Hezkuntza Saila

Kitaj, Ronald B

Ingeles margolaria (Cleveland, Ohio, 1932). Pop Art eta Figurazio Berria joeren jarratzailea. Oinarrizko ikasketak bukatu zituenean merkataritza ontzi batean sartu zen, eta bidaiak egin zituen Karibe eta Hego Ameriketara. Bien bitartean, pintura ikasketak egin zituen New Yorkeko Cooper Unionen, espresionismo abstraktuaren eraginpean. Gero bidaia gehiago egin zituen Europan eta Afrika iparraldean, eta, soldadutza bukatuta, arte ikasketak sakondu zituen Ingalaterran (1962). Kitajek, orduko joera nagusiaren kontra, pintura figuratiboa egin zuen batez ere, era askotako gaiak landuz: historia, politika, soziologia eta batez ere poesia. 1962an collage-ak egiten hasi zen Chris Praterrekin. Bakarkako lehen erakusketa Londresko Marlborough Galleryn egin zuen, 1963an, arrakasta handiz. Bestalde, eskolak eman zituen Estatu Batuetako eta Europako zenbait unibertsitatetan. Bere azkeneko lanetan gero eta nabarmenagoa da Frantziako XIX. mendeko margolarien eragina.