Zabala, Bruno Mauricio de
Bizkaitar konkistatzailea eta militarra, Montevideoko hiriburuaren sortzailea (Durango, 1682 - Parana ibaia, 1736). Filipe V.aren alde borrokatu zen Espainiako Erregetzarako Gerran eta Rio de la Platako Kapitain Nagusi izendatu zuen erregeak 1717. urtean. Piratei eta portugaldarrei aurre egin zien, azken hauek Montevideo eta Maldonadoko eskualdeez jabetzeko prest baitzeuden. 1723. urtean portugaldarren esku erori zen Montevideo baina handik urtebetera berreskuratu zuen Zabalak eta gaztelu bat eraiki zuen, hiriburua izango zenaren lehen eraikin-multzoa. Txileko Kapitain Nagusi izendatu zuten 1731. urtean. Paraguain ere borrokatu zen komunero matxinatuen aurka (1725 eta 1735).