Vermont
Estatu Batuetako ipar-ekialdeko estatua, Ingalaterra Berriko lurraldean, Kanadako mugan. 24.900 km2 ditu eta 567.000 biztanle. Hiriburua, Montpelier. Appalache mendialdeko Green mendikateak iparraldetik hegoaldera zeharkatzen du estatua (1.339 m Mansfield mendian). 400 aintzira baino gehiago dira, eta ibai gehienek Champlain-eko aintziran isurtzen dute ura. Klima hotza eta hezea du (2.000 mm euri urtean). Biztanle gehienak europar jatorrikoak dira (kanadiar-frantsesak, italiarrak, espainiarrak, galestarrak, poloniarrak). Biztanleen % 34 hirietan bizi da. Ekonomia jarduera nagusiak laborantza (garia, garagarra, laboreak, bazkarako landareak), abere hazkuntza (behi eta zezenak), meen ustiapena (marmola, granitoa), basogintza eta turismoa (negu kirolak) dira; industria (zurgintza, papergintza) bigarren mailako jarduera da. v Historia. 1609. urtean Samuel de Champlain frantses konkistatzailea iritsi zenean abenaki indiarrak bizi ziren lurraldean. 1666an frantsesek Santa Ana gotorlekua eraiki zuten. 1724an ingelesek hartu zuten han bizitokia, eta 1766an Montreal ingelesen mendean geratu ondoren kolonizazioa azkartu zen. Independentziako Gerran errepublika burujabea egin zen. 1791n Estatu Batuetan sartu zen.