Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Uxue

Nafarroako erdi-ekialdeko udalerria (Erriberriko merindadea), muino baten gainean dagoena. Ujué du izen ofiziala. Mugak: iparraldean, Lerga eta Eslaba; ekialdean, Galipentzu; mendebalean, Donamartiri-Untz, Beire eta Pitillas; hegoaldean, Pitillas, Santakara eta Murelu-Hautsi. Garaiera, 815 m. 110,46 km2. 1999ko datuen arabera, 242 biztanle (uxuetarrak). Hizkuntza, gaztelania. XVIII. mendean galdu zen euskara. Nafarroako Foru Erkidegoko 1986ko Euskararen Legearen arabera, eremu ez-euskaldunean dago. Laborantza (garia, garagarra, mahatsa), abere hazkuntza (ardi eta ahuntz azienda) eta zerbitzuen alorra (oinarrizko zerbitzuak) dira ekonomia jarduera nagusiak. Erdi-Aroko egitura gorde du Uxueko herriak eta hiribildu gotortu baten itxura du gaur egun ere. Aipagarriak dira VIII-IX. mendeko jatorria duen Andre Mariaren eliza erromanikoa eta han gordetzen den Ama Birjina Uxuekoaren irudia. Hiru habearte eta hiru abside zituen eliza erromanikoa Karlos II.a Gaiztoa Nafarroako erregeak (1349-1387) suntsitu zuen habearte bakarreko eliza gotikoa eraikitzeko (absideak gorde egin ziren). XIII. mendeko San Migel ermita gotikoaren hondakinak, Erdi Aroko jatorria duen Ama Birjina Zuriaren ermita eta herriko etxe zahar harmarridunak. v Historia. X. mendeko dokumentu batean aipatzen da lehen aldiz. XI. mendeko dokumentuetan Ossue, Ussue, Uxua eta Uxue izenaz ageri da eta garai hartan eraiki zuten bertako gaztelua. 1147. urtean hiribildu titulua jaso eta foruen bidez gobernatzeko eskubideak eskuratu zituen. XIII. mendearen erdialdera iritsi zen hiria bere demografia kopururik gorenera eta ondorioz inguruko lurrak lantzeko eskaera ugari egin ziren. 1270. urtean Teobaldo II.ak luberriez jabetzeko baimena eman zien uxuetarrei. XIV. mende hasieran 250 familia bizi ziren bertan, Pitillasko 50 bat barne, Uxueko administraziopean baitzegoen herri hori. 1348. urteko izurriak 50 familiatara murriztu zuen Uxueko biztanleria. 1478. urterako, gerra zibila eta gaztelauen erasoak jasan ondoren, 26 etxek baizik ez zirauten zutik eta erdia hutsik zegoen. XVI. mendeaz geroztik erromesaldi ugari izan ziren hiriko Andre Mariaren elizara, Ama Birjinaren aldeko gurtza egitera. XIX. mende hasieran frantsesek lapurretak egin zituzten (1808-1814).