizleen Erregistroa abian jartzea jasoko dira araudi horretan. Artisau-ekoizpenak Lege honen IV. tituluan jasotako printzipioak errespetatu beharko ditu beti; alegia, identifikazioaren, elikagai-segurtasunaren eta trazabilitatearen printzipioak».

Berriz ere heltzen zaio «artisau-ekoizpenari» lege bereko IV. tituluan, Kalitatea Nekazaritzan eta Elikagaigintzan izeneko kapituluan, jatorri eta kalitate-ikur moduan, ezaugarri bereziak dituzten nekazaritzako edo elikagaigintzako produktuak identifikatzeko. Ikurrek beren araudia edo baldintza-agiria daukate, bai eta kontrol-sistema ere. Horrek berekin dakar artisau-ekoizpenaren erregelamenduzko garapenerako beharrezkoa izatea haren elementu bereizgarriak erabiltzeko eta babesteko tresna bereziak definitzea.

Artisau-ekoizpen horren definizioa, batzuetan, zuzeneko salmentari lotu ohi zaio, baina komeni da bi kontzeptuak mugatzea, 17/2008 Lege, abenduaren 23koan egiten den artisau-ekoizpenaren arauketa ez delako soilik mugatzen norberaren ustiategian zuzenean egindako salmentetara edo ekoizleak berak tokian tokiko azoka eta feria tradizionaletan egindakoetara. Alde horretatik, ikusten da Legeko 56.2 artikuluan honako hauek ere jasotzen direla: artisau-ekoizlea ekoizpena merkaturatzen badute zuzeneko salmentaren edo bitartekarien bidez.

Elikagaien artisau-ekoizpena landa-inguruneko eta itsasertzeko familien baliabide ekonomikoen zati handia dira. Ekoizpen hori arautzean eta kalitate-ikur batez hornitzean, xedea ez da bakarrik EAEko elikadura-kultura gordetzeari eta natura-baliabideak zaintzeari estu lotutako sektore bat ezagutzea eta sustatzea, bai eta artisau-elikagaiei balio erantsia ematea ere, bizimodua ateratzeko bide horrek iraun dezan, ingurumena gehiago errespetatuko duten kudeaketa- eta ekoizpen-ereduen bidez.

17/2008 Legean finkatutako helburuak lortzeko, EAEko elikagaien artisau-ekoizpenak kalitateko lehengaien eta produktuen ekoizpenari lotuta egon behar du, kontsumitzaileek asko eskatzen baitituzte. Alde horretatik, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailari dagokio nekazaritzako eta arrantzako kalitate- eta berme-ikurrak ezartzea eta kontrolatzea, hala nola sektoreko enpresek haiek erabil ditzaten sustatzea, kasuan kasuko kudeaketa- eta kontrol-erakundeak sortuz eta kontrolatuz.

Era berean, aipatutako 17/2008 Legeak, elikagaien artisau-ekoizpenean arautu beharreko alderdien artean, higiene eta osasun-baldintzak jasotzeko beharra jasotzen du; baldintza horiek direla eta, bestalde, enpresa txikietan aplikatu beharreko arauak malgutzeko aukera jasotzen du erkidego-araudiak. Dekretu honetan elikagaien artisau-ekoizpenaz egiten den definizioak aukera emango du malgutasun-irizpide horiek aplikatzeko, higiene-kalitateari kalterik egin gabe, ekoizpenak txikiak izaki prozesuak ondo kontrola daitezkeelako; izan ere, ustiategiaren titularrak elikagaiaren ekoizpenaren fase guztiak zuzenean kontrolatzen ditu, eta bere gain hartzen du lehengaien eta produktuen osasun-kalitatearen erantzukizuna. Osasun eta Kontsumo Sailari dagokio bermeak ezartzea, malgutze hori azken kontsumitzailearen eskura jartzen diren produktuen segurtasunaren kalterako izan ez dadin.

Bestalde, arau eta erregelamentazio teknikoen esparruan eta informazioaren gizarteko zerbitzuei buruzko erregelamenduenean Europar Batasunari eman beharreko informazio-prozedura baliatu da dekretu honekin. Prozedura Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren ekainaren 22ko 98/34/EE Zuzentarauan (geroago, 98/48/EE Zuzentarau, uztailaren 20koak aldatu zuen) eta zuzentarau horiek Espainiako ordenamendu juridikora biltzeko uztailaren 31ko 1337/1999 Errege Dekretuan dago aurreikusita.

Azaroaren 26ko 30/1992 Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legean, 45. artikuluan, eskatzen zaie herri-administrazioei, teknika eta baliabide elektroniko, informatiko eta telematikoak abian jartzera jotzeko, euren jarduera garatzeko eta eskumenak baliatzeko. Horrela, azken urteotan, EAEko Administrazioak zenbait ekimen garatu ditu baliabide elektroniko eta informatikoak ezartzeko eta zerbitzu publikoak emateko. Horretarako, abenduaren 18ko 232/2007 Dekretua onartu du, administrazio-prozeduretan bitarteko elektroniko, informatiko eta telematikoen erabilera arautzen duena.

Etorkizunean, bitarteko elektronikoen bidez inskribatu ahal izango da Artisau Ekoizleen Erregistroan. Kontua da, alde batetik, Administrazioaren barneko eraginkortasuna hobetzea prozedurak kudeatzerakoan, eta, beste alde batetik, herritarrek administrazioarekin dituzten harremanak erraztea.

Arau honek 35 artikulu ditu zazpi kapitulutan eta hiru azken xedapenetan bilduta. Lehenengo xedapenean, 629/2009 Dekretuaren aldaketa jasotzen da; dekretu hori abenduaren 22koa da, eta Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala zehazten du. Bigarrenean, araua garatzeko eskumena xedatzen da. Eta hirugarrenean, araua indarrean jartzea.

  1. kapituluan, arauaren xedapen orokorrak biltzen dira; II. kapituluan, elikagaien artisau-ekoizpena; III.ean, artisau-ekoizleen erregistroa; IV.ean, kontrola eta ziurtapena; V.ean, «Artisau Elikagaigintza» kalitate-ikurra; VI.ean, Elikagaien Artisau Ekoizpenaren Euskal Kontseilua; eta VII.ean, azkenean, zehapen-araubidea.

