Euskarazko literatura
Irabazlea: Jokin Muñoz
Izenburua: Antzararen bidea
Argitaletxea: Alberdania eta Elkar
Epaimahaia:
Txomin Peillen Karrikaburu, epaimahaiburu.
Jon Kortazar Uriarte, epaimahaikide.
Arantxa Urretabizkaia Bejarano, epaimahaikide.
Karlos Santisteban Zimarro, epaimahaikide.
Joseba Aurkenerena Barandiaran, epaimahaikide.
Marta Merino Ortiz de Landaluce, epaimahaiko idazkari (hautespiderik gabea).
Epaimahaiak ikusitako merituak
Epaimahaiak erabaki du 2008. urteko Euskadi literatura saria, euskarazko
literatura modalitateari dagokiona, Jokin Muñozen Antzararen bidea
lanari ematea.
Jokin Muñozek, azaletik ezagutzen dugun lurraldea, barnetik erakusten digu, hau da, Erribera. Egitura narratibo konplexua, pertsonaien borobiltasun psikologikoa, manikeismotik irteteko ahalegin sendoa.
Kontatzeko modua adierazkorra, eta amaierarako interesa mantentzen du.
Saritutakoari buruzko hainbat datu
Jokin Muñoz Trigo Nafarroako Erriberako Castejon herrian ekarri zuten mundura, 1963an. Hara-hona ibili da Euskal Herriko geografian barrena: Araban, Gipuzkoan eta Nafarroan bizi izan da, umeak munduratzeak Etxaurin geldiarazi duen arte.
Euskal Filologiako ikasketak egin zituen Donostian. Helduen euskalduntze alorrean aritua da, eta egun Irakaskuntza Ertainetan lanean dihardu Nafarroan.
Sei hilabetetan Euskaldunon Egunkariako Begia gehigarrian kolaboratzaile lanetan aritu zen.
1995ean Hausturak narrazio-liburua eman zuen argitara. Liburu honetako istorio guztiek Izurkiz izeneko herria dute eskenatoki, eta trena eta tren geltokia dira protagonista nagusiak.
1997an Joan zaretenean eleberria argitaratu zuen. Bertan Madrilera bizitzera joandako donostiar batek gaztaroko pasadizoak gogoratzen ditu lagun baten atxiloketaren haritik.
2000an Atlantidara biajia argitaratu zuen. Liburu hau Nafarroako hegoaldera oinez egindako bidai baten kronika da, non, klabe ironiko-umorezkoan, ibiltari batek euskal izaeraren eta kulturaren gainean gogoeta egiten duen.
2003an Bizia lo argitara eman zuen. Euskal gatazka ardatz nagusi duen narrazio liburu honek 2004ko Euskarazko Literaturako Euskadi saria jaso zuen.
2007an Antzararen bidea nobela eman zuen argitara. Aurten Espainiako Kritika Saria jaso du liburu honek, eta baita Beterriko Liburua Ohorezko Literatur Aipamena ere. Bi sari hauei gehituko zaie, oraingo honetan, 2007ko Euskarazko Literaturako Euskadi saria.
Jokin Muñozen liburu guztiak Alberdania argitaletxearen eskutik argitaratuak izan dira.
Saritutako liburuaren ingurukoak
Eli (edo Lisa) naufrago bat da. Nola edo hala iraun ahal izan du bere nora ezean, bat-bateko eztanda batek seme bakarra, Igor, lapurtu dion arte. Latza zaio bakardadea, baina are latzagoa ez jakitea. Nor ote zen Igor? Zerk eraman zuen Salouko apartamentu hartara, hamaika puskatan xehe-xehe eginda gorpu geratzera?
Gertaera horretatik ihesi, bizitzak aurrera jarraitzen duelako, eta lan egin beharra dagoelako biziko bada, agure bat zaintzen hasi da. Agureak sekretu bat gordetzen du, ordea, eta sekretu horren peskizan semearen iragana berregin usteko du puskatik puskara, bera bezalako beste naufrago bat, Gigi, lagun duelarik.
Intentsitate handiko eleberri honetan garrantzi berezia dute pertsonaiek. Izan ere, naufrago galeria hunkigarria ere bada liburua; hogei urteko naufragoak, berrogei urtekoak, baita laurogeita hamarrekoren bat ere ageri da. Marinelak dira, marinelak lehorrean.
Zatia
Barre-algaraka lehertu ziren. Candik lurretik ogi-apurrak hartzen zituen, eta Dioniri bota eta bota egiten zizkion "Hi lehenago ardotan itoko haiz!". Ogi-apur haietako bat Dioniren oinetan zegoen sardina lata hustu baten barruan erori zen. Dionik eskua luzatu, lata hartu eta, Justinoren bizkarrari heldurik, zutitu egin zen. Belarrira eraman zuen sardina lata.
Txsss! Txsss! hasi zen, algarak isilarazi nahian. Txssssss! egin zuen berriro, oraingo honetan ozenago eta beste eskuarekin keinua eginez.
Balantzaka jiratu zen, nekez eutsi baitziezaiokeen zutik, eta atzekoei ere zuzendu zitzaien Txssssss!, sardina lata belarritik askatu gabe. Ezari-ezarian isilduz joan ziren inguruko guztiak, soinujolea barne. Asko gerturatu ziren, jakin-minez, Dionik zer xelebrekeria egingo. Tirantedun kamisetaren azpian paparra hanpa-hanpa eginda zeukan, eta bustiaren pisuak galtzak ipurmamien hasieraraino eramanak zizkion.
Eta? galdetu zion Justinok.
Dioni begiak itxita zegoen, lata belarriaren kontra jarririk.
Itsasoa entzuten ari nauk! erantzun zion.
Hortzen zuriak berriro piztu zion begirada, eta ezpainek oraindik biltzen zuten ardoaren hezearen distira.
Itsasoa? zirika hasi zitzaion Candi. Hik zer dakik zein den itsasoaren soinua!
Haizexka fina altxatu zen, eta inguruko zuhaitzen hostoak irrika jarri zituen.
Horrelakoxe zerbait da esan zuen Paulak, hostaila eskuaz seinalatuz, eta denek berriro belarria jarri zioten hostoen firfirari.
Euskarazko literaturari dagokion Euskadi literatura sariaren finalistak
Euskarazko literaturari dagokion sarian, Euskadi literatura saria jaso duen liburuaz gain, hauek izan dira finalistak:
- "Noiztenka", Itxaro Borda. Argitaletxea: Maiatz
- "Herri maitea, herri dorpea", Sebastían García Trujillo. Argitaletxea: Euskaltzaindia-BBK