Van Allen, James Alfred
Estatu Batuetako fisikaria, bere izena eman zaien irrada eraztunak aurkitu zituena (Iowa, 1914 - Iowa, 2006). Bigarren Mundu Gerran irratiz gidatutako kohete bat diseinatzen jardun zuen. Lehenengo satelite artifizialek bidalitako informazioa aztertuz bere izeneko irrada eraztunak aurkitu zituen. v Van Allenen eraztunak. Lurraren magnetismo eremuan garaiera handian energia handiz kargatutako partikulak biltzen diren eraztun gisako bi eremu. Bi eremuen artean ez da etenik, baina energiaz kargatutako partikulak dentsitate handiagoan dauden bi eremu bereiz daitezke: apalena eta garaiena. Eremu edo eraztunik apalena lurrazaletik 3.000 km ingurura aurkitzen da; eraztun garaiena, berriz, Lurrazaletik 15.000-20.000 km ingurura.