Zuberoa
Euskal Herriko ipar-ekialdeko herrialdea, egun Frantziako estatuaren barnean, Pirinio Atlantikoak departamenduaren hegoaldean. Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Lapurdi, Nafarroa, eta Nafarroa Beherearekin batera Euskal Herria osatzen du. Euskal Herriko herrialde txikiena da: 814,5 km2 eta 15.514 biztanle (19,0 biztanle km2-ko; Euskal Herriko biztanle gutxien duen herrialdea, 2005) (zuberotarrak). Hiriburua: Maule-Lextarre. Hiri nagusiak: Sohüta, Barkoxe, Bildoze-Onizepia, Atharratze-Sorholüze, Urdiñarbe eta Garindañe. Kantonamenduak: Maule-Lextarre (19 udalerri), Atharratze-Sorholüze (16 udalerri). Zuberoako sei herri hartzen ditu Donapaleuko kantonamendua eta Biarnoko kantonamenduan daude Eskiula eta Landa herri zuberotarrak. Antzinako eskualdeak: Pettara, Arballa eta Basabürüa. Mugak: Biarno, iparraldean eta ekialdean; Nafarroa Beherea, mendebalean; Nafarroa, hegoaldean. v Orografia. Hiru lurralde mota bereizten dira Zuberoan: iparraldean, lur behere lauak dira nagusi; erdialdea menditsuagoa da eta oihanaldeak zabalak dira; hegoaldean Ahüñemendi edo Pirinio mendiak daude: Orhi mendia da garaiena (2.017 m, Larrañe), baina Santa Grazi gainean, Erronkariko aldean, dago Euskal Herriko mendialde gorena (Arlas, Larra, Anie edo Ahüñemendi, 2.000-2.500 m bitartean). Basabürüko alde honetan daude Euskal Herriko arroila edo mendi-zintzur ikusgarrienak (Holzartekoa, Larrañen, eta Kakuetakoa, Santa Grazin). Bestalde, Larrañeko lurretan barneratzen da Iratiko oihana. v Hidrografia. Uhaitzandi da Zuberoako ibai nagusia (uhaitza esaten zaio ibaiari zubereraz). 60 km luze da eta Ligin eratzen da, Pirinio mendietatik jaisten diren Larrañe eta Santa Grazi uhaitzek bat egiten duten lekuan. Aphurra eta Gesalia uhaitzetako ura hartzen du, eskuinaldetik, iparralderago, eta Biarnoko Salbaterra hirian Oloroeko Gabe ibaiarekin bat egiten du, Aturri ibairako bidean. Oloroeko ibaira doazen beste erreka batzuk ere sortzen dira Zuberoako iparraldean. v Klima eta landaretza. Zuberoako klima atlantikoa da, epela eta hezea oro har. Hegoaldeko lur garaietako klima alpinoa da. Euri asko egiten duen lurraldea da bestalde (1.800-2.000 mm urtean). Oihanak guztiz zabaltzen dira Zuberoako erdialdean eta hegoaldean: haritza eta pagoa 1.000-1.300 m bitarte, eta izaia eta lerra 1.300 m-tik gora (Santa Grazi, Irati). Atlantiko aldeko beste arbola mota asko daude, halaber, Zuberoan. v Biztanleak. Zuberoa da, Ipar Euskal Herrian, km2-ko biztanle kopuru txikiena duen herrialdea (19,0 biztanle km2-ko). XIX. mendean baino herritar gutxiago bizi dira, gaur egun, Zuberoan; izan ere, hazkundea -% 38,1ekoa izan da 1877-2001 bitartean. Zuberotar asko eta asko Lapurdi aldera, Parisa, Biarnora edo Frantziako beste hiri handietara joan dira. Hori dela eta, azken urteotan, herriak hustu eta elkartu egin dira udalerriak osatzeko; Lakarri-Arhane-Sarrikotagainek, esate baterako, 1900. urtean zituen biztanleen hiru laurdenak baino gehiago galdu ditu XX. mendean. Zuberoak du, halaber, hilkortasun tasa handiena Euskal Herrian, eta bertan dago biztanleria zaharrena: 100 gazteko 174 zahar daude. Migrazio mugimenduei dagokienez, 60ko eta 70eko hamarraldietan saldo negatiboak izan ziren nagusi Zuberoan, hau da, gehiago izan ziren herrialdea uzten zutenak bertara