Hezkuntza Saila

Lasarte Arribillaga, Manuel

Nafarroako bertsolaria (Leitza, 1927). Hamabi urte zituela Aiara joan zen bizitzera, eta Oriora gero. Errementaria da bizibidez. Hemezortzi urte zituela hasi zen bertsotan Baserri eta Uztapiderekin. Errima biribila, hots kidetasun gozoa eta bertsoa neurtzen zehaztasun handikoa izan da Lasarte. Baditu bi liburu, bertso jarri eta bat-batekoekin: Bertso-mordoxka (1970), eta Gordean neuzkanak (1975). Geroztik egunkarietako artikuluak bildu eta argitara eman ditu Beranduko lanak (1992) izenburupean. Azken lanak hauek ditu: Enbor zarraren ezpalak (1995), Kantuaren ordainez (1997), eta Lazkao Txiki gogoan (1995) eta Uztapide gogoan (1999), bertsotan luzaro berarekin ibilitako bi lagunen omenez idatziak azken biak.