Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Xenofanes

(Gr. Xenophanes). Greziar filosofoa (Kolofon, Asia Txikia, K.a. 570 inguruan). Persiarrek Asia Txikia hartu zutenean, Italia eta Sizilia aldera jo zuen, Greziara baino lehen. Eleako filosofia eskolako sortzailetzat hartua da. Gogor salatu zuen Homerok eta Hesiodok beren idatzietan jainkoak giza irudiz eta ezaugarriz aurkeztu izana, eta, jainkoen izatea ukatzen ez zuen arren, goi-izpiritu nagusi baten nagusitasuna aldeztu zuen, guztizko panteisten aurrean. Poemak idatzi zituen, halaber: Elegiak, Satirak eta Izadiari buruzko olerkia.