Haur eta gazte literatura
Irabazlea: Pello Añorga
Izenburua: Jenio gaiztoa
Argitaletxea: Aizkorri
Epaimahaia:
Nerea Alzola Maiztegui, epaimahaiburu.
Mikel Ayerbe Sudupe, epaimahaikide.
Itziar Zubizarreta Ayerbe, epaimahaikide.
Maria Jose Olaziregi Alustiza, epaimahaikide.
Ibon Egaña Etxebarria, epaimahaikide.
Marta Merino Ortiz de Landaluce, epaimahaiko idazkari (hautespiderik gabea).
Epaimahaiak ikusitako merituak
Epaimahaiak erabaki du 2008. urteko Euskadi literatura saria, haur eta gazteentzako
euskarazko literatura modalitateari dagokiona, Pello Añorgaren Jenio
gaiztoa lanari ematea.
Istorioak bere horretan sinplea badirudi ere (neskato bat eta bere gurasoen udako hondartzako egun bat), argumentuak trama sakona ezkutatzen du eta narrazioaren garapena ezin hobeto egituratuta dago. Kontakizunaren intentsitatea handituz doa orriek aurrera egin ahala eta amaierako ezusteak hainbat hausnarketa-bide irekitzen ditu. Añorgaren liburuak badu sakontasunik, asmatzen du irakurlearen barruraino heltzen; eta aldi berean, narrazioaren izaera dialogikoak irakurketa anitzak egitea ahalbidetzen du.
Istorio hunkigarri honetan, emozioak ekintzaren erritmoan kateatzen dira, olatuen erritmoan, eta uhinen joan-etorriek hainbat gogoeta ekartzen dizkiote Lola protagonista txikiari, itsasoa lagun. Errepikapen bakoitzak zirrarak eta jakin-mina sortzen ditu irakurlearengan eta emozioa pausoz pauso areagotuz doa une dramatiko gorenera iritsi arte.
Edukia eta formaren arteko uztarketari dagokionez, idazleak imajinario xume bezain sendo bat eraikitzen du itsasoaren eta neskatoaren inguruan (olatuekin jolastea, harriak eta makilak botaz itsasoa desafiatzea, zezen zitalaren metafora). Formalki, egileak idazketarako aukeratzen dituen hitz jokoek, errepikapenek eta ahozko kontagintzaren tradiziotik jasotako teknika erabat egokiek Jenio gaiztoa irakurtzeko, kontatzeko eta gogoan gordetzeko istorio aparta bihurtzen dute.
Bestalde, gure ustez, Jenio gaiztoa liburuaren edizioak (zoritxarrez euskal haur eta gazte literaturan sarriegitan gertatzen den bezala) ez dio justiziarik egiten maila honetako obrari. Bestelako edizio batean liburu duin honen dohainak are gehiago nabarmenduko liratekeelakoan gaude.
Azpimarratzekoa da, halaber, 2007ko euskarazko Haur eta Gazte Literaturaren uztari erreparatuta, Pello Añorgak idazle gisa erakutsi duen abilezia. Jenio gaiztoarekin batera, Gerlari Handia lan biribila ere horren erakusgarri nabarmena da. Gerlariaren kontakizuna denboraren eta geografiaren mugak gainditzen dituen istorio unibertsala da; metafora bikainez beteriko liburua, irakurlearen adinaren arabera interpretazio anitzetarako eta hausnarketarako bideak eskaintzen dituena.
Azkenik, eta sari hau ebazterakoan irizpide nagusitzat testuen nolakotasuna hartu bada ere, ez dugu aipatu gabe utzi nahi Jokin Mitxelena ilustratzaileak Jenio gaiztoa nahiz Gerlari Handia obrei egindako ekarria. Zein bere erregistro eta estetikaz onduak izanik ere, bietan testuaren eta irudien arteko uztarketa txalogarria lortu da, eta lan grafikoak istorioari adierazkortasun handiko jantzia eraiki dio.
