Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

zuberera

iz. Euskal dialektoa, Zuberoako herrialde osoan (iparraldeko herri txiki batzuetan izan ezik) eta Biarnoko albo-herri batzuetan (Jeruntze, Eskiula, Landa, Aramitze…) hitz egiten dena. 11.000 hiztun inguru ditu gaurko egunean (Zuberoako biztanleen % 78), eta tradizio handiko dialektoa da euskal literaturan. Berezitasun handiak ditu erdialdeko euskalkien aldera, eta haren antz handia zuen, salbuespenak salbuespen, XX. mendean galdu den erronkarierak edo Erronkariko euskarak. Izan ere, antzinako ekialdeko eta Pirinio mendi garaietako euskararen oinordekotzat hartu izan dituzte adituek Zuberoako eta Erronkariko mintzairak. Azentu eta entonazio-doinu bereziez gainera, zubererak baditu berezitasun aipagarri batzuk, gainerako euskalkien aldera: ü bokalaren eta bokal eta diptongo sudurkarien erabilera, eta züketari dagozkion forma alokutiboen erabilera (behenafarreraren eremuetan ere, Amikuzen eta, xuketa moduan, Pirinio aldean, Garazin eta Aezkoan darabiltena). Zuberera izan da betidanik Zuberoako mintzaira nagusia, ez da sekula bertako administrazio-hizkuntza izan (latina, biarnesa eta frantsesa izan dira hurrenez-hurren), baina zubereraz hitz egiten zen beti, Frantziako Iraultza arte, Zuberoako antzinako gorte eta erakundeetan. Zubererazko literatura oparoa da guztiz euskal literaturaren ikuspegitik. Erdi Aroaren bukaerako, XV. mendeko, ahaideen arteko liskar eta guduak oroitarazten dituzten kanta ederrak gorde dira zuberotarren ahotan (ik. Berterretxen Khantoria). 1571. urtean inprimatu zuen Joannes Leizarragakoak zubererazko hiztegi txiki bat, bere Testamentu Berria hobeki uler zedin, eta XVI. mende bukaeran aurkeztu zituen Bertrand Zalgizek Zuberoako esaera zaharren bilduma bat, behenafarreraz aurkeztua. Arnaud Oihenarteren arabera, euskaldun poeta zen Zalgizeko jauna, baina ez da lehen zuberotar idazlea bide den honen literatura lanik gorde. Arnaud Oihenart (1592-1672), euskaraz poeta eta erdaraz, latinez bereziki, historialaria, izan zen lehen zuberotar idazle handia, eta euskal literatura osoko lehen idazle laiko ezaguna. 1624an idatzi zuen Joan Tartaskoa Sohütako apezak lehen liburua zubereraz, Onsa hilceko bidia, eta haren ondotik erlijio liburu batzuk idatzi ziren zubereraz XVII. mendean. Mende horretan edo ondokoaren lehen partean zabaldu zen pastoraletarako joera Zuberoako lurraldean; zuberotarren pastoralak dira, zalantzarik gabe, euskal herri antzerkiaren erakusgarri nagusia. XIX. mendean, zuberotar jatorriko bi euskaltzale handi nabarmendu ziren euskararen eta Euskal Herriaren aldeko lanetan: Agosti Xaho (1810-1858) eta Antoine d’Abbadie (1810-1897). XIX. mendearen lehen erdialdean gailendu zen Zuberoan Piarres Topet “Etxahun” (1786-1862) koblakariaren irudia, Euskal Herriak ezagutu duen herri poeta handienetakoa.