    Horri jarraituz, 17/2008 Legeko Azken Xedapenetako Hirugarrenaren erregelamenduzko garapen-mandatua betez, aginduzko irizpen egokia eman ondoren eta Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoarekin bat etorriz, Osasun eta Kontsumoko sailburuak eta Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuak batera proposatuta eta Gobernu Kontseiluak 2012ko uztailaren 3an egindako bileran aztertu eta onartu ondoren,

  1. Dekretu honen xedea da Euskadiko elikagaien artisau-ekoizpena arautzea, babestutako ekoizpenen definizioari, bete beharreko higiene- eta osasun-baldintzei, identifikatuko duen kalitate-ikurrari eta bai ikurren bai Artisau Ekoizleen Erregistroa kudeatzeko antolaketa-neurrien kudeaketa eta kontrolerako sistemari dagokienez.

    Elikagaien artisau-ekoizpenak 17/2008 Lege, abenduaren 23ko, Nekazaritza eta Elikagaigintzakoan, hartako IV. tituluan eta kasu bakoitzean aplika dakiokeen araudi orokorrean eta sektorialean jasotako printzipioak errespetatu beharko ditu beti; alegia, identifikazioaren, elikagai-segurtasunaren eta trazabilitatearen printzipioak.

  2. Dekretu honek helburu hauek ditu:

  1. EAEko elikadura-kultura gordetzen eta ingurumena zaintzen laguntzen duten elikagaien artisau-ekoizpen eta -lantze tradizional txikiak sustatzea eta babestea.

  2. Nekazaritza- eta abeltzaintza-ustiategietako tokiko baliabideen balioa handitzea, haiek iraun ahal izan dezaten eta, horrenbestez, landa-inguruetako biztanleak finka daitezen, natura eta paisaia-inguruneari eusten laguntzeko; izan ere, zer baldintzatan garatzen den kontuan hartuta, ingurumena funtsean errespetatzen duen jarduera da.

  3. Lantze-metodo tradizionalak sustatzea, artisau-trebezian oinarrituta.

  4. Kalitatean bereizitako produktuak garatzea.

  5. Merkaturatze-zirkuitu laburrak sustatzea, zuzeneko salmentaren eta txikizkako merkataritzaren bidez, kontsumitzaileekiko harreman zuzena eta landa-ingurunearen, itsasertzaren eta hirien arteko trukea bideratzeko.

  1. Dekretu hau nekazaritza-ustiapenari lotutako eta Euskal Autonomia Erkidegoan ekoitzitako eta/edo landutako elikagaien artisau-ekoizpenari aplikatzekoa da.

  2. Dekretu honen esparruan, artisau-produktuen ekoizpen-, maneiu-, lantze-, eraldatze- eta ontziratze-lanak dekretu honetan eta produktu edo produktu-multzo bakoitzerako garatutako arau tekniko espezifikoetan ezarritako baldintzen arabera egiten dituzten pertsona fisikoak edo juridiko pribatuak izan ahal izango dira elikagaien artisau-ekoizleak.

  3. Elikagaien artisau-ekoizpenaren kalitate-ikurrera (dekretu honetako 23. artikuluan sortua) bil daitezkeen elikagaigintzako artisau-jarduerak dekretu honetako I. eranskinean jasotzen dira, eta Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Saileko buruaren aginduz aldatu ahal izango dira.

  4. Dekretu honen aplikazio-esparrutik salbuetsita daude ustiategiko eraldatu gabeko produktu primarioen ekoizpena, hazkuntza edo landaketa, arrautza freskoak sailkatzea, ontziratzea eta markatzea izan ezik.

Dekretu honen aplikaziorako, hurrengo terminoak eta definizioak ezarri dira:

  1. Nekazaritza-ustiategiari lotutako elikagaien artisau-ekoizpena: nekazaritzako produktuak manipulatzeko eta eraldatzeko jarduera, nekazariek eta abeltzainek egindakoa, beren ustiategietan lortutako lehengai nagusietatik abiatuta.

  2. Elikagaien artisau-ekoizlea: artisau-produktuen ekoizpen-, maneiu-, lantze-, eraldatze- eta ontziratze-lanak dekretu honetan eta produktu edo produktu-multzo bakoitzerako garatuko diren arau tekniko espezifikoetan ezarritako baldintzen arabera egiten dituzten pertsona fisikoak edo juridiko pribatuak, edo ondasun-erkidegoak.

  3. Artisau-produktuak: norberaren nekazaritza-ustiategian jarduera bakoitzerako arau teknikoan onartutako lantze-prozesuak errespetatuz lortutako lehengai nagusietatik ateratako produktuak dira.

  1. Elikagaigintzako artisau-produktuak produktu edo produktu-multzo bakoitzerako onartutako arau tekniko baten arabera ekoitzi, manipulatu, landu, eraldatu eta ontziratuko dira dekretu honetan xedatutakoari jarraikiz.

  2. Elikagaien artisau-ekoizpena bateragarria da beste kalitate-ikur batzuekin (jatorri-izen babestua, adierazpen geografiko babestua, berme-marka, nekazaritza ekologikoa eta ekoizpen integratua).

  3. Dekretu honetan arautako elikagaigintzako artisau-ekoizpena bateragarria da beste autonomia-erkidego eta estatu kide batzuetan indarrean dagoen araudian aurreikusitako antzeko kalitate-ikurrekin.

  1. Produktu edo produktu-multzo bakoitzaren elikagaigintzako artisau-ekoizpenerako arau tekniko espezifikoak Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuaren Agindu bidez onartuko dira, eta gero Euskal Herriko Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira.

  2. Arau teknikoak Elikagaien Artisau Ekoizpenaren Euskal Kontseiluak (dekretu honetako 26. artikuluan sortua) proposatuko dizkio Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuari, onar ditzan eta Euskal Herriko Aldizkari Ofizialean argitara daitezen.