joaten zirenak baino. Joera hori, ordea, urtetik urtera leuntzen joan da eta 1999-2005 bitartean saldu positiboak izan ditu: 82 lagun gehiago izan dira Zuberoara iritsitakoak bertatik joandakoak baino. v Hizkuntza. Zuberoako jatorrizko hizkuntza euskara da, zuberera. Euskarak atzera egin du mendez mende eta euskaldunen ehunekoa gero eta txikiagoa da; 1866-2001 bitartean, hiru herritarretik bi euskal hiztun izatetik (% 65,0), lautik bat edo gutxiago izatera pasatu dira (% 22,8). Dena dela, % 22,8k euskara badakite ere, erabilera oso apala da (%5,8). ik. zuberera. v Ekonomia. Zuberoa lurralde nekazaria izan da batez ere, baina gaur egun zerbitzuek dute pisu gehien, langileen % 48,9 dihardu sektore horretan eta % 21,5 lehen sektorean (2001). Zerbitzuen sektorea da, oro har, euskal hiriburuetan jende gehien enplegatzen duen sektorea; Maule-Lextarre da, ordea, jende gutxien hartzen duena (% 56,3). Bestalde, Zuberoan hartzen dute emakumezkoek biztanle okupatuen zati handiena (% 43,1), Lapurdirekin batera (% 45). v Historia. v Historiaurrea. Goi Paleolito arokoak (K.a. 25000-K.a. 9000) dira Zuberoako lurretan aurkitu diren giza aztarna zaharrenak. Etxeberriko Karbia eta Sasixiloaga, Altzürükün biak, eta Gatzarria (Gamere-Zihiga) dira Paleolito aroko zuberotar aztarnategi garrantzitsuenak. Haitzuloetako pintura ikusgarriak daude Etxeberriko Karbian. Mesolito eta Neolito aroetako arrastoak aurkitu dira, halaber, Basabürüan bereziki; Neolito aroko eta metalen aroetako hileta monumentuen artean, ugari dira tumuluak, gutxi, ordea, harrespilak, trikuharriak eta jentilarriak. Burdin aroko aztarnategi aipagarri bat da Larrañen. Basabürüan ugari dira, halaber, K.a. V. mendetik aurrerako gotorleku moduak. Hauetako baten gainean eraiki zen Mauleko gaztelua. Historiagile erromatarren arabera (Julio Zesar), sibusate (beste batzuen arabera, Plinio Zaharrarengandik hasita, sibyllate edo sibulate zuten izena) izeneko herria bizi zen egungo Zuberoako lurretan K.a. I. mendean. Adreri euskalduna zen hura, tarbellien leinu berekoa. v Zuberoa eta erromatarrak. K.a. 19. urtean amaitu zuen Augustok Akitaniako lurren konkista, eta probintzia erromatar haren barnean geratu zen sibilate haien lurraldea. Pirinio mendiak igarotzen zituzten bi bide nagusien artean (Astorgatik Bordelerakoa, Ibañetan barrena, eta Jacatik Oloroerakoa, Somport-en barrena) geratu ziren antzinako zuberotarrak. Donazaharretik Oloroerako bidean bigarren mailako galtzada bat zen, Zuberoa mendebaletik ekialdera zeharkatzen zuena. Erromatarren eragina ez zen handia izan gaur egungo Zuberoan: utzitako aztarnen artean, aipagarria da Atharratzen Madalenako kaperan aurkituriko aldarea (bertan aurkitutako harri-inskripzio batek aipatzen du Herauscorritsehe izeneko etxe jainko baten gurtza). K.o. I. mendean Novempopulania edo eusko-akitaniarren probintzia eratu zelarik, sibulateak tarbelliengandik bereizi eta Oloroeko hiriaren mendeko lurraldean geratu ziren. K.o. IV. mendean Novempopulania zaharrean hiri-banaketa berria egin eta bederatzi oppidum nagusien ordez hamabi civitas edo hiri nagusiren araberako lurraldeak egituratu zirenean, Zuberoak Oloroeko hiriari loturik iraun zuen, Aspe eta Ossauko haranekin batean. Garai haietan euskaldunak ziren lurralde hartako herri guztiak (izan ere, euskarak