2008ko Euskadi Literatura Saria

Gaztelaniazko literatura

El club de los faltos de cariño - Azal-orria

Irabazlea: Manuel Leguineche
Izenburua: El club de los faltos de cariño
Argitaletxea: Seix Barral

Epaimahaia:
Juan Bas López, epaimahaiburu.
Miguel González San Martín, epaimahaikide.
Isabel Alba Rico, epaimahaikide.
Inmaculada Ballano Olano, epaimahaikide.
Antonio Altarriba Ordóñez, epaimahaikide.
Marta Merino Ortiz de Landaluce, epaimahaiko idazkari (hautespiderik gabea).

Epaimahaiak ikusitako merituak

Epaimahaiak erabaki du 2008. urteko Euskadi literatura saria, gaztelerazko literatura modalitateari dagokiona, MANU LEGUINECHEren El club de los faltos de cariño lanari ematea.

Idazlanen literatura-kalitateari eta dimentsioari buruzko eztabaida zabala izan ondoren, epaimahaiak honako arrazoi hauek ikusi ditu lan hau saritzeko.

Epaimahaiak baloratu du, bereziki, lan honen sotiltasun eta freskotasuna nola nahasten diren gizatasun eta literariotasun sakon batekin. Oroitzapen-liburua da, pasadizoak eta aipuak jasotzen dituena, elementu horiek naturari buruzko gogoetekin naturaren kontzeptua modu zabalean ulertuta eta bizitzaren joanari buruzko hausnarketekin txirikordatzen dituen saski-naski halako bat.

El club de los faltos de cariño, horrenbestez, liburu sailkaezin eta berezi-berezi horietako bat da. Agian, Josep Pla-ren El quadern gris izan liteke nolabait haren erreferentzia hurbilena, biek ala biek islatu eta kutsatzen baitituzte bizitzarekiko jakin-mina, munduaren berri jakiteko gosea eta, oroz gainetik, bizipoz handi bat.


Saritutakoari buruzko hainbat datu

Manuel Leguineche

Manuel Leguineche idazle eta kazetaria da, Espainiako gaur egungo kazetari handienetakoa. Colpisa eta Fax Press albiste-agentziak sortu zituen, eta irakurle ororentzat estilo aldi berean erakargarri eta pertsonala sortzen asmatu duen bakarrenetakoa. Haren liburuek arrasto berri bat jarri dute Espainiako generoen munduan, kazetaritza literarioaren punta-puntako maisua baita.

Bere lanen artean aipatu daitezke Los años de la infamia: crónica de la II Guerra Mundial (1995), Adiós, Hong Kong (1996), Annual, 1921 (1997), Apocalipsis Mao: una visión de la nueva China (1999), La felicidad de la tierra (1999), Recordad Pearl Harbour (2001), Gibraltar (2002), Madre Volga (2003) eta El último expolorador (2004).

Eta bere lanak jasotako sari batzuk izan dira Kazetaritzaren Sari Nazionala, Urrezko Luma, Cirilo Rodriguez, Godó, Julio Camba eta Ortega y Gasset sariak.


Saritutako liburuaren ingurukoak

Manuel Leguineche bidaiari nekaezina da, irakurzale amorratua, erreportari petoa, behatzaile zorrotza, lagun jatorra, istorio-kontatzaile grinatsua. Liburu honetako orrialdeak bizi-txatalez josita daude; oroitzapenez eta kontakizunez ehunduta; halako sentipen eta gogoeta eder, bizi eta sendoz, non bakarrik konparatu bailitezke orrialdeok idazteko jarri duen zintzotasun handiarekin.

Maitasun-beharrean diren klub bitxi horretako kideak, berrogei urtez baino gehiago, Manuel Leguineche bera, Jesus Rodrigo jakintsua, Muki katemea eta Toribio ahatea dira. Lagunarte bikain hori da testu sailkaezin honen abiapuntua eta bizi-arnasa. Mosaiko baten itxurapean antolaturiko kontakizuna, hitza hitzari josirik, argazki-album baten pare.

Bidaiak, gerrateak, lagunak, irakurketak, gorabehera politikoak, ustekabeak edo ametsak, Mandela, Urtain, Einsten edo Brihuegako zelai beroak, horiek guztiek hornitzen dituzte idazketa-ohar zorrotz hauetako batzuk. Liburu harrigarria ekarri digu Manuel Leguinechek oraingo honetan, irakurri ahala azpimarratzea, eta irakurri ondoren ere berriz kontsultatzea merezi duen lana, tarteka-marteka bizitzaren funtsaren balioa zertan dagoen oroitzeko balio diguna.


Gaztelaniazko literaturari dagokion Euskadi literatura sariaren finalistak

Gaztelaniazko literaturari dagokion sarian, Euskadi literatura saria jaso duen liburuaz gain, hauek izan dira finalistak:

  • "Cuando fuimos los mejores", Aixa De la Cruz. Argitaletxea: Almuzara
  • "Aprender a irse", dJosé Fernández de la Sota. Argitaletxea: Hiperión
  • "Qué perezosos pies", Jorge González Aranguren. Argitaletxea: Ediciones Trea
  • "Pura chatarra", Fernando Palazuelos. Argitaletxea: Lengua de Trapo