Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Zirenaika

Libiako sortaldeko eskualdea. Hiru probintzia ditu, eta hiri nagusia Bengazi da. Iparraldean Barkah-ko goi ordokia dago, eta hegoaldeko mugan arroa luzaxka bat, itsasoa baino beherago dagoena. Hegoaldea ordoki elkorra da, Saharako mendiekin bat egiten duena; bertan artzain nomadak bizi dira, eta oasi batzuk dira (Koufra). Zelten-en petrolioa da aberastasun nagusia; Marsa-el-Brega portutik esportatzen da. Bengaziko hiriak industria jarduera garrantzitsua du (egungintza, larrugintza, elikagaiak).  v  Historia. Zirene hiriak eman zion izena Zirenaika eskualdeari. Pentapolis Cirenaica izenarekin ezagutzen ziren antzinako bost hiri: Zirene, Apolonia (Marsa-Susa), Tolemaida (Tulmayta), Teucheira-Arsinoe (Tukra), eta Euesperides-Berenice (Bengazi). 45. urtean, juduen matxinada gertatu zen bertan; ordu arte, Erromako probintzia aberatsa izan zen. Musulmanek menderatu zutenean, garrantzia izan zuen Alexandriatik Qayrawan-erako bidean zegoelako. Otomandarren garaian lortu zuen burujabetasuna. 1912an, Italiaren kolonia bihurtu zen, Libia italiarraren barne geratu zen arte (1934). 1947an, Italiak bere koloniak aske utzi zituelarik, autonomia eskuratu zuen, Idris al-Sanusi emirra buru zuela. 1951z geroztik Libiaren barruan dago.