bizirik iraun du Oloroeko ateetan XX. mendea arte), eta VI. mendetik aurrera hasi zen, arian-arian, bertako latin hizkuntza (geroko biarnes gaskoia) Novempopulaniako hirietatik lurralde zelaietara, lehenik, eta Pirinio mendien erdialdera, ondoren, zabaltzen. Zuberoako jendeak euskarari eutsi zion, ordea, eta Oloroe Biarnoko hiri nagusietako bat bihurtu zenez gero, Zuberoako mugek eratu dute euskararen ipar-ekialdeko muga (Biarno aldean luzaroan euskaldun iraun duten herriak barne). Nolanahi ere, Oloroeko hiriari loturik bizi izan da Zuberoa historian zehar. v Zuberoa eta frankoak. V. mendearen hasieran hasi ziren herri barbaroak mendi Pirinioak iparraldetik hegoaldera zeharkatzen; ez dirudi, ordea, Zuberoa aldean deus aipagarririk gertatu zenik. Okzitaniako Tolosan, lehenik, eta Hispaniako lurretan, ondoren, finkatu ziren bisigodoek ere ez zuten zuzeneko eraginik izan; besterik gertatu zen, ordea, frankoekin. VI. mendean, frankoak nagusitu ziren Tolosa eta Bordele aldean, eta mehatxupean ezarri zituzten euskaldunen lurrak. Akitania zaharreko euskaldun guztiek bat egin zuten frankoen aurka, hegoaldekoek bisigodoen aurka egin zuten bezala. Frankoek, ordea, bide guztiak erabili zituzten beren aginpidea zabaltzeko eta VI. mendean Oloroeko eliz-barrutia eta zuberotarrak Akitaniaren barnean geratu ziren. VII. mendearen hasieran, Baskoniako dukerria sortu zuten frankoek euskaldunei eustearren, eta 630ean helburu berarekin sortu zuen Dagoberto errege frankoak Akitaniako erreinua. Euskaldunek ez zuten horrelakorik onartu eta 636. urtean Dagobertoren gudarosteko talde bat menderatu zuten Zuberoan. 660-670 bitartean erreinu burujabe bat eratu zuen Lupo Otsoak Novempopulania zaharrean, eta haren ingurura bildu ziren lurralde hartako apezpikuak, Oloroekoa barne. VII-VIII. mende haietan gorpuztu zen hurrengo mendeetan Zuberoa izenaz ezagutu zen lurraldea. VIII. mendean frankoek erasopean ezarri zituzten Pirinioez hegoaldeko euskaldunak ere, eta Orreagako guduen ondotik (786 eta 824), sortu ziren Iruñeko erreinua (824) eta Baskoniako dukerria (832). Zuberoako lurrak honen barnean geratu ziren, Bidasoaz iparraldeko gainerako euskal lurraldeak bezala, eta bertako agintariek harreman estuak izan zituzten, orobat, Iruñeko erreinuarekin. v Zuberoako bizkonderria. 832. urtetik 1058. urtea arte (urte hartan batu zen Akitaniako dukerriarekin), burujabe, Iruñeko erreinuarekin familia-lotura estuak izan zituen Baskoniako dukerriak. 1023. urtean sortu zuen Antso Gilen VI.a Baskoniako duke edo printzeak Zuberoako bizkonderria eta Gilen Fort edo Azkarra I.a, Lavedango bizkondea, izan zen lehen bizkonde. XI. mendean zehar, Akize eta Biarnoko bizkondeen gutiziapean egon zen Zuberoa, eta mende haren erdialdetik aurrera Iruñeko erregearekiko loturak estutu zituzten zuberotar bizkondeek, Biarnotik berex izateko eta Baskonia-Akitaniako dukeen gehiegikeriei aurre egiteko. Izan ere, luzaroan onartu zituzten Zuberoako bizkondeek Nafarroako erregeak, Akitania-Gaskoniako dukeekin egiten zuten bezala. 