Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Uzbekistan

(Izen ofiziala, Uzbekistango Errepublika). Asiako erdialdeko estatua. 449.600 km2 eta 27.345.026 biztanle (2008, uzbekistandarrak). Mugak: iparraldean eta ipar-mendebaldean, Kazakhstan; ekialdean eta hego-ekialdean, Kirgizistan eta Tadjikistan; hegoaldean, Afganistan; hego-mendebaldean, Turkmenistan. Hiriburua: Tashkent. Hiri nagusiak: Samarkanda, Andijan, Namangan, Bukhara, Fergana. Hizkuntza ofiziala: uzbekera. Etniak: uzbekoak, % 70; errusiarrak, % 8; tadjik-ak, tartaroak, kazakh-ak etab., % 22. Erlijio nagusia: islama. Dirua: som-a.  v  Orografia eta hidrografia. Ura Aral itsasoan isurtzen duten Sir Daria eta Amur Daria ibai handien artean dagoen eremu zabal, lau eta lehorrak hartzen du Uzbekistango ia lurralde osoa. Hala ere, toki batzuetan mendixkak, muinoak, oasiak eta baita, ekialdean, oso mendi handiak ere badira. Mendebaletik ekialdera Ustiurt-eko goi-ordokia (200 m), Amur Dariaren delta –Karakalpakiako eskualde autonomoaren erdigunea eta herri askoren kokagunea–, Turan-go sakana eta Kizilkum-go basamortua bereizten dira. Zeravshan ibaiaren ibarra antzinako kulturen sorlekua izan zen, Bukhara eta Samarkanda hiriekin. Sortaldeko mendiak Tien Shan, Alai eta Pamir mendikateen sartaldeko muturreko adarrak dira (Beshtor mendia, 4.299 m). Mendi horien arteko ibarretan eta arroetan oso lur emankorreko oasiak daude. Sir Daria ibaia igarotzen den Ferganako ibarra da Asiako erdialdeko handiena eta oparoena; ibar horretan daude Uzbekistango hiri nagusietako batzuk: Andijan, Namangan, Kokand, Fergana.  v  Klima eta landaredia. Klima kontinentala du, oso uda bero luzeak (26 eta 32 °C batez besteko) eta negu hotz laburrak dituena (-3 eta 3 °C batez besteko). Oso euri gutxi izaten da (8 mm), leku garaienetan izan ezik (1.000 mm). Landarediari dagokionez, mendebaleko ordokian basa-ziapea eta basamortuko belardiak hazten dira. Muinoetan belarra eta estepako belarra, eta mendi garaietan zuhaixkak eta basoak. ■ Biztanleak. Uzbekistanek Asiako erdialdeko hazkunde demografiko handienetakoa du, eta 15 urtetik beherakoek biztanleen % 40 osatzen dute. Uzbekoek turkieraz hitz egiten dute eta islamiarrak dira, eta errusiarrak, berriz, Tashkenten eta beste industria guneetan bizi dira. Antzinako Sobietar Batasuneko beste errepubliketan bezalaxe, errusiarren kopurua asko jaitsi da Uzbekistanen, Errusiara edo beste errepublika batzuetara egin baitute ihes. Biztanleen % 40 nekazari guneetan bizi da. Tashkent (hiriburua), Asia erdialdeko hiri handiena da, eta antzinako Sobietar Batasuneko laugarrena. Uzbekistango biztanleria asko hazten ari da, % 3,5 urteko. Dena dela, osasun maila oso apala da, haur asko hiltzen da (% 3,6), eta infekzioek eragindako heriotzak ere ugariak dira. Bizi itxaropena 65 urtekoa da batez beste. Uzbekistan mendebaldeko eskualdeetan biztanleen osasuna asko jaitsi da Aral itsasoaren lehortzearen eta ur kalitatearen eta kopuruaren gutxitzearen ondorioz. ■ Ekonomia. Uzbekistanek garrantzizko industriak baditu ere, nekazaritza da gaur egun oraindik ere ekonomia jarduera nagusia. Nekazaritzak BPGren % 43 hartzen du eta langileen % 29k sektore horretan dihardu lanean. Kotoia da lantzen den gai nagusia; Uzbekistan laugarren kotoi ekoizlea da munduan eta esportatzaile nagusia gainera. Zetaren eta karakul larruaren ekoizle ere bada. Garrantzizko beste gaiak garia, arroza, garagarra eta hainbat fruitu eta barazki mota dira. Uzbekistango nekazaritza kotoiaren ekoizpenera bideratua dagoenez gero, atzerritik ekarri behar du elikagai asko. Laboreen % 66 inportatzen dute, haragiaren % 30, esnearen % 25 eta patataren % 50. Industriak BPGren % 33 hartzen du eta langileen % 18. Industria gai nagusiak nekazaritzarako tresnak eta ehungintza, hegazkinak, gas naturala eta urrea dira. Ferganako bailaran aurkitu diren petrolio hobiak nabarmen igo dute gai horren ekoizpena, baina errepublikak oraindik petrolioa inportatu egin behar du bere beharrak asetzeko. Uzbekistango ekonomiak, gainerako sobietar errepublikek bezalaxe, beheraldia izan du SESBaren desegitearen ondorioz. 