  3. Elikagaigintzako artisau-produktuetarako arau teknikoetan, besteak beste, produktu edo produktu-multzo bakoitzerako higiene- eta osasun-baldintzak jasoko dira, eta merkaturatze-esparrua, salmenta-mota eta azken produktuari kalitate bereizgarria ematen dioten lantze tradizionala eta aurkezpen berezia kontuan hartuko dira, betiere printzipio hauek betez:

    1. Aukeratutako lehengaiak erabiliko dira; kasu bakoitzean, arau teknikoetan erabakiko da zein izango diren.

    2. Lantze-prozesuak artisau-trebeziaren arabera gauzatuko dira; produktu edo produktu-multzo bakoitzerako jardute trebe hori arau teknikoetan zehaztuko da.

    3. Lantze-prozesuak eskuz gauzatuko dira gehienbat, eta haietan oinarrizko bitarteko mekanikoak eta teknologikoak erabiltzea onartuko da.

    4. Ezingo da erabili gehigarri artifizialik, trans koiperik (artifizialki hidrogenatuta) edo palmondotik edo kokondotik lortutako koiperik, produktua egiteko teknologikoki ezinbestekoak direnak izan ezik, eta betiere arau teknikoan zehaztutako proportzioetan, azken produktuaren segurtasuna bermatzeko.

    5. Oro har, ezingo da produktu erdilandurik erabili, aparteko kasuetan izan ezik; kasu horiek dagokien arau teknikoan arrazoituko dira.

Nekazaritza-ustiategiari lotutako elikagaien artisau-ekoizpenerako baldintzak hauek dira:

  1. Ekoizpen, manipulatze, lantze, eraldaketa edo ontziratze-jarduera nekazaritzako ustiategian egitea.

  2. Artisau-produktua lantzeko, manipulatzeko edo eraldatzeko lehengaiak nagusiki ustiategikoak izatea.

  3. Ustiategiaren titularrak aldez aurreko jakinarazpena edo erantzukizunpeko adierazpena egitea osasun-agintari eskudunei, arauz ezarritako edukikoa.

  4. Pertsona fisikoen kasuan, nekazari profesionala izatea, abenduaren 23ko 17/2008 Legeko 4. artikuluan xedatutakoaren arabera.

  5. Pertsona juridiko pribatuen kasuan, bazkideen erdiek gutxienez nekazari profesionalak izan behar dute, abenduaren 23ko 17/2008 Legeko 4. artikuluan xedatutakoaren arabera; bai eta mikroenpresa izatea ere.

  1. Elikagaien artisau-lanketa, -ekoizpen eta eraldaketan bete beharreko higiene eta osasun-baldintzak osasun publikoaren esparruan horretarako indarrean dagoen araudiaren arabera ezarriko dira, horrelako ekoizpenetan aplikatzekoak diren eta produktu edo produktu-multzo bakoitzerako egindako arau teknikoak zehaztuko diren malgutze-irizpideei jarraituz, honako hauetan ezarritakoa bazter utzi gabe: 852/2004 Erregelamendua (EEE), Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, 2004ko apirilaren 29koa, elikagaigintzako produktuen higieneari buruzkoa; 853/2004 Erregelamendua (EEE), Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, 2004ko apirilaren 29koa, animalia-jatorriko elikagaietarako higiene-arau espezifikoak ezartzen dituena; eta 854/2004 Erregelamendua (EEE), Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, 2004ko apirilaren 29koa, gizakiak jateko diren animalia-jatorriko produktuen kontrol ofizialak antolatzeko arau espezifikoak ezartzen dituena.

  2. Aurreko lerrokadan aipatutako erkidego-araudiaz dekretu honetan jasotako aipamenei dagokienez, ulertu behar da aipatu gaia arautzen duen erkidego-araudiaz egindakoak direla une bakoitzean.

  1. Artisau Ekoizleen Erregistroa sortzen da; aurrerantzean, Erregistroa izango da.

  2. Erregistroak izate administratiboa eta publikoa du, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailari atxikita dago, eta bakarra da Euskal Autonomia Erkidego osoarentzat.

  3. Erregistroaren arduraduna Elikagaien Kalitate Zuzendaritzako burua izango da, eta aipatu zuzendaritzako langileek jardungo dute hartan; izan ere, zuzendaritza horrek kudeatuko du erregistroa prozedura informatikoak erabiliz.

  4. Erregistroan inskribatzeagatik, kasuan kasuko administrazio-tasa sortuko da, 1/2007 Legegintzako Dekretu, irailaren 11ko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Tasa eta Prezio Publikoei Buruzko Legearen testu bategina onartzeko denean eta hura aplikatzen edo garatzen duen araudian xedatutakoaren arabera.

  5. Erregistroan inskribatzea borondatezkoa da, eta kalitate-ikurra nahiz dekretu honetan adierazitako aipamenak erabiltzeko eskubidea emango du.

Erregistroa helburu hauek lortzeko sortzen da:

«Artisau Elikagaigintza» kalitate-ikurra eta Baserriko Artisau Produktuak aipamena erabiltzeko eskubidea duten elikagaigintzako artisau-ekoizleen inbentario eguneratua ematea.

Euskal Autonomia Erkidegoan egiten eta merkaturatzen diren nekazaritza-ustiapenari lotutako elikagaigintzako artisau-produktuen inbentario eguneratua ematea.

Tresna izatea elikagaigintzako artisau-ekoizpenaren kalitatea kontrolatzeko eta aldezteko.

Beti eguneratuta edukitzea inskribatutako elikagaigintzako artisau-ekoizleei buruzko beharrezko informazioa.

  1. Gutxienez, datu hauek bilduko dira:

    1. Ustiategiaren identifikazio-kodea.

    2. Egiten den artisau-produktua.

    3. Inskripzio-data.

    4. Eskatzaileak pertsona fisikoak badira, NA eta izena.

    5. Pertsona juridikoak badira, entitatearen izen soziala eta IFK.

    6. Helbide soziala, udalerria.

    7. Telefonoa, faxa, posta elektronikoa eta abar.

    8. Harremanetarako pertsonaren izena.

  2. Erregistro honetan, gainera, Estatuko Administrazio Orokorrak eta beste herri-administrazio batzuek jakinaraz diezazkioketen datuak ere jasoko dira.

