Vatikano
edo Vatikanoko hiria. (Izen ofiziala, Vatikanoko hiriko estatua; It. Stato della città del Vaticano). Europako estatua, Erromako mendebalean, Tiber ibaiaren eskuinaldean. Aita Santuaren eta Erromako Eliza Katolikoaren egoitza nagusia da. 0,44 km2 eta 824 biztanle (2008, vatikanoarrak). Hizkuntza ofiziala: italiera eta, ekitaldi ofizialetan, latina. Erlijio ofiziala: katolizismoa. Dirua: Vatikanoko hiriko lira. v Hiri estatuak San Pedroko plaza eta eliza, Vatikanoko jauregia, museoak eta lorategiak hartzen ditu, eta bereak ditu eremu horretatik kanpora dauden San Joan Letrangoa, San Paulo Extramuros eta Santa Maria Nagusia elizak, eta Castel Gandolfoko etxea ere, besteak beste. Eliza Katolikoaren administrazio gunea da eta mundu osoko eliza katolikoen diru laguntza jasotzen du, baina baditu beste diru iturri batzuk ere: zigiluen eta aldizkarien salmenta, museoetako sarrerak, turistentzako oroigarriak… Hiriak bere telefono sistema, postetxea eta irratia ditu, banketxea, dirua, dendak, eta botika bat, eta baita ehundik gora suitzar goardiez osatutako gudarostea ere. Oinarrizko lehengai gehienak (elikagaiak, ura, argindarra, gasa…) inportatu egiten ditu. v Antzina Aita Santuaren mendean zeuden estatu handiak murriztuz joan ziren ahala Elizaren gobernupeko lurraldeak eta horien izaera kolokan izan ziren denbora luzean. Italiaren batasunak areagotu egin zuen auzi hura. Garibaldiren osteek Erroma hartu zutenean Aita Santuaren egoitzaren mugak zehaztu beharra ikusi zen. Baina Pio IX.a Aita Santuak eta haren ondorengoek ez zuten Italiako gobernu berriaren proposamena onartu. Azkenik, 1929an Mussolinik eta Pio XI.a Aita Santuak Vatikanoko hiriaren burujabetasuna hitzartu zuten Letranen. Aita Santua da estatu burua. Aginpide osoa du, eta, estatu idazkariaren lehendakaritzapean, kardinalen batzorde baten bitartez erabiltzen du aginpidea. 1963an, Joan XXIII.ak II. Kontzilioari hasiera eman zion eta 1965ean, berriz, Paulo VI.ak amaiera eman zion. 1978tik 2005era, Joan Paulo II.a izan zen aita santua eta Vatikano Hiriko buruzagia. 2001ean, Joan Paulo II.ak Vatikano Hiriko Estatuko oinarrizko legea eman zuen, eta gaur egun lege hori dago oraindik ere indarrean. 2005ean, Benedikto XVI.a izendatu zuten aita santu.
http://www.vatican.va/