1154. urtean, Eleonor Akitaniakoaren ezkontzaz lotu zen Akitania-Gaskoniako dukerria Ingalaterrako koroarekin; XII. mende bukaeratik aurrera ingelesen aurka egon ziren Zuberoako bizkondeak, baina bertako jaun batzuek ingelesen alde jardun zuten nabarmen. Raymond Gilen V.a, Henrike III.a Akitaniako duke eta Ingalaterrako erregearen kontra jarri zen, eta Nafarroako Teobaldo I.a erregetzat ezagutu zuen (1234). Nafarroako erregeari lagundu zion Nafarroa Behereko lurralde batzuk eskuratzen (Amikuze, Oztibarre) eta, 1249an Henrike III.aren aurka matxinatu zen, Gaston Biarnokoa eta Gaskoniako beste jaun batzuk bezala. Luza gabe, ingelesek Mauleko gaztelua hartu eta, Raymond Gilen-ek haiek ezarritako bahitura-saria ordaindu nahi ez zuelarik, Gilen Arnalt Atharratzeko jauna izendatu zuten bizkonde. 1257an ordea, Liginagako jauna Raymond Gilen-en aurka matxinatu zen, Ingalaterrako erregearen seneskalak eta Biarnoko bizkondeak lagunduta, eta Mauleko gazteluaz jabetu zen Raymond Gilen hil ondoren. Auger III.a haren semeak armetara jo eta berriro nagusitu zen Maulen. 1261. urtean, Aita Santuak auzian parte hartu ondoan, Auger III.ak Ingalaterrako erregearen esku utzi zituen Zuberoako lurrak, Marensin eta Landesetako beste lur batzuen truke. Ingalaterrako koroak Lapurdin bezala, zuzenean administratu nahi zituen Nafarroaren ondoko euskal lurraldeak. Bestalde, Nafarrora jo zuen Auger III.ak handiki aberats gisa. 1294an Filipe Ederra Frantziako eta, garai hartan, Nafarroako erregeak, Gaskoniaz jabetzeko kanpaina bati ekin zion, eta egokiera hartaz baliatu zen Auger III.a berriro Zuberoako bizkonde izateko (1295). 1299an Atharratzeko hiriberrirako gutuna eman zuen. 1307an Nafarroako erregeari leial eta Ingalaterrakoaren etsai zirauen, baina, Filipe Ederra Frantziako erregearen eta Aita Santuaren eskariei men eginez, Luis Hutin Nafarroako erregearen esku utzi zuen bizkonderria. Akordio haren arabera, Auger III.ak, Marensin eta Landesetako lurraldeez gainera, Nafarroako Arradako jaurerria lortu zuen eta alferez nagusi titulua eskuratu, Nafarroako erregearen mende; Zuberoako bizkonderriaz, berriz, Ingalaterrako erregea jabetu zen. Horrenbestez amaitu zen Zuberoako bizkonderria: aurrerantzean, Mauleko kapitainek bete zituzten ordu arteko bizkondeen administrazio mailako zereginak, Gaskoniako seneskalaren zuzeneko agintepean. v Zuberoako ahaide nagusien arteko gatazkak eta Frantziako koroaren konkista. XIV. mendearen hasieran zehaztu ziren Zuberoako mugak, Biarno eta Amikuze aldera, eta berretsi zuten Zuberoako ordezkariek Nafarroako koroari urtero ordaindu beharreko zerga. 1307tik aurrera garrantzi handia izan zuen Mauleko gazteluzainak. Haren bitartez sendotu zen erregearen erakundeen eragina; hala ere, beren horretan iraun zuten jatorrizko erakundeek eta Mauleko gazteluzaina bertako edo inguruko norbait izan zen beti, zuberotarra, nafarra edo biarnesa. XIV. mendean zehar, harreman giro onean jardun zuten Nafarroako eta Ingalaterrako koroek, eta XIII. mendean, batzuen eta besteen arrimuan, Nafarroa Beherean sendotu ziren etxe noble batzuek eragin handia izan zuten XIV. mendetik aurrera Zuberoan. Karlos Beaumont-ekoa, Donibane Garaziko gazteluzaina, Baionako eta Mauleko gazteluzain izan zen aldi berean; izan ere, beaumontarren aginpideak 1449. urtea arte iraun zuen Zuberoan eta Lukuzeko nafar etxe beaumontarrak Atharratzeko jaurgoa eskuratu zuen XV. mendean. Agramondarren eta beaumontarren arteko gatazkak eta gudu giroak XV. mende bukaera arte iraun zuen Zuberoan, gatazka latzenak frantses konkista baino lehenxeago gertatu ziren arren. Giro nahasi hartaz baliatu ziren, beraz, frantsesak Mauleko hiriaz eta Zuberoaz jabetzeko. 