Erregistroan egon ahal izateko, elikagaien artisau-ekoizleek honako hauek egin beharko dituzte:

  1. Dekretu honetan adierazitako betebeharrak eta baldintzak betetzea.

  2. Elikagaigintzako zer artisau-ekoizpenetan diharduten jakinaraztea.

  3. Ekoizten, manipulatzen, lantzen, eraldatzen edo ontziratzen duten produktuaren arau teknikoan xedatutakoa betetzea.

  4. Dekretu honetako 21. artikuluan xedatutakoaren arabera izendatutako Kontrol- eta ziurtatze-erakundeak egin beharreko kontrola (dekretu honetako 20. artikuluan aurreikusitakoa) pasatzeko hitza ematea.

  1. Erregistroan inskribatu nahi duten elikagaigintzako artisau-ekoizleek eskaera bat aurkeztu beharko dute. Eskaera hori Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Saileko Elikagaien Kalitateko zuzendariari bidaliko zaio, eta aurkeztu honako hauetan: Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren bulegoetan (Donostia kalea, 1 zk., 01010 Vitoria-Gasteiz,) edo, bestela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 38.4 artikuluan adierazitako lekuetako edozeinetan, eta 72/2008 Dekretuan xedatutakoaren arabera (apirilaren 29koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomiadunen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzkoa).

  2. Eskaera dekretu honetan II. eranskin moduan agertzen den eskabidearen bidez formalizatuko da. Hemen eskura daiteke: www.nasdap.ejgv.euskadi.net

  3. Eskaerarekin batera, dokumentazio hau aurkeztuko da:

    1. Eskatzailea pertsona fisikoa bada, eskatzailearen NAren fotokopia.

    2. Pertsona juridikoa izanez gero, enpresaren IFKren fotokopia, ahalordetze-eskriturarena, eta eskatzailearen NArena, hala nola erakundearen eratze-eskrituraren eta estatutuen fotokopia bana, dagokien erregistroan zigilatuta.

    3. Gutxienez hauek izango dituen memoria bat:

      Landu, manipulatu, eraldatu edo ontziratu behar den artisau-produktua, edo artisau-produktuak, osagai guztien osaera adieraziz.

      Erabilitako lehengaien zerrenda, jatorria, ezaugarriak eta aukeraketa-prozesua.

      Ekoizpen-, maneiu-, lantze-, eraldatze- eta ontziratze-prozesuen deskribapen osoa, eskuz egindako faseak bereiziz, bai eta, hala egokituz gero, mekanizatuak ere, eta azken horien mekanizatze-maila adieraziz.

      Ekoizpenean, maneiuan, lanketan, eraldaketan eta ontziratzean erabilitako lokalen eta instalazioen, establezimenduaren edo establezimenduen kokapena, deskribapen osoa eta krokis edo plano akotatuak.

      Lokal edo establezimendu berean dekretu honetako 23. artikuluan aurreikusitako kalitate-ikurrera bildutako produktuekin batera hartara bilduta ez dauden beste batzuk ekoizten badira, produktuen ekoizpen-, maneiu-, lantze-, eraldaketa- eta ontziratze-prozesuen bereizketaren deskribapen xehatua eta osoa eta krokis edo plano akotatuak.

      AutoKontrol- eta trazabilitate-sistemak, dekretu honetan eta egiten dituzten produktuen arau teknikoetan xedatutakoa betetzen dela bermatzeko.

      Produktuak merkaturatzeko azterketak eta aurreikuspenak (parte hartuko duen tokiko azoka edo feria tradizionalen zerrenda, merkaturatzeko aurreikusitako beste leku batzuk, merkaturatzeko erabiliko diren bideak, merkaturatzearen lurralde-esparrua eta abar).

      Hala egokituz gero, ustiategian zuzenean gutxi gorabehera zenbat saltzen den.

      Beste ezaugarri espezifiko batzuk.

    4. Dekretu honetako III. eranskineko ereduaren araberako erantzukizunpeko adierazpena. Eredua www.nasdap.ejgv.euskadi.net orrian dago, eta adierazpenean hauek jasoko dira:

      Aurkeztutako dokumentu guztien egiazkotasuna.

      Egiten duen elikagaigintzako artisau-jarduera.

      Dekretu honetako 21. artikuluan xedatutakoaren arabera izendatutako Kontrol- eta ziurtatze-erakundeak egin beharreko kontrola (dekretu honetako 20. artikuluan aurreikusitakoa) pasatzeko konpromisoa hartzea.

      Dekretu honetan jasotako guztia betetzea.

      Dekretu honetako 6. artikuluan aurreikusitako baldintzak betetzea.

      Ekoizten, manipulatzen, lantzen, eraldatzen edo ontziratzen duen produktuaren arau teknikoan xedatutakoa betetzea.

      Betetze horiek egiaztatzen dituen dokumentazioa eskura jartzea.

  4. Elikagaien Kalitate Zuzendaritzak dekretu honetako baldintzak bete direla egiaztatzeko beharrezkotzat jotzen duen beste dokumentazio guztia eskatu ahal izango du.

  5. Aurkeztutako dokumentazioan gertatutako edozein aldaketa Elikagaien Kalitate Zuzendaritzari jakinarazi beharko zaio, aldaketa gertatu eta gehienez ere 30 eguneko epean.

  1. Aurkeztutako eskaerak eta dokumentazioa aztertu eta dekretu honetako 21.1 artikuluan aurreikusitako kontrol eta egiaztapenerako erakundearen edo erakundeen informazioa jaso ondoren, Elikagaien Kalitate zuzendariari egokituko zaio aurkeztutako inskribapen-eskaeraz iritzia ematea, eta ebazpen egokia emango du erregistroan inskribatzea onartzeko edo ukatzeko. Aipatu ebazpen horrek arrazoituta egon beharko du.

  2. Inskribapen-eskaera aurkeztu eta gehienez ere sei hilabeteko epean eman eta jakinarazi behar da ebazpena. Epealdi horretan berariazko ebazpenik izan ezean, interesdunek eskabideak onetsi direla pentsatu ahal izango dute, 30/1992 Lege, azaroaren 26ko, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearenean, 43. artikuluan, xedatutakoaren arabera.

