Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

xaboi

iz. Garbitzeko eta koipea kentzeko erabiltzen den produktua.  v  Kim. Gantz-azido (gehienetan azido palmitikoa, esterikoa eta oleikoa) batek eta alkali batek erreakzionatzean sortzen den gatza da xaboia, uretan urtzen dena. Xaboi arrunta animalia edo landare olio eta gantzak sodio hidroxidoaz (NaOH) edo potasio hidroxidoaz (KOH) irakinez lortzen da, hidrolisiaz alegia. Hidrolisia amaitzen denean, NaCl, sodio kloruroa, gehituz prezipitatzen da. Gero perfumeak eta bestelako gehigarriak erantsi eta forma ematen zaio. Animalia eta landare olio eta gantzak batik bat azido horien ester glizeridoak dira. Sodioaren ordez potasioa erabiliz xaboi biguna lortzen da. Hedaduraz, beste metal batzuek, kaltzioak, magnesioak, berunak, kobaltoak eta litioak, besteak beste, gantz-azidoekin eratzen dituzten gatzei ere, xaboi izena ematen zaie. Konposatu horiek ez dira uretan urtzen, eta beste erabilera batzuk izaten dituzte; ezagunenetakoa napalm-a da, aluminio xaboia (Al(OH)R2) alegia, gasolina gel bihurtzeko eta su egiteko erabiltzen dena.