Vona, Alexandre
(Jaiotza izena, Alberto Enrique Samuel Béjar y Mayor). Errumaniar idazlea (Bukarest, 1922). Espainiar jatorriko judu sefardia. Ingeniaritza ikasketak egin zituen eta ingeniari lanetan hasi zen ikasketak bukatu ondoren, nahiz eta literatura zuen benetako bokazioa. Oso gazterik hasi zen idazten, eta hogeita hiru urte besterik ez zituela (1946) amaitu zuen bere lehen eleberria, Lehio itxutuak, askoz geroago (1995) argitaratu bazen ere, bere herriko egoera politikoaren eta bere bizitzaren gorabeherengatik. 1947an, Nicolas Ceaucescuren erregimena eta ideiak ezarri zirenez gero, Frantziara erbesteratu zen, eta beste errumaniar idazle erbesteratuak ezagutu zituen, Ionesco eta Cioran, besteak beste. Liburua argitaratzeko beren ahaleginek, baina, huts egin zuten, eta Vonak ingeniari gisa atera behar izan zuen bizimodua. Berlingo harresia erori eta Ceaucescu aginpidetik kendu ondoren liburua argitaratzea lortu zuenean, Vonaren ospea berehala zabaldu zen Europa osora.