1449an frantsesek Mauleko hiria setiatu zuten, Gaston IV.a Biarnoko bizkondea buru zutela. Zuberoaz jabetu ondoren, Baionako bidean jarraitu zuen Gaston IV.ak. v Zuberoako gizartea eta erakundeak Erdi Arotik aurrera. 1520. urtean idatzi zen Zuberoako Kostùma edo lege zaharren bilduma, hor aipaturiko erakundeak XIV. mendearen hasiera ingurukoak dira. Oro har esan liteke sistema feudalak ez zuela beste lekutan bezain indar handia Zuberoan, baina nobleek, Nafarroan gertatu bezala, aginpide maila handia izan zuten herrialde hartan luzaroan. Hiru klasetan bereizten zen Zuberoako gizartea Frantziako Iraultza baino lehen: nobleak, elizako ordezkariak, laborari libreak eta botoy, fibater edo zergapekoak. Nobleen burua zen bizkondea, eta hamar potestat edo lurjabe handi zeuden haren ondoren. Maila apalagoan zeuden berrogeita hamar aitonen semeak, eta noble xumeenak ziren kapareak. Elizako hierarkiak ez zuen eragin handirik Zuberoan, Mauleko kaperau nagusiak eta hainbat ospitaletako abade nagusiek izan ezik; izan ere, apezpikua Oloroen zegoen. Biztanle gehienak laborari libreak ziren, armetarako eskubidea zuten eta salerosketak egin zitzaketen. Laborari zergapeko gehienek nobleen lurretan jarduten zuten zerga baten truke, baina laborari libreen pean egon zitezkeen halaber. Azkenik, errege aginduz sortu eta jendeztaturiko hirietako biztanleak Zuberoako forutik kanpoko lege batzuen arabera gobernatzen ziren. Zuberoako administrazio, politika eta justizia erakundeei zegokienez, Mauleko gazteluzaina zen erregearen ordezkari zuzena, Gaskoniako seneskalaren aginduetara ere bazegoena. Buru zen Zuberoako Estatu Orokorren bilkuretan eta Lextarreko Justizia Gortean; buruzagi militar nagusia zen, orobat, eta haren ardurapean zegoen errege administrazioa (zergak, lurrak, eta abar). Honez gainera, haren agintepean zeuden mezulariak edo herriaren eta errege agintearen arteko bitartekariak, eta Zuberoako bi baileak edo polizia nagusiak. Zuberoako lurraldea hiru mezutegi edo lurraldetan banatu zen: Pettara iparraldean, Arballa erdialdean, eta Basabürüa hegoaldean. Lurralde bakoitzak bere mezularia zuen, baina zenbaitetan mezulari bakar bat izan zen hirurentzat. Mezutegi bakoitzak bere dégairie edo eskualdea zuen, dégan edo ordezkari baten ardurapean. Hauek ziren: Lahüntze, Domintxine eta Arüe Pettaran, Arballa ttipian eta Arballa handian, eta Ibar Ezker eta Ibar Esküin Basabürüan. Administrazio eremu hauetatik kanpo zeuden Atharratze, Barkoxe, Hauze, Larrañe, Maule, Muntori eta Santa Graziko hiriak, eta beren zinegotziak aukeratzen zituzten hauek Zinbidetan ere parte hartzeko. Hauek ziren herriaren erakundeak: Zuberoako Estatu Orokorrak edo Ordena Gortea, erakunde gorena; bertara biltzen ziren herri ordezkariak, nobleak eta elizaren ordezkariak. Nobleek eta eliz ordezkariek osatzen zuten Grand Corps deitua. Laborari libreen eta hirugarren estatuko ordezkariak Zinbideta (Fr. Silviet) izeneko bilkura osatzen zuten Irabarneko oihanean. Zinegotzi eta jüratü izena zuten bertako ordezkariek. Zinbidetak hautatzen zuen halaber Zuberoako sindiko nagusia, Ordena Gorteko sindikua ere bazena (kargu hau ez da XVI. mende erdialdea baino lehen agertzen). Dégairie