Zagreb
(Al. Agram). Kroaziako hiriburua, Save ibaiaren ondoan eta Medvednica mendiaren hegalean. 930.753 biztanle (1991). Industriagune garrantzitsua da (metalurgia, mekanikako tresneria, kimika, elikagaiak, larrugintza). Unibertsitatea du 1874. urteaz geroztik, eta Zientzia eta Arte Akademia. San Eztebe katedral gotikoa XV. mendekoa da. Erdi Aroko eraikuntzak ere badira, ongi zainduak. Hiri katoliko ortodoxoa da, eta artzapezpikuaren jauregi garrantzitsua du. v Historia. Antzina hiri erromatarra izan zen. Gaur egun duen izena hungariarrek menderatu ondoren eman zitzaion. Apezpikuaren egoitza izan zen 1093. urtetik aurrera. 1242an Bela IV.ak hiri asketzat onartu zuen. Kroaziako abertzaletasunaren gunea izan da, tartaroen, turkiarren eta austriarren kontra. Kroazia-Eslavoniako hiriburua izan zen (1867); Kroaziako erreinukoa (1941); 1945ean askatu zuten alemaniarren mendetik, eta urte hartan bertan Kroaziako Errepublikaren hiriburutzat onartua izan zen, Jugoslaviaren barruan. 1991n, Kroaziako burujabetza lortuta, bertako hiriburua eta hiri nagusia da.