Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Zambia

(Izen ofiziala, Zambiako Errepublika; Ing. Republic of Zambia). Afrikako hegoaldeko estatua. 752.614 km2 eta 11.669.534 biztanle (2008, zambiarrak). Mugak: iparraldean, Zaire; ipar-ekialdean, Tanzania; ekialdean, Malawi; hego-ekialdean, Mozambike; hegoaldean, Zimbabwe eta Botswana; hego-mendebalean; Namibia; mendebalean, Angola. Hiriburua: Lusaka (870.030 biztanle, 1991). Hiri nagusiak: Kitwe, Ndola, Mufulira. Hizkuntza ofiziala: ingelesa. Erlijioak: protestantismoa, % 34,2; katolizismoa, % 26,2; afrikar kristauak, % 8,3; animismoa, % 27; islama, % 0,3; besteak, % 0,7. Etniak: benba-k, % 36,2; maravi-ak, % 17,6; tonga-k, % 15,1; ipar-mendebaldarrak, % 10,1; barotze-ak, % 8,2; manbwe-ak, % 4,6; tunbuka-k, % 4,6; besteak, % 3,6. Dirua: kwatxa-a.  v  Orografia eta hidrografia. 1.000 eta 1.500 m arteko garaiera duen goi-ordoki zabal laua da Zambiako ia lurralde osoa. Iparraldean Mutxingako eta Mbalako goi-ordokiko mendiak daude. Mutxingako mendiak (2.200 m) ura Kongo eta Zambeze ibaietara isurtzen duten ibaien banalerro dira. Ipar-ekialdean Mufingko mendiak daude (2.100 m). Zambiak rift erako ibar batzuk ditu; horien arteko luzeena Luangwa ibaiarena da (560 km). Ipar-ekialdean, Bangweuluko padura munduko handienetakoa da (10.400 km2). Zambeze da Zambiako ibai handiena; zenbait tokitan ur-lasterrek eta ur-jauzi handiek ibaian ontziz ibiltzea eragozten dute; Luangwa du adar nagusia. Zambiako aintziren artean aipagarriak dira Zaireko Shaba-rekin muga egiten duen Mweru, Luapula ibaia urez hornitzen duen Bangweulu, eta Tanzaniarekin muga egiten duen Tanganika. Hegoaldean Kariba-ko urtegia dago (440 km2).  v  Klima eta landaredia. Klima subekuatoriala du Zambiak. Hiru sasoi bereizten dira: abuztu-urria bitarteko bero lehorra, azaro-apiriletako epel euritsua eta maiatza-uztaila bitarteko epel lehorra. Egun argiko batez besteko tenperatura hilabeterik beroenean (urria) 39 °C-koa da Balovale-n, hego-mendebalean, eta 31 °C-koa Mbala-n, iparraldean; hilabeterik hotzenean (ekaina), berriz, 26 °C-koa Lusakan, hegoaldean, eta 31 °C-koa Mbalan. Urtean zehar 600-800 mm euri izaten da hegoaldeko ibarretan, 800-1.000 mm erdialdeko eta ekialdeko goi-ordokietan, eta 1.000-1.350 mm ipar-ekialdeko lur garaietan.  v  Lurraldeko parte handiena zur bikaineko zuhaitzak dituzten sabanek eta larreek hartzen dute. Belardi horiek betabereen bazkaleku dira eta, besteak beste, elefante, leopardo, zebra, jirafa, hiena eta tximu mota askoren bizileku. Hego-mendebalean Rhodesiako teka hazten da eta papiroa aintzira ertzetan. ■ Biztanleak. 70 etniatik gora bizi dira Zambian. Hizkuntza ofizialaz gainera 70 bat hizkuntza eta dialekto erabiltzen dira. Biztanle gehienak bantu leinukoak dira, eta horiez gainera boskimanak eta europar eta asiar batzuk ere badira. Jaiotza tasa oso handia da (% 51,2) eta biztanleria bizkor ugaltzen ari da (% 37,5), halako moduan non 19 urtetan bikoiztuko egin dela uste baiten. Jende gehiena Zambiako erdialdean bizi da, kobrearen ustiaketarekin zerikusia duten jarduerek hara erakarrita. Zambiako biztanleria oso gaztea da, zambiarren % 48k 15 urtetik behera ditu eta % 2 besterik ez da 65 urtetik gorakoa. Osasun egoera eta zerbitzuak, oro har, oso txarrak dira. Herrialdeko osasun arazo nagusiak tuberkulosia, legenarra, bizkarroiek eragindako eritasunak eta elikadura urritasunak eraginak dira. Zambiarren batez besteko bizi itxaropena 52 urtekoa da gizonezkoentzat eta 54 urtekoa emakumezkoentzat. Irakaskuntzari dagokionez, Afrikako herrialde aurreratuenetako bat da Zambia. ■ Ekonomia. BPGk gora egin badu ere, 2,1 mila milioi dolarretik 1980an 4 mila milioi dolarrera 1995ean, biztanleko NPGk beherantz egin du nabarmen. 