Viñuela Díaz, Eladio
Espainiar kimikari eta biologo molekularra (Ibahernando, Caceres, 1937 - 1999). Biologia molekularraren aitzindarietako bat Espainian, bere emazte Margarita Salasekin batera. Kimikan doktorea, Madilgo Biologia Molekularraren Zentroko ikerkuntza irakaslea, zientzia elkarte askotako kidea eta Extremadurako gobernuko Nekazaritza Saileko laguntzailea. Ikasketak bukatu ondoren, 1961-1964 bitartean Gregorio Marañón Institutuko Entzimologia Sailean aritu zen lanean, legamiaren fosfofrutokinasa entzimaren azterketan bereziki, eta gibelaren glukokinasa entzima aurkitu zuen. 1964an, doktore titulua eskuratu ondoren, Estatu Batuetara joan zen doktorego ondoko lanak egitera Severo Ochoa zientzialariarekin, New Yorkeko Unibertsitateko Medikuntza Eskolako Biokimika Sailean. 1967an Espainiara itzuli zenean ikerkuntzan eta irakaskuntzan aritu zen bere emaztearekin. Madrilgo Unibertsitate Complutenseko Zientzia Fakultateko Genetika Molekularraren irakasle, Zientzia Ikerkuntzarako Kontseilu Goreneko Biologia Molekularreko Saileko zuzendari, eta Zientzia Ikerkuntzetako Zentroko Gobernu Batzordeko kide izan zen, besteak beste. Garrantzi handiko papera bete zuen Biologia Molekularreko Severo Ochoa Zentroaren sorreran eta diseinuan, eta erakundeko zuzendari izan zen 1979an. Sari ugari jaso ditu, UNESCOren 1991ko Carlos J. Finley Nazioarteko Saria, besteak beste, bere emaztearekin eta Jean Marie Ghuysen belgikarrarekin batera jaso zuena. Ehundik gora lan argitaratu ditu, liburu eta zientzia lanen artean. Glukokinasa entzimaren aurkikuntzaz gainera, aipagarriak ditu Phi 29 bakteriofagoari eta txerri izurritearen birusari buruzko lanak.