Zabala, Carlos
Gipuzkoar aktore eta zinemagilea (Donostia, 1962). Zinemagilea ez ezik, gidoilaria, aktorea eta ekoizlea ere bada. Aktore bezala The Hit (1984), Rumbo norte (1987), Ánimo... ¡vaya papelón! (1990), Vacas (1991) edota Santa Cruz, el cura guerrillero (1991) filmetan hartu du parte. Hainbat urtez Eneko Olasagastirekin elkarlanean aritu izan da lanean, eta elkarlan horren emaitza dira Euskal Herrian ekoitzi diren telesaio arrakastatsuenetakoenen batzuk, hala nola Bi eta Bat edota Jaun eta Jabe. 1994. urtean Maité filma elkarrekin zuzendu zuten, gidoia ere bien artean idatzi ondoren. 1999. urtean, Zabala-Olasagasti bikoteak Sí, quiero filmaren gidoia sortu eta zuzendu zuten. Urte hartan bertan Eneko Olasagastik zuzendu zuen Ertzainak telesaileko atalen batzuetan ere aritu zen zuzendari lanetan. 2000. urtean Carlos Zabalak Etxaldeko erregea animaziozko proiektu berritzailea zuzendu zuen, animazioko irudiak eta benetako pertsonaiak uztartu zituena, animazio arloaz arduratu zen Gregorio Murorekin batera. Tentazioa ekoiztetxearen sortzailetako bat da. Konpainia horrentzat Ez da hain erraza lana zuzendu du Fernando Bernuésekin batera.