Saritutakoari buruzko hainbat datu
Pello Añorga (Oiartzun, 1956). Donostiako Irakasle Eskolan
ikasi ondoren, irakasle lanetan aritu zen Oiartzungo Ikastolan (1976-86),
espresiobide ezberdinak landuz: plastika, antzerkia, musika...
Ikastola utzi (1986) eta ipuinak kontatzen hasiko da buru belarri, batzuetan bakarrik eta bestetan marrazkilariek edota musikalariek lagunduta, aitzindari izango dena, Hego Euskal Herrian behinik behin, bibliotekako "ipuin ordua"-rekin (1987-88an).
Bidebatez, Eskoriatzako Irakasle Eskolan (gaur egun: Mondragon Unibertsitateko Humanitateak eta Hezkuntza Zientzien Fakultatea) Haur Liburu Mintegiaren sortzaileetako bat izan da, eta, haur liburu animaziogintzan hainbat proiektutan parte hartu du: lehen Haur Liburu Aretoak diseinatzen (Getxo, Durango, Amurrio, Legazpia...), Galtzagorri sortzen, Irakur Gidak plazaratzen, Kukuluma edo Kukumira aldizkariak argitaratzen, ipuin-ordua hedatzen, itsuentzako ipuin grabaketak koordinatzen, Donostiako Arantzazuko Ama ospitalean Liburua ipuina eta hitza topagunea garatzen... eta batez ere ipuin kontaketari buruz ikastaroak ematen, nola irakasleei hala gurasoei.
Idazle modura, haur literatura landu du: ipuina, batik bat, poesiaz ahaztu gabe; eta albuma.
Saritutako liburuaren ingurukoak
Amatxo eta Aitatxo, aspaldiko partez, hondartzara joan dira Lolarekin. Zein ondo¡ Amatxo eta Aitatxo egunkaria irakurtzen hasi dira segituan; Lola, aldiz, olatuekin jolasten ari da: Lo eta La, Lo eta La. Olatuek ez dute harrapatzen. Olatuek egiten dute aurrera; Lola, berriz, atzera. Zein dibertigarria den¡ Alabaina, bat-batean...
Zatia
Olatu bat inguratu zaio Lolari; baina ez da busti. Atzera egin du korrika. Zein dibertigarria! Olatua hurbiltzen zaionean, urrundu egiten da Lola; aldiz, olatua urruntzen denean, Lola hurbildu.
Eta ez du harrapatzen. Eta saltoka dabil, olatuen erritmoa gobernatzen dabil:
Itsasoak ez dauka jenio gaiztoa, itsasoak ez dauka jenio gaiztoa!
Berriro Aitatxo eta Amatxoren ondora joan eta erronka bota die:
Begira, zein indartsua naizen!
Harri handiagoa hartu eta jaurti egin dio itsasoari, plast! Zein dibertigarria! Olatu bat hurbildu zaio; Lola, berriz, atzera. Eta ez du harrapatu. Saltoka dabil, olatuen erritmoa gobernatzen dabil.
Itsasoak ez dauka jenio gaiztoa, ez dauka jenio gaiztoa!
Haur eta gazte literaturari dagokion Euskadi literatura sariaren finalistak
Haur eta gazte literaturari dagokion sarian, Euskadi literatura saria jaso duen liburuaz gain, hauek izan dira finalistak:
- "Paularen seigarren atzamarra", Katixa Agirre Miguélez. Argitaletxea: Elkar
- "Gerlari Handia", Pello Añorga López. Argitaletxea: Pamiela
- "Bagdadeko aurpegiak", Juan Kruz Igerabide Sarasola. Argitaletxea: Erein
- "Etzi", Karlos Linazasoro Izagirre. Argitaletxea: Elkar
- "Ilunorduak eta argilaurdenak", Joxantonio Ormazabal Berasategi. Argitaletxea: Elkar