Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Xian

Txinako Shenxi probintziako hiriburua. Antzinatik ezaguna da; zenbait dinastiaren hiriburua. 2.650.000 biztanle (1990). Gaur egun ekonomia jarduera nagusiak altzairugintza, ehungintza, makineria, kimika eta plastikoaren industria dira. Nekazaritzak ere garrantzi handia du (garia, kotoia, tea). Antzinako pagodak, tenpluak, Ming dinastiako dorreak, XIV. mendeko etxeak eta hiriko ateak dira gaur arte iraun duten arte lanak. Hiritik iparraldera, 32 km-ra edo, Shih Huang-ti-ren hilobia dago; han aurkitu zituzten lurpean terra-cottazko 6.000 soldadu, borrokarako taldeetan ezarrita.  v  Historia. Han dinastiak gaurko hiritik iparraldera kokatu zuen hiriburua K.a. 202. urtean, eta antzinako Txinako hiri nagusietakoa izan zen (Ch´ang-an-ch´eng). K.a. I. mendean izan ziren borroken ondorioz hiria desegin, eta garrantzia galdu zuen. Sui enperadoreek Sian-en ezarri zuten hiriburua (581-618). T´ang dinastiak ere han izan zuen egoitza (618-907) eta hiria asko hedatu zen urte horietan. Dinastia hori amaitzean hiriak behera egin zuen, baina merkataritza gune garrantzitsu izanez jarraitu zuen halere. 1920tik aurrera komunisten ideologiaren sarrera nagusia izan zen hiria. Sian hiriak izenaz aldatu zuen XVII. mendean (Siking), baina berriz hartu zuen lehengoa 1943an.