Victoria
(Antzina Victoria Nyanza). Afrikako ekialdeko aintzira, kontinente hartako handiena, Uganda, Tanzania eta Kenya artean. 69.485 km2-ko eremua hartzen du eta 1.133 m-ko garaieran dago. Aintziraren luzera handiena 337 km-koa da eta zabalera 240 km-koa. Uharte asko dago aintziran; Ukerewe-koa da guztietan handiena. Kagera ibaia ura aintziran isurtzen duen ibai nagusia da eta, aldi berean, Nilo ibaiaren adar nagusia da (Victoriako Nilo). 200 arrain motatik gora bizi da aintziran eta, horrenbestez, arrantza da inguruko herrien ekonomia jarduera nagusia. Kampala eta Entebbe (Uganda) dira aintziraren ertzeko hiri nagusiak. Victoriako Nilo ibaian eraikitako urtegiak 1,20 m igo du azken urteotan aintzirako ur maila. 1858. urtean John Hanning Speke britainiar esploratzailea, Nilo ibaiaren iturburuaren bila zebilela, izan zen Victoria aintzirara iritsi zen lehen europarra. Aintziraren inguruko lurraldeak Afrikako biztanle dentsitaterik handienetakoa du: 80 km-ko kostaldean 1.000.000 lagun inguru bizi dira.