Hezkuntza Saila

Kitaro

Japoniar musikagilea (Toyohashi, 1953). New Age estiloko musika egiten du, Japoniako musika tradizionalarekin nahastua; Silk Road (1980, Zetaren bidea) du lanik ezagunena. Japoniako musikari nagusia da estilo horretan, eta Ipar Ameriketan eta Europan ere ezaguna da. Ikasle garaian gitarra jotzen hasi zen, Otis Redingen soul-aren eta Estatu Batuetako beste musikari batzuen blues-aren eraginpean. Lagun batzuekin Albatros taldea sortu zuen. Laster tresna tekladuna hautatu zuen gitarra utzita, eta teklista gisa The Far East Family Band taldea sortu zuen. Taldearekin Europan zela, Klaus Schulze ezagutu zuen (Tangerine Dream taldekoa) eta harrezkero sintetizatzaileak jotzea erabaki zuen, bere herrialdeko teknologia aurreratua baliatuz. 1978an argitaratu zuen bere lehen diskoa, eta Silk Road (Zetaren bidea) 1980an, Europaren eta Japoniaren arteko merkataritza harremanei buruzko dokumental baterako. Musikak arrakasta handia izan zuen, eta telebista kateak bost urtez luzatu behar izan zuen telesail hura. Musika harekin hiru disko atera ziren, Estatu Batuetan India izenarekin argitaratu zirenak. 1982an Toei egin zuen, Qeen Milenia zientzia fikziozko filmerako. 1986an Mendebaldean ezagutzen hasi zen. Estatu Batuetako Geffen diskoetxeak fitxatu zuen eta konpainia horrekin Tenku argitaratu zuen. Urte horretan bertan New Age musika modan jartzen hasi zen, eta Kitaro hartu zen estilo horretako ordezkari nagusitzat. Geroago, Ten Years argitaratu zuen, eta 1987an, The Light of the Spirit, Mickey Hartekin batera. Hurrengo urtean arrakasta handiko jira bat egin zuen Estatu Batuetan eta bertan bizi izan zen denboraldi batez. Ameriketako egonaldian bost aldiz izendatu zuten Grammy saritarako, eta Urrezko Globo bat irabazi zuen. Jon Andersonekin lan egin zuen Dreamen (1992), eta Oliver Stone zinema zuzendariarekin Heaven and Hell filmean (1993). Beste lan aipagarri batzuk: Astral Voyage; Full Moon Story; Silver Cloud; Toward the West; Cirque Ingenieux.