bakoitzeko laborari libreen ordezkariek hautatzen zituzten dégan-ak. Baziren, hauez gainera, herri eta igurbe edo auzo batzarrak. Zainhoako gizona edo so-egilea izena zuten, bestalde, herri batzarrek aukeratzen zituzten administrazio eta justizia arduradunek. Justiziaren alorrean, Lextarreko Gortea zen erakunde bakarra Zuberoa osoan. Mauleko gazteluzaina zen burua eta hamar potestat edo lurjabe handiak eta hainbat aitonen seme ere bertako kide ziren. Jüje izena zuten epaile hauek eta euskaraz jakin behar zuten denek. Honez gainera, baziren zergapean hartutako lurrei loturiko arazoak erabakitzeko gorte berezi batzuk, aitonen semeek zuzenduak eta faymidret deituak. v Zuberoa XVI-XVIII. mendeetan. 1449. urtean konkistatu zuen Zuberoa Frantziako erregearen izenean, Gaston IV.a Biarnoko bizkondeak, baina 1478 arte ez zen Frantziako koroa Zuberoaz benetan jabetu. Aldaketa garrantzitsu honengatik ere, ez zen Zuberoako agramondarren eta beaumontarren arteko liskar giroa baretu. 1555ean egin zuten Joana Albretekoa Nafarroako erregina eta Biarnoko bizkondea; Zuberoa, beraz, haren lurraldeen artean geratzen zen. Higanoten aldeko hautua egin zuen erreginak, eta era guztietako bitartekoak erabili zituen bere mendeko hiritarrek ere beste horrenbeste egin zezaten. Biarnon nolabaiteko arrakasta izan zuen arren, Nafarroa Behereko eta Zuberoako jende gehienak fede katolikoari jarraitu zion. Handiki eta nobleen artean, ordea, askok hartu zuten Kalbinoren bidea. Honez gainera, katolikoak Lukuzeko etxe beaumontarraren ingurura bildu ziren eta protestanteak agramondarren aldera, eta horrenbestez berriro piztu ziren oraindik guztiz itzali gabeak ziren XV. mendeko ahaide nagusien arteko liskarrak. Zuberoako jaun noble asko bihurtu zen protestante (Ezponda, Bela, Zalgiz eta beste asko); herrietan berriz garrantzikoak izan ziren Sohüta, Ezpeize, Muntori eta Zalgizeko talde protestanteak. Mauleko Maitia familia aberatsa nabarmendu zen katolikoen aldekoen artean, Atharratze-Lukuzeko etxearekin batean. 1566an Joana Albretekoak gurtza katolikoa debekatu zuen eta zuberotar katolikoek Biarno eta Nafarroa Beherera jo zuten. Zuberotarrak Joana Albretekoak ezarri nahi zuen protestantismoaren kontra azaldu ziren. Alde batetik gehienak katolizismoaren alde zeuden; bestetik, Joana Albretekoa, Nafarroako erregina izateaz gainera Biarnoko bizkondea ere bazen eta Biarno eta Zuberoa elkarren etsai ziren. Hala, eta istilu askoren ondoren, 1569aren hasieran Biarno bakarrik zen protestante. 1571n Joana Albretekoa hil ondoren ere ez ziren gerrak amaitu, eta Zuberoa nafar agintarien gogara gobernatu zen urte haietatik aurrera. Henrike III.a erregeak, gerokoan Henrike IV.a Frantziakoa bihurtu zenak, politikabide berari eutsi zion. 1620an Nafarroako eta Biarnoko Gorteak Pabeko Parlamentura bildu ziren eta haren peko ezarri zuten, halaber, Zuberoako Lextarreko Gortea. Protesta egin zuten zuberotar ordezkariek, Jakes Bela, Arnalt Oihenart eta Gabriel Etxart buru, eta 1626an Bordeleko Parlamentuaren barrutian geratu zen Zuberoako Gortea. XVII. mende hartan, ordea, asko ahuldu zen Zuberoako erakundeen nortasuna, eta gehiegikeria handiak egin ziren amankomuneko lurren alorrean, Frantziako erregearen eta jaun aberatsen probetxurako. 