1990. urtearen hasieran Frederick Chiluba presidenteak liberalizazio politikarako programa bat jarri bazuen ere abian, egoera larria da, nahiz eta herrialdearen ekonomiak hazkundearen bidea hartu duela dirudien (% 6,4 1995ean). Zambiako biztanle gehienak nekazariak dira. Hazkunde demografiko izugarriak eta atzerriko zorraren hazteak azaltzen dute biztanleen pobretasun maila eta nazioarteko laguntzaren beharra. 1995ean nekazaritzak BPGren % 22 hartzen zuen, baina ekoizpena oso apala da eta ez da iristen biztanleen beharrak asetzera; hala, inportazioen beharra du Zambiak. Mandioka, laboreak (artoa) eta barazkiak dira lantzen diren gai nagusiak. Abelzaintzan behi hazienda da garrantzitsuena (2,6 milioi buru 1996an). Arrantzak ere garrantzi handia du. Kobrearen ekoizpena munduko merkatuen mende dago; 1980an 617.000 tonakoa zen, eta 1995ean 292.000 tonakoa. Chiluba lehendakariak, 1991. urteaz geroztik aginpidean, meategiak pribatizatzeko proiektua du. Kobaltoa, zinka eta beruna ere ekoizten ditu Zambiak. Industriaren sektorea (eta baita bankuak ere) nazionalizatu egin dira 1968. urteaz geroztik. Estatuari itzuli zaizkion parteak gobernuaren mendeko erakunde batean bildu dira, Indeco deitua hain zuzen. Erakunde horrek 1991n ekoizpenaren % 75 kontrolatzen zuen. Indecoren bidez hainbat enpresa sortu da atzerriko sozietateekin elkarlanean aritu direnak. Meekin egin zuen bezala, Chiluba presidentea saiatu da estatuaren mendeko enpresak pribatizatzen. Industria nagusiak metalurgia, kobre findegiak, ehungintza, elikagaiak, kimika eta automobilen edo traktoreen muntaketa dira. Herrialde barruko komunikazioak eskasak dira, eta zailak atzerriko herrialdeekiko loturak. Kanpoko merkataritza defizitarioa da gehienetan. Hegoafrika, Alemania eta Estatu Batuak dira Zambiaren hornitzaile nagusiak, eta Japonia bezero garrantzitsuena (kobre erosle nagusia). Atzerriko zorra 3,6 mila milioitik (1980), 6,8 mila milioiraino igo zen (1995).  v  Historia. David Livingstone eskoziar esploratzailearen bidaldien ondoren (1853-1854 eta 1858-1860) europar misiolariek bizitokia hartu zuten lurraldean. Leinuetako buruzagiek eta Cecil Rhodes britainiar politikari kolonizatzaileak hitzarmenak egin zituzten eta lurraldea –1911tik aurrera Ipar Rhodesia deitua– Afrikako Hegoaldeko Britainiar Konpainiaren administraziopean geratu zen, harik eta 1924n Britainia Handiaren protektoratu bilakatu zen arte. Abertzaletasuna 1950etik aurrera sendotu zen, Herri Burujabetzarako Alderdi Batua (UNIP) eta Afrikako Kongresu Nazionala alderdiak sortzearekin batera. 1953an Ipar Rhodesia, Hego Rhodesia (Zimbabwe) eta Nyasalandia (Malawi) federazioan elkartu ziren. Federazioa 1963an desegin zen, eta 1964ko urriaren 24an Ipar Rhodesia Zambiako Errepublika burujabe bilakatu zen, Kenneth Kaundaren lehendakaritzapean. Kaundak industriaren eta meagintzaren nazionalizazioa bideratu zuen 1968tik aurrera. Bestalde, Angolaren eta Mozambikeren burujabetasunaren aldeko higikundeei lagundu zien, eta Rhodesiako eta Hegoafrikako nazioaren askapenarako higikundeen eta gobernu arrazisten arteko bitartekaritza egin zuen. Zambiak arazo ekonomiko eta politiko larriak izan zituen auzo herrietako errejimen kolonialisten oztopoengatik, errejimen arrazistako gobernuen aurkako gerrillei laguntzeagatik eta kobrearen salneurriaren beherakadagatik. 