Vinson, Julien
Euskalari frantsesa (Paris, 1843 - Libourne, 1916). Indian egin zituen ikasketak. 1866an, basazain nagusi izendatu zuten Baionan. Euskarari buruzko lanak Revue de Linguistique et de Philologie comparée eta RIEV aldizkarietan argitaratu zituen, batez ere. Vinsonen lehen artikuluan, Coup d’oeil sur l’étude de la langue basque, bere iritzia azaldu zuen, euskaldunen adimen lokartuari buruz. Iritzi kritiko zorrotza zuen bere garaiko euskalarien eta hizkuntzalarien hainbat teoriari buruz; zalantzan jarri zituen Gèze-ren, Van Eys-en, Luchaireren, eta Arana Goiriren teoriak. Vinsonek, besteak beste, ez zuen Stempf-ek eta Schuchardt-ek ikusten zuten euskal aditzaren pasibotasuna onartzen. 1883an, Le folk-lore du Pays Basque argitaratu zuen, eta, ondoko urteetan, hainbat testu zahar, Argainaratzenak, Harizmendirenak, Pouvreaurenak, esaterako, berrargitaratu zituen. Baina Vinsonek lanik garrantzitsuena bibliografiaren alorrean egin zuen. 1891n, Bibliographie de la langue basque, euskal gaiak aztertzeko oinarrizko liburua, argitaratu zuen; eta, 1898an hari erantsi eta zuzendutakoak: Complément et supplément izenburuarekin. Gai berari buruz argitaratu zituen Les études basques de 1901 à 1905 eta Revue Général des Etudes Basques de 1906 à 1912.