Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Zizur

Nafarroako erdialdeko udalerria (Iruñeko merindadea). Mugak: iparraldean, Oltza, Barañain eta Iruñea; ekialdean, Galar; mendebalean, Etxauri eta Zabaltza; hegoaldean, Perdon mendizerraz gaindi, Legarda, Uterga, Adiotz, Ukar eta Gares. Garaiera, 467 m. 59,56 km2. 1998ko datuen arabera, 1.091 biztanle (zizurtarrak). Astrain, Zizur Txikia, Gazolatz –herriburua–, Larraia, Muru-Asterain, Paternain, Undio eta Zarikiegi kontzejuek osatzen dute udalerria. Arga ibaiaren adarrak diren Sadar eta Elortz errekek ureztatzen dituzte Zizurreko lurrak. Hizkuntza, gaztelania. XIX. mende bukaeran galdu zen euskara. Nafarroako Foru Erkidegoko 1986ko Euskararen Legearen arabera, eremu mistoan dago. Industria (janari industria, altzairugintza, eraikuntza, kimika industria, tresneria elektrikoa, ehungintza; langileen % 40) eta zerbitzuen alorra (oinarrizko zerbitzuak, dendariak, administraritza, irakaskuntza, garraiariak; langileen % 50) dira ekonomia jarduera nagusiak. Dena dela jende asko Iruñera joaten da langile.