1992an BPG % 14 jaitsi zen, eta asko jaitsi zen petrolio, makina eta beste hainbat gairen inportazioa ere. Gobernuak atzeratu egin ditu merkatu librearen erreformak, beraz, Uzbekistango ekonomia estatuaren mende dago maila handi batean. 1994an merkataritza libreko eskualde bat osatu zen Uzbekistan, Kazakhstan eta Kirgizistanen artean. ■ Historia. Gaur egungo Uzbekistango lurraldeko parte bat, antzinako Khwarezm, Transoxiana eta Sogdiana-ko estatuak hartzen zituena, mediarren, persiarren, akemenestarren (K.a. VI-IV m.), Alexandro Handia eta seleukotarren (K.a. 312-250) mendean izan zen. Eszitek Baktrianako erreinu greko burujabea (K.a. III-I. m.) suntsitu zuten, partoen erreinua eta Kusango inperioa lurraldean zabaldu baino lehen. Turkoen inperioak (K.o. 552-740) turkiarren eragina ekarri zuen lurraldera, aurrerantzean nagusi izan zena. Zetaren salerosketarako bidea igarotzen zen lurralde hartatik eta erlijio askoren topagune izan zen (zoroastrismoa, nestorianismoa, budismoa, judaismoa, xamanismoa). VIII. mendean, arabiarren konkistarekin, islama hasi zen zabaltzen, eta zibilizazio irandareta musulman oparoa izan zen samaniden agintaritzapean (IX-X. m.). XI. mendetik aurrera turkiar seljukiden mendean izan zen lurraldea, eta geroago, Gengis-Khan eta Tamerlan mongoliarrenean (XIII-XIV. m.). XVI. mendearen hasieran uzbekak (turko-mongol leinuko nomadak) sartu ziren lurraldean, Muhammad Shaibani Khan buruzagiaren (1.500-1.510) gidaritzapean. Handik aurrera khan herri gehiagotan banatu zen lurraldea (Bukhara, Khiva, Kokand) harik eta errusiarrek 1868-1876. urteetan protektoratu gisa hartu zuten arte. Errusiarren aurkako matxinadak are gogorragoak egin ziren 1916ko iraultzaren ondoren. Baina 1917ko azaroan boltxebikeek Tashkent hartu zuten eta hurrengo urtean Turkestango errepublika autonomoa sortu zen. Bukhara eta Khwarezm sobietar errepublika burujabe bilakatu ziren 1920an, baina Turkestanen mende geratu ziren 1924an. Bien bitartean Uzbekistango Sobietar Errepublika Sozialista sortu zen, uzbek herriaren lehen estatu-nazio izan zena, irandarjatorriko hiritarrez, XI. eta XV. mende bitartean lurraldean bizitokia hartu zuten turkiar eta mongol herritakoen ondorengoez, eta XVI. mendean iritsi ziren uzbeken ondorengoez osatua. Tadjikistango errepublika autonomoa, Uzbekistanen barruan sortua, 1929an bereizi zen. 1936an Karakalpakiako errepublika autonomoa lotu zitzaion Uzbekistani. Bigarren Mundu Gerra bitartean, eta Stalinek eraginik, gudarosteko buruzagiek hartu zuten Alderdiaren zuzendaritza, eta 1959-1983. bitartean, burokraziarekin batera ustelkeria hedatu zen. Ustelkeriaren eta Aral itsasoaren hondamendi ekologikoaren ondorioz sortu ziren arazo ekonomiko larriei aurre egiteko (lurra elkortzea, langabezia eta behartasuna handitzea, eta bestetik, biztanleriaren ugaltzea) Perestroikak Alderdiko eta gobernuko buruzagiak karguetatik kendu zituen. Arazo horiek gordean zeuden etnien arteko gatazkak berpiztu zituzten 1988-1989. bitartean (1944an Georgiatik Uzbekistanera erbesteratutako meskhet-en eta uzbeken artean batez ere; lurraldean bizi ziren 160.000 meskhet-en laurdena Georgiara itzuliarazi zuten). Bestalde, Tadjikistango gerra zibilak eraginik nonbait, uzbeken eta tadjiken artean ere tirabirak izan ziren, errepublika horietako mugako probintzietan. Hain zuzen ere, tadjik kopururik handienetakoa hiriburuaren inguruan bizi baita. Egoera horretan sortu zen 1989an Birlik (Batasuna) alderdi abertzalea, Islama Berpizteko Alderdiarekin batera oposizioko alderdi nagusi dena. 1990ean Alderdi Komunistako burua, Islam Karimov, sortu berria zen aginpide eragileko