1640-1643. urteetan, Arnaud-Jean Peyrer, Frantziako erregearen zerbitzupean aberasturiko Oloroeko merkatari baten semea, hasi zen aitak Zuberoan, Irurin, zituen lur eta ondasunak zabaltzen, eta herri batzuez jabetu ondoren, Zuberoako errege-lurrak erosi zizkion Frantziako koroari. 1642an Mauleko gobernari postuaren alde saiatu zen eta 1643an Iruriko konde egin zuen bere burua. 1661. urtean matxinatu ziren zuberotarrak Matalas apaiza buru zutela; nolabaiteko arrakasta izan zuten hasieran, baina azkenean guztiz nagusitu ziren erregeren osteak eta Frantziako koroaren nahia. XVIII. mendean guztiz ahuldu ziren Zuberoako erakundeak. 1730ean biderik gabe geratu zen Zinbideta edo hirugarren estatua sindikua hautatzeko, eta beraz goi-nobleen eta elizako hierarkiaren gaineko kontrola bideratzeko zuen eskubidea. 1776an deuseztatu zen Lextarreko Gortea eta haren lekua Mauleko gobernariak hartu zuen. Horrez gainera, izugarri gehitu ziren zuberotarrek koroari ordaindu beharreko zergak. Frantziako Iraultzaren ateetan inolako autonomiarik ez zuen erakundea ziren Zuberoako Estatuak. v Frantziako Iraultzatik aurrera. Zuberotarrek gogo onez ikusi zuten iraultzaren hasiera; gauzak, ordea, gogortu ziren Elizaren Konstituzio Zibila eman eta gero. 1789ko maiatzean bildu ziren Zuberoako Estatu Orokorrak eta, Lapurdikoen antzera, Zuberoako antzinako askatasun eta erakundeen aldeko programa bat prestatu zuten. Eskatu ere egin zuten Mauleko hiria Zuberoako lege nagusira bil zedila. Frantziako konstituzioak, ordea, ez zituen eskaera horiek aintzat hartu, eta Zuberoak erabat galdu zituen aurreko erakunde guztiak. 1790. urtean geratu zen Zuberoa Basses Pyrénées departamenduaren barnean, Nafarroa Beherea eta Lapurdiko euskal lurraldeekin eta Biarnorekin batean. Errepublika ondoko urteetatik aurrera, Zuberoako historia Frantziako politika gertakari nagusiei lotu zitzaien. 1793ko konstituzioak biztanle heldu guztien boto eskubidea onartu zuen arren, 1848ko iraultzaren ondoko hauteskundeetan izan zuten gizaseme guztiek botoa emateko eskubidea lehenengo aldiz eta 1871 arte ez zen Frantzian bozketa unibertsala erabat ezarri. Beraz, politika jaun handiki batzuen kontua baizik ez zen izan luzaroan Frantzian eta Ipar Euskal Herrian. 1830etik aurrera Zuberoan eskuinak gehienetan irabazi duen arren, indar handiagoa izan du ezkerrak Zuberoan, Nafarroa Beherean eta Lapurdiko barnealdean baino. XIX. mendean Zuberoa nekazaritzari, artzaintzari eta mendiko ekonomiari lotua jarraitu zuen; Mauleko hirian, ordea, eskulangintza (ehule eta sokagileak bereziki) indartsua zen asapaldidanik eta 1849an zabaldu ziren bertako lehen espartin lantegiak, gero, gaurko eguna arte, asko hazi zirenak. XIX. mendearen hasieran baziren, halaber, burdinolak Larrañen, Santa Grazin eta Muntorin. Bestalde, gizarteari dagokionez, emigrazioak bereziki jo du Zuberoako biztanleria XIX. mendetik aurrera, Atharratzeko kantonamenduan bereziki, eta XX. mendean egoera honek ez du aldaketarik izan. Administrazioaren aldetik, Zuberoa lotuago egon da oraintsu arte Biarnori, Ipar Euskal Herriko beste bi lurraldeei baino; duela gutxi sartu zen Baionako Merkataritza Ganbararen esparruaren barnean eta, neurri handi batean indar abertzaleen eraginez, etorkizun hurbilari begira egituratuko den euskal departamenduaren zutabe nagusienetako bat izango da Zuberoa.