Vernet Ginés, Joan
Espainiar historialaria (Bartzelona, 1923). Zientziaren historialaria eta arabista. José María Millás Vallicrosaren ikasle izan zen eta haren lekua hartu zuen "Bartzelonako Eskola" deitu zen taldearen buruzagitzan. Hispanoarabiar zientzien azterketarako talde bat zen. Vernetek frogatu zuen hispanoarabiar zientzia guztiaren jatorria ez zela Sortaldea, bazegoela hari bat Kordoba San Isidororen jakintzarekin eta antzinako latin zientziaren beste higikunde batzuekin lotzen zuena. Historiaren Errege Akademiako kide da eta 1991n Sarton domina jaso zuen, zientziaren historiako sari nagusia. Lan nagusiak: La cultura hispanoárabe en Oriente y Occidente (1978, Hispanoarabiar kultura Sortaldean eta Sartaldean), El Islam en España (1993, Islama Espainian).