Zamyatin, Yevgeny Ivanovitx
Errusiar idazlea (Lebedian, Lipeck, 1884 - Paris, 1937). Itsasontzietako ingeniaria zen bizibidez. Ipuin liburu batekin egin zen ezagun: Uyezdnoye (1911, Probintzia giroko ipuinak). Ondoren eleberri labur bat idatzi zuen, Na kulichkakh (1914, Munduaren bukaeran). Zamyatinen idazkera inpresionista da eta eragin handia izan zuen 1920-1930 bitarteko urteetan Errusiako idazleengan eta, batez ere, «Serapionen Anaiak» literatura taldeko kideengan. Literatura eta politika bereiztearen alde ageri zen bere kritika lanetan. 1924an My (Gu) eleberria argitaratu zuen, Ingalaterran (Errusian inoiz ez zen argitaratu), eta Zamyatinen kontrako jarrerak ugaldu egin ziren Sobietar Batasunean; izan ere, gero Orwell-ek eta Huxley-k ibiliko zuten bidetik, gizarte komunistaren deshumanizazioaren eta indibidualismoaren satira egin zuen liburu hartan; horregatik, 1932an, eta Gorkiren arartekotzari esker, Errusiatik Parisa joan zen erbesteraturik. Zamyatinenak dira halaber: Ostrovityane (1917, Uhartekoak), eta Ipuin lizunak (1927) ipuin bildumak, eta Ya boyus (1921, Beldur naiz), saiakera.
- Zamora
- Zampa, Luigi
- Zamudio
- Zamudio-Arteaga
- zamuka
- Zamyatin, Yevgeny Ivanovitx
- Zañartu
- Zambia
- zanbo
- zanbra
- Zanbrana