1972an Kaundak UNIP ez beste alderdi politiko guztiak debekatu zituen. 1985etik aurrera, Nazioarteko Diru Funtsak hala eskatuta, neurri ekonomiko gogorrak ezarri zituen Zambiako gobernuak, sindikatuen eta ikasleen haserrea eta matxinadak eta istiluak ekarri zituztenak. 1988ko hauteskundeetan, % 45eko abestentzioarekin, Kaunda hautatu zuten berriz ere presidente, baina 1991koetan Frederick Chilubak aurrea hartu zion. Gobernu berriak ekonomiaren egitura berritu zuen, estatuaren mendeko enpresak pribatizatu zituen, eta oinarrizko zenbait elikagairen prezioa bikoiztu egin zuen, arto irinarena esate baterako. 1992an Nazioarteko Diru Funtsaren eta Munduko Bankuaren gomendioak kontuan hartu zituen lehendakariak, eta % 29 jaitsi zuen diruaren balioa. 1992. urtearen hasieran Afrikak XX. mendeko lehorterik izugarrienetako bat jasan zuen, eta elikagaien urritasuna izan zen haren ondorio nagusia. Mendebaldeko hainbat herrialdek 400 milioi dolarreko laguntza eman zioten Zambiari. Urte horretan bertan Chiluba presidenteak kristautasunaren ofizialtasuna onartu zuen eta alderdi fundamentalista baten sorrera debekatu zuen, nahiz eta, agintari musulmanen arabera, 1,2 milioi biztanle xiitak ziren eta milioi batetik gora sunniak. 1993an inflazioa % 140ra iritsi zen. Gobernuak gastu publikoa murriztu behar zuen, enpresen pribatizazioa sustatu eta droga salerosketari aurre egin behar zion Parisko Klubaren laguntza izango bazuen. 1994an Zambiako unibertsitateak ateak itxi zituen, izan ere, gobernuak 300 irakasle kalean utzi zituen soldata igoera eskatzeko greba egin zutelako. 1995ean presidenteak Lurren ministro kargutik kendu behar izan zuen ustelkeria salaketen eraginez. Handik gutxira Chilubak Zambiako Bankuko gobernadorea kendu zuen kargutik. Ekonomiaren egoera larria atzerriko zorrak eragina zela zioen Chiluva presidenteak, BPGren % 40 hartzen baitzuen. Merkataritza ministroak adierazi zuen 9,5 zambiar izugarrizko txirotasun egoeran bizi zirela. 1996an Parisko Klubak zorraren % 67a barkatu zion Zambiari. Nazioarteko Diru Funtsaren eta Munduko Bankuaren eskakizunen ondorioz, nekazaritzan ziharduten biztanleen egoera larriagotu egin zen eta pribatizazioen ondorioz 150 mila langile kale gorrian gelditu ziren. 1997an estatu kolpe saio bat izan zen, eta ehunka pertsona atxilotu zituzten. Giza eskubideen aldeko zenbait erakundek salatu zuten estatu kolpe hura aitzakia hutsa izan zela zenbait lagun atxilotzeko eta presoak torturatzeko. 2001eko uztailean, Zambiak premiazko elikagai laguntza eskatu zuen bi milioi lagunentzat, uholdeek eta lehorteek uzta txarrak eragin baitzituzten leku askotan. 2002an Levy Mwanawasa izendatu zuten lehendakari; oposizioko hamar alderdik iruzurra salatu zuten. 2006an, Mwanawasak agintaldia berretsi zuen eta agintean jarraitu zuen 2008 arte, urte horretan hil baitzen. Rupiah Banda da gaur egun lehendakaria. 2008ko bukaeran, kolera izurrite bat zabaldu zen, eta 2009 hasierarako 1.169 lagun hil zituen.
http://www.zambiatourism.com/zntb/index.htm