Hezkuntza Saila

laser

iz. Teknol. Argi izpi «koherenteak» (maiztasun bereko uhinak eta beti fase berekoak direnak) sortzen dituen argiaren anplifikazio sistema. Izena Light Amplification Stimulated Emission of Radiations (erradiazioen igorpen kitzikatuaren bitarteko argi anplifikazioa) akronimotik eratorria da. Argi izpi hauek gairik gogorrenak eta beroaren kontrako erresistentzia handiena dutenak desegin ditzakete. Kristal jakin batean edo gasezko nahasketa jakin batean dauden atomoak kitzikatuz lortzen da laser igorpena, kristal horiek garbitasun handikoak baitira (errubia, itriozko granatea eta tungstatoak, eta gasak, berriz, karbono dioxidoa, helioa, argoia eta neoia). Kimika bidezko laser batean, berriz, kitzikadura indarra erreakzio kimiko batek sortzen du, edota karbono monoxidoaren errekuntzak, karbono dioxido kitzikatua sortzeko. Laserraren abantaila nagusia, beste argi igorpenen ondoan, zuzentasuna edo puntu jakin batera zuzentzeko duen gaitasuna da, eta baita koherentzia edo fase berean irautea ere. Argi izpien maiztasuna oso zehatza da, eta ondorioz barne interferentziak saihesten dira eta igorpen garbia lortzen. Einstein-ek argi igorpen kitzikatuaren oinarri teorikoak ezarri zituen 1917. urtean, baina 1953. urtea arte ez zen tresnetan erabiltzeko modurik aurkitu. Charles H. Townes-ek eta A.L. Schawlow-ek laser tresna egin zitekeela frogatu zuten, argi optikoak erabiliz. Nikolai Basov eta A.M. Projorov sobietarrek ere proposamenak egin zituzten gaiaren inguruan. 1960. urtean, azkenik, Estatu Batuetako Theodore H. Maiman-ek errubiz egindako makilatxoa erabilita lehen laserra egin zuen. Laserrak erabilera asko ditu industrian eta ikerkuntzan. Medikuntzan, adibidez, sendabide bikaina da. Minbizi tumoreetako zelula hilak suntsitzen ditu eta gaixotasuna geldiaraz dezake. Kirurgian ere erabiltzen da, anestesia egiteko. Biologian, berriz, laserra mitosi eta zelula banaketaren prozesuan kromosometan aldaketak eragiteko erabiltzen da. Telekomunikazioetan eta satelite artifizialak jaurtitzeko, laser izpiaren zuzentasunaz baliatzen dira. Holografia (hiru dimentsioko irudien erreprodukzioa) da laserraren erabilera ikusgarrienetako bat. Lehenik eredua errejistratzen da gai fotosentibera batean, gero argitu egiten da irudia erliebean osatzeko, behar bezalako indar eta makurdurarekin. Bi prozesutan laserra oinarri optiko gisa erabiltzen da. Bitxigintzan erabiltzen da diamanteak ebakitzeko eta zeramikan, neurketa tresna eta irakurle optiko gisa. Laser irradak kaltegarriak izan daitezke begientzat, eta horregatik funtsezkoa da behar bezalako neurriak hartzea.