  3. Inskribapena onartzeko edo ukatzeko ebazpenaren kontra, pertsona interesdunak gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango du Nekazaritza eta Landa Garapeneko sailburuordearen aurrean, hilabeteko epean, ebazpena jaso eta hurrengo egunean zenbatzen hasita, edo hiru hilabeteko epean, administrazio-isiltasunak eragina duen egunaren hurrengo egunean zenbatzen hasita, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legeko 114. eta 115. artikuluetan xedatutakoari jarraituz.

Erregistroan inskribatutako elikagaigintzako artisau-ekoizleak kode alfa-zenbakizko batez identifikatuko dira; kodea honela osatuko da:

Lehendabizi, inbariantea egongo da: EAE (Elikagaien Artisau Ekoizpena).

Gero, kokatuta dagoen lurralde historikoa identifikatuko da. Arabako lurralde historikoa 01 digituekin, Bizkaikoa 48 digituekin eta Gipuzkoakoa 20 digituekin identifikatuko dira.

Azkenik, inskribapen-ordenaren arabera emango den lau zifrako zenbaki bat egongo da.

  1. Erregistroko inskribapenak ezeztatzeko, Elikagaigintzako Kalitate Zuzendaritzako buruak ebazpena eman beharko du: ofizioz, interesdunari entzun ondoren; edo interesdunak eskatuta, tartean inolako motibaziorik egon behar izan gabe.

  2. Erregistroko inskribapenaren ofiziozko ezeztapena arrazoi hauen ondorio izango da: inskribapenaren arrazoi izan ziren betebeharrak ez betetzea edo baldintzak galtzea; inskribapen-eskaerarekin batera edo hari gehituta doan edozein datu, adierazpen edo dokumentu zehatza ez izatea, gezurrezkoa izatea, edo haiek ez aipatzea, funtsezkoak izan arren; edo jarduera etetea, interesdunak hori jakinarazi ezean.

  3. Inskribapena ezeztatzeko ebazpenaren kontra, pertsona interesdunak gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango du Nekazaritza eta Landa Garapeneko sailburuordearen aurrean, hilabeteko epean, ebazpena jaso eta hurrengo egunean zenbatzen hasita, edo hiru hilabeteko epean, administrazio-isiltasunak eragina duen egunaren hurrengo egunean zenbatzen hasita, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legeko 114. eta 115. artikuluetan xedatutakoari jarraituz.

  4. Erregistroko inskribapenen ezeztapenak aipatutako arrazoiak jakin eta aurrerantzean kalitate-ikurra ezin erabiltzea ekarriko du, alde batera utzi gabe egon daitezkeen ardura penalak, zibilak eta administratiboak.

  1. Erregistroa publikoa da idazpenen edukiari dagokionez, hala nola erregistro-orrien edukiarekin zuzeneko edo zeharkako lotura duten gordailatutako dokumentuei dagokienez.

  2. Erregistroko informazio hau www.nasdap.ejgv.euskadi.net web-orrian egongo da:

    Elikagaigintzako artisau-ekoizlearen izen soziala.

    Ekoizten eta/edo lantzen dituzten artisau-produktuak.

Erregistroa informatizatu ahal izango da haren kudeaketa azkartzeko eta errazteko, eta betiere 15/1999 Lege Organikoan (abenduaren 13koa, Datu Pertsonalak Babesteari buruzkoa) xedatutakoa errespetatuko da, eta informazioaren eta komunikazioen teknologia berrien erabilera sustatuko da.

  1. Erregistroan inskribatzeko prozedura elektronikoki bideratzeko bitarteko egokiak baditu Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailak, eskatzaileen esku jarriko ditu, eta eskatzaileak haiek erabiltzera behartuta egon daitezke. Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuaren agindu batek garatuko du bitarteko horiek erabiltzeko prozedura, honako hauek kontuan izanik: 21/2002 Dekretua, otsailaren 21ekoa, Administrazio Elektronikoari buruzkoa; 72/2008 Dekretua, apirilaren 29koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta haren erakunde autonomiadunen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzkoa; eta Ebazpena, 2006ko otsailaren 9koa, E-Administraziorako Plataforma Teknologikoa (PLATEA) ezartzen duen dokumentua onartzen duen Informatika eta Telekomunikazioetako zuzendariarena.

  2. Izapidetze elektronikoa abian jartzen denean, erabilera elektronikorako eskaera-eredu normalizatuak eta haiek baliatzeko eta izapidetzeko argibideak interesdunen esku jarriko dira Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioaren egoitza elektronikoan, https://euskadi.net./ helbidean.

  1. Osasun publikoaren esparruan eskumenak dituen zuzendaritzako burua izango da elikagaigintzako artisau-produktuen osasun-kontrola egiteko agintari eskuduna.

  2. Kalitate-ikurren kontrol-esparruan eskumenak dituen zuzendaritzako burua izango da elikagaien artisau-ekoizpenaren kalitatea kontrolatzeko eta babesteko agintari eskuduna.

  1. Artisau Ekoizleen Erregistroan inskribatzea eskatu duten artisau-ekoizleen jarduera dekretu honetako 21. artikuluan xedatutakoaren arabera kontrolatze- eta ziurtatze-eginkizunak betetzeko izendatutako erakundeek kontrolatuko dute.

  2. Kontrol horren xedea izango da egiaztatzea dekretu honetan adierazitako betebeharretara egokitzen dela jarduera, eta ekoizten, manipulatzen, lantzen, eraldatzen edo ontziratzen duten produktuaren arau teknikoak betetzen dituela; kontrol horren kostuak, gainera, beren gain hartuko dituzte.

  1. Kontrol- eta egiaztapen-erakundea (edo erakundeak, hala egokituz gero) Elikagaigintzako Kalitate Zuzendaritzako buruak hautatuko du EAEko aldizkari ofizialean argitaratuko den ebazpen bidez.

