2009ko Euskadi Literatura Saria

Euskarazko literatura

Egunsentiaren esku izoztuak - Azal-orria

Irabazlea: Xabier Lete
Izenburua: Egunsentiaren esku izoztuak
Argitaletxea: Pamiela

18.000 euroko saria eta 4.000 euroko lan saritua beste hizkuntza batean argitaratzen bada.

Epaimahaia:
Maite González Esnal, epaimahaiburu.
Jon Kortazar Uriarte, epaimahaikide.
Maite Toledo Saralegi, epaimahaikide.
Ivan Igartua Ugarte, epaimahaikide.
Gorka Aulestia Txakartegi, epaimahaikide.
Marta Merino Ortiz de Landaluce, epaimahaiko idazkari (hautespiderik gabea).

Epaimahaiak ikusitako merituak

Epaimahaiak erabaki du 2009. urteko Euskadi literatura saria, euskarazko literatura modalitateari dagokiona, Xabier Leteren Egunsentiaren esku izoztuak lanari ematea.

Besteren artean, epaimahaiak honako arrazoi hauek ikusi ditu lan hau saritzeko:

Klasikotasuna. Ahotsaren sendotasuna, aberastasun diskurtsiboa; erritmo eutsian bizi-mina eta bizi-mindura adierazten da. Solasa tradizioarekin. Ahotsaren benekotasuna.

Saritutakoari buruzko hainbat datu

Xabier Lete Bergaretxe

Xabier Lete Bergaretxe (Oiartzun, 1944).

1964. urtean hasi zen poesia idazten eta 1966an jendaurrean kantatzen. Ez Dok Amairu taldeko partaide izan zen.

Poesia alorrean, orain arte bost liburu zituen argitaratuak. Egunetik egunera orduen gurpilean (Cinsa, 1968), Bigarren poema liburua (Gero, 1974), Urrats desbideratuak (Gipuzkoa Kutxa Argitalpenak, 1981), Zentzu antzaldatuen poemategia (Euskaltzaindia-BBK, 1992) eta Biziaren ikurrak (Erein, 1993). Horiez gain, Rilke, Orduen Liburua, hogeitamar poemez osatutako disko-liburua (Pamiela, 2004) eta, azkenik, Abestitzak eta poema kantatuak (Elkar, 2006).

Saritutako liburuaren ingurukoak

Egunsentiaren esku izoztuak hau, orain arterainoko bere azken poesia liburua da. Bertan azken urteetako bizi-esperientziak gogoetatu ditu, iragan ederrarekiko miresmena, maitasunaren gauzaguneak, xamurtasuna, oinazea, heriotza eta berraurkikuntzaren ametsa elkarri lotuz. Hain segur, Xabier Leteren poesigintzan mugarri den liburua.

Zatia

Neguan izan zen

III

Neguan izan zen
oinazearen malutek
lurra zuritzen zutenean
eta elurra hilator errukitsu zenean,
orduan joan zinen
hain maiteak zenituen hartxoriekin batera,
mihiseak hotz gelditu ziren
eta etxe bakartian zure aztarrenak
bazter guztietan, horma esankorretan
irrifarre leun haiek
eta bizitza baten argazkiak,
neguan izan zen
eta espanturik gabe aldegin zenuen,
isil, zuzen, jakitun, jabe,
bizi zaitez, esan zenidan
saia gauza ederrak, maitatu jendea
eta ni... ni itxaroten egonen natzaizu.
Zer naiz orain, esaidazu
fereka nazazu
zure leialtasunaren hatz sotilekin,
neguan izan zen
zu aldendu zinenean,
ni ere urrun nago orain
eta bila nabilkizu goizaldeko ordu isiletan
dirudien guztiaren beste aldetik, neguan izan zen.

Euskarazko literaturari dagokion Euskadi literatura sariaren finalistak

Euskarazko literaturari dagokion sarian, Euskadi literatura saria jaso duen liburuaz gain, hauek izan dira finalistak:

  • "Zinea eta literatura", Harkaitz Cano. Argitaletxea: Elkar
  • "Gertakarien urtzea", Luis Garde. Argitaletxea: Alberdania
  • "Zoaz infernura, laztana", Anjel Lertxundi. Argitaletxea: Alberdania
  • "T (tragediaren poza)", Juanjo Olasagarre. Argitaletxea: Alberdania
  • "Bilbao-New York-Bilbao", Kirmen Uribe. Argitaletxea: Elkar