Zirauki
Nafarroako erdialdeko udalerria (Lizarrako merindadearen hegoaldea). Cirauqui du izen ofiziala. Mugak: iparraldean, Gesalatz; ekialdean, Girgillano eta Mañeru; mendebalean, Deierri eta Bilatorta; hegoaldean, Mendigorria. Garaiera, 498 m. 41,55 km2. 1998ko datuen arabera, 450 biztanle ditu, aurreko erroldan baino zertxobait gutxiago (ziraukiarrak). Salado ibaiak igarotzen du. Hizkuntza, gaztelania. Nafarroako Foru Erkidegoko 1986ko Euskararen Legearen arabera, eremu ez-euskaldunean dago. Nekazaritza (garia, garagarra, mahatsa, olibondoak, ardi eta zerri azienda) eta industria (altzairugintza, ardogintza) dira ekonomia jarduera nagusiak. Aipagarriak dira Salado ibaiaren gaineko XI. mendeko zubi erromanikoa, San Roman eliza (XII. mende bukaerako ataria, XVIII. mende hasierako erretaula barrokoak), XIII-XV. mendeetako Santa Katalina eliza gotiko-Errenazimentukoa, Ama Birjina Anizko ermita (XVI. m.), XVIII. mendeko udaletxea (aurrealde barrokoa), eta bi kaleen arteko atea (XVI. m.). v Historia. XI. mendeko dokumentu batean aipatzen da lehen aldiz Ziraukiko herria. 1425. urtetik 1845. urtea arte Leringo Konderriaren mende egon zen. Liberal eta karlisten arteko gudu latzak izan ziren Zirauki eta inguruetan karlistadetan zehar.