  2. Izendapena EAEko Nekazaritzako eta Elikagaigintzako Produktuen Kontrol eta Egiaztapenerako Erakundeen Erregistroan (93/2001 Dekretua, maiatzaren 10ekoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Nekazaritza eta Elikagaigintza Produktuen Kontrol eta Egiaztapenerako Erakundeen Erregistroa sortzen eta arautzen duena) daudenen artean egingo da; erakundeok, gainera, honako hauek bete beharko dituzte:

    1. Hiru urteko gutxieneko esperientzia izan behar dute nekazaritzako elikagaien kalitate-kontroletan.

    2. Egiaztapeneko Erakunde Nazionalak (ENAC) kreditatuta egotea nekazaritzako elikagaien sektoreko hedadura batean behintzat, eta UNE-EN 45011 arauaren edo, hala egokituz gero, haren tokia hartzen duenaren arabera jokatzea.

    3. Hemen aurreikusitako zereginak bete ahal izateko nahiko baliabide edukitzea beti, bai langile kualifikatuen aldetik eta bai administrazio-azpiegituraren aldetik.

    4. Ondo bermatzea erakundearekin harremanen bat izango duten guztiek, pertsona fisiko nahiz juridikoa izan, bermatuta izango dutela harreman hori nahi duten hizkuntza ofizialean izateko eskubidea.

  1. Erregistroan inskribatzeko eskaera jaso eta, hala egokituz gero, zuzenketa egokiak egin ondoren, Elikagaien Kalitate Zuzendaritzako buruak eskaera jakinaraziko dio kontrolaren eta egiaztapenaren ardura duen erakundeari, beharrezkotzat jotzen dituen ikuskapen eta egiaztapen guztiak egin ditzan, dekretu honetan eta egiaztagiriaren xede den produktuaren (edo produktu-multzoaren) arau teknikoetan adierazitako baldintzak betetzen direla ziurtatzeko.

  2. Gainera, Kontrol- eta egiaztapen-erakundeak (edo erakundeek) hauek ere egin beharko dituzte:

    1. Artisau Ekoizleen Erregistroan inskribatuta dauden elikagaigintzako artisau-ekoizle guztiei dagokienez, urtean behin egiaztatzea eta ziurtatzea dekretu honetan eta artisau-ekoizpeneko kasuan kasuko arau teknikoetan xedatutakoa betetzen dela, eta ziurtatze-prozeduran jasotako zuzenketa-neurriak hartzea.

    2. Elikagaigintzako Kalitate Zuzendaritzari egindako kontrolen emaitza jakinaraztea, aipatu zuzendaritza horretara bidaliko den ziurtagiri baten bidez.

    3. Ahalik eta lasterren jakinaraztea Elikagaigintzako Kalitate Zuzendaritzari zer arau ez diren betetzen kontrola egitean ikusitakoaren arabera.

    4. Jardun bitartean jasotako informazioei buruzko konfidentzialtasun-betebeharraren arabera jokatzea.

  1. «Artisau Elikagaigintza» kalitate-ikurra sortu da.

  2. Kalitate-ikurra Espainiako Patente eta Marken Bulegoaren Patente eta Marken Erregistroan inskribatuko da, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorra izango da haren jabea.

  3. «Artisau Elikagaigintza» kalitate-ikurraren logotipoa Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuaren Aginduz onartuko da, Elikagaien Artisau Ekoizpenaren Euskal Kontseiluak proposatuta, dekretu honetako 27. artikuluan xedatutakoaren arabera, eta Euskadiko aldizkari ofizialean argitaratzeko aginduko da.

  1. Elikagaigintzako artisau-ekoizleek «Baserriko Artisau Elikagaiak» aipamena erabili ahal izango dute nahi badute nekazaritza-ustiapenari lotutako elikagaigintzako artisau-produktuen etiketetan.

  2. «Baserriko Artisau Produktuak» aipamena produktuaren salmenta-izenarekin eta etiketetan jarri beharrekoak diren gainerako jakingarriekin batera agertu ahal izango da, elikagaien etiketatze-, aurkezpen- eta publizitate-araudi orokorraren eta produktu-mota bakoitzari aplika dakiokeen sektore-legediaren arabera.

  1. Soil-soilik dekretu honetan eta elikagaigintzako artisau-produktu bakoitzerako onartutako arau teknikoetan xedatutakoa betetzen duten eta Artisau Ekoizleen Erregistroan dauden elikagaigintzako artisau-ekoizleek erabili ahal izango dituzte «Artisau-elikagaigintza» kalitate-ikurra eta Baserriko Artisau Produktuak aipamena.

  2. Aipamenak eta artisau, artisau eta fonetikagatik edo grafismoagatik antzekoak diren beste hitz batzuk erabiltzeko, nahitaezkoa izango da elikagaigintzako artisau-ekoizleek produktu edo produktu-multzo bakoitzerako indarrean dagoen artisau-ekoizpenari buruzko araudia betetzea, eta produktuaren etiketan dagoen informazioa egiazkoa izatea, kontsumitzaileak huts egitera bultzatu gabe.

  3. Ez da onartuko berriz etiketatzea edo merkataritza-zirkuituan parte-hartzen dutenen izen sozialak jartzea, produktua egin duen elikagaigintzako artisau-enpresarenak izan ezean, ez eta markak erabiltzea ere aipatu enpresa horienak ez badira.

  4. Dekretu honek arautzen duen kalitate-ikurrak babestutako markak, sinboloak, ezaugarriak, publizitate-legendak edo beste edozein propaganda-mota ezingo dira erabili ikurrak babesten ez dituen beste produktu batzuk merkaturatzean, eta ikurren titularrek berek ere ezingo dute hori egin.

  1. Elikagaigintzako Artisau Ekoizpenaren Euskal Kontseilua sortzen da (Kontseilua hemendik aurrera) kide anitzeko organo moduan, dekretu honetan esleitzen zaizkion kontsulta eta lankidetza-eginkizunak betetzeko elikagaigintzako artisau-ekoizpenean.

  2. Kontseilua Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailari atxikita dago.

Hauek dira Kontseiluaren eginkizunak:

  1. Produktu edo produktu-multzo bakoitzerako elikagaigintzako artisau-ekoizpenari buruzko arau tekniko espezifikoen lanketa eta/edo aldaketa aztertzea eta sustatzea.

