Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

zikloi

iz. Indar handiko haizea.  v  Meteor. Erdigunean presio apala eta gune horren inguruan presio garaiagoa duen haize masa mugikorra, indar handiz biratzen dena. Zikloiak erdiguneko ardatzaren inguruan biratzen dira, erloju orratzen kontrako norabidean ipar hemisferioan, eta erloju orratzen norabidean hego hemisferioan. Haize erauntsiaz gainera, lainoak, euria edo elurra eta tenperaturaren hoztea dira zikloien ondorio nagusiak. Oro har bi motako zikloiak bereizten dira: tropikokoa eta latitude epeletakoa. Tropikoko zikloiak udan eta udazkenean gertatzen dira, batez ere; 80-480 km bitarteko diametroa izan ohi dute eta indar handiko haizea (orduko 200 km-tik gora), eta euri jasa handiak dituzte ezaugarri nagusiak. Itsaso epelek igortzen duten beroagatik eta hezetasunagatik sortzen dira; gero kontinente aldera hedatzen dira eta hondamendi handiak eragiten dituzte kostaldean. Tropiko aldeko zikloi mota ezagunenak urakana eta tifoia dira. Latitude epeletako zikloiek 2.500 km inguruko diametroa dute eta eguraldi lainotsua, euritsua eta haizea dituzte ezaugarri nagusiak; fronte sistema baten bidez eratzen dira, fronteen lastertasun eta arintasun desberdinagatik (hotzak beroak baino astunagoak eta bizkorragoak dira) gertatzen den uhin higidura gero eta larriagoaren ondorioz.