Van Basten, Marco
Holandar futbol jokalaria (Utrecht, 1964). 1990 aurreko eta ondoko urteetako erdiko aurrelari onenetako bat. Hamasei urte zituela egin zuen debuta, Amsterdameko Ajax futbol taldean. Talde horrekin Europako Errekopa irabazi zuen 1987an, Holandako Liga hiru aldiz (1982, 1983, 1985), eta Herbehereetako Kopa beste hainbatetan. Holandako Ligan gol gehien sartu zituen futbolaria izan zen hiru aldiz. Holandako selekzioarekin, 1983-1993 bitarteko urteetan, 24 gol sartu zituen. Gol horietako bati esker, Sobietar Batasunari sartua, Europako selekzio arteko txapelketa irababazi zuen Holandak, 1988an. 1987an Italiako Milan futbol taldean hasi zen jokatzen eta talde horrekin jokatu zituen urterik onenak, Ruud Gullit eta Frank Rijkaard holandarrekin eta Franco Baresi eta Paolo Maldini italiarrekin batera. Milanekin Europako bi Kopa irabazi zituen (1989, 1990), Kontinente Arteko Kopa bi (1989, 1990), Europako Superkopa bi (1990, 1991), Italiako hiru Liga (1988, 1992, 1993). 1986an Urrezko Bota lortu zuen (France Football aldizkariak Europako ligetako golegile nagusiari ematen dion saria), eta hiru aldiz (1988, 1989, 1992) irabazi zuen Urrezko Baloia (aldizkari horrek berak europar jokalari onenari ematen dion saria). Orkatileko zauri kroniko batengatik utzi behar izan zion jokatzeari.