  2. Produktu edo produktu-multzo bakoitzerako elikagaigintzako artisau-ekoizpenari buruzko arau tekniko espezifikoen proposamena berrestea; proposamena dekretu honetako 34. artikuluan sortutako Batzorde Teknikoak egiten du.

  3. Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuari proposatzea produktu edo produktu-multzo bakoitzerako artisau-ekoizpenari edo hura aldatzeari buruzko arau tekniko espezifikoak, azter eta, hala egokituz gero, Agindu bidez onets ditzan, gero EAEko aldizkari ofizialean argitaratzeko.

  4. Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuari «Artisau Elikagaigintza» kalitate-ikurraren logotipoa proposatzea, onetsi eta gero EHAAn argitaratzeko.

  5. Nekazaritzako elikagaietan artisautza sustatzeko eta babesteko neurriak proposatzea, artisau-ekoizpena zabaltzen laguntzea eta artisau-elikagaien kontsumoa bultzatzeko jarduerak proposatzea.

  6. Elikagaigintzako artisautza-esparruan proposamenak egitea eta nondik jo jakiteko aholkuak ematea, Elikagaigintzako Kalitate Zuzendaritzara igorritako txostenen bidez.

  7. Osasun eta Kontsumo Saileko kide baten informazioa jasotzea produktu edo produktu-multzo bakoitzerako higiene eta osasun-baldintzak aplikatzeko irizpideei buruz.

  8. Kalitate-ikurra ondo erabiltzen laguntzea.

  9. Elkarteen sorrera bultzatzea elikagaigintzako artisauen artean, bai eta merkataritza-bide propioen sorrera ere; zuzeneko salmenta, batez ere.

  1. Artisau Ekoizleen Erregistroan inskribatutako elikagaigintzako artisau-ekoizleak egongo dira ordezkatuta Kontseiluan. Kontrola eta egiaztapena egiteko izendatutako erakundea edo erakundeak, foru-aldundietan nekazaritza-esparruan eskumena duten departamentuak, Osasun eta Kontsumo Saila, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Saila eta kontsumitzaileen elkarteak.

  2. Tratatu beharreko gaiei dagokienez aditu direnak presente egotea eska dezake Kontseiluak, aholkuak eman ditzaten, hain justu ere.

  3. Presidentetzan jardungo duen pertsona batek, idazkaritzako beste batek eta kide-izaera dutenek osatzen dute Kontseilua.

  4. Ez da ordainsaririk jasoko Kontseiluko kide izateagatik, otsailaren 2ko 16/1993 Dekretuari, zerbitzuen ondoriozko kalte-ordainei buruzkoari, eta indarrean dagoen gainerako legediari jarraikiz kideei dagozkien dietak eta kalte-ordainak jaso badaitezke ere.

Elikagaigintzako Kalitate zuzendariari egokituko zaio Kontseiluko presidente izatea, edo hark, ordezka dezan, izendatu duenari, eta eginkizun hauek bete beharko ditu:

  1. Ohiko eta aparteko bilkuretarako deialdiak erabakitzea eta gai-zerrenda finkatzea; horretarako, kontuan hartuko dira, hala badagokio, gainerako kideek behar besteko denboraz aurkeztutako eskaerak.

  2. Saioetako buru izatea eta saiook amaitutzat jotzea, bai eta eztabaidak moderatzea ere.

  3. Bozketa ebaztea, berdinketa egonez gero.

  4. Aktei eta erabakien ziurtagiriei buruzko oniritzia ematea.

  5. Presidentetzari datxekion edozein ekintzatan jardutea.

Idazkari-lanetan jardungo duen pertsona presidenteak aukeratuko du Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren ordezkari moduan kide gisa ari diren pertsonen artean, eta eginkizun hauek izango ditu:

  1. Bileretara joatea, hitz egiteko eta botoa emateko eskubidea duela.

  2. Saioetarako deialdia egitea, presidente ari denak aginduta.

  3. Gaiak bideratzeko prestatzea.

  4. Egindako bilkuren aktak idatzi eta egitea.

  5. Idazkari izateari datxekion beste edozein eginkizun.

  1. Honako hauek izango dira Kontseiluko kide:

    1. Kontrol- eta egiaztapen-erakundearen edo erakundeen ordezkaria.

    2. Osasun eta Kontsumo Sailaren ordezkaria.

    3. Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren hiru ordezkari; haietako bat Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzakoa izango da, eta beste bat Elikagaigintzako Kalitate Zuzendaritzakoa.

    4. Erregistroan inskribatuta daudenen artean, elikagaigintzako artisau-ekoizleen sei ordezkari.

    5. Lurralde historikoetako aldundi bakoitzeko ordezkari bat, beren gobernu-organoek izendatuta.

    6. Kontsumitzaile-elkarteen ordezkari bat.

  2. Kontseilukideak Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuak aukeratuko ditu Agindu bidez, eta lau urterako egongo dira postu horretan; lau urtean behin berraukeratu edo berretsiko dituzte.

  3. Elikagaigintzako artisau-ekoizleen ordezkari moduan kontseilukide arituko direnak demokratikoki aukeratuko dituzte Erregistroan inskribatuta daudenek haien guztien artetik; Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuari aukeratutako izangaien izendapena proposatuko zaio.

  4. Kontsumitzaile-elkarteen ordezkari moduan kontseilukide arituko den pertsona izendatzeko, behar bezain ongi erroldatuta dauden eta EAEko lurralde historiko guztietan diharduten kontsumitzaile-elkarteek eta haien federazioek ados jarri behar dute aldez aurretik, eta Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuari proposatuko diote aukeratutako izangaien izendapena.

  5. Kideak dena delakoagatik aldi batez edo behin betiko ordeztu behar badira, honako hauek arituko dira ordezko:

    1. Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Saileko kideei dagokienez, sailburuak izendatutakoa.

    2. Foru-aldundietako ordezkariei dagokienez, aldundi bakoitzaren barne-arauei jarraikiz, dagokion pertsona.

    3. Gainerako ordezkariei dagokienez, bakoitzaren barne-arauen arabera ordezko izatea dagokiona.

      Ordezkapena behin betikoa bada, ordezkatzen den kideari agintaldia amaitzeko falta zaion denborarako izendatuko dira ordezkoak.

