Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

xiita

iz. Islamismoaren zisma handienean (VII. mendea) sortu zen gutxiengoko kidea. Xiitek Ali ibn Abu Galib Mahomaren lehengusu eta suhia gurtzen dute profetaren ondorengo bakartzat. v Jatorria. Xiismoa hasieran higikunde politikoa izan zen, lehen hiru kalifen –Abu Bakr, Umar, Utman– hautaketaren legezkotasuna onartzen ez zuena, haien ustetan kargua Aliri zegokiolakoan. 644an Utman izendatu zuten Mahomaren ondorengo, Aliren kaltetan. 656an Aliren jarraitzaile batek Utman hil zuen. Ali izendatu zuten orduan musulmanen buru. Mu’awiya Utmanen lehengusua oldartu egin zitzaion, eta 657an Siffin-en borrokatu ziren; gudua garaitzeko zorian egonagatik, azkenean, Alik uko egin behar izan zion aginpideari eta Mu’awiya izendatu zuten kalifa. Hassan eta Hussain, Aliren semeek borroka jarraitu zuten; Hussain Karbala-ko guduan (680) hila izan ondoren, arian arian teologia mistiko mesianikoa garatu zuen erlijio-sekta bilakatu zen xiismoa. v Xiiten dotrinaren gunea imanaren nozioa da: imana Aliren ondorengoa da, Jainkoak dohain bereziz hornitua, hutsezina eta Jainkoaren legea interpretatu dezakeen erlijio gidari bakarra. Alik eta bere hamaika ondorengoek xiismoaren oinarria den eskola juridikoa eta filosofia gauzatu zuten. Xiitak hamabigarren imanaren itzuleraren zain daude (Muhammad al-Muntadhar, 873an “desagertu” zena eta denboren amaieran etorriko dena). Xiismoan, sunnien artean ez bezala, garatu den apaizgo hierarkizatuaren maila gorena ulema handiek, ayatolah deiturikoek, osatzen dute eta hauei, ez besteri, dagokie testu sakratuen interpretazioa. v Xiismoak hainbat adar ditu, gehienbat onartzen dituzten imanen arabera bereizten direnak. Imamitek hamabi imanak onartzen dituzte eta xiiten gehiengoa dira; ismailiarrek zazpi iman onartzen dituzte; zayditek bost iman onartzen dituzte eta ez dute iman gordearen dogmarik. Gaur egun 90.000.000 xiita dira munduan –musulmanen % 16 inguru–, Iranen gehienak eta beste zenbait herrialdetan, India, Pakistan, Afganistan, Irak, Libano, Jemen, Saudi Arabia eta Oman-en, kokatuak direnak.