Zabala, Pello
Gipuzkoar frantziskotarra, musikan aditua eta meteorologoa (Amezketa, 1943). 1953an, hamar urte zituela, Arantzazuko Frantziskotarretara joan ondoren, 1966an eman zuen lehen meza. Arantzazun eman du, beraz, bizitza osoa, hiru alor nagusi jorratuz: eliz bizitza, meteorologia eta musika. Arantzazuko organista da, eliz kanta asko harmonizatu ditu, eta 1982az geroztik musika klasikoaren zabalpenari emandako saio bat du Euskadi Irratian, Klasikoak gaur izenekoa. Horretaz gain, 1985az geroztik eguraldiaren iragarpenak egiten ditu irrati kate horretan. 2000. urtean, meterologian duen jakinduria eta herri ondarea uztartuz, Naturaren mintzoa liburua argitaratu zuen.