ziklope
(Gr. Kyklops). iz. Mit. Bekokiaren erdian begi bakarra duen erraldoia. v Izena, berez, grekozko bi hitzen elkarketatik dator: Kyklos (Eusk. “Zirkulua”) eta Ops (Eusk. “Begi”). Antzinatean, Greziako mitologian hainbat ziklope mota bereizi ziren. Batzuk eraikitzaileak izan ziren; haiek eraiki omen zituzten, esaterako, Mizenasko jauregietako harresiak, harritzar ikaragarri elkarren gainka jarriez eginak. Beste batzuk, ziklope uranioak, eguraldiarekin uztartzen zituzten; Uranoren eta Gearen semeak ziren, eta haien izenak ekaitzarekin edo tximistarekin lotuta ageri dira. Gizakiarentzat, eguraldiaren gorabehera bortitzenen indarra dute (Polifemo, Odisea-n ageri dena, esaterako). Azkenik, Siziliako ziklopeak, lehenik garai alexandrinoan aipatuak; tradizio horren arabera, sumendien zolatan zeuzkaten beren olak, eta Hefestoren langile ziren.