Hezkuntza Saila

Larraona

Nafarroako erdi-mendebaleko udalerria (Lizarrako merindadearen hegoaldea). Mugak: iparraldean Ameskoabarren, ekialdean Aranatxe, mendebalean Harana (Araba), eta hegoaldean Lokiz mendizerra. Garaiera, 774 m. 10,59 km2. 1999ko datuen arabera, 156 biztanle ditu (larraonarrak). Biarra erreka (Urederra ibaiaren adarra) igarotzen da Larraonako udalerritik. Nafarroako Foru Erkidegoko 1986ko Euskararen Legearen arabera, eremu ez-euskaldunean dago. Ekonomia jarduera nagusiak nekazaritza (garia, garagarra, patata, bazkarako landareak; langileen % 44) eta industria (eraikuntza, janari industria; langileen % 40) dira. Aipagarri dira XII. mendeko jatorri erromanikoko San Kristobal eliza (XVI. mendean zaharberritua), XVIII. mendeko Ama Zuria ermita, XVI. mendeko San Benito ermita eta XVI-XVIII. mende bitarteko etxe armarridunak.  v  Historia. XI. mendeko dokumentu batean aipatzen da lehen aldiz Larraonako herria. Ameskoabarrengo auzoa izan zen 1846an hartatik bereizi eta udalerri bihurtu zen arte.