Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

xenoi

iz. Kim. Gai bakuna, gas geldoa, airean oso proportzio txikietan dagoena (parte bat bederatzi milioi artean) (Xe; at.-z. 54; at.-m. 131,30). Gas noblea da, eta ez du usainik, ez kolorerik, ez zaporerik. Atmosferako airea baino 4,5 aldiz astunagoa da. Izadian den xenoia bederatzi isotopoen arteko nahastura da, 124 eta 136 masa zenbakien arteko isotopoena, alegia. Konposatuak eratzeko erabili zen lehen gas noblea izan zen; nahastura horiekin frogatu zen gas nobleek ere konposatuak osa ditzaketela. Oxidazio zenbakiak +2, +4 eta +6 ditu. 1962. urtean eratu zen xenoia-rekin lehen konposatua xenoi hexafluoroplatinoa [Xe(PtF6)x]; bertan x, bat edo bi izan daiteke. Gerora hainbat oxido eta fluoruro lortu izan dira. Industrian xenoia isurkari egoeran den airearen destilazioaz lortzen da. Iraupen luzeko lanparak betetzeko erabiltzen da (flash-ak, lastertasun handiko fotografian erabiltzen direnak), eta baita errubi laserrak pizteko ere.