Kideek eskubide hauek izango dituzte:

  1. Deialdia aurrerapen nahikoarekin jasotzea; bertan, bilkuren gai-zerrenda eta gai horien gaineko informazioa jaso beharko dira.

  2. Botoa emateko eskubidea erabiltzea, eta, hala egokitzat joz gero, botoaren zentzua eta justifikatzeko arrazoiak azaltzea.

  3. Galderak eta eskaerak egitea.

  4. Kide-izaerari dagozkion bestelako eginkizunak.

  1. Kontseiluak, presidente diharduen pertsonak deituta, urtean behin gutxienez egingo du ohiko bilkura. Buruak bilkura berezirako deialdia egiten badu edo kideen herenek hala eskatzen badute, bilkura berezian batzartu ahal izango dira.

  2. Kontseiluak Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko II. tituluko II. kapituluan kide anitzeko organoentzat xedatutakoa bete beharko du. Hala ere, Kontseiluak, hala badagokio, funtzionamendurako beharrezkotzat jotzen dituen barne-araubideko arauak onetsi ahalko ditu.

  1. Kontseiluaren osoko bilkurak teknikariz osatutako lan-talde bat osatuko du (Batzorde Teknikoa), produktu edo produktu-multzo bakoitzerako arau teknikoak prestatzeko edo aldatzeko; arau horiek Kontseiluaren osoko bilkurari helaraziko zaizkio, berrets ditzan.

  2. Hauek osatuko dute batzorde hori:

    Eusko Jaurlaritzako Osasun eta Kontsumo Saileko Osasun Publikoko Zuzendaritza.

    Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Saileko Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza eta Elikagaien Kalitate Zuzendaritza.

    Dekretu honetako 21. artikuluan xedatutakoaren arabera izendatutako Kontrol- eta egiaztatze-erakundea edo -erakundeak.

    Erregistroan inskribatuta daudenen artean, elikagaigintzako artisau-ekoizleen sei ordezkariak. Prestatzen ari den arau teknikoaren xede den produktuaren arabera, eta, ordezkari horiek behar adina ezaguera tekniko ez badute araua egiteko, batzorde hau eratzeko akordioa kontuan hartuta, Erregistroan inskribatutako pertsonetakoren bat eskuordetu ahal izango dute.

    Era berean, lantaldeak osatu ahal izango dira zenbait produktuk komun dituzten kontuak aztertzeko.

  1. Tratatu beharreko gaiei dagokienez aditu direnak presente egotea eska dezake batzorde bakoitzak, aholkuak eman ditzaten, hain justu ere.

  2. Batzorde Teknikoaren funtzioak, bai eta haren osaera ere, Kontseiluaren osoko bilkurak erabakiko ditu, eta batzordearen txostenak, ponentziak nahiz proposamenak osoko bilkura horrek berretsi eta onartu beharko ditu beti.

Dekretu honetan eta dekretuaren xedapen osagarrietan adierazitakoa ez betetzeak zehapena ekarriko du berekin, 17/2008 Lege, abenduaren 23ko, Nekazaritza eta Elikagaigintza Politikari buruzkoaren arabera.

Elikagaigintzako Artisau Ekoizleen Erregistroa (dekretu honetako 8. artikuluan ezarria) eratzen ez den bitartean, elikagaigintzako artisau-ekoizleen ordezkariak sektorea ongien ordezkatzen duten ekoizleak direla ulertuko da, Elikagaigintzako Artisau Ekoizpenaren Euskal Kontseilua eratzearen ikuspuntutik; ongien ordezkatzeaz, berriz, merkatuetan presentzia handiena izatea ulertzen da. Haien ordezkaritza behin-behinekoa izango da.

Lehenengoa. Elikagaigintzako Artisau Ekoizpenaren Euskal Kontseilua osatuko duten pertsonak izendatu eta hautatzean, ahaleginak egingo dira gaikuntza, gaitasun eta prestakuntza egokia duten emakume eta gizonen presentzia orekatua izan dadin, Emakume eta Gizonen arteko Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 23. artikuluan xedatutakoaren arabera.

Bigarrena. Elikagaigintzako Artisau Ekoizpenaren Euskal Kontseiluak, bilkurak prestatzeko lanetan, informazioaren eta komunikazioen teknologia berriak erabiltzea sustatuko du.

Hirugarrena. Dekretu honetan Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailari eta Osasun eta Kontsumo Sailari erreferentzia egiten zaienean, ulertu behar da erreferentzia egiten zaiela betiere testu honetan azaldutako eskumenak dituen sailari (edo sailei) eta administrazio-organoei, horretan, hurrenez hurren, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta haien egitekoak nahiz jardun-arloak finkatzen dituen dekretuari eta haietako bakoitzaren egitura organikoari eta funtzionalari buruzko dekretuei jarraikiz.

Laugarrena. Elkar aintzatesteko klausula.

Arautze honetako betebeharrak ez zaizkie aplikatuko Europar Batasuneko beste estatu kideetan legez egindako eta merkaturatutako produktuei, Europako Merkataritza Askeko Elkarteko herrialdeetatik datozenei (EFTA), Europako Esparru Ekonomikoari buruzko Akordioaren Alde Kontratatzaileetakoei, ez eta Europar Batasunarekin aduanaren inguruko elkartze-akordioa duten estatuetatik iristen direnei ere.

Lehenengoa. Garapen-ahalmena.

Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuari ahalmena ematen zaio bere eskumenen esparruaren barruan beharrezko xedapen guztiak eman ditzan dekretu hau bertan adierazita dagoen bezala garatzeko eta aplikatzeko.

Bigarrena. Indarrean sartzea.

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean sartuko da indarrean dekretu hau.

Vitoria-Gasteizen, 2012ko uztailaren 3an.

Lehendakaria,

FRANCISCO JAVIER LóPEZ áLVAREZ.

Osasun eta Kontsumoko sailburua,

JAVIER RAFAEL BENGOA RENTERÍA.

Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburua,

MARÍA DEL PILAR UNZALU PÉREZ DE EULATE.

(Ikus .PDF)