Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

zipaio

(Pertsieraz, sipahi, zaldizko gudaria). XVIII. eta XIX. mendeetan europarren eta, bereziki, britainiarren zerbitzutan ziharduen Indiako gudaria. v Zipaioen matxinada. Indian 1857-1858an britainiarren politika kolonialaren aurka gertaturiko matxinada. Britainiarrek mendebaleko ideiak Indiako gizartean sartu izanaks –misiolariak, hezkuntza…– eta zenbait neurri politiko eta ekonomiko hartu izanak –lur jabe handien lurrak beretzea, zenbait erresuma mendean hartzea–, hinduen eta musulmanen goi klaseen aiherkundea piztu zuten. Giro horretan, zipaioek erabili beharreko fusil berri bateko kartutxoak behi eta zerri gantzaz igurtziak zirelako berria zabaldurik, zipaioek uko egin zioten halako arma erabiltzeari, hinduen eta musulmanen erlijioek debekatua baitzen. Zenbait istiluren ondoren, 1857ko maiatzaren 10ean Meerut-eko errejimentuko zipaioek ofizial europarrak hil zituzten. Ondoren iraultza Indiako erdialde guztira hedatu zen eta matxinatuak Delhiz eta Allahabadez jabetu ziren. Azkenik, 1858ko martxoan, britainiar gobernuaren osteek –sikh eta gurkha gudariak barne– zipaioen matxinada zapaldu zuten.