Zanbrana
Arabako hegoaldeko udalerria (Arabako Haranak). Mugak: iparraldean, Beranturi eta Trebiñuko Konderria; ekialdean, Ebro ibaiaz gaindi Urizaharra; mendebalean Errioxa; hegoaldean, Bastida eta Errioxa. Garaiera, 455 m. 39,61 km2. 1997ko datuen arabera, 372 biztanle (zanbranatarrak). Herrigune hauek osatua da Zanbranako udalerria: Berganzo, Ocio, Portilla eta Zanbrana (herriburua). Inglares ibaiak zeharkatzen du udalerria, ekialdeko muga eratzen duen Ebro ibaian ura isuri aurretik. Hizkuntza, gaztelania. XVI. mendea baino lehen galdu zen euskara. Hizkuntza banaketa 1996an: 10 euskaldun, 23 ia-euskaldun eta 320 erdaldun. Ekonomia jarduera nagusiak laborantza (garia, garagarra, azukre erremolatxa, patata, bazka landareak) eta abere hazkuntza (ardi azienda) dira. v Historia. Berganzoko herria 1083. urteko dokumentu batean aipatzen da lehen aldiz eta 1179. urtekoan Portillakoa. Zanbrana, aldiz, 1058. urteko dokumentu batean aipatzen da lehen aldiz, eta, Ocio, 1388. urtekoan. Berganzoko herriak 1520. urtean jaso zuen hiri-gutuna; Ociok 1496. urtean; Zanbranak 1744. urtean.