Zipitria, Elbira
Gipuzkoar irakaslea, ikastolen mugimenduaren sortzaileetako bat (Zumaia, 1906 - Donostia, 1982). Maistra ikasketak egin zituen Donostian. Gaztetandik abertzale sutsua izan zen, eta euskal irakaskuntzaren alde borrokan aritu zen beti; ez bakarrik hizkuntzaz euskalduna, baita edukiaz eta formaz ere berezia izango zen irakaskuntza bat nahi zuen. Izan ere, Zipitriaren ekarri handienetako bat irakaskuntza metodologiari zegokiona izan zen. Inguruan sistema guztiz atzeratuak eta autoritarioak erabiltzen zirenean, bera Europako joera modernoenak erabiltzen saiatu baitzen, matematika eta hizkuntza irakaskuntzan bereziki. Bestalde, abertzaletasunak eta erlijioak pisu handia zuten haren sisteman. Espainiako gerra zibilaren ondoren, 1943. urtean hasi zen, Francoren diktadurapean, ezkutuko ikastola bat antolatzen, azkenik bere etxean, Donostiako Parte Zaharrean ezarri zuena. 1950-1960 urteetan hasi ziren beste ikastola batzuk zabaltzen, Donostian gehienak, Elbiraren bultzadaz sarritan, irakasleak berak prestatuta. Ikastolak Hego Euskal Herrian legeztatuak eta finkatuak zirenean hil zen.