lehendakari izendatu zuten. Karimovek ustelkeriari aurre egiteko asmoz, eta horretarako oposizioko alderdien onarpena bereganatu nahian, zenbait eskubide aitortu zizkien islamaren eta burujabetasunaren aldeko alderdiei, betiere Moskurekin harreman sendoak gordeaz. Gorbatxoven aurkako estatu kolpearen ondoren Sobietar Batasuneko errepubliketan burujabetasunaren aldeko jarrera nagusitu zenean, errepublika burujabe egin zen Uzbekistan ere, 1991ko abuztuaren 31n, eta Estatu Burujabeen Elkarteari lotu zitzaion. Alderdi Komunista Herri Alderdi Demokrata bilakatu zen, politika bideratzeko era asko aldatu gabe. Urte horretako abenduan egin ziren hauteskundeetan Islam Karimov hautatu zuten errepublikako lehendakari. Karimovek gero eta neurri gogorragoak hartu ditu islamaren indartzea eta arazo sozialen larriagotzea galarazi nahian. 1992an ikasleek manifestazio handiak egin zituzten ogi falta eta premiazko gaien garestitzearen kontra. Manifestazio haiek tiroka zapaldu zituzten, eta sei lagun hil ziren. Borroka haiek baretzeko asmoz, gobernuak ikasleentzako bekak ugarituko zituela agindu zuen. Urte horretan bertan, oposizio musulmanaren gune zen Namagnan hirian atxiloketa asko egin zen. Islamiar zentroaren kontra egin zuten eraso eta islamismoaren hainbat buruzagi atxilotu zituzten. 1992an Karimov presidenteak Uzbekistanek jarraituko zuen bide berria zertan izango zen azaldu zuen: disidentzia desagerrarazi eta ekonomia berritu, merkatura egokituz. Alabaina, prezioen liberalizazioa, pribatizazioak eta zerga erreformak ez dira beste errepublika sobietarretan bezain gogorrak izan Uzbekistanen. Hala ere, Karimovek kritika ugari jaso zituen bere erreforma ekonomikoen mantsotasuna zela-eta; hala, 1994an pribatizazio plangintza bat jarri zuen abian. Bestalde, oinarrizko zenbait gai eta energia % 300 igoko zirela azaldu zuen. 1995ean Karimovek Iranen kontrako enbargoaren alde egin zuen argi eta garbi. 1996an Uzbekistango parlamentuak antzina giza eskubideen kontra egin ziren gehiegikeriak onartu zituen, eta legedi berri bat onetsi zuen. Gobernuaren arabera ekonomia mailan hazkunde handia lortu zen, baina inflazioa oso garaia zen eta inportazioak mugatu egin ziren; biztanleen bizi maila, hortaz, asko jaitsi zen. 1997an Kubaren kontrako enbargoa etetea erabaki zenean, erabaki horren kontra azaldu ziren hiru herrialdeetako bat izan zen Uzbekistan (Estatu Batuak eta Israel ziren beste biak). Tadjikistanen gertatzen ari zen islamismoaren indartzeak eta Wahhabi sektaren (Fergana bailaran kokatua) berritzeak sortzen zion kezka azaldu zuen gobernuak 1998an. 1998ko azaroan, Karimovek Errusiari lagundu zion Txetxeniaren aurkako gerran. Uzbekistango Islamiar Mugimenduak (MIU) eraso bat jo zuen Uzbekistango ipar-ekialdean, bazter haietan estatu islamiar bat sortzeko. Gobernuak hainbat bonba-auto leherrarazi izanaz salatu zuen MIU. 2000. Urtean, Karimov berriz hautatu zuten lehendakari, baina nazioarteko begiraleek kritika handiak egin zizkioten hauteskunde sistemari. Karimov Washingtonen aliatu garrantzitsu bat izan zen Estatu Batuek Afganistan inbaditu zutenean, bere airegunea eta base militarra utzi baitzituen estatubatuar soldaduak handik abia zitezen. 2005eko maiatzean, matxinada bat izan zen: Andizan hirian, milaka manifestari armatuk liskar gogorrak izan zituzten poliziarekin eta presoak askatu zituzten. Gobernuak gogor zanpatu zuen matxinada, eta, errepresioaren ondorioz, 500 bat hildako izan zen. Europako Batasunak zigor bat ezarri zion gertatutakoagatik Uzbekistani. Zigor horiei erantzunez, Uzbekistango gobernuak bere lurraldea eta airegunea erabiltzea debekatu zien NATOko indarrei. 2007ko maiatzean, Europako Batasunak zigorrak berretsi zizkion Uzbekistango gobernuari, giza eskubideak errespetatzen ez zituelako. 2007ko abenduan, Karimov berriz hautatu zuten lehendakari, botoen % 88,1ekin.
http://www.gov.uz/en/